Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Eibarko Hiztegi Etnografikoa (2003)

Eibarko Hiztegi Etnografikoa (2003)

Eibarko Hiztegi Etnografikoa
Natura, Baserria, Lanbideak, Ohiturak

Eibarko Hiztegi Etnografikoa (Basauri eta Sarasua, 2003)Basauri, Serafin - Sarasua, Asier.
Eibar: Eibarko Udala, Euskara Zerbitzua (2003).
432 p.; 24*17 cm.
ISBN: 84-89696-30-6.
PDF formatuan jaitsi (11 Mb)

2003ko otsailaren 26an aurkeztuko zen Eibarko Kultura Etxeko areto nagusian “Eibarko Hiztegi Etnografikoa” liburu berria. Serafin Basaurik eta biok koordinatutako lana izan zen eta etnografia gaiekin zerikusia duten Eibarko 4000 berbatik gora bildu genituen: baserri-munduko hiztegia, sineskeren inguruko ipuinak, lantegiko hitzen bildumak... Denak ere testuinguruan, etnotestuen bitartez, aurkezten direnak.

Hiru asmo nagusi ditu lan honek: Eibarko eta inguruko hiztegia zehaztea eta bertako ditugun aldaerak eta adierak ematea; galzorian dauden lanbide, ohitura eta ipuinen berri ematea; eta jasotakoa Eibartik Euskal Herrira zabaltzea.

Hiztegi honetarako lehenengo berbak 1994 inguruan batu nituen, Eibarko hegaztien inguruko lana egiten hasi nintzenean. Hegazti-izenekin hasitako bidean baserriko tresna eta ohituretara zabaldu nuen urte batzuk geroago, 1998an Laixetan, Garixetan erakusketa antolatu genuenean. Harrezkero, galzorian dagoen mundu hori batu eta zabaltzea izan da gure asmoa; oraindino bizirik dagoen hari fin hori oratu, eta hurrengo belaunaldiengana luzatzea. Baserriko tresnak eta hiztegia, animalia eta landare izenak, antzinako ohitura eta lanbideak...

Izenburuak berak dioskun moduan, asmoa etnografiarekin zerikusia duten Eibarko hitzak biltzea izan da, baina betiere herriko lekukoei egindako elkarrizketetan oinarrituz. Guztira 100 eibartar inguru elkarrizketatu dira, erdiak kaletarrak eta erdiak baserritarrak, gehienak 70 urtetik gorakoak. Lanik gehiena, Eibarko udalak azken urteotan gidatu duen Eibartarren Ahotan, Eibarko Ahozko Ondarea proiektuaren barruan egin izan da, bai elkarrizketak egitea, bai transkribapenak egin eta liburua atontzea ere.

Lexiko-bilketan ibili denak badaki nolako beharlekua den antzeko lan bat egitea. Urte asko izan dira, bilketa-lan ordu asko, beste hainbat lagunek jasotako berbak ere gehitzea hiztegira, idatzizko lan batzuk erauztea, dozenaka elkarrizketa egin eta horiek transkribatzea, libururako hitz-zerrendak egin, testuak atondu eta orraztea...

Lan asko egin behar izan dugu lantaldean, hainbat lagunen artean, baina merezi izan duela esango nuke. 4000 berbatik gorako hiztegia irten zaigu, horietako asko Toribioren Lexikoian jaso barik zeudenak, eta zenbaitzu beste inongo hiztegitan ere agertzen ez zenak. Hiztegi honetako berba asko eta asko galdu egingo dira, sasoi bateko ohiturak eta bizimodua desagertu ahala, euskara batuko forma estandarrenak zabaldu ahala. Hori badakigu. Baina gutxienez, hortxe geratuko dira, garai bateko eibartarren lekukotasun moduan.

Liburua 2003ko otsailaren 26an aurkeztu genuen Eibarko Portalea kultur-etxean. Hemen dituzue aurkezpenean bota nituen hitzak eta, hurrengo lerroetan, aurkezpen eguneko ohar eta argazki batzuk.

 

Eibarko Hiztegi Etnografikoa, aurkezpena (2003-02-26)

2003ko otsailaren 26an aurkeztu zen Portaleko areto nagusian "Eibarko Hiztegi Etnografikoa" lana. Hiztegi bat da, bai; baina hiztegi bat baino gehiago ere bai. Ehundaka eibartarri egindako elkarrizketak dira hiztegiaren arima, eta azken batean, hitzak gure herriaren ohiturak, sinesmenak, ipuinak eta lanbideak zer eta zelakoak izan diren erakusteko tresna besterik ez dira. Hemen azpian aurkezpen eguneko zenbait argazki. Beste atal honetan, aurkezpen eguneko testua: Ahozko ondarea jaso behar dugu.

Eibarko Hiztegi Etnografikoa (2003) - Aurkezpena

Hizketaldiaren une bat: Juan Manuel Etxebarria, Euskara Zinegotzi Mari Jose Telleria, eta Asier Sarasua.

Eibarko Hiztegi Etnografikoa (2003) - Aurkezpena 02

Eibarko Hiztegi Etnografikoa (2003) - Aurkezpena 03

Eibarko Hiztegi Etnografikoa (2003) - Aurkezpena 04

Eibarko Hiztegi Etnografikoa (2003) - Aurkezpena 05

Eibarko Euskara Teknikari Fernando Muniozguren, Koldo Zuazo eta hiztegiari sarrera idatzi dion Juan Manuel Etxebarria, aurkezpenera sartu aurretik.

Eibarko Hiztegi Etnografikoa (2003) - Aurkezpena 06

Eibartar ugari bildu zen aurkezpenera.

Eibarko Hiztegi Etnografikoa (2003) - Aurkezpena 07

Euskara Teknikaria (Fernando Muniozguren) Juan Manuel Etxebarria eta Antxon Narbaizarekin berbetan.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz