Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Txillardegiren pasioa

Markos Zapiain 2023/11/16 11:58

Txikitandik sentitu zuen Txillardegik euskara desagertzen ari zela. Gurasoek bazekiten, baina ez zioten erakutsi. Oñatiko lehengusuei ez zien ulertzen, ezta etxe inguruko baserritarrei edo Sunbillako lagunei ere. Txillardegik ez zeraman batere ondo. Euskara bere hizkuntza zela erabaki, eta katakunbetan ozta-ozta bizirauten zuen garai batean, bere kabuz ikasteari ekin zion.

Hizkuntzekin ere, “hilda gero salda bero” jokatzen dugu sarritan. Pena handia ematen digute hizkuntzen eta herrien heriotzek, baina izaki praktikoak gara, erosotasuna nahi dugu guztiaren gainetik. Euskara hiltzen ari dela? Milaka hizkuntza hil dira lehenago ere, horrelakoa da bizitza. Atxikimendu sentimental horrek ondo ematen du etnologoen eta abertzaleen zirkuluetan, baina ez da eraginkorra. Egiari zor, astuna da, gogaikarria, eta poxelu zaio komertzioari. Utikan. Bizi gaitezen ahal bezain ongi, oztopo gutxien dakarren hizkuntzan, eta, euskara behin betiko itzalirikoan isuriko ditugu hiletan —jendaurrean noski—, krokodilo-malko eder askoak. Horixe da ikuspuntu eta jokaera hedatuenetako bat.

Dena den, badira hipokritak ez diren jarrerak ere. Fatalismo bati zinez zaio mingarria euskararen desagertzea, baina uste du ez dagoela zereginik. Joera historiko nagusiak kontuan harturik eta ahaleginak ahalegin, euskara bezalako hizkuntzek ez dute irauteko inongo aukerarik. Beraz, patuak ezinbestez dakarkiguna onartu beharra dago, kontra egiteak ez baitu ezertarako balio.

Jarrera hegemoniko horien aurka altxatu zen Txillardegi. Ikaragarri oinazetsua zitzaion bere hizkuntzaren heriotza, baina uste zuen oraindik bazela salbabiderik, lan militanteari ganoraz ekinez gero. Gure esku dago, hein batean, euskara salbatzea. Gogor lan egin behar, hori bai, eta aisetasuna sakrifikatu.

Halatan, buru-belarri engaiatu zen euskararen aldeko ahaleginean. Ingeniaritza ikasten zuen garaian, egunero-egunero gauerditik goizeko 3:00ak arte aritzen zen euskararekin jo eta ke. Lanean ere, ingeniari edo irakasle ibili zelarik, lanaldiaren ostean 20:00etan hasi eta 24:00ak arte irakurtzen eta idazten zuen. Hizkuntzalaritzaren ingurukoak ziren bere liburutegiko ale gehienak.

Aurrena, abertzale aizunen aurka abiatu behar izan zuen euskararen aldeko borroka, hizkuntza adierazpen folklorikotzat jotzen zutenen aurka, dantzaren, txistuaren, pilotaren, sukaldaritzaren edo abarken eta kaikuaren maila berean. Horretan zebiltzan jeltzale asko 40ko eta 50eko hamarkadetan, baita hurrengoetan ere. Hurrena, klase borrokaren lehentasunaren izenean euskara sistematikoki baztertzera zeramatenen aurka. Euskararen aldeko tresna gisa sortu zuen Txillardegik ETA, baina, sumatu zuenean infiltrazio espainolista buruzagitzaz jabetzen ari zela, dimisioa eman zuen.

Borrokari eta militantzia politikoari eman zitzaion bizialdi osoan Txillardegi, eta hizkuntzaren filosofiari buruzko bere idazkirik esanguratsuenak —Branka aldizkariko artikuluak eta Hizkuntza eta pentsakera liburua— sasi-abertzaleen eta sozial-inperialisten aurkako polemiketan sortu ziren, 60ko hamarraldiaren bigarren zatian, erbestealdian, Bruselan eta Waterloon. Hizkuntzalari eta filosofo frantsesak ditu erreferentzia nagusi: inguru frankofonoan bizi zen, eta artean ez zegoen Internet. Eskura zeuzkan liburuak zerabiltzan. Estrukturalismoa erabili zuen arma gisa.

Joan Mari Torrealdairen sotana flotatzailea

Markos Zapiain 2023/10/21 21:45

Zailak dira Txillardegiren Hizkuntza eta pentsakera liburuko zenbait pasarte. Adibidez, Jacques Lacan psikoanalistarenean “adierazleak” eta “adieraziak” duten harremana ez da lehenbiziko kolpean ulertzen den horietakoa. Ulertzeko ahalegina merezi du, hala ere, eta nola gainera. Lagungarri: Txillardegiren dohain pedagogikoak ez dira makalak, eta eskertzen da gero.

Estrukturalistek diote adierazlea ez dela ibilgailu neutroa, baizik eta hizkuntza-sare bateko elementu egituratzaile bezain egituratua. Adierazia edo esanahia zeharo lotuta dago adierazleak egitura baten barruan antolatzeko moduarekin, eta kanpoko munduko objektuekiko erreferentziatik independentea izan daiteke egitura hori. Erreferentzia enpirikotik aparte osatzen dute zeinua adierazleak eta adieraziak. “Itsaso” adierazlea ez zaio itsasoari lotzen, “itsaso” esanahiari baino.

Bestalde, zeinua arbitrarioa da, ez dago inolako lotura naturalik edo beharrezkorik adierazlearen eta adieraziaren artean. Ideia bat irudikatzeko, arbitrarioki aukeratzen da soinu-segida jakin bat eta ez beste bat. Ez naturak, baizik eta konbentzioak erabakiko du hizkuntzak modu arbitrarioan lotutakoa ezartzea eta zabaltzea.  

Lacanek, erakusteko adierazleak ez duela berezko esanahi intrintsekorik —adierazle jakin baten esanahia ez dela finkoa eta absolutua nabarmentzeko—, “adierazle flotatzaile” kontzeptua asmatu zuen. Esanahi hori fluidoa eta aldagarria baita: denboraren joanak aldatu dezake, edota desoreka edo berritasun bat agertzea adierazle horrek estrukturaren barruan zituen konexioetan.  

Hori guztia adibide zehatz batekin azaltzeko, Joan Mari Torrealdaik frantziskotar sotanari buruz kontatu zion pasadizoa baliatuko du Txillardegik.

Frantziskotarren janzkera ez omen da Erdi Aroko janzkera arrunta baizik, pobreen soinekoa. Txirotasuna adierazteko hautatu zuen Asisko Frantziskok. 

Erdi Aroa igaro, ordea, Errenazimentua ere bai, eta ahaztu egin zen pixkanaka frantziskotar sotanari lotutako zentzu hura. «Eta janzkera, “adierazle” soil bihurturik, bere gisara abiatu da. Soka eten da; eta frantziskotarren janzkera “sintoma” bihurtu da, “adierazle” huts».[1] 

Alta, gizakiak esplikazioak behar ditu, arrazoiak. Lasaigarriak zaizkio, disparate hutsa izaten diren arren sarritan. Halatan, Torrealdaik Txillardegiri jakinarazi zionez, azalpen teologiko ezin estrabaganteagoak asmatu dira aspaldion frantziskotar janzkeraren inguruan, egun dakiguna Erdi Arora proiektaturik eta guztia nahasirik. Asisko Frantziskoren abituaren zentzua galdu «eta alienatu egin da».[2] Zein bere aldetik dabiltza soineko marroia eta txirotasuna. 

Sotana atxiki dugu, hori bai; alegia, adierazleari eutsi diogu. Dena den, honezkero ez garenez adieraziarekin zuen benetako loturaz ohartzen, asmazio teologiko horiek  alienazioa adierazten dute, alienazio kulturala. Eta, Txillardegik erantsiko duenez, sotana flotatzaileen antzera dabiltza eritasun psikologikoaren sintomak ere, dagozkion gizaki alienatuarekin lotura galdu eta beren kabuzko flotazio zailean bizitzaren magman.



[1] Hizkuntza eta pentsakera, 99

[2] Ibidem



Txillardegi gogoan, hizkuntza edonon

Markos Zapiain 2023/10/16 22:05
Hizkuntzak ia guztia markatzen eta zeharkatzen du

Euskararekin obsesionaturik bizi zen Txillardegi; alta, hizkuntza da euskara. Horrenbestez, ez da harritzekoa hizkuntzatasunak berak ere obsesionatu izana, hizkuntzak oro har. Horregatik apailatu ahal izan du Alaitz Aizpuruk, Jakin argitaletxeak eman dizkigun Txillardegiren testuen antologia bikainen artean, “Hizkuntzaren filosofia” izeneko ale bat.

Hizkuntzak baditu berezko hainbat ezaugarri, abstrakzioz isolatu daitezkeenak. Goitik behera markatzen dute gizakia. Dena den, benetako bizitzan ez daude isolaturik. Gizakiak dagien edozer zeharkatzen dute. Txillardegik, Hizkuntza eta pentsakeran, kanpora begirako jarduerak eta barrura begirakoak bereizten ditu.

Gizarteari begira, hizkuntza, batetik, identitate sozialaren adierazpenik garrantzitsuena da; bestetik, hizkuntzaren antzera daude egituratuta ohiturak, erakundeak eta mitoak. Estruktura fonologikoa ahaidego-sistemara proiektatuta, askoz ere hobeki ulertu ahalko dugu  ezkontzaren funtzionamendua. Bizitza sozial osoa bailitzateke, azken batean, zeinu-sistema bat. Hizkuntzaren kanporako proiekzioetan, Lévi-Straussen eskutik joango da Txillardegi. Esanguratsua da: Lévi-Straussek ez zuen Hizkuntzalaritza Antropologiaren atal gisa ikusten, ohi bezala, baizik eta alderantziz; eta bruselarraren ildoan idatzi zuen Txillardegik Hizkuntza eta pentsakera.

Barrura begira, Lacanekin batera, Txillardegik aldarrikatuko du inkontzientea hizkuntza gisa dagoela egituraturik. Hitzak alde bi ditu: soinua eta zentzua, adierazlea eta adierazia. Ametsetako irudiek zein eritasun psikologikoen sintomek adierazle gisa funtzionatzen dute. Zer adierazten dute ordea, zein da irudi eta sintoma horien zentzua? Ametsaren esanahia, batetik, eta, bestetik, eritasunaren beraren korapiloa. Lacanentzat, ametsak edota histeria ulertzeko, ezinbestekoa da metaforaren eta metonimiaren funtzionamenduaz jabetzea. Gure barne-muinak hizketan bizi direlako senda dezake psikoanalistak pazientea pilula barik eta elkarrizketa hutsa erabilirik. Psikoanalisiari dagokionez, Txillardegik aitortu zuen boladaka “Freuden zorabioa” sentitu zuela (eta Budarena). (Joxean Agirre, Hitza hitz, 116)

GENEAK MINTZO

Euskara izan zuen ardatz, noski, baina hizkuntzaren fenomeno orokorrak ere Txillardegiren pentsamenduan izan zuen garrantzi erabakigarria behar bezala neurtzeko, ezin aipatzeke utzi gure azken elkarrizketa. 2008 edo 2009an izango zen, ziurrenik. Hidrozefaliak eraginiko bertigoak pairatzen zituen ordurako.

Esan zidan ikaragarria zitzaiola kode genetikoa —DNAren bidez gurasoengandik umeengana transmititzen dena—, hizkiz eta hitzez osatutako hizkuntza izatea, deszifratu eta interpretatu beharrekoa, beste edozein hizkuntza bezalaxe.

Txillardegiren harridura hori loturik dago bere aurreneko saiakeretan jadanik nabari zen eta amaiera arte iraungo zion sentimenduarekin; alegia, natura osoarekin bat egite budistarekin, haurride sentitzearekin edozein bizidun. Ez ote da txundigarria biologiaren hizkuntzak ere haurridetasun hori barnebildu eta adieraztea? Zeren kode genetikoa ez baitugu gizakiok bakarrik: hainbat elementu genetiko partekatzen dugu bizidun orok.

Txillardegik zioen, ongi oroitzen baldin banaiz, identitate horrek ederki indartzen duela Darwinen ideia: bizidun guztiok gatoz aurrekari komun bakar batetik. Naturaren polifonia miresgarria arbaso bakar batetik dator, eta arbaso horrek—orain dela lau mila milioi urte inguru— idatzirik zekarren geneen hizkuntza, geuk ere inskribaturik daramaguna, partekatzen duguna, transmititu dezakeguna.

Ez soilik bakarrizketa, elkarrizketa, liburua, musika, matematika, ordenagailua, zibernetika, edota gizarteko erakundeak eta inkontziente gutxi-asko indibiduala; gainera, bizia bera ere hizkuntza da funtsean! Txillardegik Joxean Agirreri aitortu zionean barruak eskatzen zionagatik eta bokazioagatik ez literato, edo politikari, baizik eta hizkuntzalari zatekeela, hizkuntzaren alde eta perspektiba pilo harrigarri hori ere izango zuen ziurrenik gogoan. (Hitza hitz, 128)

Borja Semper, amaren bidetik

Markos Zapiain 2023/09/18 18:20
Berririk ez eguzkipean

Anaiak eta biok bizitzan jasan dugun lehen bullying linguistiko esplizitua (beste batzuk ahaztuak izango ditugu beharbada), etenik ez duen eraso honetan, Borja Semperren amaren ahotik etorri zitzaigun.

Irungo Kolon Pasealekutik gindoazen. 60ko hamarraldiaren amaiera izango zen agian, edo 70ekoaren hasiera. Ohartu ere ez gu, euskaraz ari ginela, harik eta Semperren amak garrasika betikoa bota zigun arte: “¡Aquí se habla en cristiano! ¡Estamos en España!”

Ura bere bidean, hortaz. Tamalez, guztiontzat da zaila genetikatik libre bizitzea. Otoitz Borjaren alde.

Maitasuna, falta bezain opari

Markos Zapiain 2023/09/05 11:10

Beste aztergai askorekin bezala, maitasunari dagokionez ere, ganorazko zerbait esateko, Platonengandik abiatzea komeni da; oraingo honetan, egiari zor, bai abiatzea eta bai errematatzea.

Sinposioa-n dio maitasuna zerbaiten edo norbaiten desira dela beti: ez zarena duzu desira, ez daukazuna gura duzu, falta zaizuna. Bazenu, ez zenuke nahi behar izango. Gabezia da hortaz funtsean desira. Eta maitasuna, oroz gain, desira ei da.

Halatan, arazo eder bat sortu zaigu hemen: nondik nora maite ote dezakete elkar bikotekideek luzaro samar? Bikotekidea ez zaizu falta, alboan duzu egunero; ordea, maitasuna desira baldin bada, eta desira falta, orduan, definizioz, ezin duzu bizikide duzun bikotekidea zinez maitatu.

Egia da bikotea iraunaraztea arte zaila izaten dela, eta protagonistek hainbat trikimailu asmatzen ohi dituztela bikotekidearen falta sentitzeko eta bikotekideari beren falta sentiarazteko: etxe, herri, are kontinente desberdinetan bizitzea; noizbehinkako liskarra eta elkarrengandik urrutiratzea, harik eta elkarren hutsaldia sentitu eta berriro desirari bide eman arte, azkenik onezkoak egin ahal izateko, errekontziliazio-txortaldi deitu izan den horrekin ospatua, film kostunbrista askok erakusten dutenez…

Nolanahi ere, Louis Aragon poetak zioen ez dagoela amodio zoriontsurik, eta egia da desira funtsean falta baldin bada, zaila dela irudikatzea etxe berean luzaro amoroski biziko den bikotea.

Alta, Platonek iradokitzen duenez, maitasuna bere konplexutasunean ulertzeko, kontuan hartu behar da desirak, gabeziaz gain, gabeziaren kontrako ezaugarriak ere barnebiltzen dituela, alegia, emankortasun gutxi-asko desinteresatua eta oparotasun eskuzabala. Amodioa, eskasia ez ezik, opari litzateke halaber, poz-iturri, lorategi eder.

Desiraren bigarren bereizgarri hori ere aintzat hartuz gero, ulergarriago egiten da zenbait bikoteren iraupen luze zoriontsu samarra, elkarrekin bizi arren.  

Puigdemont pailazoaren esku

Markos Zapiain 2023/08/28 15:50

El Español-en zuzendari Pedro J. Ramirezek gaur argitaratua: 

"El tiempo nos dirá si [Putin] morirá en la cama odiado y temido por los suyos como Stalin, si será ejecutado brutalmente como Mussolini, asesinado como un perro como Gadafi o ahorcado legalmente como Sadam; si se suicidará en un búnker como Hitler o en su celda tras haber pasado por el banquillo como Milosevic." 

Garai batean, paragrafo horren antzekoetan, historialari objektiboek erabakitako inertziak beste diktadore baten izena ere bazekarren. Eragin handia duten kazetari batzuek (begira bestela nola sortu, ezarri eta desagerrarazi dituzten -haiei desobeditzeagatik- Albert Rivera eta Ciudadanos) ez dute aski 78ko erregimena zuritzen ahalegintzea. Eta alde handiz da El Español Espainian gehien saltzen den egunkaria.

Eskerrak Espainiako politikan azken hamarraldietako boladarik zoragarriena bizi dugun: datozen urteetako norabidea Puigdemont pailazoak du bere esku, Puigdemont txoroak, Puigdemont traidore zikinak, Puigdemont koldar barregarriak, beti maletategian erdi ezkutaturik...

Ez ahal die oraingo honetan euskaldunen aholku eta presioei jaramonik egingo.  

Bestalde, "pailazo” iraintzat dutenek deitu diote noski etengabe “pailazo”.

Ez ote da harrigarria “pailazo” hitzaren konnotazio txar hori, Zelenskiren nabarmentzeak berriro harrotua, Joseba Tobar-Arbuluren testuetan, besteak beste?

Ez gara gutxi uste dugunok pailazo izatea dela giza bilakaeraren gailurretako bat. Jaime Otamendi ere bat dator. Sokrates, Diogenes, Pirron, Leibniz, Schopenhauer, Nietzsche, Wittgenstein… ken iezaiezu pailazo-ukitua eta deus gutxi geldituko zaizu esku artean.

Ilargian ere meatzari (eta VI)

Markos Zapiain 2023/07/15 21:02

Egia baldin bada ere Martutene-k erakusten duela ondo gauzatutako transmisioak traumatik eratorritako zaborra garbitzen lagun lezakeela, hala ere gogorregia da  gehienetan trauma, eta transmisioak ezingo du arindu, ezingo du eraman: traumak irabaziko du, alde ilunak. 

Edozelan ere, bai transmisioari eta bai traumari dagokienez, Martutene-ren amaiera irekia da. Alde batetik, traumak lohitutako betiko harreman ilunaren transmisioa, Loiuko aireportuko uhal garraiatzaileen betiereko itzulerak irudikatua, ziurtatua dago Abaituaren eta Pilarren bidez.

Bestetik, ordea, ez da ezinezkoa Julia, transmisioaren erregina, traumei neurria hartu eta Keparekin batera hegaldatzea, Lynn trauma-garbitzaile eta transmisore onberari esker (amerikarraren bultzadak bildu baititu azken batean Julia eta Kepa), Lynn bera, hori bai, elbarri datzan bitartean, putzuan baitu Saizarbitoriaren obran hegaldiak oinarri, edo, Octavio Pazen estiloan esateko, donostiarraren protagonistek, astronauta izatera heldu eta amodioaren ilargira doazelarik ere, meatzari jarraitu behar izaten baitute aldi berean.

Euskaldun irauteko enpeinua (V)

Markos Zapiain 2023/07/15 21:00

Hannah Arendten antzeko ikuspuntua eta jarrera erakutsiko du Saizarbitoriak transmisioari dagokionez: badago gure tradizioan zer salbatua, altxor horren transmisioa krisian dago, eta transmisioaren alde ahalegindu beharko genuke, oztopoa eta nekea gorabehera.

Peruko amerindiarra den Luzi Argi deitzen dio bikotekideak, Juliaren lehengusuak. Peru jarriko diote semeari. Aita berriak Abaituari diotso Peru “un vasco de verdad” izango dela. Abaituak apur bat zehazteko eskatu dio. Gizonaren erantzunaren arabera, euskaldun izatea ezinbesteko baldintza da. Baina gainera bada “zerbait gehiago definitzen ez dakiena. Izateko modu bat, estilo bat beharbada, eta irauteko desira. Euskaldun bezala izaten jarraitzeko enpeinua, hori nahi du Peruk hereda dezan”. 

Ezin da aldarrikatu, beraz, euskaldun izatearen definizioa, hemen, tautologia hutsa denik, euskaraz diharduena eta kito, zeren irauteko nahia eta transmisioari eusteko borondatea ere eransten baitzaio. Eta hori ez zaio bururatzen iraute eta transmisio horien hainbat eta hainbat alde mehatxupean sentitzen ez dituenari. Ia erabat desagerrarazia zuen Sagastizabal baserria inguruko autopista, fabrika eta abiadura handiko trenen sareak, baina Luz-Argik eta Juliaren lehengusuak Sagastizabal berreskuratu, apalki berpiztu eta merezi duena transmititzeari ekingo diote, zailtasunak zailtasun.

El Paísen eta El Mundoren Estilo Liburu sekretua

Markos Zapiain 2023/07/13 18:40

Euskaldun edo katalan batek irabaziz gero Tourreko etapa, artikuluko esaldi bakoitzean, jarraian badatoz ere berdin, aipatu “español” gutxienez behin, gutxienez baino ez. Eragingarriki lagunduko diegu horrela periferiako gizajo horiei beren nazionalismo identitarioa gainditzen. Pedagogia burutsu eta sotila eta pazientzia, gaur egun ez dago besterik. Berandu baino lehen sendatuko ditugu. Gora Santiago Matamoros! 

El País: "Izagirre se ha convertido en el segundo español en ganar una etapa en esta edición del Tour, después de que Pello Bilbao se impusiera en la décima jornada y acabara con una racha de cinco años sin victorias españolas en la ronda francesa. Jonas Vingegaard y el grupo del maillot amarillo cruzaron la línea de meta 4 minutos por detrás del corredor español."

El Mundo: "Jon Izagirre rubrica la segunda victoria española en el Tour. El español de Cofidis culmina la escapada en la duodécima etapa de la ronda francesa. Renacimiento del ciclismo español en el Tour 2023."

El País eta El Mundoren pareko, Le Figaro. El Español ere, aski barregarria. Zer espero zenuen ba, izen horrekin.

Marca, ABC, La Razón, are Indaren OK Diario, neurritsu eta diskretuagoak. Oraindik neutroagoak, Le Monde eta Libération.

Deigarria da, Frantziako egunkari jeneralistek Espainiakoek baino garrantzi gutxiago ematen diote Tourrari, eta ez bakarrik euskaldunak irabazten duelarik.

Martin. Lili eta biok (IV)

Markos Zapiain 2023/07/12 12:40

Zeren eta, bien bitartean, Martinek jakin baitu, kasualitatez, zein izan den bere amesgaizto errepikariaren, bizitzaren eta obraren oinarrian egon den gertaera traumatikoa. Psikoanalisiaren ildotik espero zitekeen, halaxe espero zuen Juliak bederen, sekretu hori desestalirikoan Martinen neurosia sendatuko zela. Ez haatik. Amesgaizto errepikari berri bat pairatzen hasiko da, hizkuntzari eta literaturari lotua. Amesgaizto berriak bultzatuta idazteari lagako diola jakinarazi, bere obra osoa erre eta, eskuzabalki, Lynn zaintzeari emango zaio; Abaituaren bisitak kontrolatuz hala ere, ez hain eskuzabalki.

Edozein gisaz, Martinek, idazteari utziko diola aldarrikatu arren, eta bere obraren erreketa teatral samarra gorabehera, Saizarbitoriak Martutene-n kontatutako gertaerak amaitu ostean idazteari berrekingo dio, eta Lili eta biok izango da berpizte horren lehenbiziko fruitua, traumaren eta transmisioaren arteko harremanari buruzko beste monumentu bat, hain zuzen.

Zehazki, traumaren eta transmisio literarioaren arteko lotura argitu eta konplikatuko digu Lili eta biok eleberriak, Saizarbitoriaren obra osoari eragiten dion arazoa. Martutene-n Martinek dio ez zaiola interesatzen traumari lotutako literatura baino. Aitzitik, Saizarbitoriak elkarrizketetan esan izan du barnetegi erlijiosoko egonaldi ankerrari buruz ez duela idatzi traumatikoegia izan zitzaiolako. 

Lili eta biok-en berriro egingo dio aurre auziari, eta esango du barnetegiko bere traumez ez duela idatzi dagoeneko primeran jorratu delako gaia hainbat eleberri zein filmetan. Berarentzat edo hurbilekoentzat izan litezkeela esperientzia pertsonal haiek jakingarri eta hunkigarriak, baina irakurleari ez lioketela ganorazko ekarpenik egingo, ederki txertatuta baitaude antzeko pasadizoak oroimen sentimental kolektiboan. Eta Saizarbitoriari, idazteko orduan, barrua hustea edo mendeku gosea ez zaizkio aski motibagarri.

(Bide batez esanda, ez dira soilik traumaren transmisio literarioari loturikoak Hamaika pauso-ren eta Bihotz bi-ren arteko harremana eta Martutene-ren eta Lili eta biok-en artekoa pareko egiten dituzten arrazoiak.)

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.