Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Meza klandestinoa

Meza klandestinoa

Amatiño 2015/08/14 14:20
Gaur hasiko dira Debako San Roke jaiak. Programari jaramonik egingo badiogu, arratsaldeko 7:30etan “Udalbatza elizara abiatuko da Alkate soinuarekin. Gure Kai dantza taldeak Erreberentzia eta Ezpata dantza dantzatuko ditu. Ondoren, Hilarion Eslavaren Salbea abestuko du Aitzuri abesbatzak”. Egitarauak ez du argitzen zer dela-eta abiatuko den Udalbatza elizara. Ezta dantzariak eta korua aritu ere non arituko ote diren. Sandroketako misterio santua.

Normalean bestela izan arren, kasu honetan behintzat, gaztelaniazko testua euskarazkoa baino motzagoa da, ez baitu aipatu ere egiten Udalbatza nora abiatuko den: “La corporación saldrá en procesión del Ayuntamiento acompañada por el Alkate Soinua. El grupo Gure Kai interpretará la Reverencia y la Ezpatadantza. A continuación, el coro Aitzuri, cantará la Salve de Hilarión Eslava”. Debako udalbatza udaletxetik prozesioan aterako dena badakigu, nora, zertara eta noiz arte… batek daki. Etxerako buelta asmatuko al du!

Izan ere, ez testu batean eta ez bestean, ez da argitzen zer arraio gertatuko den bi ekitaldien arteko ordubete luzean zehar. Debarrok badakite, ordea. Zer gertatuko-eta… betiko, ohiko, urteroko meza. Meza klandestinoa, itxura denez, baina jakineko meza. Tradiziozko meza.

Azken urteotako laikotasun-joerarekin bat etorriz, nik ez dut esango programa erlijiosoa eta zibila elkarrekin nahastu behar direnik. Baina ez dut uste erridikulorik egin behar denik ere. Gauzak normal eta natural egiten asmatuko al dugu!

Meza kendu behar baldin bada kendu eta, mezarik bada, nahi ez duena ez dadila joan eta kitto.  Baina Erreberentzia zein Ezpatadantza ezkutatu nahi den mezan dantzatu izana, eta Salbea meza amaitze aldera kantatzen denik ukatzea, ez al da guztia arlote samarra?

Auskalo baina… zergatik aldare aurrean Erreberentzia egitea edo Andre Mariari salbea eskaintzea laikoak dira eta urtean behingo jai-meza, aldiz, klerikala? Zergatik jai-bezperako meza ez da tradizioa, eta meza barruko dantza eta kanta bai?

Behin gauzak aldatzen hasiz gero, zergatik dantzariek ez dute erreberentziarik udaletxe aurrean egiten eta Salbea zine-aretoan kantatzen? Edo, nahi bada, aukeran, zergatik ez, Salbea kantatu beharrean, Amaikak Bat futbol-taldearen ereserkia-edo abestu?

Are gehiago, erlijio-tradizioak eta ohiturak laikotzen hasita, zergatik San Roke jaiak ospatu?

jaime
jaime dio:
2015/08/14 20:39
Aspaldidanik ni ere laikotu egin naiz Biblia sakonki irakurri eta arretaz estudiatu ondoren. Munduaren historiari birpasatze labur bat emanez gero eta planeta gaixo honetan gertatu ziren gerra odoltsuak ekiditzeko Jaungoikoaren parte hartzearen eza totala egiaztatua, delako Jainkoaren ez-izateaz zeharo konbentziturik geratu naiz.
Hau da gauza bat, baina, oso bestelakoa da hemengo tradizioak edo ohiturak galtzea. Agnostiko hutsa izan arren, irensten ez dudana zera da: tolerantziaren izenean, Euskal Herriko edozein herritan meskitak eraikitzea (gero eta gehiago) eta ,mendeen poderioz, euskal identitatea bereganatu zuten kristau jaiak desitxuratzea eta azken finean galtzea. Ez da onartzekoa, ez horixe!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: