Gizonezkoen praka laburrak
Gurasoen belaunaldikoek (eta gazteagoek) zenbatetan esan ote digute mutikotan sufritu dutena praka laburrak erabiltzeagatik? Izan ere, mutilek ez zuten praka luzerik janzten ia nerabezarora arte, eta negurik gorrienean ere horrela ibiltzen ziren, belaunetarainoko esporteekin. Laburretatik luzeetara pasatzea iniziazio-erritua zen, antza. Nesketan trentzak moztearekin pareka litekeena.
GureGipuzkoa.net | Grupo de niños en la clausura del I Cursillo de Capacitación Montañera Infantil © CC BY-SA: Ojanguren, Indalecio
Goiko argazkian 1958 Eibarko Klub Deportiboko neska-mutiko taldean ikusten den moduan, mutil guztiak halaxe daude, esporte barik, galtzetinetan eguraldi ona egiten duelako.
Henry Cartier-Bresson-en argazki zoragarri honetan, mutiko paristarrak praka laburrak daramatza, baina ez galtzetinik, nahiz eta jertsea jantzi, atzeko neskatilak legez.
Kuriosoa da zein laburrak diren umeen praka hauek. Berna osoa bistan, hotza egin arren. Amamari entzunda diot hankek arnasa hartu behar dutela, eta ez dela komeni beti praka luzeak janztea! Zer ote da hau, umeak gogortzeko erabiltzen zen teknika (neskatilak gonak erabiltzen zituzten, leotardo barik askotan)?
Tira, itzul gaitezen gaur egunera. Badago gizonik udan praka laburrik (bai, laburrak esatea nahiago motzak baino, bizkaieraz zatarrak esan nahi duelako) janzten ez duenik? Dirudienez, opor sasoian behitzat, gizonezkoei debekatu egiten zaie luzeak erabiltzea! Halakorik! Hainbeste hanka biluzi ez dut inoiz ikusi hondartzatik kanpora! Denek entzun ote zuten gure amamaren aholkua?
Denetatik ikusten da: bermudak, piratak, bainujantziak… Agian, ez dira short-ak ikusten, nahiz eta gure gizonek kirol arroparik existitzen ez zenean, 1953an, erabiltzen zituzten Indalezio Ojanguren Kajoitxu-ren erretratuak horren testigantza eman:
GureGipuzkoa.net | Montañeros en Peñalara (Guadarrama) © CC BY-SA: Ojanguren, Indalecio
Imajinatzen dituzue adin horretako gizonak hain praka laburrekin? Ez, ezta? Nik ere ez. Tira bermudetan ere gutxi ikusten dira, eta hemen ikusten direnak ez dira Bermudan bertan ikusten direnak bezalakoak, zorionez:
Irudia itzela da, baina hau da Bermudako janzkera ohikoena gizonen artean: jaka, gorbata, praka motzak eta esporteak! Ikaragarria da!! Behintzat kolore pixka bat ematen ahalegintzen dira, baina horrek konjuntoa zatartzen ez ote duen susmoa dut!
Hemen bermudak jantzita ikusten direnak ustez aberaskumeak dira (pijo hitza hiztegian begiratuta hori aberaskume dakar!).
Pijoenak omen Baina militarrenak ere bai
Baina honen erakusgarri nabarmenena Emilio Botin da horrela agertu baitzen opor batzuetan:
Look beldurgarria! Baina bera lakoei dena onartzen zaienez…
Baina gure artean zabalduenak praka piratak dira. Nik oso gustuko ditudanak, baita gure amonek ere. Erabilienak dira, nire ustez, look mendizale-forro-polar-goretexarekin antzekoenak direlako. Kirol arropa batzuk ere badituzte eta euskal gizonezkoendako hori ezinbestekoa da! Kirolari peto-petoak baitira jaiotzetik, nahiz eta egin duten esfortzurik handiena larunbateko txikiteo-erronda izan, bi bider!
Poltsiko asko ere izan dezakete, eta baldar ukitu bat ere ematen dute, funtsezkoa gure janzteko eran! Hala ere, maite ditu horrela ikustea mutilak, gehienek oso zango politak dauzkatelako. Oso gogoko ditut nik gizonezkoen hankak, bai, erakargarriak egiten zaizkit, depilatu gabe, mesedez!
Bainujantzia praka erabiltzea ere txarto deritzot! Gosaltzen, hondartzan, bazkaltzen, siestan… Ez!! Aldatu barik egun santu osoan! Zikina da!!!
Baina benetan inoiz ez dudana ulertuko galtzetinekin joan behar hori da. Nora? Ipotx itxura ematen dute, barren! Gainera, askotan zuriak, beixak, marroiak, urdin ilunak izaten dira. Gustu pixka bat, mesedez! Jantzi sandaliak! Horrela behatzak liberatu egingo dituzue, askatu zapaten kartzelatik! Ezin badituzue erabili, hor dituzue abarketak (espartinak), baina galtzerdi barik, mesedez!
Praka motzen modak horrela segitzen badu, egunen baten horrela ikusiko ditugu gure gizonak?
Espero dut ezetz, gure begien osasunarengatik baino ez bada ere!