Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Euskal gizonak eta kolorea: Orbanak liburua eta Eibar

Euskal gizonak eta kolorea: Orbanak liburua eta Eibar

Elena Laka 2012/07/30 08:55
"Orbanak" eleberriko pasarte batetik abiatuta

Gizonen koloreen gai honekin temati gertatzeko arriskuan, berriro dakart gaia blogera. Esaten nuen post honetan:

"Orain inork gutxik dauka gogoan, baina 1980 hamarkadaren bukaera arte, euskal gizonek janzten zuten arropak urdinak edo grisak ziren. Inoiz berde edo marroiak, baina beti ilunak. Fraka grisak, alkandora koadro edo marradunak, kolore gutxikoak, argien zuriak, eta jertseiak urdinak".

Amatiño kolore faltarekin ez zen ados egon,  eta erantzun bat utzi zuen, bere esperientzia oso bestelakoa zela adieraziz:

"Bila itzazu “Duo Dinamico”ren irudiak Gogglen eta begira zein partxis koloreak eta gorriaren nagusitasuna. 2. Nik 1962an aurrenekoz nire diruaz erosi nuen alkandora gorria izan zen (gordeta daukat eta erabiltzeko moduan, oraindik ere neurri-neurriko). 3. Ezkondu aurretik (1969) izan nuen lehen autoa gorria izan zen. 4. Hogei urte nituen “bamba” zapatillak beige argi-argiak erosi nituenean eta, San Juan kalean, txikitero batek “marica” esan zidan. 5. Kontua da zer den “oro har”. Jakina, sirena eta guzti San Andres kalean zehar lanera joan ohi zen alfista-uholdea urdina zen erabat. Baina igandetako matinaletara Jai-Alaira joaten ginen gazteak (17-22 urte), geure ahalegintxoak eginda, kolorin kolorao joaten ginen".

Posta eta erantzuna burura etorri zitzaizkidan irakurri dudan azken liburuaren amaiera aldera, Pello Lizarralderen "Orbanak".

Orbanak

Idazleak ez du zehatz-mehatz esaten istorioa non eta noiz gertatzen den, baina deskribatzen duen paisaia eta objetuak kontutan hartuta, errez jakin daiteke Nafarroa edo Arabako herri txiki batean gertatzen dela,1960. hamarkadaren hasiera inguruan.

Liburuko bi protagonistetako bat, gizon orbainduna, jertse bat erostera sartzen da herri txiki bateko denda batera, sardinak, olioa, jertseak zein espartzua saltzen duten denda horietako batera. Lanerako jertse bat eskatzen du.

"Saltzaileak koloreaz galdetu zion orduan eta gizon orbainduna zer erantzun ez zekiela gelditu zen. Andreak jertse bat bereizi zuen, kremaileraduna eta kolorez biziagoa.

- Begizu hau, esan zuen, eta orbaindunaren begien aurrean jarri zuen zabal-zabalik-. Zure neurrikoa da, seguru. Sendoa. Ez zaizu aise saretuko.

Gizon orbaindunak ukitu gabe behatu zuen jertsea.

- Granateak ongi ematen du eta ongi hartzen ditu orbanak- erantsi zuen andreak-. Lanerako ongi, ehiza sasoia ere laster duzu eta horretan ere lan polita eginen dizu.

Gizon orabaindunak burua mugitu zuen, pentsakor.

- Jartzazu -esan zion andreari azkenik-. Eta beste bat ere beharko nuke, baina ez egunero ibiltzeko.

Saltzaileak gris argia proposatu zion, pikoduna, eta aurrekoa bezala zabaldu zuen mostradore gainean."

Jertsearen granate kolorea kolore bizitzat hartzen du idazleak, baina bestalde lanera joateko aproposa, zikinkeria nekez ikusiko zaiolako. Jai egunetan ibiltzeko jertsea berriz, gris argia.

Herri txiki bateko biztanleek erabiltzen dituzten kolore ilun horiek, oso urruti daude Amatiñok kontatzen dituen kolore biziengandik, nahiz eta garai beretsukoak izango diren. Garai horretan nekazal inguruko herri txiki bateko janzkerek eta ohiturek zerikusi eskasa zuten  Eibar moduko herri industrial eta moderno batekoekin.

Amatiño
Amatiño dio:
2012/07/30 09:23
Granate kolorea ehizarako? Ez dakit ba... Ehiztariak nekez jarriko ditu kolore gorrixkak eskopeta aldean daramala.
Elena
Elena dio:
2012/07/30 13:11
Ehizarako aproposa bada, granatea oso iluna izan beharko da, ia marroiaren parekoa, neuk esaten.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera