Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

"Koldo"

Leire Narbaiza 2024/03/12 09:40

Koldo izena modan jarri da, ez jaio berrien artean, ordea. Esango nuke erregistro zibilean azken hamarkadan, behintzat, ume gutxi inskribatu dituztela horrela gure inguruetan. Baina Espainiar estatuko komunikabidean etengabe erabiltzen dabiltza azken boladan. Koldo ala Koldobika da? Luis izan zena, berbataiatua ote, Mitxelena lez? Sabino Aranak asmatua, beste hamaikatxo moduan. Clodovicus-etik sortu zuen. 

Halere, Koldo hitza ez da zabaldu hedabideetan besterik gabe, ustezko ustelkeria kasu batekin lotuta dagoen pertsona baten ponte-izena delako baino. Koldo. eta “Koldo auzia” izendatu dute. 

Estatu espainarrean makina bat ustelkeria kasu egon izan dira, baina ez dut ezagutu bat ere Antonio, Juan edo Maria izendatu dutenik. Bai, ordea, Gurtel, Malaya, Noos… Enpresen izenak edo gaitzizenak jarrita, baina izen propiorik ez. 

Koldo. Zergatik? Exotikoa egingo zaielako grazia hori. Seguru nago horretaz. Lehenengo aitatu zuenari bitxia egingo zitzaion, eta hala idatzi zuen lehenengo titularra. 

Kontua da espainoltzat gaituztela, baina gure “zera” guztiak arrotzak egiten zaizkiela. Graziak grazia eragin, Garzia bada ere.

Banaiz, banago

Leire Narbaiza 2024/01/23 13:27

Askotan uste dugu aldaezinak garela, zahartu ahala gorputza aldatu bai, aldatuko zaigula, baina gure barruak, esentziak hor segituko duela. Ez da guztiz egia, ordea. Ilezuri eta zimurrekin batera esentzia hori ere moldatu egiten da, eta duela 25 urte pentsaezina zitzaiguna errealitatea izan liteke.

Prozesu hori graduala izaten da, baina denbora baten buruan zeharo alda liteke errealitatea, egunerokoa.

Horregatik entzuten da hain sarri "gaztetan nik X egiten nuen, baina orain...". Horrela abandonatzen ditugu ohiturak, afizioak eta lagunak. Horrela eraldatzen ditugu errutinak. Atzera begiratu, eta mundua eta ingurua aldatu zaigu, askotan jakin barik zelan gertatu den.

Niri ere pasatu zait; izan ere, heldu bihurtzeak konplikazioak dakartza. Zoragarria izan liteke heldua izatea arlo batzuetan, baina beste batzuetan arazo eta zama psikologikoa baino ez datozkigu gainera. Bizitzan aurrera egitea, ia beti, izaten delako esploratu bako oihan baten sartzea, aihotz kamutsa eskuetan, eta mapa galduta ditugula, ahal dena eginda, jakin gabe egiten gabiltzanak benetan zentzua duen, balio ote duen edo inprobisazio hutsa den. Oso profesionala dena.

Hori da bizitza: amateurra (maitalea) izatea beti eta betiko.

Nik abandonatuta neuzkan zenbait kontu lanagatik eta bizitzak eman dizkidan bide bihurri eta malkartsuengatik. Lagata nituen ohitura ziren ekintza batzuk, liburu asko irakurri barik, batzar eta elkartze interesgarrietara joan gabe nenbilen, kontzertu txikietan ere ez.. Halakoetan ikusten eta ezagutu izan dudan jendearkin ere elkartu barik. Oskolean sartu nintzen, astiro-astiro, konturatzeke.

Sosiguz itzuli naiz, gauza gehiagotan parte hartzen hasita, eremita bizitza pixka bat utzita. Aldatuta, baina ni oraindik.

Bueltatu naiz, eta bueltze prozesuan nire barruan poz zahar bat sentitu izan dut lehengo gauzak egitean, gozatu txiki baina atsegingarria, ezaguna, gainera. Hori ni nintzela sentitzen dut, eta abandonoaren korronteak luzaroegi kulunkatu eta eroan nauela ere igarri dut. Hemen nago, halere.

Banaiz, banago!

"Ta zer ez da berdin"

Leire Narbaiza 2023/01/14 00:00
Gipuzkoako Hitzan 2023ko urtarrilean argitaratua

Esaten da gaztetxotan entzuten dugun musikak markatu egiten gaituela. Ez dakit guztiz egia den, baina esan nezake kantu punkiak entzuten ditudanean, zarata eta oihu baino ez badira ere, hasperen moduko bat irteten zaidala, barruan “etxean nago” bezalako sentsazioa eragiten didatela, nahiz eta nire oraingo musika gustuak ez diren horiek justu.

Aurrekoa irakurrita asmatuko zenuten zein kontzertutan izan naizen Gabon bueltan. Bai, Hertzainak agurtzen berriro ere. BECen eta Gasteizen egon nintzen, eta otsailean beste nonon joko balute, atzera ere joango nintzateke. Nostalgia? Ez, gehiago disfrutea eta sasoi ilun horietako oroitzapenak.

Hertzainak Gasteiz

Hertzainak taldea berezia izan da gure belaunaldiko askorendako. Zutabe honetan aspaldian kontatu nuen lez, lehenengoz Debako Maxi tabernan (dagoeneko itxita, snif!) entzun nuen, eta haluzinatu egin nuen musika hori euskaraz zelako! Itoizen zaleak baginen, baina musika zaratatsu “berri” hura ordura arte gaztelaniaz baino ez genuen entzun. Danbateko itzela.

Nire bizitzako lehenengo kontzertua ere Hertzainakena izan zen. 15 bat urte izango genituen, eta Eibarren jo zuten, frontoi zaharreko eskoletako patioan. Eskola horri La Potxi deitzen zioten, potxilga-tik (txerrikorta)! Makinatxo bat kartzelak patio txukunagorik izango dute. La Potxi, frontoi zaharra eta dena desagertu zen aspaldi, baina bertan izan ginenok betiko izango dugu gogoan kontzertua! Hango pogoak, bultzadak… Gu hain gazte eta berde, denarekin flipatzen! Taldekideei gauzak jaurtitzen publikoa! Gariren sex-appeal hura tirantedun kamisetan geratu zenean mikroaren aurrean! Eta Arrautz bat pinu batean jo zutenean izei bat jarri zuten oholtzan (Gabonak ziren), motozerra bat atera, mozten hasi… kable batzuk ere moztu eta kontzertua amaitu! Hori izanda lehenengo kontzertua, ezerk ezin gaitu harritu!

Denbora zoro haiek pasatuta, oraingoak makrokontzertuak izan dira: arauak eta ilarak. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.

Musika, ordea, ez da aldatu. Bertsioak egin zituzten kantu batzuetan. Gasteizen, Aitormena Zabalak eta Garik kantatua, ikaragarri gustatu zitzaidan, abesti gustukoena ez izan arren. Kantek 30 urte baino gehiago badituzte ere, askok ez dute aktualitaterik galdu, Amets prefabrikatuak edo Larru beltzak abestiek, esaterako. Beste batzuek ere funtzionatzen dute oraindik. Eta funtzionatzen ez dutenei emanaldietan funtzionarazi diegu, saltoka eta oihuka. Horiek ere zer pentsatua eman digute, era berean zenbat eta zein gutxi aldatu den gure gizartea azaltzen dutelako, sasoi bateko lekuko ozenak direlako. Kirrinka egiten digute kontu batzuek, adibidez gaur egunean ere galtzontzillo kuadrilla ikustea eszenatokian. Edota hasi aurretik Andoni Ortuzar ikustea publiko artean BECen eta jo zuten lehenengo kantua Rokanrol batzokian izatea… “Hau dena aldatu nahi nuke” oihukatzen segitzeko nahikoa motibo badaudela demostratuta geratu da.

Agur esan digute, jaio eta bukatu, nahiz eta duela 30 urte Donostian Anoetako frontoian agurtu genituen. Orduan bai pena, baina oraingoan poza sentitu dugu, iñun baino alaiagoa izan da-eta.

Osasungintza

Leire Narbaiza 2022/12/16 08:40
Gipuzkoako Hitzako 2022ko Urtekarian argitaratutakoa 2022ko abenduaren 16an

Donostia ospitaleko zerbitzuburuak ikusi ditugu erresidentziaren ate nagusian protestan. Irudi harrigarria benetan, mediku arduradun horiek, hain zuzen, establishment-aren parte direlako, eta osagileen kolektiboa ez delako errebeldeena, nahiz eta iraultzaile ikonikoena, Che Guevara, sendagilea izan zen. Bitxia, ezta?

Beharbada, aspaldiko kontuengatik da medikuak establishment-arekin lotzearena. Herrietan, antzina, apaizak eta alkateak boterea zeukaten eta agindu ere egiten zuten, indar biziak zirelako, berorika hitz egiten zitzaien, eta “don / on” ere jarri izenaren aurrean, estatusa adierazteko.

Denbora horiek pasatu dira, zorionez, baina eskola zaharreko medikuen artean halako kontuen usain batzuk geratzen direla esango nuke, batez ere “elitean”.

Hori guztiori buruan nerabilela, hara non iritsi zaidan Marta Macho anestesistaren —Osakidetzako oposizioetan iruzurra salatu zutenetako baten— Eldiario.es-eko artikulua. Machok dio “kasketaldia” dela arduradun horiena, Osakidetza oraingo egoerara eramatea ahalbidetu dutela, eta euren boterea murrizteko arriskua ikusi dutenean, protestatu egin dutela.

Artikuluan gogor jotzen du ospitaleko atarian egon direnen kontra. Berak barrutik bizi du, eta esperientzia latz batetik dator, gainera. Erabiltzaile hutsa naizen aldetik, inguruan dauzkadan osasun langileen partetik kontu batzuk hala direla esango nuke. Dena dela, pribilegioak galtzeko beldurrak protesta eragin balie ere, osasun sistema publikoaren gainbeheraren sintoma argia delakoan nago.

Bestalde, sektoreko profesionalek aspaldi salatzen dihardute Osakidetza desegiten ari direla, lan-karga handitu zaiela duela urte askotik eta urterik urte, eta lan baldintzak okertzen dabiltzala pandemiaren aurretik ere.

Osasun sistema publikoa kolokan dago, eraso etengabea sufritzen du, eta hortxe dago datua: 2019tik 2021era %6,4ko igo zen osasun aseguru pribatua kontratatu zutenen kopurua. Albiste beltzak eman komunikabideetan osasungintzaz, eta ostean aseguru pribatu merkeen iragarkiak egin. Zerk egin lezake kale negozio biribil horretan?

Hori gutxi balitz bezala, EAEko irrati-telebista publikoko erakundeak telemaratoiak antolatzen ditu, aurten esklerosi anizkoitza ikertzeko. BIOEF izeneko fundazio publiko batek jasoko du dirua. Alegia, karitatea erabiliko da fundazio publiko batek iker dezan. Limosna eske dabiltza, finantzaketa nahikorik ez dutelako. Beraz, Eusko Jaurlaritzak ez ditu diruz ondo hornitzen… Atera kontuak!

Zoritxarrez, udazken honetan ospitale bat baino gehiago bisitatzea tokatu zait, laguntzaile, eta eman diguten tratua ikaragarri ona izan da. Osakidetzak profesional bikainak ditu, baliabide ederrak, momentuz. Osasungintza publikoa daukagu, eta sekulako altxorra da hori, defendatu beharrekoa. Pribatizazioa antidemokratikoa da, pribilegiatu batzuendako bakarrik. Zaindu dezagun erabat gaixotu aurretik.

Gipuzkoako Hitzan

Euskal Olinpiar Jokoak

Leire Narbaiza 2022/12/09 13:55
2022ko abenduaren9an argitaratutakoa Gipuzkoako Hitzan
Euskal Olinpiar Jokoak

Azkue fundazioko irudia

Zubi absurdo honen “arkuetako” baten argitaratu(ko) da artikulua. Espero dut norbaitek Durangora bidean irakurtzea, edo bueltan. Feriara ilusioz beteta joaten gara, ikusiko ditugun aspaldiko lagunak nortzuk izango diren asmatu guran. Erosiko ditugun disko eta liburuen zerrenda birpasatzen, “aspergarrien” standetan topatuko dugun joiatxoarekin amesten, disfrutatuko ditugun kontzertuen orduak kontsultatzen, eta gure kulturaren joritasuna miresten. Sekulako betekada hartuko dugu aurten ere.

Durangon hasiko da euskaldunon Olinpiar Jokoetako azken txanpa, hilabete eta erdi luzetxo honetako hondarreko probetako bat. Errigorako Gabonetako kanpainak eman zion hasiera maratoi honi, Ikaskoli Zuberoako ikastolen aldeko otzararekin batera. Ondotxoan, Irulegiko Eskuaren albisteak txapliguak, metaforikoki, jaurtiarazi zizkigun, ia euforia puntu batekin. Hori guztiori Euskaraldiaren atarian, txapa, aho eta belarri ibili gara asko egunotan euskaraz bizi eta prest ginela adierazteko. Amaieran, Euskararen Eguna, ostean Durangoko Azoka, eta errematerako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Uf! Akabua! Zelako tripakada!

Baina betekada hori gurea baino ez dela esango nuke, Euskal Herriko hainbat herritarrek sumatu ere ez dutela egiten esango nuke. Guretako ariketa bizia dena, eurendako existitu ere ez dela egiten begitantzen zait. Hain hurre, baina hain urrun gaude!

Halere, zein intentsoa izan den euskaldunondako urte amaiera! Bigorexiak jota, muskuluak egin eta erakutsi beharra dugula igartzen da gurean. Baina Olentzero datorrenerako, furiada pasatuta, eta atzera ere hustuta. Gureak ez baitira 100 metro lauak, gurea maratoia da, arnasa luzekoa, hain modan dagoen esamoldea. Mendeak daramatzagulako. Mendea esan eta zelako alferra eragiten duen, ezta? Eta, asteon lagun batek bota zidan moduan, artikulu pesimista bat irakurritakoan: zein da, orduan, irtenbidea? Zer proposatzen du? Nire lagun horrek arrazoia dauka, zein da soluzioa? Ai, baneki! Aspaldi geundeke beste egoera baten!

Larunbat goizean entzun nion Imanol Magrori Euskadi Irratian, euskaldunok erdaldunak erakartzeko seduzitzeari buruzko sasoi bateko estrategiaz. Esan zuen seduzitze hutsarekin ez dugula ezer lortzen gaur egun, Euskararen Legea ere aplikatu egin behar dela bere osotasunean, eta ez dela oraindik egiten. Bat nator Magrorekin, limurtzearen estrategiarena ere inoiz ez zaidalako gustatu, agian izenagatik, agian seduzitu berbak emakumeondako daukan pisu sinbolikoagatik (lentzeria sexya eta takoiak datozkit burura entzuten dudanero!). Badirudi ez dugula merezi lortu nahi dugun helburua, eta “amarruak” erabili behar ditugula erdaldunak gure “tranpetan” jaus daitezen, duela berrogei urte legea indarrean sartu arren. Gainera, Adostasunetik da Eusko Jaurlaritzak aurten erabili duen leloa Euskararen Egunerako. Esango nuke adostasun hori planta hutsa dela. Izan ere, hemen ia denok gaude ados euskara bultzatzearekin, baina, adibidez, lanpostu publikoetako eskakizunen kontra daude asko, nahiz legean egon. Edo Jaurlaritzako sailburu batzuk erdaldunak izatea. Akordioa hain zabala izan balitz, ez lirateke euskaldunak izan beharko? Seduzitu ez ditugun seinale ote?

Bitartean, zuek segi Olinpiar Jokoetan liburu, musika eta lagunez gozatzen Durangon eta handik ekarritako uztaz. Hori ere bestelako maratoia da eta!

Gipuzkoako Hitzan

Pozak eta konplexuak

Leire Narbaiza 2022/11/25 10:50
Gipuzkoako Hitzan 2022ko azaroaren 25ean argitaratutakoa

Rozalen abeslariak disko berria atera du. Hori, berez, ez da nobedadea, jardunean dagoen kantariak sarri egin behar izaten duen lana delako; berritasun barik birarik ez, komunikabideetan ere ez agertzea dakarrelako. Beraz, oihartzun gabe kontratu gutxi, eta jotzeko arazoak. Ahanzturak estalitako makinatxo bat omen dago horrela.

Disko horrek, bat gehiago izan beharrean, badu berezitasunik: Espainiako Estatuko hizkuntza ofizial guztietan kantatzen du Rozalenek, bera Gaztela-Mantxakoa izan, eta bere karrera gaztelaniaz egin arren. Korrientea beharko lukeena, berezi bihurtuta. Bitxia egiten zaigu, bai, galegoz, katalanez eta euskaraz kantatzea espainiar elebakarrak, gure hizkuntzak koofizialak badira ere, subofizialak direlako praktikan, horrela esaterik badago. Beti menpe eta bigarren mailako; hori, erabiltzen direnean. Horregatik, sentsibilitatea duen baten batek kontuan hartzen dituenean gureak, pozarren jartzen gara, eta, miretsita, esker ona adierazten dugu. Larregi, batzuetan.

 

Eskertze eta harritze masiboek gutaz asko diote, nire ustez, eta Felipe VI.aren erresumaz ere asko esaten dutela begitantzen zait. Borboiaren menekoek behin eta berriro aldarrikatzen badute ere Galizia, Katalunia eta (Hego) Euskal Herria Espainia direla, askok ez dute onartzen beste kultura eta hizkuntza batzuk ditugula, eta euren kultura eta hizkuntzadun baino ez gaituzte nahi. Hori dela eta, gure hecho diferencial (bereizten gaituen hori, kontu bereizgarria) aintzat hartzen duenak, izan abeslari, izan dendari, zoratzen jartzen gaitu, sare sozialak betetzen ditugu gure poz horrekin eta loreak etengabe botatzen dizkiogu. Gu kontuan hartzen gaitu horrek, espainiartzat onartzen gaitu, gure berezitasunekin, garen modukoak, alegia. Ez dakit hori ere gustuko dudan, anbibalentzia dut horrekin. Eta gutaz dioena penagarri samarra ere bada: inork ez gaitu maite, eta batek onartzen bagaitu garen modukoak, total eskertuta egoten gara, limosna jasotako eskaleak bagina bezala.

Aurreko astean beste berri batek ere bete zituen gure sare sozialak, elkarrizketak eta egunkarien azalak. Irulegin aurkitutako Brontze Aroko eskuak hautsak harrotu ditu gure artean. Pozak eztanda egin zuen, zorionekoak ginela adierazi zigun aurkikuntzak. Hemendik aurrera sorioneku-k garela esan beharko dugun arren. Izkribuak —horrela dei geniezaioke?— euforia piztu zuen, eta berba bakar batek, denok ulertzeko modukoa izanda, euskara edo antzinako euskara bazela azpimarratu nahi izan du askok.

Baina bada, gero! Beti esan izan digute euskara hizkuntza milenarioa zela, Europako zaharrena. Eta orain, horrela izan litekeela froga litekeenean, baskoiera dela esan adituek! Beti beldurrez, beti tentuz, badaezpada ere; izan ere, aurreko gorabehera arkeologikoek, eta segurtasun ezak zuhurtzia handiagoarekin jardutea ekarri dute.

Jarrera horiek ere pena eragiten didate. Pena, gure hizkuntza komunitateak zenbat sufritu duen adierazten duelako, euskaldun izateagatik zer jasan duten hiztun askok. Gainera, sufrimendu horrek konplexuz beteta gaudela ere esan gura du. Gutxietsi eta mespretxatutako komunitatea (izan) garela adierazten du. Ahalduntzeko sasoia da, aurrera egiteko modu bakarra delako. Euskaraldia izango ahal da bitarteko egokia!

Gipuzkoako Hitzan

Suziri eta tximeleta txinatarrak

Leire Narbaiza 2022/11/11 13:55
2022ko azaroaren 11n argitaratutakoa Gipuzkoako Hitzan

Aurreko baten telebista eta komunikabide ia guztiek gaztigatu ziguten suziri txinatar deskontrolatu baten ibilbidean zegoela Euskal Herriaren hegoaldea. Arriskurik ez omen zegoen, baina badaezpada Nafarroako aire espazioa itxi zuten. Badaezpada. Askori Asterix eta Obelixen herrixkako biztanleen beldur bakarra piztu zitzaion: zerua geure buruen gainean jaustea!

Azkenean suziri donge hori Ozeano Barearen hegoaldean erori zen, Nafarroako kosta bako lurretatik oso urrun, zorionez. Hala eta guztiz ere, jakinda Iberiar penintsula ibilbidean baino ez zegoela, lau haizeetara zabaldu zen albistea. Milaka kilometrora jo zuen lurra, baina baten bati eragingo zion ondoeza. Eta gure buru gainean jausten bada?

Urrun, urrunegi gertatzen dena gurean notizia bihurtzen da. Desosegua eragiten badu, hobeto. Egia da munduan dena dagoela konektatuta, eta dominoaren fitxak bezala, bat mugituz gero dena amildu litekeela. Tximeleta efektua ere baderitzo horri, eta Wikipediaren arabera, esaera zahar txinatarrean du oinarri izenak: “Tximeleta baten hegalen mugimendua munduaren beste muturrean sentitu daiteke”, edota “tximeleta baten hegalen mugimenduak munduaren beste aldean ekaitza eragin dezake”, bai eta “tximeleta baten hegalen mugimendu soilak mundua alda dezake” ere. Txinatarrek irudi poetiko pila bat bai, baina suziri deskontrolatuak ere bai.

Egunotan Xarm el-Xeikh hirian elkartuta ibiliko dira munduko ia agintari guztiak COP27 goi bileran. Txinatarrek ez dute euren buruzagia bidali. Ez dakigu suziritara joan ote den edo tximeleta hegoei begira geratu ote den Xi Jinping Errepublikako presidentea. Goi agintari batzuk joan dira bere ordez. Indiak eta Errusiak egin duten moduan. Kontua da NBEk goi bilera hori klima aldaketari aurre egiteko deitu duela. 2ºC-ra ez igotzea zuen helburu 2015ean Parisko goi bileran sinatu zuten hitzarmenak. Duela zazpi urte. Era berean, egunotan jakin dugu azkeneko zortzi urteak inoizko urterik beroenak izan direla. Horrek, ordea, ez du beldurra sortzen, ez dugu pentsatzen zerua buru gainean jausiko zaigunik.

Beldurtzekoa da, baina, zortzi urte hauetakoa. “Eguraldi ona” esaten dugu eguzkitsu eta bero egiten duen egunetan, nahiz eta urtarrilean egon. Mediterraneoko irudiak erakusten dizkigute telebistek, eta “zelako inbidia!” ere entzuten da halakoetan. Beldurra eman beharko liguke horrela pentsatzeak, eta iruditeria kolektiboan zein sartuta dagoen ideia horrek ere urduri jarri beharko gintuzke, behintzat.

Beldurra aitatu dut, baina ez dakit beldurra ote den bidea. Beharbada Galiako herrixka xelebre hartan bezala, beldurra izan beharko genioke zerua buru gainean erortzeari, era metaforikoan, jakina. Munduaren akabera iragartzea, Harmagedon-en gaudela zabaltzea ere ez da komeni. Apokalipsia aldarrikatzeak ere ez du balio ezertarako. Baina batzuk badabiltza distopiarik ankerrenak beteko direla esanez. Mad Max filmean egongo garela sartuta.

Beldurrak paralizatu egiten du askotan, eta azken judizioko tronpeta jotzen hasiz gero, zertarako ezer egin planetaren alde? Itxaropen izpirik ez badago, zertarako borrokatu? Esperantzara kondenatuta gaude, erremediorik gabe, nahi badugu, behintzat, Txinako tximeletaren hegaldia sentitu planetaren beste muturrean. Betiere buru gainean zerua erortzen ez bazaigu, Tutatisen izenean!

Gipuzkoako Hitzan

"Adixo", kaixo, agur

Leire Narbaiza 2022/10/28 13:50
2022ko urriaren 28an Gipuzkoako Hitzan argitaratua

Kaixo, lagunok, hemen nago berriro. Diosala egiteko kaixo baino gehiago gustatzen zait epa esatea (zuzentzaileek barkatuko didate intsumiso txiki hau: epari hatxerik ez jartzea). Edo ieup! edo aupa!. Baina kaixo? Ez dut batere gustuko. Inguruko inongo zaharrei ez diet entzun jardun korrientean kaixo-rik. Niri arrotza zait, eta “euskarago” delakoan zabaldu da olioa ur gainean bezala. Hain arraroa zen gure gazte denboran, ezen gure herrian badagoen los kaixos deritzon kuadrilla bat, ikastolakumeak eurak, eta antza denez, beti kaixo esaten zutenak, kontu egizue.

Agur berba arruntagoa zait, baina antza denez, hori ere ez zen erabiliena, eta txutxu-mutxu bat baino errazago hedatu zen. Lehen aitatutako zahar horiek beraiek adixo esaten digute, eta Gipuzkoako kostaldeko zenbait herritan ayo agurtzen dute. Iparraldera salto eginda, adio ere entzuten da. Beraz, beharbada tradizionalagoa izan liteke adio berba.

Kaixo eta agur euskalduntasunaren ikur badira ere, euren jatorria ez omen da hain jatorra, hipergarbizaleek ez badakite ere. Agur augurium latineko hitzetik ei dator, eta hain da gurea ezen Madril aldean ere erabiltzen zuten lehen. Bai, castizoek abur esanda agurtzen zuten! To eta no euskalduntasunaren ikurra!

Etimologiekin jarraituta, ez dakit aitatu behar dudana benetakoa den, gurean etimologiak dibertitzeko ere erabili izan direlako. Ez ahaztu “txortan egin” short time-tik datorrela esaten dutela, edo Bartzelona, bart ze lo ona-k eragin ei zuela… Horrelako makinatxo bat daukagu, ondo daudenak barre egiteko eta jolasean ibiltzeko, baina seriotik gutxi dute. Blanca Urgellek asteazkenetan BERRIAn argitaratzen dituen artikulu zoragarri horietako bateko gai aproposa da, duda gabe.

Etimologia apokrifo horien artean, kaixo-k ere badu berea. Beti entzun izan dut kaixo ¿qué hay, txo? esamoldetik zetorrela. Erositako prezioan saldu dizuet! Eta hala balitz, kaixo-k ere euskararen esentziak gordeko lituzke! Ironieraz nabil, jakina!

Esentziarik esentzia gabiltza, ezer nahikoa euskalduna ez dela iritzita, baina gehiegitan erdararen morrontzan: hiztegia ustez aratz eta garden, barbarismo barik, baina esamolde, gramatika eta berba berriak gaztelaniaren galbahetik pasatuta, orain arte erabili izan ditugunek nahikoa ondo adieraziko ez balute legez.

Era berean, euskara bitxikerien eremua da. Gogoratu gaitezen sare sozialetan zabaldu zen And I think it’s beautiful lelo hartaz, hitzen ustezko bitxikeriak erakusten zituena, beste hizkuntza batzuetan gertatuko ez balitz bezala, gurea naifa eta arraroa, esanahi ezkutuz betea. Mistifikazio horrek gero eta atzerakada handiagoa eragiten dit, uste dudalako mitoak ez digula normalizazioan lagunduko.

Horrek ez du esan nahi berba ederrik ez dagoenik, edo hitz batzuk gogokoagoak ez ditudanik. Ez, baditut, beste hizkuntza batzuetan ditudan moduan; adibidez, gaztelaniaz boj (ezpela) asko gustatzen zait. Euskaraz harreman berba dut gogoko, agian gehiago hartu-eman, erlazioa adierazteko modu ezin ederragoa adierazten duelako. Baina gaztelaniaz relacionarse existitzen denez, nahikoa ez harremanak izan eta abarrekin, eta *harremandu munstroa sortu dugu! Ze nezesidade! Hori da euskararen esentziak zaintzea, lagunok!

Hamabost egun barru, epa! Eta bitartean, hartu-eman osasuntsuak izan!

Adixo!

Gipuzkoako Hitzan

"Déjà vu" sentsazioa

Leire Narbaiza 2022/10/14 13:05
Gipuzkoako Hitzan 2022ko urriaren 14an argitaratua

"¿Qué harías tú en un ataque preventivo de la URSS? Uuuurs, uuurs ¡No sé!” (Zer egingo zenuke zuk SEBSen eraso prebentibo batean? Ez dakit!). Lelo hori buruan darabilkit etengabe azken asteotan. Polansky y el ardor taldearen kantu ezagunaren esaldia da. Tira, ezaguna 1983an, argitaratu zen urtean, Gerra Hotz betean, gazte eta nerabe ginenondako. Orduko albistegiek ere, gaur egunekoek bezala, misil kontuak eta gerraren hotsak zekarzkiguten. Bizipen errepikatuaren sentsazioa kendu ezinda nabil ni. Orduan ere etsai bat behar zen, eta beldurra eragitea zen helburua, orain legez.

Abestiari URSS kendu, eta Errusia jarriz gero, errepika orain erabiltzeko modukoa da. Errusia da-eta etsai hori, misilez beteta dagoena, eta gu guztion kontra jo nahi duena. Bide batez esan, orduko SESBren errepublika nagusia zela Errusia. Urteak pasatu eta berdinetan gaudela ematen du, ia lau hamarkada geroago. Albisteak entzun eta “hau bizi izan dut” errepikatzen dut neure kautan. Aitzakia perfektua armetan gastua igotzeko eskatzeko, orduan sasoian bezala. Beraz, esan genezake kantu bera dela, edo kantu beraren bertsioa.

Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkak —AEBek xaxatuta eta Europako Batasunak bedeinkatua—, baina, ez da déjà vu sentsazioa eragiten didan bakarra. Hertzainak taldeak azken kontzertuak eskainiko ditu. Azken kontzertuak? Egon nintzen azken kontzertuan, barren! 1993an, Donostian! Berriro azkena? Tira, pandemia aurretik ere Euskaldunan izan ginen Gari eta Josu Zabala ikusten. Eta BECera ere joango gara. Hurrengo baten ere elkartzen badira, joango gara, eta hurrengoan, eta hurrengoan… bakean utzi arte!

Horrela nola ez dugu, bada, etengabeko déjà vu sentsazioa izango? Kiribil infinituan gabiltza murgilduta, behin eta berriro antzeko bizipenak ditugula sentitzen dugu, denborak malguki forma balu legez, espiralean. Badakigu guztia ziklikoa dena. Erakusleihoei begiratzea baino ez dago. Prakek gerria mokorrean izan dute, eta orain ia saihets azpian. Baina biak ala biak aspaldian ere jantzi genituen. Dena itzultzen da, beraz; besaburuetako betegarriak (honbrerak) ere bai, kontu egizue!

Aurrekoak moda kontuak dira, friboloak, beharbada, baina ederki ilustratzen dute gure mundua, ia dena inbentatuta dago-eta. Arroparen anekdota hutsa bada ere, badirudi belaunaldi bakoitzak praka motarekin batera galdera berberak egin (eta ebatzi) behar dituela: Zer da euskal literatura? Euskaraz idazten dena ala euskal herritarrek idatzitakoa?

Halakoak irakurrita Munchen Oihua koadroan agertzen den pertsonarena egiteko gogoa izaten dut: esku biekin buruari eutsi, eta ahoa guztiz zabalduta garrasi luze eta ozena egin, desesperazioa adierazteko.

Betiereko beste letania bat da “euskara zaila da” errepertoriokoa: hizkuntza eskakizunak altuegiak dira, azterketak gero eta zailagoak jartzen dituzte… Uf! Baina horiek ez dira behin eta berriro, ziklikoki, itzultzen direnetakoak; isil antzean, murmurioa da batzuetan, baina hortxe dago beti. Beraz déjà vu sentsazioa barik, asperra sortzen didate, eta usain txarra hartzen diet. Agian nire kontuak dira, lagun batek Euskararen Señora ohorezko titulua jarri didanetik buruko haizeak hauspotu dizkit, batek daki!

Ez dakit zer egingo dudan Errusiaren eraso prebentibo baten, baina izan dadila, behintzat, Hertzainaken kontzertuaren ostean, mese

Gipuzkoako Hitzan

Gure ileak

Leire Narbaiza 2022/09/30 13:55
Gipuzkoako Hitzan 2022ko irailaren 30ean argitaratua
Gure ileak

Twiterren ikusia

Masha Aminiren heriotza salatzeko Iranen izan diren protesten irudiek bete dituzte sare sozialak. Emakumeak beloak eranzten, erretzen, ile luzea mozten… kale erdian zein etxeetan. Hunkigarriak egin zaizkigu askori. Beste batzuek, ostera, Mendebaldearen propagandatzat hartu dituzte. Jakina, eurei inoiz ez dietelako burua estaltzeko obligazioa inposatuko!

Masha Amini

Egia da Khomeinik Irango Islamiar Errepublika ezarri zuenean emakumeak txadorra erabiltzera derrigortu zituztela, eta AEBetan eta Mendebaldean erabili zela aitzakia Iranen aurka egiteko. Saudi Arabian, aldiz, emakumeek ia ez daukate eskubiderik, gorputz osoa estali beharra dute, baina ia inork ez du ezer esaten horren kontra, aliatua delako. Geopolitikaren kaka ustela.

Aurreko irudiak ikusita, beste imajina batzuk ere etorri zaizkit burura: Afganistango emakumeak ihes egin nahian talibanak Kabulen sartu aurretik, zetorkienaren beldur, eta Siriaren menpe dagoen Kurdistanen ISISetik askatutakoan emakumeek nola erantzi eta erretzen zituzten euren jantzi eta buruko beltzak.

Adatsak ezin erakutsi hori ez da bakarrik islamean gertatzen, gutxienez hiru erlijio monoteistetan ere existitzen da. Emakume judu ortodoxoek ilea gorde behar dute. Ez beti paineluz, askok ileordeak erabiltzen dituzte erosoagoa delakoan. Andrazko katolikoek mezatara joateko mantelina jantzi behar zuten duela 60 urtera arte, Vatikanoko II. kontzilioak derrigortasuna kendu zuen arte. Esango nuke eliza kristau ortodoxoetan oraindik andreek buruan zapia eroan behar dutela.

Mojak ere askatu ziren asko belotik, abituak minimizatu eta mimetizatu zituzten, eta tokak kendu. Azkenean kaleko jantziekin ibiltzen hasi ziren. Eskolan gure belaunaldiak bizi izan zuen gure irakasle erlijioso horien eraldaketa. Eurek ere gustura kendu zituzten buruko estalkiak.

Umetan aldaketa horiek bizi izanda, asko harritzen nau (eta batzuetan ikaratu ere bai) ikusteak gure kaleetan gero eta ume gehiagok daramatela zapia. Pasa den astean 5-6 bat urteko neskatxoak zeroala ikusi nuen, eta 10 bat urtekoek gero eta gehiagotan. Batzuek esaten dute askatasuna dela, baina ez dut uste neskatila horien hautua izango denik. Ez da politikoki zuzena esan behar dudana, baina badakit gure herrietan zenbat presio jasaten dituzten zapia eroan nahi ez duten emakume musulmanek. Batzuetan aukera da, baina askotan familiak, imamak eta gertukoek inposatutakoa.

Bai, gure depilazioa bezala. Inork ez gaitu derrigortzen besapeak depilatzera, edota hanketako ileak erauztera. Nire moduan, asko depilatzearen kontra gaude, baina hazi gaituzten eragatik geure buruak ez digu lagatzen sudurretik beherako ilajea erakusten.

Zer obsesio, ezta? Zer du gure ileak? Gerra Zibilaren ostean ere, emakume errepublikarrei frankistek ilea larru-arras mozten zieten zigortzeko eta markatzeko, beste tortura eta eskarnio batzuen artean. Abuztu honetan bertan Kanadako Lisa LaFlamme telebistako kazetaria lanetik bota dute ile zuria uzteagatik.

LaFlamme

Zergatik trastornatzen dituzte hainbeste erlijioak eta gizartea gure adatsek eta tximek? Zer dela-eta naturala eta ederra dena estali, erauzi eta tindatzeko betebeharra? Zentzatu eta kontrolatzeko modua delako, agian? Otzan eta burua makurtuta nahi gaituztelako?

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua