Behi-molekulak, gainerako bizidunenak bezalakoxeak
Joan den mendeko 50eko hamarraldian, François Jacobek ikerketa biologikoei ekin zielarik, uste zen behi-molekulaz osatua izateak egiten duela behia behi, eta marmoka-molekulek egiten dutela marmoka marmoka. Baina geldika-geldika ohartu ziren zenbait molekula berdin dituztela oinarrian bakterioak, algak, euliak, marmokak, behiak eta gizakiak. Esaterako, hemoglobina.
Ikerketak aitzina, egiaztatu zuten organismoak oro daudela molekula berdinez eginak. Adibidez, PAX6 geneak gobernatzen du munduko begi guztien eraketa. Brikolaje espontaneo gisakoek molekula horiek elkartuta sortzen dira bizidunak. Estruktura zein funtzionamendu berdina duen alfabeto kimiko berdina dute oinarrian. Nukleotidoek eta aminoazidoek osatzen dute proteinen alfabetoa, eta alfabeto horrekin idazten dira biosferako estruktura guztiak: nukleotidoak eta aminoazidoak dira, horrenbestez, bizidunen osagai unibertsalak. Gene-kodea da nukleotidoen lau letrako hizkuntza eta proteinen hogei letrako hizkuntza lotzen dituen hiztegia.
Harrituta utzi zuen horrek Jacob. Sakonki eragin zion aurkikuntza horrek biologiari eta, ondorioz, pentsamendu filosofiko serioari ere bai.