Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Ganar a cualquier precio" (Hamilton & Coyle, 2013)

"Ganar a cualquier precio" (Hamilton & Coyle, 2013)

Asier Sarasua 2013/08/21 11:30
Ganar a cualquier precio: La historia oculta del dopaje en el ciclismo (Planeta, 2013).

Liburu brutala da Tyler Hamilton txirrindulari ohiak idatzitakoa. Daniel Coyle kazetariarekin batera idatzita, liburuaren izenburu osoak argi utziko digu zer kontatzen duen: Ganar a cualquier precio: La historia oculta del dopaje en el ciclismo (Hamilton, Coyle; 2013). Azken 20 urteotako txirrindularitzaren kronika bikaina iruditu zait.

Egia esateko, lehenengo orrialdeetan bai-ez ibili nintzen. Hamiltonek bere burua zuritzeko idatzitako alegato itxura hartu nion hasieran (gogoan izan Hamilton dopatu egin zela, harrapatu egin zutela, onartu egin zuela eta txirrindularitza utzi zuela), baina ez, liburu ona da, oilo-ipurdia ipintzen duena.

Liburuak, gutxi gorabehera, 1992-2012 bitarteko 20 urteak aztertzen ditu. Bi protagonista nagusirekin: Tyler Hamilton bera eta Lance Armstrong. Nola hasi ziren lehenengo lasterketetan, oraindik gazte-gazte zirela; Motorola taldearen sorrera eta talde "amerikano" bat sortzeko interesak; Tourra korritzeko ametsa izatetik Tourra irabaztera egindako bidea; lasterketak, entrenamenduak,... eta dopina. Dopin sistematiko eta ondo antolatutakoa.

Tartean, garai hartako txirrindularitzako unerik eta karreristarik ezagunenak: Pantani, Ulrich, Rijs, Heras... eta, era beran, Ferrari doktorea, Eufemiano Fuentes, Manolo Sainz, Bruynell... Azken batean, azken 20 urteotako txirrindularitzaren kronika, barrutik kontatua, eta modu erakargarri bezain pertsonalean (guztia lehenengo pertsonan, Hamiltonen bizipenetatik abiatuz). Ezin dugu ahaztu, Hamilton bera txirrindulari handia izan zela, hainbat taldetan ibilitakoa eta ibilbide luzekoa (klasikoak irabazi zituen, itzuli handietan ere garaipenak, eta abar).

Eta garai horren erdigunean, dopina. Liburua ez da bakarrik dopinaz, baina izenburutik hasita, hortxe dago mamua orrialde guztietan; dopina eta Lance Armstrong, amerikarren "tramaren" bihotzean, eta dopina sistematizatzeko prozesuan giltzarrietako bat. (liburuaren azkenengo zatia harrapataka bezala dago idatzita; behin liburua erdi-bukatuta zutela aitortu zuelako Armstrongek bera ere dopatu egin zela). Aipatzen diren kontu guztien artean, lehendik ere buruan nerabilen kontu bat: Estatu Batuetako txirrindulari gehienek (edo guztiek) onartu dute dopatu egin zirela (Armstrong, Hamilton, Hincapie, Landis, Leipheimer...); Ipar Europako batzuek ere bai (Rijs berak); baina Europa hegoaldean inortxok ere ez (salbuespenen batekin), eta zerrenda ondo luzea da. Kontzientzia kontua; kultura kontua. Bai, Euskal Herria ere hegoaldean dago.

Liburua ez da dopinaz bakarrik, ordea. Izan ere, txirrindularitzak berezko duen zailtasunaz mintzatzen da, neurri batean, liburua: entrenamendu amaigabeak, konpetentzia, azpijokoak, marka eta babesleen interesak,... baina baita ere talde-lana, sakrifizioa, norbere burua gainditzeko esfortzua, laguntasuna... Azken batean, hau kirol hau hain gogor (eta aldi berean erakargarri) egiten duten faktoreak, txirrindulariak eta lasterketak mitiko bihurtzeraino.

Esango nuke liburua interesgarri egin dakiokeela ia edozein irakurleri. Hori bai, zaletua bazara, orduan gozatua hartuko duzu. Eta gozatuarekin batera, pena, amorrua, nostalgia...

sergio
sergio dio:
2013/08/24 09:57
Ez nago ados Europa hegoaldean dopinik ia ez zenik. Pantani, Virenque, Jalabert, Heras, Olano, etb... Eta Indurain ez?
asier
asier dio:
2013/08/26 13:49
Sergio, ez dut hori esan,aurkakoa baizik: egunerokoa izanik, inortxok ez duela ez onartu, ez oa salatu.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz