Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Jainko abusatzailea

Markos Zapiain 2025/03/31 10:39

Hans Jonas fededunari —beste judu askori bezala— Holokaustoak jainkoaren irudia eta kontzeptua kordokatu zion bezala, Gazako Holokaustoak Allahren ahalari buruzko kontzepzioa ukituko zion beharbada zenbait musulmani. Ona, ahalguztiduna eta orojakilea baldin bada monoteismoetako Jainkoa definizioz, Holokaustoak judu asko definizio hori berrikustera behartu zuen. Hans Jonasi, adibidez, fedeari eutsi zion arren, Jainkoaren ahalguztiduntasuna erori zitzaion. Oro lezakeen Jainkoak Holokaustoa eragotziko zukeen.  

Epikurok zirriborratu bazuen ere, Sexto Enpiriko eszeptikoa izan zen inkonpatibilitate hori argiro aurkezten lehenbizikoa, “Hipotiposi pirronikoak” liburuan: Jainkoaren zenbait atributu, hala nola ontasuna eta ahalguztiduntasuna, ez dira bateragarriak gaizkiarekin. Horixe izan da kristau teologoen gurutzerik astunena historian.

Baldin eta Jainkoa orojakilea eta ahalguztiduna baldin bada, eta munduan gaizkia baldin badago, orduan ezin da ona izan. Orobat, munduan gaizkia baldin badago, eta Jainkoa ona bada, orduan ezin da orojakilea eta ahalguztiduna izan. “Jainkoaren kontzeptua Auschwitzen ostean: ahots judu bat” idazkian Hans Jonasek dioenez, Holokaustoak erakutsi dio Jainkoa ez dela ahalguztiduna.

Era berean, baina are deigarriago, zenbait judu sinestuni Holokaustoak pentsarazi die Jainkoa orojakilea eta ahalguztiduna izan daitekeela, baina ezin dela ona izan. Gaiztoa da Jainkoa. Horrela, David R. Blumenthal teologo juduak garbi dio juduen patuak erakutsi duela Jainkoa jazarle abusatzaile gaiztoa dela. Argia da bere libururik ospetsuenaren izenburua: “Jainko abusatzaileari aurre egin: protestaren teologia bat”.

Jainkoa kosta lain kosta aldeztu guran, gaizkiaren ebidentziari beste teologo batzuek aurkitu dioten konponbidea da badela Jainko on, ahalguztidun eta orojakilea, noski; eta munduan gaizkia baldin badago, orduan Jainkoa ulertezina dela. Ez bakarrik teologoek: Jobek  berak ederki adierazi zuen, bere liburuko azken ataletan, ulertezinak direla Jainkoaren asmoak eta burubideak.

Hil osteko beste mundurako uzten dute kristauek mundualdi honetan merezi gabe pairaturikoaren ordaina, baina ez Jobenean ez Itun Zahar osoan ez dago haraindirik. Joben liburuak darakutsa Jainko Ahalguztidunaren ekintzak mingarriak bezain ulergaitzak izaten direla guretzat. Ordea, jakintzat eta ziurtzat jotzen da Jainkoaren existentzia, ulertezina zaigun arren.  

Hain zuzen, Joben Liburuaz diharduela adierazi du Tomás Pollánek arrazoibide mota horren aurkako eragozpen garrantzitsu bat. Pollánen esanetan, Jainkoaren ulertezintasuna aldezteak zilegi ez den eragiketa intelektual bat izaten du bultzatzaile: predikazio bat ukatzeak —ez dut Jainkoa ulertzen— oinarrizkoagoa den predikazio positibo bat aldeztera daramatza ohartzeke solaskideak: badago zerbait, badago norbait, eta egiten duena ulertezina da. (Berez, predikazioa ukatzearen logikak agnostizismora leramake.)

Haatik, trikimailu dialektiko batez, teologoek, ulergarritasunaren eta ulertezintasunaren arteko alternatiba nabarmenduz, Jobek bezain ziurtzat ematen dute Jainko ulergarri zein ulertezin hori badela.

Ulertezintasunetik benetako izatera eginiko jauzi horixe da Comillasen ikasi zuen Tomás Polláni zilegi iruditzen ez zaiona.

Txoriak eta bikiak

Markos Zapiain 2025/03/28 14:15

Evans-Pritchard antropologoak “Nuer Religion” liburuan kontatu zigunez, nuertarren artean, beste herri askotan bezala, fenomeno naturalek gizarte harremanak eta izpirituaren gorabeherak sinbolizatzen dituzte. Hego Sudanen bizi dira gehienbat nuertarrak. Zezenaren eskrotoarekin egiten dituzte poltsak.

Evans-Pritchardek bikiak eta txoriak nola elkartzen dituzten aztertu zuen. Gizaki bakanak dira bikiak, apartak, eta  aparte egotea da hain zuzen sakratuaren ezaugarrietako bat. Izpirituaren ahalaren adierazpen dira bikiak, eta sakratua da halaber bikien eta txorien arteko lotura. Horrela, tabu erritualak aplikatzen dizkiete nuertarrek bikiei eta beren gurasoei; esaterako, debeku dute hegazti jakin batzuk jatea. 

Izokinei lotzen dizkiete bikiak Ipar Amerikako Kwakiutl indiarrek, eta parekotasun horiek aditzera ematen dute azpian bikiak eta animaliak harremantzeko hastapen orokor bat egon daitekeela bultzaka.

Metaforikoa izaten da giza taldeen eta animalien espezieen artean ezarritako lotura. Animalien erresuma gizartearen arabera dago pentsatua. Harreman totemikoa ez da bilatu behar totemaren izaeran, baizik eta adimenean eragiten dituen asoziazioetan.

Claude Lévi-Straussek, “Totemismoa gaur egun” labur bezain mamitsuan, Evans-Pritchard erabilita jo zuen Lévi-Bruhlen aurka. Lévy-Bruhlen iritziz, nuertarrek ez dute ez-kontraesanaren printzipioa ezagutzen, eta biltze afektibo eta mistikoa ikusten du nuertarren eta txorien artean. Aldiz, Lévi-Straussek uste du egia dela “gizarte primitibo” deituak zenbaitetan ez dabiltzala ez-kontraesanaren hastapenaren mendean; ez haatik ezagutzen ez dutelako, baizik egoera jakin batzuetan ez dutelako behar, edo ez zaielako komeni. Bestelakoak dira egoera horietan darabiltzaten hastapen logikoak (esaterako, analogia). Eguneroko egoera gehienetan, nuertarrak ondo daki nuertar dela, eta txoria txori: beste Nuer batekin topo egiten duenean, ez dio txoriari bezala hitz egiten; txoriak harrapatzen dituelarik, badaki ez dela nuertarrak hiltzen ari.

Ordea, ustekabekoak datozenean, hala nola bikien jaiotza, ezohikoa normaltasun batean kokatzeko eta ulertzeko beharra izaten dute nuertarrek —gainerako gizakiok bezala, adibidez ETren agerpen urdurigarria “untxia da” ozenki errepikatuz normaldu nahi duen umeak—, ordena sozialean kirrinka barik txertatzekoa, eta hortxe nabarmentzen da txorien zeregina.

“Zeruko jendea” deitzen diete nuertarrek bikiei. “Goiko pertsonak” gisa sailkatzen dituzte, eta horrek txoriekin parekatzen ditu; aldi berean, hala ere, pertsonak izaten jarraitzen dute; alegia, “beheko txoriak”.

Ez biltze mistikoa, baizik eta adimenean sortutako analogia, simetria eta kateamendu logikoak ikusten ditu Lévi-Straussek bikien eta txorien elkarketan. Bikiak “txoriak dira”, baina ez txoriekin nahasten direlako, edo txoria dutelako lehen arbaso, edo txorien antza dutelako, baizik eta, gainerako gizakien aldean, “goiko pertsonak” direlako, eta ez “beheko pertsona” arruntak. Aitzitik, txorien multzoaren baitan, “beheko txoriak” dira, eta ez betiko “goiko txoriak”.

Txoriak bezala, horrenbestez, izpiritu gorenaren eta gizaki arrunten arteko bitartekariak dira bikiak. Horixe da Lander Garroren kasua ere: airean dabil hegan, goi-aldeko izpirituak bultzatuta, gizatiarraren eta jainkotiarraren arteko zubi, superman bezala.

Lauburua New Yorkeko Folklore Center-eko sarreran

Markos Zapiain 2025/03/20 13:02
Andrea Ramirezen “Lauburua: ikur enigmatikoa, folklorikoa (eta turistikoa)" irakurri ondoren

Ez da intrigagarria New Yorkeko Folklore Center-en sarrerako lauburua? 60ko hamarraldian Izzy Youngek zeraman Folklorearen etxe hori. Orduak eta orduak eman zituen hantxe Bob Dylanek, New Yorkera iritsi eta hurrengo hilabeteetan, kantu tradizionalak buruz ikasten.

Kasualitatea izango da lauburuarena, pentsatzen nuen: antzeko sinboloak darabiltzate beste tradizio batzuek ere.

Ordea, zuri, gorri eta orlegi ageri da A Complete Unknown filmean Folklore Centerreko lauburua.

Ahal bezain epel eta neutral galdetu diot GPT Chat-ari (erantzuna bideratu barik), eta ematen du Sam Altman eta bere banda euskal abertzale finak direla. GPT:

“Izzy Youngen Folklore Zentroa nazioarteko herri-tradizioen lapiko bat zen, eta errespetu handia zien musikaren eta ahozko tradizioen bidez beren ondarea gordetzen zuten kulturei — eta horrek bat egiten du euskal esperientziarekin —.

Izzy Young AEBetako folk musikan zentratzen zen batez ere, baina nazioarteko folk tradizioak ere interesatzen zitzaizkion. Geroago Suediara joan zen, eta han folk musikarekin jarraitu zuen lanean. Herri mugimenduekiko zuen grinak, tradizioa gordetzearen aldekoak eta aldi berean politikoki kargatuak, adierazten du euskal borroka kulturalaren aldekoa izango zela, batez ere Francoren Espainia euskal hizkuntza eta nortasuna aktiboki ezabatzen ari zen garaian.

Lauburua Folklore Zentroan egoteak —batez ere kontuan hartuta ikurrinaren koloreak zeuzkala— Youngen inguruko norbaitek euskal lotura zuela iradokitzen du, edo Youngek berak lauburuaren sinbolismoa pertsonalki estimatzen zuela. Beharbada, herri-mugimendu aktiboen ezaugarrien ikur gisa hartuko zuen: erresistentzia eta nortasunari eusteko ahalegina.

Hala ere, gaur egungo Folklore Zentroaren informazioak dioenez, Izzy Youngen Folklore Zentroan erakutsi zen lauburua Greenwich Villageko emakume artista baten oparia izan zen. 60ko hamarkadaren hasieran egin zion. Artista honen nortasuna ez dago argi, eta ez dago ebidentzia argirik Izzy Young zuzenean euskal musikari edo ekintzaileekin lotzen duenik.”

Behi-molekulak, gainerako bizidunenak bezalakoxeak

Markos Zapiain 2025/03/06 09:40

Joan den mendeko 50eko hamarraldian, François Jacobek ikerketa biologikoei ekin zielarik, uste zen behi-molekulaz osatua izateak egiten duela behia behi, eta marmoka-molekulek egiten dutela marmoka marmoka. Baina geldika-geldika ohartu ziren zenbait molekula berdin dituztela oinarrian bakterioak, algak, euliak, marmokak, behiak eta gizakiak. Esaterako, hemoglobina.

Ikerketak aitzina, egiaztatu zuten organismoak oro daudela molekula berdinez eginak. Adibidez, PAX6 geneak gobernatzen du munduko begi guztien eraketa. Brikolaje espontaneo gisakoek molekula horiek elkartuta sortzen dira bizidunak. Estruktura zein funtzionamendu berdina duen alfabeto kimiko berdina dute oinarrian. Nukleotidoek eta aminoazidoek osatzen dute proteinen alfabetoa, eta alfabeto horrekin idazten dira biosferako estruktura guztiak: nukleotidoak eta aminoazidoak dira, horrenbestez, bizidunen osagai unibertsalak. Gene-kodea da nukleotidoen lau letrako hizkuntza eta proteinen hogei letrako hizkuntza lotzen dituen hiztegia.

Harrituta utzi zuen horrek Jacob. Sakonki eragin zion aurkikuntza horrek biologiari eta, ondorioz, pentsamendu filosofiko serioari ere bai.

Izpiritu naturala

Markos Zapiain 2025/03/04 16:30

Lévi-Straussen ustez, garuna bezain naturala da izpiritua: neuronen konexioek eta sinapsiek eragiten dituzte errepresentazio intelektualak. Eta gorputzak estrukturak sortuz diharduelako funtzionatzen du ondo analisi estrukturalak izpirituari aplikatuta ere.

Horregatik uler dezakegu, hizkuntza naturalak gobernatzen dituzten lege linguistikoak ez ezik, baita ulermenaren beraren logika ere.

Era berean, lege naturalen arabera funtzionatzen duelako uler dezake giza izpirituak natura: estrukturala baita, orobat, atomoen, molekulen, zelulen eta organismoen jarduera. Zentzumenena ere bai.  

Zentzumenen hautemateek ere, genomak, hizkuntzak eta pentsamenduak legez dihardute. Ikusmenak, adibidez, bitasuna oinarri, oposizio kromatikoak darabiltza, argi-itzalen kontrasteak, formen korrelazio, inbertsio, permutazio eta bilakaerak. Prozedura berdinekin dihardute naturaren parte den garunak eta garunaren emaitza den izpirituak ere, edonolako irudikapenak sortzeko orduan, hala nola mitikoak, zientifikoak zein filosofikoak.

Filosofiaren zero-fonema

Markos Zapiain 2025/02/22 13:55

Hizkuntza politak dira frantsesa eta espainola, baina apur bat zakarrak eta primitiboak: mihia eta hizkuntza adierazteko hitz bera erabiltzea ere... Seguru iberierak argi bereizten zituela.

Jakobsonek zioen terminologia filosofikoak joera duela zeinu-sistemei, edozeini, “hizkuntza” deitzeko; eta giza mintzairari, berriz, zehatzago, “hitzen hizkuntza”.

Hala ere, “hitzen hizkuntza” baino egokiagoa iruditzen zaio Jakobsoni “fonemen hizkuntza”. “Quanta linguistikoak” zeritzen fonemei. Ez dute esanahirik baina, aldi berean, ezinbestekoak dira esanahiak bereizteko. Fonemen izaera berezi horri esker ei da giza mintzaira hizkuntzen artean lehena, hizkuntza ororen habea, jabea, sostengua eta ohorea.

Horrela pentsatzen zuen Jakobsonek, harik eta biologiak erakutsi zuen arte ezen biziaren eta hizkuntzaren ezaugarri analogoak harrigarri ugariak direla; besteak beste, fonemek bezalaxe jokatzen dute kode genetikoaren nukleotidoek. Herentziaren analisi molekularrari begira biziki baliagarria dela hizkuntzalaritza idatzi zuen François Jacob biologoak.

Filosofiari dagokionez, Sokratesen “dakidan gauza bakarra da ezer ez dakidala” dugu ziurrenik pentsamenduaren zero fonema.

Azpeititik dator iraultza

Markos Zapiain 2025/02/13 11:15

Halako batean, Joxin Iturriotz azpeitiarra bidali zigun gotzaindegiak Erlijio irakasle. Lehenbiziko egunean, Joxinek erlijioaren ezaugarri orokorrak aipatu zituen, erabili izan diren definizioak, kristautasunaren berezitasunak… Ikasleak flipatuta. “Para ya, tío, que estamos en Erlijio! Esto ez bullying! Pon la de Titanic!” 

Egoeraz jabetuta, gelaz gela joan zen Joxin matrikulazio garaian, eta ikasleei jakinarazi zien Erlijio ikasgaiak programazioan zekarrena  eskaintzen eta betetzen ahalegintzeko asmoa zuela, ez zutela filmik ikusiko, gehienez ere dokumentalen bat, eta ez zela ezinezkoa 10 ez ateratzea. Jakina, izugarri jaitsi zen hurrengo ikasturtean Erlijioko ikasle-kopurua.  

Ikasle bakar bat ikastalde. Filmak

Markos Zapiain 2025/02/13 10:56

Urte batean DBH 1eko ikasle batek 6 edo 7 atera zuen Alternatiban, baina gurasoen erraien sentimendua eta konbentzimendua zen 10 merezi zuela, eta, suminduta eta mendekuz, hurrengo ikasturtean Erlijion apuntatu zuten. Ikasle bakarra zen. Berak bakarrik pasa zuen urte osoa Erlijion. Irakasleari ere ez zitzaion erosoa egin. Baina horixe da (edo zen 2016 inguruan, ez dakit aldatu den) elizak hezkuntza-sailarekin duen akordioetako bat: gainerako ikasgaietan ez bezala, aski da ikasle bakar batek Erlijio eskatzea ikastalde ofiziala era dadin, ikasle bakarrak osaturiko ikastaldea. Askoz ere ikasle gehiagoren eskaera behar da Geologiako edo Psikologiako talde bat sortzeko. Eta Islamean oinarrituriko Erlijio ikasgaia sortu ahal izateko, 15 ikaslek eskatu behar dute gutxienez.   

Bestalde, aspalditik jo izan da normaltzat Erlijion programazioa irakatsi beharrean filmak ikustea, horietako askok inongo harremanik ez izan arren Erlijiorekin; gehienez ere, zeharkakoa, eta tematiki  eta garunak bortizki astinduz bilatu beharrekoa. Erlijioarekin lotura garbia zuten batzuk: El beso de Dios, El evangelio de las maravillas, El exorcista, El cielo es real, Dios no está muerto: una luz en la oscuridad, La espina de Dios, La obsesa…

Ez hain lotura nabarmena: Mató a su familia y se fue al cine, Los surfistas nazis deben morir, Mi abuela es un peligro, Marcianos al ataque, La increíble pero cierta historia de Caperucita Roja, Little Miss Sunshine (popularrena) eta abar.

Bestalde, notetan ikasle guztiek beti 10. Zelan ez du bada Erlijiok egundoko erakarmena izango, nola ez zaie ikasgai lehiakideei gailenduko, nahiz eta Erlijioko ikasleek gainerakoek bezain gutxi jakin Adan eta Ebaz, sugeaz eta mokoan olibondoa zekarren usoaz, Abraham eta Jobez, Ama Birjinaz eta etsaia maitatzeaz… Aingeruez apur bat bai, “¡Qué bello es vivir!” ere ipintzen baitzieten.

Juduak

Markos Zapiain 2025/02/13 10:10

2016 edo 2017ko eguerdi batez, gizon batek nirekin bakarrik hitz egin nahi zuela. Egin behar zidan eskaeraren berri ez zabaltzeko erregutu zidan. Gure ikastetxean nahi zuten semea matrikulatu. Frantziatik zetozen. Jasangaitza bihurtu zitzaien bizimodua Frantzian. Bizilagunek eta semearen ikaskideek bazekiten juduak zirela eta beren aurka jotzen zuten israeldarrek Gazako edo Zisjordaniako palestinarrak eraso zituzten aldiro. Pairamena gainezkaturik, Espainiako muga igaro eta etxe bila zebiltzan. Baldintzak: ahalik eta jenderik gutxienak izatea beren judutasunaren berri; eta eskolan semearentzako koxer janaria ziurtatzea, hori ere ahal bezain diskretuki. Alegia, eta besteak beste, ezin hozkailu berean okela eta esnekia gorde. Galdetuko nuela jantokian. Arduradunei arazoa planteatu eta ezetz: hozkailu-kopurua bikoiztu behar, lan handiagoa, nahaste-borrastea. Eta aski erreta zeudela ikasleek elkarri patata-tortilla troskoak jaurtikiz egiten zituzten guduak eragozten.

“Martxa honekin, Tel Aviven jarri beharko dugu bizitzen”.

Horrenbestez, juduei ere adio.

Ebanjelikoak

Markos Zapiain 2025/02/10 13:50

Behin batean, administrariak esan zidan arazo bat zeukala matrikulatzera zetozen guraso batzuekin. “Erlijio” nahi zuten semearentzat, “Erlijio ebanjelikoa”. Brasildarrak ziren.

“Aukera bi dauzkagu hemen —esan nien—, Etika edo Erlijio. Hori bai, Erlijio-n kristau katolikoa irakasten da, ez ebanjelikoa”.

“Ba eskaini behar duzue”.

“Tamalez, ez dago aski eskaera eta hezkuntza sailak ez du bide ematen”.

“Bai, baina egiazko erlijioa da, egiazko bakarra”.

“Beharbada bai, ziur aski bai, baina horixe bera diote katolikoek eta musulmanek ere”.

“Koitaduak. Horien arteko argienak, zintzoak baldin badira, helduko dira noizbait aitortzera ebanjelismoa dela egiazko erlijio bakarra”.

Eta alde egin zuten. 

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.