Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Izpiritu naturala

Izpiritu naturala

Markos Zapiain 2025/03/04 16:30

Lévi-Straussen ustez, garuna bezain naturala da izpiritua: neuronen konexioek eta sinapsiek eragiten dituzte errepresentazio intelektualak. Eta gorputzak estrukturak sortuz diharduelako funtzionatzen du ondo analisi estrukturalak izpirituari aplikatuta ere.

Horregatik uler dezakegu, hizkuntza naturalak gobernatzen dituzten lege linguistikoak ez ezik, baita ulermenaren beraren logika ere.

Era berean, lege naturalen arabera funtzionatzen duelako uler dezake giza izpirituak natura: estrukturala baita, orobat, atomoen, molekulen, zelulen eta organismoen jarduera. Zentzumenena ere bai.  

Zentzumenen hautemateek ere, genomak, hizkuntzak eta pentsamenduak legez dihardute. Ikusmenak, adibidez, bitasuna oinarri, oposizio kromatikoak darabiltza, argi-itzalen kontrasteak, formen korrelazio, inbertsio, permutazio eta bilakaerak. Prozedura berdinekin dihardute naturaren parte den garunak eta garunaren emaitza den izpirituak ere, edonolako irudikapenak sortzeko orduan, hala nola mitikoak, zientifikoak zein filosofikoak.

Amatiño
Amatiño dio:
2025/03/04 18:11
Polita. Izpiritua naturala baldin bada, dena da naturala. Ez dago naturaz gaindikorik ezer. Hartara, filosofia zientzia da? Nire gogoetak dira. Ez zaitut lanean jarri nahi. Eta, bide batez, zuk bai lanean jarri gaituzula zure "Txillardegi hizkuntzalari" saiakerarekin... Tamalez --eta ez da inondik ere kritika, alderantziz baizik-- niretzat baino gehiago suertatzen ari zait. Holakoetan, oso "desestrukturatua" sumatu izaten dut nire burua. "Arlote" samarra, nahiz, behar bada, hitzaren jatorria hurbilago egon okzitanieratik-edo, ingelesetik baino. Zorionak.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2025/03/05 17:26
Eskerrik asko bihotzez, Amatiño! Egundoko ohorea da niretzat zeuk “Txillardegi hizkuntzalari” esku artean izatea; eta oso ona “arlote”ren inguruko jolasa! Berriro bilatu dut etimologia eta jatorri ezezagunekotzat jotzen dute webgune fidagarriek.

Lacani dagozkionak dira ziur aski atalik zailenak. Lacanen testuak euskaratu eta berridatzi ahala ulertu ditut —ustez— zenbait ideia. Zoritxarrez, asko gara arlote desestrukturatuak!

Filosofia ikasi zuen hasieran Lévi-Straussek, baina harrokeria sumatu zion filosofiarik sortu ez duten herrien aurrean, eta etnologo bihurtu zen. Montesquieu, Montaigne eta Rousseau zituen gustuko: kritikoak Mendebaldeko zibilizazioarekin, eta bestelako herrietara begirunez hurbiltzen direnak.
 
Nire ustez, filosofia ez da zientzia, baina zientziaren ekarpenetatik abiatu beharra dauka; osterantzean, airean biraka dabilen gurpilaren tankerakoa izaten da, inoiz lur hartu gabe.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.