Sandaliak eta galtzetinak
Jakinekoa da gehien gustatzen zaizkidan oinetakoak sandaliak direla. Asko kostatzen zait janzten hastea, baina behin hasita, nekez uzten diot erabiltzeari. Ikaragarri disfrutatzen dut oina zapaten kartzelatik libre izaten, behatzak aste edukitzen. Agian, erabiltzeko denbora nahiko mugatua denez, gozamena intentsuagoa da, gehiago preziatzen da, gereziekin gertatzen zaigun bezala.
Galtzetinak ere asko gustatzen zaizkit. Erosoak izateaz gain, hanka babestu eta jantzi egiten dute. Gustukoen koloreetakoak ditu, marraduna, marrazkidunak, fantasiazkoak. Beharbada, ume-denboran eta gaztetxotan erabili nituenak oso serioak eta gatzbakoak zirelako, lisoak, ia beti zuriak edo urdin ilunak, uniformearekin ibiltzeko. 4 urtetik 14 urtera egunero-egunero galtzerdi berdinak janztea ez da broma! Horregatik, nire sarreka kolore eta marrazkiak duten galtzetinez dago beteta. Oso beteta, gainera, inoiz ez da nahikoa edukitzen den galtzerdi kopurua!
Honaino zuetako asko bat etorriko zarete nire gustu horiekin. Dena normala. Baina orain tabu bat haustera nator, munstrokeria bat aitatu behar dut: galtzerdiak eta sandaliak batera jantzita! Anatema! Gustu txarreko paradigma!
Ez nago ados. Probatuta nago eta gozada hutsa da! Normandian geunden oporretan eta horrela sortu zen. Ez nuen hotzik pasatu, ezta berorik ere. Eta nahiko txukun nindoan!
Normandiara joan barik ere, gure kliman ondo etorriko litzaiguke moda hau. Uztail honetan goizeko 8etan hartu izan dut autobusa. Egun batzuetan, eguerdi-arratsalde parterako beroa iragarrita zegoen, baina goizean hotz egiten zuen. Geralekuan, autobusaren zain sandalietan, behatzak izoztuta geratzen zitzaizkidan. Juanito Oiartzabali gertatu zitzaiona gertatuko ote zitzaidan beldurrez nengoen.
Baina uztailean ez ezik, irail-urrian ere gertatzen da Ahalegintzen naiz sandaliak urriaren bigarren astera arte erabiltzen), eta bikoiztuta, gainera; izan ere, egunak lehenago iluntzen du eta goizago freskatu. Beraz, goizean zein iluntzean behatzak izoztuta. Ez litzateke inteligenteagoa izango, jertsea edo jaka daramagun bezala, galtzetin pare polit bat eroatea poltsan? Horrela, nik behintzat, katarro bat saihestuko nuen!
Fobia hau nondik datorkigu? Zer dela-eta higuin estetiko hau? Seguruenik memoria kolektiboan irudi konkretu bat dugu, gizonezko giriarena, fraide-sandalia eta galtzetin zatarduna, normalean marroi, zuri edo beixak. Gainera, praka laburretan! Jakina, hori itsusia da, duda barik.
Eta gizon estiloak ez du zerikusirik, beheko mutil katxarroak ikustea besterik ez dago! Belaunetik gora, ederki, baina galtzerdi horiek…
Orduan, nola? Umeak lasai asko janzten ditugu sandalia eta galtzerdiekin, eta polit askoak egoten dira. Hori bai, beti galtzetin koloretsuak, sandalia politetan eta dena konbinatuta. Ez esan txarto geratzen denik!
Nagusietan ere badaude konbinazio politak, beheko argazkikoak, adibidez. Nik jantziko nituzke!
Hori dela eta, ausartzen denari beti poliki joatea gomendatuko nioke. Beti konjuntatuta, galtzerdi alaiak baina atentzio larregi ematen ez dutenak. Hasteko, kirol sandaliekin hasiko nintzateke eta oporretan kanpoan; izan ere, kirol arropetan askatasuna handiagoa delako, eta kanpoan lotsa gutxiago emango digulako!
Eta adi, edozein urtetan modan jar litezke-eta! Kanpai-prakak eta sorbaldakoak luzaroan izan badira modan, edozer etor liteke! Bolada labur batez, galtzerdi zuriak mokasinekin ere moda-modakoak zizan ziren. Furixada edonoiz ager liteke, beraz!
A! Ez ahaztu, baina, eguerdian galtzetinak eranztea, behatzek ere arnasa hartu behar dute-eta!