Zinemaldia da Euskal Herri gris honetan glamour pixka bat dakarkigun ebentoa. Orain arte alfonbra gorritik promenatzen ibili diren ia guztiak urrunetik etorritako izarrak izan dira, izaki distiratsu eta etereoak, askotan
Baina azken urteotan, euskaldunen presentzia sail ofizialean ia konstante bat da, zorionez. Eta festibalean paseoan ibiltzea film bat aurkezteko beste buru-hauste bat ere badakar: zer jantzi!
Tira, gizonek erraz dute traje klasiko bat aukeratuta, baina janzkera hori ez da denen gustukoa eta berrikuntzak beti dira ondo etorriak.
Irrikan nengoen jakiteko nola egingo zuten agerraldia "Dantza" filmekoek, euskaldunak ez ezik, ezagunak ere badirelako (eta horrek eragiten duen morboa ikaragarria da!). Hemen argazki bat:
Ikusi nuenean, pertsona bakar bati ezin nizkion begiak gainetik kendu: Josu Garateri. Bai, asmatuko zenuten, katxutxa (gorra) daramana. Hasieran gonaz jantzita zegoeka pentsatu nuen, baina beste argazki batzuetan begiratuta, ezetz konturatu nintzen!
Geniala bere janzkera! Horrelako jaialdi baterako look ausart eta aproposa, artista bohemio itxura ematen diona!
Itzela iruditzen zait praka labur horiek janztea, mutil batek, gainera. Baina ez dira praka motz hutsak, arabiar estilokoak ere badira, baggy-ak ―cagado (kaka egina) ere esaten zaie gaztelaniaz―, oso arruntak, bestalde, dantza garaikideko entseguetan (bertsio erosoan). Oso aproposa Dantza izeneko film bat aurkezteko.
Dantzarako janzkeraren itxura hori beste elementu batzuetan ere sumatu (nahi izan) diot Josuri: txalekoa eta alkandora zuria (uste dut). Gizonezkoak baserritar janzten direnean, arrunta da txalekokoa eta alkandora beltza. Garatek zeroazen txaleko beltz gurutzatua, papar-hegalduna eta botoi-ilara bikoitza duena; alkandora zuria mao idunekoa, gizonezko edozein dantzarik duena. Zelan ezer txarrik esan, janzki biak ala biak ikaragarri maite ditut-eta!
Gainera, soinagaineko hori, txanoduna ere izan zitekeen euskal janzkerako brusa ren interpretazio modernoa, txanoduna. Katxutxa buruan. Txapela jantzi beharrean gorra horrek ukitu desberdina ematen dio konjunto osoari, janzkera tradizionaletik harantzago.
Gustuko ez dudan zerbait ere esan beharko dut, ezta? Bai, oinetakoek ez naute larregi konbentzitu. Saskibaloi zapatila horiek ez ditut egokiak ikusten. Baina irtenbide gaitza du arazoak. Zapatak desegokiagoak izango lirateke. Abarketak, agian? Gehiegitxo. Sandaliak? Baliteke, baina segun zeintzuk. Beste zapatila mota bat, beharbada, ez hain bota, baxuagoak orkatilan. Koloredunak izatea gustatu zait, beltzetik edo zuritik ihes eginda.
Gizonezkoetan look ausartak gustatzen zaizkit, igartzen da. Baina konjunto honi atrebitua ez ezik, egokia ere baderitzot; izan ere, itxura bohemioa ondo lotzen zaio zine-festibal bati, ahaztu barik dantzari-jantziari egindako keinuak. Ederto baten, Josu!
Besteok, ondo; baina oso normal jantzita, gutxi komentatzeko, sentitzen dut!
Argazkia: LUIS JAUREGIALTZO - ARGAZKI PRESS
Argazki honek txundituta nauka. Behin baino gehiagotan begiratu diodan arren, segitzen du ni liluratzen. Ohituta ez gauden seinale.
Dotorezia dario janzkerari: abrigua, tapauka, betaurrekoak... Eta jarraitzen dugu harrituta. Ez genuen espero ikustea jantzita galburu-berokia gizon euskaldun bat, batez ere, Hegoaldekoa izanda. Are gutxiago, bufanda eder eta zabal batekin hornituta, eta biak juegora. Halakorik!
Berokia idatzi dut, baina baliteke jaka luzea izatea, argazkian ezin da apreziatu. Abrigo laburra balitz, orduan bai zoramena!
Amaitu da kirol arroparekin jantzita joatea bertso saioetara, gore-texa mendirako (edo euri asko denerako) lagatzeko garaia da. Bufandak eta fularrak janzteko unea iritsi da!
Bada sasoia dotorezia oholtza gainean eta kalean erakusteko. Jarraitu Elortzaren ereduari, mesedez!
Erraustegiaren lehenengo harria jartzeko ekitaldian politikari talde bat elkartu da Zubietako orube horretan. Prest daude izerdia ateratzeko hogei segundoan, argazkirako.
Denak gizonak, traje ilunez jantzita. Ia denak gorbata iduna estutzen, erretraturako posea jartzen. Lan arriskutsuan dabiltzanez, txaleko berde iksugarria daramate, obretako beharginak bailiran, edota A8an automobila hondatu izan balitzaie legez. Zeren beldur dira? Hondeamakina batek harrapatu dituelakoan, ala?
Buruak, obretako kaskoa jantzita: kaskoan kaskoa. Euren burmuinak balio duelako, babesa behar dutelako, hain da lan arriskutsua gaurkoa! Ganora handirik ere ez dute burukoa janzten, eguneroko kontua ez den seinale.
Denak ilaran, traje, txaleko eta kaskoa jantzita fotografiaren zain.
Parean, argazkilariak, trumilka. Elkarren kontra, angelurik egokienaren bila. Eulien moduan, platano helduegi baten gainean legez.
Eta orain galdera: hain leku arriskutsua bada, zergatik ez ote dituzte argazkilariek txalekoa eta kaskoa jantzi? Euren buruek ez ote dute merezi babesik? Ala politikoena itxurakeria eta eszenaratze hutsa, anzterkia baino ez da?
Galderak...
Save
Alkandorak, klasizismoaren ikur hori. Gurean, koadrodunak dira jaun eta jabe. Sarrionandiak ere halako bat aukeratu zuen berragerpenaren argazkirako.
Eta kodrodunak sasoi honetan modernoetan modernoenek ere janzten dituztenez, gure gizon klasikoenak pozarren daude. Izan ere, gurean modan daude alkandorok 70ko hamarkadatik! Klasiko bat, beraz! Gainera, ez du adinean diskriminatzen; jantzi lezake urte biko umeak, zein bere 80 urteko aititak. Biek ala biek eroango dituzte gustura.
Zorionez, badugu gure artean klasikotasun (edo klasikokeria) horri aurre egiten diotenak. Alkandora liso kolore solido fuerteak jazten dituztenak. Esate baterako Martxelo Otamendi
edo Iban Zaldua
Oso eskertuta nago beraiei; izan ere, gorbata bakoendako look formala eraiki dute: alkandora polita kolore fuerte bakarrekoa praken gainetik, eta amerikana iluna kolore bakarrekoa. Ederki!
Alkandoren mundu gatzil honetan benetako alaitasuna Joseba Irazokik ekarri zigun, Tumatxak etb1eko saioan. Programa ederra zen, gustura ikustekoa, baina bazuen beste pizgarri bat hainbatendako: nolako alkandora jantziko du gaur Irazokik? Inoiz ez zuen defraudatu!
Antza denez, Irazokik zabaldu zion bidea estanpatu koloretsuari. Eta dirudienez, hawaiarrak modan jarri dira letradun gizonen artean ezkontza informaletara joateko. Bestela nola azaldu Luistxo Fernandez, Henrike Olasolo eta Markos Zapiain horrela agertzea aurretik ados jarri barik??
Alkandora hawaiarrak ez ditut gustuko, baina koadrodun monolaborantzaren artetik haize freskoa dira! Bejondeizuela, ederrok! (esan behar dut Ana Malagonen soinekoa ez zela hawaiarra, estilo asiatikoagoa zuela, eta oso eder zegoela!)
Baina post hau eragin zuen alkandora hauxe da, behean dagoena, Pello Lizarraldek Argian Kepa Matxaini eskaini zion elkarrizketan jantzita zeroana.
Pena da Dani Blancoren argazkia beltz-zurian izatea. Horregatik, Matxaini eskatu nionean zein kolore zuen erantzun poetiko hau eman zidan:
@txargain @edulartzanguren nola ez ba: zerua ortotsak noiz joko dagoeneko urdin-iluna nahasirik menda-belar ihar koloreko lore estanpatuekin
— Kepa Matxain (@kmatxain) 2017(e)ko martxoak 6f45756d162/@@images/image/preview" />
Imajina nezake, nahiz eta gusturago ikusiko nukeen koloretan. Horrela, behintzat eder-ederra da, oso gustukoa dut! Baina Lizarralderen beste alkandora eder bat ere aurkitu dut sarean, behekoa, hain zuzen
Oso gogokoa!
Zergatik ez ditugu sasoi berriekin batera gizonezkoon atorrok bizitzen, alaitzen? Ausar zaitezte! Gustura hartuko zaituztegu!
Obamaren agintaldia amaitzear zela, komunikabide batzuek argazki bildumak argitaratu zituzten. Bat edo beste nituen. Batzuetan argazki bitxiak ziren, eta beste batzuetan argazki ofizialak.
Bereziki honek eman zidan atentzioa, eta ez Obamagatik; baizik eta George Bish aitaren galtzerdiengatik. Gurpil aulkian jarrita dagoenez ederki ikusten zaizkio, belaunak tolestu eta prakak igo zaizkiolako.
Atentzioa, galtzerdiak arrosak direlako eta gorbatarekin konbinatzen dutelako! Joko egiten dute! Beitu argazki honetan:
Gainera, gertutik ikusita, konturatuko gara galtzerdiok estanpatuak zirela!
Nork esango zigun Bush zaharrak hain kontserbadorea izanda (suabe esatearren) horrelako kolorerik irabiliko zuenik bere traje batekin? Zahartzaroak dakarren erreparo galtzea ote?
Ezkerretik eskuinera: Rosa Martinez (Equo-Ahal dugu), Nerea Llanos (PP), Idoia Mendia (PSE-EE), Onintza Enbeita (EH Bildu) eta Itsaso Atutxa (EAJ).
Goizane Landabasok eman zidan argazki honen berri. Diario de Noticias-en argitaratua, "Emakumeak eta genero arrakala" izeneko mahai-inguru baten ateratakoa. Gutxitan irudi batek eman ditu hainbeste pista. Seguru nago, nahi barik egin zutela. Baina kointzidentziek hizpide ederra eman digute!
Bost emakume politikari sofa batean, hiru leku duen jarlekuan. Horregatik, bik besoetan jesartzea beste erremediorik ez dute. Metafora bat da hori ere? Gizartean eta politikan lekurik ez dugula emakumeok adierazten ote du besaulkiak?
Binaka sailka genitzake, nahiz eta horrela bat kanpo geratzen zaigun, ezezagunena, berriena (guretako behintzat). Bikoteak eginda, eskumako biak, Atutxa eta Enbeita, beltzez jantzita daude, praka eta alkandora. Baina soingainekoa (jaka eta txalekoa) beixak dira. Zer adierazi nahi digute? Egoera beltza dela, baina argitasuna ematera datozela? Abertzaleen munduak geruza argia behar duela? Ez da kointzidentzia larregi? Akordioetara iritsiko dira etorkizunean?
Beste bikotea, konstituzionalista, alegia, rockeroago jantzi dira, larruzko jaka beltzekin, nahiko antzekoak, gainera. Idun bakoak, papar-hegalik (solaparik) ez! Itxura modernoagoa eman behar duelako konstituzionalismoak EAEn? Baliteke. Bitxia da, gainera, Mendiak eta Llanosek –Mendia eta Llanos? Zer da, hitz-jokoa?– baina, abertzaleen kontrara daramatzatela koloreak; izan ere, kamiseta edo alkandora beixa dute txuparen azpian! Zer mezu helarazi nahi digute? Baikorregi ote daude barrutik, baina goibeltasun puntu bat erakutsi beharrean daude?
Martinez geratu zaigu bakarrik. Bera ez dago inorekin konbinatuta. Lastima. Hori bai, Equokoa izanda alkandora berdea du. Azpimarratzeko bere ideologia? Tira, Martinez eta Enbeita ere ileagatik elkar ditzakegu: biek dute ile laburra, biak ezkerrekoak direlako?
Beste hirurek, ordea, ile luzea dute, nahiko klasiko, lisotuta. Formal eta zintzo itxura ematen diena. Mendia eta Atutxa ile-hori tonu desberdinak. Horia ere Enbeitak du, platino kolorea goiko aldean, look berriarekin.
Arropara itzulita, behe aldean, praka beltz bi, bakero bi. Gona bakarra, beltza. Eta ez da Enbeita, Llanos baizik. Hortik ere ondorioztatu genezake estatuko zentro-ezkerrak bakeroak nahiago dituela? Euren identitatearen erakusgarri?
Pena da argazkian oinik, eta beraz zapatarik, ez agertzea! Ziur naiz mezu ezkutu mordoa aurkituko genituzkeela. Ezta, lagunok? Kontua da, Cuarto Milenio ikusten ari naizela eta Iker Jimenezek misterioak nonahi ikusarazten dizkidala…
Kartzelatik irten denetik nonahi dugu Arnaldo Otegi. Indartsu eta gogotsu atera da, antza. Baina blog honetan ez dugu politikaz jarduten, politikarien janzkeraz baizik. Eta orain urte batzuk komentatu genuen elgoibartarraren estiloaren kontua. Egia da, Otegik joera markatu duela politikarien artean, gizonezko trajeen uniformizazioaz aldendu zelako, eta esan genezake it-boy bihurtu dela politikaren munduan, luzaroan barruan egon bada ere.
Horregatik harritu gintuen hainbeste Azpimarra+ etb1eko saioan, lehenengo euskarazko elkarrizketa luzean, Maddalen Iriarteri emandako hartan alkandora zimurtua jantzi izana.
Ni ere ez naiz batere plantxazalea. Baina egia da, ez zuela oso ondo ematen pantailan. Ziur naiz, goizean etxetik irten zenean, lisatu eta dotore zegoela, baina egun osoan hala eman ondoren, jantzi berriko freskotasuna galduta zuela.
Otegik janzkerari dagokionez beste sorpresa bat eman digu: gorbata jantzi du! Halakorik! Londresen dago eta Jonathan Powellekin biltzeko jarri du zintzilikarioa! Ezustekoa izan da, halakorik ez nuen espero! Gorbaten kontrako iraultza, pikutara! Ai! Gainera, gorbata ere zimurtuta zegoen! Ze pasatzen da Elgoibarren? Ez dago lisaburdinarik? Deba errekako haize umelak ez du lisotasuna lortzen lagatzen? Ikertu beharrekoa!
Eta aprobetxatuz Otegi Britainia Handian dela, beste protagonista bat ekarriko dugu hona: Elizabeth IIa. Izan ere, pasa den astean 90 urte bete zituen gure amamaren lehengusinak! Bere look-a oso berezia da, beti dena konjuntatuta kapelarekin! Tira, boltsomari emakume izendatu genuen, beti boltsoa aldean zeramalako.
Urteurrena ospatzeko familia argazkia atera dute, amama zaharra iloba eta birlobekin. Boltsoa ezin falta. Itxura denez, hurrengo belaunaldian badu boltso kontu horrekin oinordekorik, eskuko-zakua gustura eroango dionik. Familiako neskatila gazteenetakoa!
Orain pentsatzen jarrita, Otegik Londresen jantzi du gorbata. Elizabeth bizi den hirian. Kasualitatea? Ez dut uste! Bertan ez dakit elkartu diren, baina Antigonak juntatu ditu aste honetako protagonistak.
Astelehen gauean banatu ziren Bartzelonan Espainiako arte eszenikoetako Max sariak, eta Sabin Bikandik jaso zuen konposizio musikal onenaren saria Kukai dantza taldearen "Gelajauziak" espektakulurako egindako musikagatik
Ez da lehenengo aldia Bikandi blog honetara dakarkiguna. Aurreko baten txapela zein egoki janzten zuen komentatu genuen. Oraingoan, ostera, antzinakotasunaren klasea erakutsi zigun
Traje dotorea, urdin bilbao kolorekoa, itxura onekoa. Alkandora iluna, gorbata beltza eta betiereko txapela, era berezian jantzita. Ikusi nuen lehen irudia bere esker ematea izan zen eta gerritik gora baino ez nuen ikusi. Atentzioa txapelak eman zidan, gauean horrelako ekitaldi baten zeramalako
Baina geroago, photo-call-eko argazkia ikusi nuen, goikoa, alegia. Orduan bai haluzinatu nuela! Abarketa beltzak daramatza!!!! galtzerdi beltzekin! Eta ze ondo geratzen zaion? Sekula ez nuen pentsatuko!
Kontua da bere diskurtsoa eta janzkera bat datozela goitik bera: musikari tradizionalaren look-a baitarama, dotorezia osoz! Bikaina, Bikandi! Ederra iruditu zitzaidan, eta ez zuen desentonatzen, gainera!
Zorion bikoitza: saria eta arropagatik!
Nola jantzi intelektual itxurak egiteko? Gaur egunean sarritan planteatzen zaigu galdera hori, hainbat ebento, sari-emate eta ekitaldi daude non intelektual plantak egin behar diren, batez ere zalantza duena sari-jasotzailea bada.
Bizi garen gizarte “eskaparatista” honetan, itxura denez garrantzitsuena, pista batzuk eman nahi diet gure lagun gizonezkoei; izan ere, intelektual piura izateko ezinbestekoa da gizona izatea, jakina baita emakumeok oraindik ez dugula halako loriarik iritsi. Ez bekit gaizki uler, ez diot emazteok ezin gintezkeenik intelektualak izan, baina postureoan, oraindik ez dugu benetako espazioa lortu. Betorkigu berandu baino lehen!
Hara hor lehengo baldintza, gizona izatea. Bigarrena, aurpegian ilea izatea. Hala da, kausitu ote duzue idazle edo abeslari coolik bibote, bizar, kokospeko, papilota/patilla edo abarrik gabe, hori hipster edo modernoegi izan barik ere.
Buruko ilea, baldin eta oraindik bada, luzetxo, baina ez gehiegi eta desorraztuta, baina ez larregi. Natural antzean, baina oso estudiatua.Hori da komeni dena, jakinekoa baita azaluskeria dela helburu,
Hirugarrena, jaka janztea baitaezpadakoa da, amerikana izan behar du, gura dena, nahiera, baina hor ez dago eztabaidarik. Omendua rokero zaharra, makarra edota oso alternatiboa bada, onartuko zaio larruzko txupa , kremaileraduna, jakina.
Jakaren azpian, prefosta, alkandora eramango du sariztatuak, lisoa, kolore bakarrekoa eta praketan sartu gabe, arduragabekeria airea emateko lookari. Norbaitek originala izan nahi badu, tanto txikiko alkandora ere jantz lezake, baina beti oso leuna bada estanpatua. Alternatibo eta abozinatuendako tixerta ere erabil liteke, beti ere okasiorako kostumizatuta badago; alegia, slogan edo leloa ad hoc badu serigrafiatua.
Modelo hau nahikoa intelektual iruditzen ez zaionak ttattarra ere lot lezake idunean, hori bai, atorraren barrenak praketan sartu beharko ditu bai ala bai, narraskeriarik ez lagunok!
Erretzaileek pipa ere eroan lezakete, edo zigarretak eramateko iragazi luze horietako bat. Agian eztabaida ere sortuko du aretoan pipatzeak, baina pentsalariari zer ardura ote dio, ez da, bada, bera eguneko protagonistak?
Eta errematea, pastelaren ginga: fularra! Zer da intelektual ustezkoa fular gabe? Bai, txikia eta erabilia bada ere, zer axola dio? Tapauka ere izan liteke, baina ez oso negukoa. Estiloarekin jarrita. Jakin ezean, inguruan izango da emakumeren bat badakiena kolokatzen. Eska lekioke laguntza, beti egongo da abat edo bat prest zorionduari lepoan eskua jartzeko.
Eta argazkietarako mementoan interesante aurpegia jarri. Lehenengo planoa bada, eskua okotsean bisajeari eusten legez, eta ezpainak "muturtxoa" eginez, ez sobera, hauteman ez dakizuen. Beti oro era oso sotilean.
Hau da, estimatuok, Anti-gonatik errateko duguna. Kontuan hartuz gero, ikusiko duzue nolako arrakasta izango duzuen inguruan, saria elkarte gastronomikoaren ipuin lehiaketakoa bada ere. Berdin dio, hemen garrantzitsuena plantak egitea da, azalutsen erreinuan bizi baikara, oraindik ohartu gabe zeundeten, ala?
Disfrutatu premioaz eta hurrengo galan gonbida gaitzazue.
Karl Stefanovic-ek Australiako Channel Nine-ko albistegiko aurkezleak urte osoan jaka bera jantzi du. Alkandora eta gorbatak aldatzen zituen, baina alkandoren kasuan denak zuriak edo kolore argikoak ziren. Time-lapse bat egin dute eta nabarmen geratu da bere ondoko emakume aurkezleak egunero modeloz aldatu zuela, baina berari ia nabaritu ere zaiola egiten. Urtebetean aldatu barik eta inork ez du igarri.
Jakin gura nuke andrazko baten kasua izan balitz zer esango zioten. Ziur naiz, astea amaitu orduko jendeak antzemango ziola eta nonahi agertuko “eskandalua”. Izan ere, emakume batek arropa errepikatzea eskandalua da. Anormala den zerbait.
Agian, orain denbora gutxira arte jende arruntak arropa gutxi zuelako, eta asko izatea aberatsen kontua zelako. Orain, armairuak gainezka dauzkagu eta, gainera, gutxi dugula iruditu. Kontsumismoa, arropa merkea, eta modaren konbinazio zoroak eraman gaitu egoera surrealista honetara.
Aitortu behar dizuet niri ere gustatzen zaidala arropa aldatzea, eta kritika nigandik hasi beharko nukeela. Baina aldatzearenaz gain, uste dut hor ere badagoela sexu edo generoari dagokion osagaia: emakumeok txukun eta egoki janzteaz gain (honetaz ere asko hitz egin genezake), modan eta dotore jantzi behar dugu. Emakume publikoak (ejem) izanez gero, erakusleiho ere izan behar dugu. Hala gertatzen zaie ministro emakumeei, aurkezleei eta abarrei. Cécile Duflot-en kasuaz hitz egin izan dugu,
edo Loyola eta Ana de Palaciori ahizpei egindako kritika zorrotzak estilo berezia zuelako.
Bestalde, aktore, abeslari, printzesa eta abarrek arropa errepikatzen dutenean, artisten kasuan, kritikatu egiten da; printzesen kasuan, ostera, koipea emanda, xumea dela esaten dute, berrerabiltzen badakiena. Baina birritan baino gehiagotan errepikatzen badu denboran zehar (ez bi egunetan jarraian, hori ezinezkoa litzateke), zikoitz eta xuhurtzat hartuko dute, glamourrik ez duela ere esango dute.
(Bilaketa bat egin dut Googlen: Letizia repite vestido, eta 70.000 sarrera irten zaizkit!)
Baina oreka mantentzea ere zaila da; izan ere, arropa gehiegi edo nabarmenegia jantziz gero ere, kargu hartuko diote emakume publikoari, Teresa Fernández de la Vegaren kasuan bezala: dirua xahutzen zuela zioten. Nola asmatu, baina?
Gizonezkoen kasuan askoz errazagoa da, Karl Stefanovic-ek demostratu duen bezala: kontrol gutxiago, kritika gutxi, eta dena errazago. Egia da, Lorenzo Milak La Dos kateko albistegian gorbata barik agertu zenean hautsak harrotu zituela, baina alergiadunek ere ez lukete igarriko hauts hori! Amatiñok ere pajaritekin, ttattarrekin eman zuen zeresana (gutxiago). Eta Pedro Toledok Banco Bilbao Vizcaya (BBV)ko kopresidentea izan zenak ere eman zuen zeresana trajea utzi eta sarri praka bakeroak, gorbata eta jaka janzten zituelako, orduan nahiko modernoa. Baina boterea eta dirua izatea zer ote, kritika gutxi jaso zituen!
Dena de, irratiaren kasuan erraz-erraz daukagu, bainu jantzian edo pijaman egon gintezke eta zuok ez zenukete inoiz jakingo! Ahotsa janztea da hemen arazoa!
Argazki honek kateatu eta liluratu egin nau
Sreda Moskuko talde literarioarena da. XIX. mendekoa, errusiar jantzi eta mendebaldeko jantzien nahasketa. Bibote eta kokospekoak, beso bako betaurrekoak, eskumara begiratzen, elkarri oratuta... Ikaragarri gustatu zait!
@Libroantiguo-ren bidez jaso dut. Mila esker!
Javier Maroto, Gasteizko alkatearen adierazpenek polemika bizia sortu zuten sare sozialetan, izan ere hijaba jantzita egotea are larriago zela esan zuelako. Xenofobiatik ere badute.
Kontua da, higienea dela erabiltzen den argumentua jantzita ezin dela banatu adierazteko. Eta txanoa jantzi behar zela ere aitatzen zen arrazoitze honetan. Ederki, orduan denok depilatuta? Eta bizardunek, zer?
Ana Moralesek topatu du irtenbidea: aurpegi osoa estaltzen duen kaputxa.
Honengatik ere esango dute zerbait!
Gaur galdera mordoa dakart! Zelako zapatilak erabiltzen ditugu etxean? Hauek orain dauzkadanak!
Badago plazer txiki handiagorik etxera iritsi, zapatak erantzi eta txapina janztea baino? Ezetz esango nuke! Kaleko zapatetan oinak orduetan kaiolaratuta izan ostean, gozatua da etxeko txapin bigun eta nasaiak janztea!
Baina etxean nola ibiltzen zarete: ortozik, soletutsik, txapinetan, kaleko zapatatan? Ni beti txapinetan esan dudan moduan! Ezin ortozik ibili, etxea oso-oso garbaia izan arren, beti dagoelako ogi-apurren bat, zikintxo bat oin-azpietan itsasten dena, eta hori ez dut gustuko. Dena den, badago jendea inoiz ez duena txapinik janzten, beti ortozik ibiltzen dena. Gainera, joera hau txiki-txikitatik sortzen zaie.
Baina zapatiletan ibiltzekoak bazarete, nolako zapatilak janzten dituzue? koadrodun tradizionalak, orpo bakoak, galtzerdi itxurakoak baina zoladunak, txankleta estiloan, akoltxatuak (bigungarriduna, animalia formarekin …). Orpodunak jantziz gero, txankleta modura erabiltzen dituzue? Ala ondo sartuta? Ordua, zertarako orpodunak? Nik normalean, txankleta estilokoak!
Eta beste galdera bat: neguan eta udan aldatu egiten dituzue? Berogarriak neguan, freskoagoak behatzak bistan eta felpazkoak udan,… Dena den, batzuek, Josu Bergarak bezala, hauek janzten dituzte urte guztian zehar!
Joxe Rojasek dio (gai hau iradoki zidanak) gaur eguneko zapatilen zolak ez direla lehengoak bezalakoak, desegin egiten direla, poliexpana bezalaxe, zurrunagoak direla eta kosta egiten dela lehengoak aurkitzea. Desberdinak dira, bai, baina lehengoak ere zabaltzen ziren, beheko zola mehea desitsatsi eta aho goseti bihurtzen baitzen.
Baina zapatilek sortzen digute zalantza bat: noiz bota txapinak? Izan ere, txiki-txiki egin arte janzten ditugu. Behatz potoloak zulatzen ditu, patata itzelekin ere erabili, zola hondatuta eduki arren, hain gustura gaude zapatila horiekin… Lotsa emateko moduan egoten dira!
Hortik beste galdera bat sortu zait: kalera jaitsi txapinetan? Atariraino bai, baina gehiago ez! Ezta zaborra botatzera ere, eta hori edukiontziak atari aurrean ditudala! Gainera, ez du zentzu handirik ere, ezta? Kaleko zikin guztiak etxera ekartzea ere!
Faktoriara entzuleek bidalitako argazkiak hementxe. Mila esker denoi!
Lehen emakume guztiek zekiten josten, euren betebeharra zelako. Askok jori zen jasotzen zuten ikasketa formal bakarra. Konfekzioko arropa gutxi zegoenez, jostunengana jotzen zen "arropa ona" egitera. Nik ere ezagutu dut hori.
Konponketak amak egiten zituenez, ia etxe guztietan zegoen josteko makina. Gurean ez, eibartarra izan arren, gureek bizikleta, patin eta eskopetak egiten zituzten. Horregatik, Aratuste eta abarretan sekula ezin izan dugu mozorrorik egin, beti hala moduz konpondu behar
Ez nuen ganoraz josten ikasi. baina, hori bai, eskuz, saretu, barrenak hartu eta gauza txikiak josten badakit. Ez naiz trebea, baina moldatzen naiz. Denok jakin beharko genuke josten, pixka bat, gutxienez, oso ondo etortzen delako. eta estutasunetan laguntzen duelako.
Nik justuan botoiak josten dakit, esan dudan moduan, baina petit point, gurutze puntua egiten badakit. Señorita batek jakin behar zituen gauzak!
Josi ez, baina puntua egiten zuen amamak, eta guri gauza asko egin zizkigun: kulero eta kamisetak perlezkoak, jertseak, tapaukak, txanoak.... Berak irakatsi zidan puntua egiten, modan jarri zenean 20 bat urte nituenean. Duela 5 bat urte ere modan jarri zen atzera ere. Egia esatera oso erlaxatzailea da, eta gustagarria. Galtzerdi batzuk (amamak egizituen orpo eta puntak) eta jertseren batzuk ere egin nituen bere laguntzarekin.
Orain krisiarekin joskintzak gora egin ei du. Inbidia ematen dit, beti jostunari eraman izan dizkiodalako arropak konpontzera, eta agian makina izanda nik konponduko nituzkeelako. Baina agian ez!
Dena den, oso ondo ikusten ditut horrelako kontuak, imajinazio eta sorkuntzan eragina izan lezakeelako eta uniformitatetik askatu.
02:25:00 minututik aurrera
Umea nintzenean bertsolariek ez zeukaten gorputzik, irratian aitak entzuten zituen ahots kantari batzuk baino ez ziren, ezin jakin nolako itxura zeukaten. Geroxeago ikusi genituen euren lehenengo argazkiak etxean agertutako Auspoa saileko liburuetan: gizon zaharrak ziren, txapela zeramatenak, jaka iluna, alkandora zuria goraino lotua gorbata gabe, baserriko tio Anastasio janzten zen legez domeketan mezatara joateko. Beste argazki batzuetan epaimahaikoak eta gai-jartzaileak ere ageri ziren. Hauetako batzuek sotana zeramaten soinean, eta besteek traje osoa, gorbata eta guzti, kalean ia ikusten ez zena.
Baina bat-batean argazkietako gizon horiek gure egongeletan sartu ziren, telebistako leihotik. Ez ziren zuri beltzezkoak, ez ziren hain zaharrak, ez zerabiltzaten arropa horiek. Gure aiten moduan janzten ziren, batzuk gaztetxoagoak baziren ere: pintzadun prakak, alkandora, eta pikodun jertseak, bero zegoenean erantzita eta korapilo batekin lotuta sorbalda gainean. Hori bai, batzuek, ez denek, udaldian, paparra zabalik eta katea erakusten agertzen zitzaizkigun, purua ahoan. Gure adineko gaztetxoak, ordea, gu bezala janzten ziren: bakeroak eta jertseak, neurri handikoak, halakoak baitzen orduko moda.
Hurrengo urteetan etorri ziren berrikuntzak janzte eta itxura kontuetan, bertsolari gazteagoek irudi berria zeukaten, kalean gero eta sarriago ikusten zena: belarritakoak, ile luzeagoak edo oso laburrak, patillak, kokospekoak,... Elastikoak uniforme bilakatu ziren eta zapiak ere agertu ziren.
Baina berrikuntzarik garrantzitsuena izan zen emakumeak agertzea oholtza gainean Arlo guztietan, normalizazio eta parekidetasun bidean. Baita janzkeran ere! Tranpaldoak kolorez bete zituzten, beste itxura bat eman zieten eszenatokiei, kalera hurreratuz. Ez dugu esango bertsolariak fashion victim-ak direnik, ez gizon ez emakume, baina neskak lehenengoz agertzeak bisualki ere aldaketa ekarri zion ikuskizunari, berez oso bisuala ez denari. Onerako, beti onerako.
Emakumeek koloreez eta itxura desberdinez gain, buruko zapi eta bandak ekarri zituzten, eta ez preseski errekatik bueltan sasoi bateko gobadari eusteko! Asko gustatzen zait nola geratzen zaizkien zapi koloretsu horiek buruan (normalean argiak) Eszenatokiari kolorea ematen baitiote, eta bertsolariei berezitasuna, eta agian, emakumeak kantuan badirela ere nabarmentzen duelako. Oso ede ikusten ditut Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio zapia buruan dutenean, emakume afrikar horiek bezala, dotoretasun naturala dutenak.
Eta orain? Esango nuke mendizale looka nagusitu dela, edozeinek daramala mendirako edo kirolerako den janzkiren bat: izerditzekoa ez bada, forro polarra, edo haizeaz babesteko jaka, goretexa ez denean. Baina Euskal Herrian nork ez du horrelakorik janzten gaur egun?
Eskerrak noizean behin ere tixert eslogandunak ikusten diren! Batzuetan oso originalak ere izaten dira, eta asko maite ditut. Txapelketa honetarako erreibindikatzaileez gain, Euskal labeldun kamiseta frikiak erabiltzea polita litzateke, oso marrazki eta lelo bitxiak erabiltzen dituztelako. Originalak ez ezik, gure bitxikeriak ere aireratzen dituztelako.
Estilora itzulita, oro har esango nuke, bertsolariak denborekin doazela, janzkerari dagokionez, behintzat. Kalean ikusten dena janzten dute, ia beti modernoegi izan barik, era kontserbadorean (aldaketez ari naiz). Nabarmentzeko gutxi, eta modernokeriak are gutxiago. Ikusiko ote ditugu inoiz kantuan goi mailako diseinatzaileen arropekin? Roberto Etxeberria eibartar diseinatzailearen jakaren bat janzten ausartuko lirateke? Hori bai izango litzatekeela nobedadea, gustura hartuko nukeena!