Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Zapia

Zapia

Leire Narbaiza 2012/08/03 09:41
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/03

Azoka txikian ikusi nuen berriro ere, udako egun sargoritsuan. Tira, bera zela uste dut. Haize zakarrak arropak astintzen zizkion; izan ere, goitik behera zihoan jantzita, lurrerainoko gona, soingainekoa, denak berde ilunak; eskularruak, buru-estalkia, eta aurpegia ezkutatzeko oihala (nikab-a), beltzak. Begiak baino ez zitzaizkion ikusten.

Lehenengoz berarekin topo egiteak barrena irauli zidan. Agian, gure kulturan, pertsonaren ezaugarria delako aurpegia eta musu bakoek ez dutelako identitaterik. Zirrara eragiten badit ere, emakume horren aukera da horrela joatea. Denok daukagulako nahi dugun bezala janzteko eskubidea. Gogoak ematen digun moduan ibiltzeko, inongo presiorik gabe. Baina hau ez da hala, zoritxarrez.

Ez da horrela, kontrola existitzen delako. Eibarren familia musulmanak duela 40 urte daude etorrita lanera. Emakume batzuek zapia erabiltzen zuten, baina ez denek eta gutako edozeinek erabiliko genukeen legez, hondartzan edo garbiketak egiteko. Imana etorri arte. Orduan, bat-batean emakume guztiek aldatu zuten janzkera eta zapia: arropa nasaiagoak eta luzeagoak eta ilea osorik estalita, baita sama ere. Eta jakin badakit zelako presioak egiten dizkieten komunitateak zapia janzteko.

Horren adibidea Olinpiar Jokoetan izan dugu, Wojdan Shaherkani Saudi Arabiako judokaren aitak esan zuenean ez zuela alabak parte hartuko burua estali barik. Zer esango luke protagonistak, ordea? Ez dakigu, isilduta dagoelako.

Tematuta daude, baina, andrazko ilearekin! Ezin dugu ahaztu katolikoek orain 50 urte, elizan sartzeko mantelina behar zutela, eta mojek ere ilea estalita eraman dutela. Egia esatera, Eibarren ikusitako emakume estaliak eta mojek antzeko arropak janzten dituzte (aurpegikoa salbu). Biek kolore ilunak eta tristeak: marroiak, grisak, beltzak…antzekotasun gehiegi. Duela 30 urte kendu zuten burukoa moja askok eta eskola erlijiosoetan genbiltzanontzat modernitate haizea izan zen burua libre ikustea irakasleak.

Judu ortodoxoek ere ilea ezkutatu behar dute. Askotan zapiak erabili beharrean ile-ordeak edo kapelak erabiltzen badituzte ere. Moja (eta monje) budistek ere arradatzen dute burua. Erlijioek ez ezik, errepresioak ere izan du obsesioa ilearekin. Jakina da Francozaleek emakume askori kaskamotz laga arte moztu zietela adatsa. Zigor handia eta lotsagarria, denen bistan zegoelako. Tema hau andrazkoen irudiarekin, estereotipoarekin du zerikusia; zer den femeninoa eta zer ez.

Dena den, kasu guztietan zapia, kartzela beharrean, lagungarri ere izan liteke. Nikabduna ikusi eta Wojdan Shaherkanirena pasatu eta egun berean Uxue Barkosek gaixotasunaren zapia erantzi eta burua nola duen erakutsi digu. Kasualitatez, Terelu Campos Espainiako aurkezleak ere ile-ordea kendu du. Biek bularreko minbiziaren tratamenduak eragin die ile falta. Kasu bi hauetan zapia eta ile-ordea lagun izan dute, estalki, babesle. Dena ez da txarrerako izango!

 

Jozulin
Jozulin dio:
2012/08/03 10:17
Ados, Leire. Aurrekoan Barajasko aireportuan ikusi nuen familia musulmana: aita eta semea modako, plaiera deportibo marka ezaguneko eta koloreetsu, kamiseta zuri futbol talde batekoak, "bwin" idatzita zeramatenak... enfin, "a la ultima"; emaztea eta alabak, hiru, beltzez goitik behera eta begiak soilik bistan. Zapalkuntzaren irudia.
Komite olinpikoa banintz, ez nion utziko burua estalita parte hartzen neska horri, bestela bihar etorriko da baten bat esanez bere lagun ikusezinak Mikey Mouseren belarriak ipinita jokatzeko eskatzen diola... Relatibismo kultural guztiak aipatu ditzakegu gai honetan, baina, Twitterren esaten dugunez: #hauhalada. Artikulu bikaina, zorionak! ;-)
mikel
mikel dio:
2012/08/03 10:22
Dakidanaren arabera, judu ortodoxoek ez dute ia ilerik, kaskamotzak dira eta gainean daramate ileordea eta zapia.

Jozulinek esan bezala, askorako eman dezakeen gaia da hau.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua