Koxer
2016 edo 2017ko eguerdi batez, gizon batek nirekin bakarrik hitz egin nahi zuela. Egin behar zidan eskaeraren berri ez zabaltzeko erregutu zidan. Gure ikastetxean nahi zuten semea matrikulatu. Frantziatik zetozen. Jasangaitza bihurtu zitzaien bizimodua Frantzian. Bizilagunek eta semearen ikaskideek bazekiten juduak zirela eta beren aurka jotzen zuten israeldarrek Gazako edo Zisjordaniako palestinarrak eraso zituzten aldiro. Pairamena gainezkaturik, Espainiako muga igaro eta etxe bila zebiltzan. Baldintzak: ahalik eta jenderik gutxienak izatea beren judutasunaren berri; eta eskolan semearentzako koxer janaria ziurtatzea, hori ere ahal bezain diskretuki. Alegia, eta besteak beste, ezin hozkailu berean okela eta esnekia gorde. Erantzun nion galdetuko nuela sukaldean. Arduradunei arazoa planteatu eta ezetz: hozkailu-kopurua bikoiztu behar, lan handiagoa, nahaste-borrastea. Eta aski erreta zeudela ikasleek elkarri patata-tortilla troskoak jaurtikiz egiten zituzten guduak eragozten.
“Martxa honekin, Tel Aviven jarri beharko dugu bizitzen”.
Horrenbestez, juduei ere adio.
Ohartu nintzen aspaldion institutuko zuzendaritzan ez genuela Montessoriz, pedagogiaz eta liburuez hitz bakar bat ere egiten: dena zen odoloste eta urdaiazpiko, eta eztabaidak ea karramarroa eta txipiroia, are kroketa, koxer eta halal ote diren. Zentzu horretan, laikotasunaren abantailetako bat da zure lanean zentratzea errazten dizula.
Bestalde, ez dagozkio janariari judaismoaren debeku guztiak, eta eztabaidak eta arazoak izaten dituzte Bibliako debekuak gaurkotzeko orduan. Betitik izan dute debeku larunbatean lan egitea, eta, Yuval Noah Hararik kontatu duenez, errabinoek erabaki zuten igogailuko botoia sakatzea lana dela. Halatan, garbi utzi zuten larunbatean ezin dela igogailua erabili. Eta eskailerak igotzea ez dute lantzat.
Brooklyngo etxe-orratzetako goiko solairuetan judu zahar franko bizi da, ordea. Nola igoko dituzte ehunka eta ehunka eskailera atso-agure horiek?
Errabinoek eskaturik, “larunbateko igogailua” asmatu zuten orduan ingeniari juduek, etengabe igotzen eta jaisten dena, solairu orotan geldituz. Botoia sakatzeko lana eta bekatua saihesten zuten judu adinduek larunbateko igogailuari esker.
Hori ere gainditu dute berriki: igogailuan txertaturiko adimen artifizialak aurpegiak ezagutzen ditu, eta igogailua berehala jabetzen da zein solairura eraman behar zaituen, larunbata profanatu behar izan gabe.