Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Artizarraren iragatea (The transit of Venus)

Artizarraren iragatea (The transit of Venus)

Asier Sarasua 2012/06/04 23:31
Etzi goizean (ekainaren 6an, asteazkena) fenomeno astronomiko berezia biziko dugu. Artizarra eguzkiaren pare-paretik igaroko da eta ondo-ondo ikusteko aukera izango dugu. "Artizarraren iragatea" deritzo fenomeno horri (the transit of venus). Eguzkiari orbantxo bat atera zaiola pentsatuko dugu. Aurtengoa galtzen baduzu, luze itxaron beharko du hurrengora arte, 2117an izango baita. Izan ere, periodizitate berezi samarra dauka fenomeno astronomiko honek.

TransitvenusArtizarra lurraren eta eguzkiaren artean ipintzen denean, Artizarraren iragatea (the transit of Venus) izeneko fenomenoa sortzen da.  Bi planetak eta eguzkia lerrokatuta geratzen dira eta eguzkiari orbantxo bat sortzen zaiola ematen du. Gutxi gorabehera, eklipseen antzeko fenomenoa da (lurra, ilargia eta eguzkia lerrokatzen direnean bezala), baina artizarrak ez du eguzkia estaltzen, jakina. Ekainean eta abenduan bakarrik gerta daiteke, planeta nodotik igarotzen denean, eta ez maizegi gainera (eta maiztasun berezi samarrarekin).

Izan ere, 243 urteko maiztasuna dauka, aldi horretan 4 iragate gertatzen direlarik (azken mendeotan, 105,5; 8; 121,5 eta 8 urteko tarteekin). Ziklo bukaeran gaude. Hortaz, azkena 2004an izan genuen eta hurrengoa 2117an izango da. 243 urteko ziklo hori nahiko egonkorra da; ez, ordea, epe horren barruko iragate eta denbora-tarteak. Esate baterako, 1518. urtera arte, 8; 113,5 eta 121,5 urteko tarteak izan ziren, eta 2846tik aurrera 105,5; 129,5 eta 8 izango da (wikipedian K.a. 2000. urtetik 4000. urtera bitarteko iragate guztien zerrenda dago).

Bideo labur honetan ondo azaltzen dute zergatik diren hain arraroak artizarraren iragateak (lurraren orbitaren eta artizarraren orbitaren arteko aldeak eragindakoa da):

Artizarraren iragatea kalkulatu zuen lehenengo astronomoa Johannes Kepler izan zen. 1631ko iragatea aurreikusi zuen, baina Europan ezin izan zen ikusi (eta frogatu, beraz), eta Kepler bera ere hilda zegoen ordurako. Ondoren, Jeremiah Horrocks apaiz matematikari eta astronomoak berriro kalkulatu zuen eta 1639ko abendukoa aurreikusi eta behatu izan zuen.

Fenomeno hau garrantzi handikoa izan da planeten arteko distantziak eta eguzki sistemaren tamaina neurtzeko erabili izan baitzuten astronomoek. Ez dirudi, hala ere, kultura zaharretan ezaguna zenik (ez Txinan, ez Egipton, ez Grezian, ezta Hego Ameriketako kulturetan ere).

Esan bezala, hurrengo iragatea aste honetan izango dugu, 2012ko ekainaren 5-6 bitartean, eta aurrekoa 2004ko ekainaren 8an bizi izan genuen. Hurrengo biak 2117an eta 2125ean izango dira.

Bihar-etziko iragatearen inguruko informazioa Wikipedian duzu (Transit of Venus, 2012). Pazifiko aldean oso-osorik ikusi ahal izango dute; Ipar Ameriketan eta Eurasian ere nahiko ondo (ez, aldiz, Afrika eta Hego Ameriketako toki askotan.

Euskal Herriko tokirik gehienetan ere ikusi ahal izango dugu, asteazken goizean. Ez bete-bete, ordurako iragatea bukatzen egongo delako, baina bai zeozertxo ikusteko moduan, behinipein (eguraldiak uzten badigu). Simulatzaile pare bat ere badira sarean, nondik ikus daitekeen begiratzeko, hemen edo hemen, adibidez. Eta mapa honetan:

Euskal Herrian zuzenean ikusteko aukerarik ez duzuenok, online ere ikusi ahal izango duzue, hementxe adibidez.

etiketak: natura, astronomia
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz