Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Giza nahia

mzap 2005/06/02 10:31

Dirudienez, harriaren denbora moldea orainaldian agortzen da, harria funtsean ez baita agerpen hutsa baizik, gauza bizigabe oro bezala; aldiz, landarearen denbora molde biologikoak, animaliarenak bezala, iragana du oinarri, bizidunen artean genek agintzen baitute oro har. Eta gizakion geurezko denborak, berriz, etorkizuna du sorleku, asmoak baitu determinatzen.

Kojeveren ustez, proiektuaren denborak gauzatzen du giza askatasuna, heriotzaren onartze osoa oinarri, eta ahalbidetzen du egia. Proiektuaren denborak etorkizuna du abiapuntu, eta, iraganetik igarota, orainaldian burutzen da.

Animaliaren gurariak (eta gizakia animalia ere bada) mundu errealeko izaki bat du helburu: ura, adibidez. Ostera, gizakiarenak, munduan ez dagoen zerbait nahi du: nahi horrexek abiarazten du hain zuzen etorkizuna sorburu duen mugimendua. Etorkizuna oraindik ez dena eta oraingoz izan ez dena baldin bada, giza nahiak beste giza nahi batengana zuzendu beharko du, alegia, inon ez dagoen eta inoiz ez dirauen izaki batengana. Bestearen nahi honek ere biologiaren gainetik dagoela onar dadin bilatuko du, baldin benetako gizaki-gaia bada. Badago, hala ere, giza itxura izan arren piztia nahiz landare izaera eta bizimodua dituen izaki franko, behin historia amaiturikoan ageriko denaren aitzindari.

Bizimoduak

mzap 2005/06/01 12:44

Aurrekoan Hegeli eginiko kritika gorabehera, maiz errepikatuko du lehen Kojevek Hegelek mamitu duela historiaren amaiera, jakintsu izan baita, eta ez soilik filosofo, aurreko pentsalariak bezala. Bizimodu zuzenaren bilatzeak ere aitzina egin du historian: Platonengandik hasi eta, Aristoteles eta Kant tarteko, Hegelek burutu du.

Platonen Jainko transzendente ez haragituak munduari uko egitea eskatzen zuen. Benetako platonikoak ahal adina mugatuko du bere jardun biologikoa, halaber soziala eta politikoa. Erretiratu egingo da monastegiren batera eta ez du gizarte gorabeheretan esku hartuko. Ez da beste platoniko bakartiekin harremanetan jarriko ez bada haiekin Dialektika praktikatzeko. Baina Dialektika hau soilik estasi bakarti eta isilera iristea ahalbidetuko dion heinean erabiliko du. Horixe da Akademiaren zentzu existentziala. Monastegi kristau zein islamiarra platonikoak dira

Aristotelesen Jainkoa ere transzendentea da, baina hala ere gauzatua (Zeruan, hori bai). Horrek erabakiko du eskola peripatetikoaren ikuspuntua bizimoduaz. Aristotelikoari ere ez zaio estatua axola eta gizartetik bakartuko da. Baina ez du aszesia landuko, ezta estasi mistiko isila ere. Zientzia Aratza jorratuko du, eta hau egiazko aristotelikoarentzat ez da Astronomia baino.

Hala erakusten du gainera Historiak: estoizismoak (aristotelismoaren aldaki bat: Kojeverentzat estoikoak izan dira aristotelikorik koherenteenak) funtsean Astronomia ikertu zuen. Estoikoen Eskolak, bere horretan, ez du inongo zerikusirik ez gizartearekin ezta estatuarekin ere, Senekaren eta beste estoiko batzuen abenturak gorabehera. Zinezko estoizismoak ezin zuri lezake jardun biologikoa (ezein estoikok ez du txorta bere egingo, bere betebehartzat joko); era berean ezingo du estoiko jakin batzuen aritze sozial eta politikoa zuritu.

Egia adierazteko orduan, peripatetikoak uste izaten du aski litzatekeela Aristotelesek esanikoa poxi bat osatu eta errepikatzea.

Kantismoaren gizartean berriz egiaren bilatzea amaigabeko eginbehar duzu, ez errepikatze. Kojevek Bayleren Letren Errepublikarekin alderatzen du: ez aristotelikoek ez kantiarrek lortuko dute gizartera eta historiara jauzi egitea.

Horrenbestez, Hegelena dugu pentsaera bakarra egiazko jarduera sozial eta politiko batera bidera gaitzakeena ("iraultzailea" edo "marxista", zehaztuko du Kojevek), historia zeharo amaitu ez den bitartean bederen.

Hegel, Fisika modernoa eta Kojeve

mzap 2005/05/28 11:26

Kojeveren iritziz, natura mundua ezin da kontzeptuen bitartez ulertu. Natura algoritmo matematikoen bidez azal daiteke, baina ez ideien bitartez, hitz adieradunen bitartez. Fisika modernoa ere ez dator bat Hegelekin, ezin baitugu haren arabera errealitate fisikoaz kontraesanik gabe hitz egin; algoritmotik hitzezko deskribapenetara igarotzearekin batera, kontraesanak dauzkagu (gorpuzkuluak/uhinak, eta hori dena).

Ez legoke, beraz, Kojevek eta fisika modernoak esaten dutenez, eta Hegelen aurka, errealitate fisiko edo naturala azalduko lukeen mintzo koherenterik. Natura, Galileorenean bezala, gizakiari algoritmoaren isiltasunean zaio ageri. Materia fisikoa ezin daiteke kontzeptualki eta dialektikoki ulertu, ezin da hari buruz artez hitz egin. Materia fisikoaz zentzuz mintza daiteke soilik giza lanaren ekoizpenaren lehengai den neurrian. Baina, Kojevek zehaztuko duenez, lehengaia ez da ez molekula ez elektroi, baizik egur, harri, eta abar. Gauzok ez dira berez bizidunak, baina badira zerbait mundu bizian behinik behin, giza eremuan sartuak dauden heinean besterik ez bada ere.

Hala ere, Kojevek bereizi egingo ditu batetik algoritmoak azal dezakeen natura denborabakoa, azpiegitura geometrikoa, eta bestetik bizia, denborazkoa denez algoritmoak ezin azal dezakeena.

Edozein gisaz, eta Hegelen despit, dialektikak ezin du ez bata ez bestea esplikatu.

Kant eta Hegel

mzap 2005/05/27 17:17

Hegelek, kontzeptuari buruzko bere teorian, Kantek "Eskematismoa"n azaldurikoa zehaztu eta aldatu du. Kantentzat, kategoriak dagoenari (Sein) aplikatzen zaizkio, denbora eskema gisa ematen zaigulako, hau da, ararteko edo bitarteko bezala. Baina bitartekotasun hau pasiboa da, intuizioa. Aldiz, Hegelenean bitartekotza aktiboa da: Tat edo Tun da, dagoena ezeztatzen duen ekintza, borrokaren eta lanaren aktibitatea. Eta dagoenaren ezeztapen hau, orainaldiaren ezeztapen aktiboa, proiektuaren denbora da, denbora historikoa. Honela, nola Hegelenean hala Kantenean, denbora da kontzeptua dagoenari aplikatzea ahalbidetzen duena.

Baina hara zergatik hobesten duen Kojevek Hegelen ikuspuntua: Hegelentzat, pentsamendu kontzeptuzkoaren denbora-bitarteko hori, gauzatua dago. Mugimendu bat da hain zuzen, mugimendu dialektikoa, aktiboa, ezeztatzailea, dagoena aldatzen baitu, berria sortzen baitu. Hegelen ustez, gizakiak Izatea edo dagoena uler eta azal dezake, kontzeptuaren bitartez eta beronen arabera Izatea edo dagoena eraldatzen duelako. Giza proiektua kontzeptuzkoa da funtsean. Dagoena, eman zaiona, kontzeptuzko proiektuaren arabera bereganatzen du gizakiak. Baina jaso duguna proiektuaren arabera moldatzea bera da hain zuzen ere ekintza kontziente eta borondatezkoa, Arbeit eta Kampf den Tun-a.

Kantentzat, dagoena kontzeptuarekin bat dator, eta denboraren bitartekotzak batetik bestera bata zein bestea aldatzeke igarotzea ahalbidetzen du soilik. Eta horrexegatik ezin digu Kantek azaldu dagoenaren eta kontzeptuaren arteko adostasuna: harentzat datu bat da, alegia, halabeharra, azarea (transcendental Zufakigkeit).

Hegelek, aldiz, adostasun hori azaldu egingo du: prozesu dialektikoan datza. Kojeveren filosofia-fikzioaren arabera, historia amaitzean hitzezko proiektuarekin bat etortzeraino bilakatuko da dagoena, ekintza ezeztatzaileak dagoena proiektu haren arabera eraldatuko baitu.

Beraz: Kantenean denbora eskema eta intuizio pasiboa da; Hegelenean berriz mugimendua, ekintza kontziente eta nahimenezkoa. Ondorioz, Kantenean kontzeptua edo a priori-a nozio bat da, gizakiari ahalbidetzen diona dagoenarekiko adostasuna: Hegelenean, aldiz, kontzeptu apriorizkoa proiektu bat da, gizakiari dagoena aldatzea permitituko baitio. Horrela, dagoena proiektuarekin bat egiteraino bilakarazten saiatuko da.

Susmagarria, eszeptikoen aurkako Kojeveren zakarkeria

mzap 2005/05/26 17:40

Zakarkeria horrek errusiarraren pasarteak oroitarazten ditu, uste zutenaren justu aurkakoa aldarrikatu duten filosofoez.

Kojevek dioenez, filosofia handien alboan beti loratu izan dira teoria hein batean bihurri eta barbaroak. Egiaren gaineko Platonen eta Aristotelesen ikuspuntua eszeptikoek ukazio arrunt eta absurdu baten bitartez bihurrikatu omen zuten.

Ukazio honen arabera, egia ez da eternala, baina ezta denbora bera ere (Kojeverentzat bai, egia denbora bera da, ikusiko dugu), baizik eta denborazkoa, denboraren barnean dagoen beste zernahi bezala. Kojeveren ustez, ikuspuntu honek ez du merezi kontuan har dadin, jakintza erreal edo benetakoari buruzko ideia bera ere baztertzen baitu. Eszeptizismoa edo erlatibismoa da, Platonek "sofistika", Kantek "enpirismo" eta Husserlek "psikologismo" gisa kritikatu zutena.

Jakintza eszeptiko edo erlatibista, Kojevek dioenez, jakintza eza da zehazki. Eszeptizismoan eta erlatibismoan, egia denborazkoari zaio lotzen, alegia, aldaketari. Baina denbora mugagabea denez, aldaketa ez da inoiz geldituko. Hortaz, ez dago behin betiko jakintza eternalik, ez dago episteme-rik, ez dago doxa baizik.

Aristotelesen erantzuna Platoni

mzap 2005/05/25 11:59

Egia da zakur adiera eternitateari lotzen zaiola; baina eternitatea Aristotelesentzat denboran dago, zeren egia bada zakur errealak aldatzen direla, zakur benetan erreala, zakur espeziea, aldiz, ez baita aldatzen. Espeziea eternala denez gero, eta denboran dagoenez gero, badu egiak eternitateari denboran berean lotzea. Beraz, badago denborazko munduaren gaineko jakintza absolutua, mundu honek eternitatea barnebiltzen duen heinean. Kojeveren hitz ederretan esateko, Platonek ahantzi egin du Heraklitoren ibaian badirela zirimola iraunkorrak: landareak, animaliak, planetak, kosmos-a. Aristotelesenean, denbora bera da eternala. Aristotelesentzat, Hegelentzat bezala, denbora zirkularra da. Grekoarentzat, alabaina, eternalki gabiltza zirkuluan itzuliak egiten, ibili biribilean; Hegelentzat, berriz, ibilbidea bakarra izango da.

Aristotelesentzat kosmos-ak eta animaliek egitura berdina dute. Unibertsoa era biologistan azaldu du. Orobat gizakia. Oiloak arrautza erruten duen legez zizelatuko du Rodinek Pentsalaria. Zenbait aristotelikok alderantzizko norabidea zuzentzat jo duen arren, arrautza dela estatuaren gisara sortua aldarrikatuz, Kojevek uste du ez datorrela bat Aristotelesen testuekin.

Berebat, etengabeko zikloak erakutsiko digu Gerra Zibila ETAren kausetako bat bezainbeste izan dela ETA Gerra Zibilarena, eta izango.

Onartuko ote du Kojevek ikuspuntu hau?

Ekintza askea

mzap 2005/05/24 07:55

Ekintza askea denborazko bilakaeraren marratik berex kokatzen da. Marra horretako edozein puntutan ageri den hic et nunc delakoa iraganak zehazturik, finkaturik, mugaturik, dator, eta aldi berean geroa mugatzen du. Aldiz, ezin azal daiteke ekintza askea iraganari erreparaturik, ez baitu hartan oinarririk ez jatorririk. Izaki libreak hemen eta orainetik bereizteko gauza behar du izan. Baina tentuz, ekintza askea hemen eta orainarekiko loturan garatzen da ezinbestean, aurrez zehazturiko baldintzetan gauzatzen da. Hots, kontserbatu egin behar da hemen eta orainaren edukia, hemen eta orainetik bereizirik egon arren.

Hain zuzen, hitza da, mintzo adieraduna, sentsazio baten hemen eta orainetik bereiziriko pertzepzio baten edukiari eusten diona. Honako mahai hau hemen eta orainari loturik dago; baina "mahai hau" hitzen adierak beti bat dirau alde eta aldi orotan. Horrexegatik datoz bat hainbeste filosofo: mintzo den izakia baizik ezin omen daiteke libre izan.

Egiaren gaineko Platonen ikuspuntua ekintza askeari aplikatuz gero, honako ondoriootara iritsiko ginateke: egia doxa nagusi duen denborazko errealitateari lotzen ez zaion era berberean, ekintza askea ere ezinezko gertatzen da errealitate denborazkoan. Ekintza askean eta ekintza askearen beraren kariaz, denboraz berex dagoen zerbaiti lotzen zaio gizakia. Halatan, Platonek Er-en mitoan adierazi bezala: arimak bere patua hautatu egiten du, baina jaio aurretik. Hautua delarik, askatasuna ere bada. Baina hautu hau, bilakaerak erabat mugatzen duen denborazko existentziatik landa burutzen da. Platonek metenpsikosiaren ideia erabili du bere mitoan: hautua berritu egin daiteke, eta, era berean, desberdinak izan daitezke hautuak. Kojeveren ustez, hala ere, hipotesi honek ez du leku erosorik Platonen sisteman, denboratik kanpo denak gorabeherarik onartzen ez duelako sistema horretan. Denboratik ateko eternitatearen (jainkoaren) eta egile askearen arteko loturak bermaturiko hautu bakarraren kontzepzioa teologian ere ageri ohi da. Denboratik beretik kanpo jarduteko erabakia behin betiko hartu duen aingeruaren ideia da, jainkoaren alde (aingeru bertutetsu bilakatuz) nahiz aurka (aingeru erori edo deabru bilakatuz).

Platon

mzap 2005/05/23 10:00

Platonentzat, esaterako, egia erlazio bat da, ideia eternalena eternitatearekin, ongiarekin. Gainera, harreman hori denboraz at dago.

Ikuspuntu hori mintzaira teologikoari dagokio, zeinaren arabera munduko gertaerak zein mundua bera kontingenteak baitira: ezin haiei buruzko jakintza absoluturik erdietsi. Baina halako ezusteko batez jainkoaren eta bere borondate sortzailearen burubideak ezagutuko balira, munduaren gaineko benetako zientzia baten aurrean geundeke. Mintzaira teologiko sinboliko batez ari beharko bagenu, Kojevek dioenez, munduari buruzko zientzia mundu horrek elementu geometrikoak osagai dituen heinean baizik ezingo genuke azaldu. Hain zuzen ere, Kantek argi azaldu zigun algoritmoa mintzo bilakatzeko, ezinbestekoa dela denborarekin eta espazioarekin harremanetan jartzea. Platonek ordea aldez aurretik baztertua du denborarekiko harremana; algoritmoa, hortaz, espazioarekin erlaziona daiteke, eta ez besterekin (denboratik kanpoko espazioa genuke hau).

Eta, hara, geometriaz hitz egin daiteke: "zirkulu", esate baterako, izen adieraduna da: zer den adieraz daiteke, espaziotik kanpoko integrala ez bezala, adibidez, berau algoritmo batez adierazi behar baita. Horrenbestez, sistema teologikoak geometria erreal bat egitura dezake, hots, fisika geometriko bat, ez besterik. Alabaina, fisika horren arabera Lurra biribila dela esan badezakegu ere, ezin azal genezake zergatik erakartzen dituen objektu astunak: erakartze indarra, indar oro bezala, espazio barneko fenomenoa izateaz gainera, denborazko fenomenoa delako funtsean. Ezin adieraz dezake, beraz, Lurraren berezkoa zertan den, zuhaitzak hazten eta gizakiak bizi diren planeta den aldetik.

Egia eta denbora

mzap 2005/05/22 09:22

Filosofia ororen mamia egiaren eta denboraren arteko harremana da Kojeverentzat. Filosofoak egiaren bila ibili izan dira beti, aurkitutzat eman izan dute maiz, eta hitzez, kontzeptuen bitartez, adierazi nahi izan dute. Baina egia, agertzekotan, mundu historikoan ageri denez, beharrezkoa da lehenaz eta geroaz, bilakaeraz, azken batean denboraz, hitz egitea. Egiaren eta errealitatearen arteko harremanak aztertzekotan, nahitaezkoa da egiaren eta denboraren artekoak ere azaltzea.

Eta egia, filosofia klasikoan behintzat, ukaezina eta aldagaitza da: nonahi, edozeinentzat, beti eta ezinbestean litzateke egia. Maisu grekoentzat eternala da, ez denborazkoa. Ordea, aurkitzekotan, une jakin zehatzen batean aurkituko litzateke egia, eta denboran zehar existituko litzateke, gizakia dela medio existitzen baita. Ondorioz, egiaz oldoztu ahal izateko beharrezkoa izango da denboraren eta eternitatearen arteko harremana ere aintzat hartzea, edo, xumeago, denboraren eta denbora ez denaren artekoa.

Kojeveren ustez, behin magia gainditu ostean, ez dago zazpi lotura filosofiko posible baizik denboraren, egiaren eta eternitatearen artean, eta soilik zazpigarrena, Hegelena, izango da gai giza askatasunaren berri behar bezala emateko.

Hitzaren ahala

mzap 2005/05/21 09:22

Gizakiak erdietsi duen botere harrigarri bezain beldurgarriaren oinarrian dago gizakiak erabil ditzakeela ez soilik existentzia naturalei loturiko esentziak, baizik halaber existentzia magikoei, morfemei, loturiko adierak. Existentzia magikoaren topos-aren zabalera mugagabeak ahalbidetzen baitio gizakiari gauza naturalak nolabait inguratu, setiatu eta azkenik bereganatzea; izan ere, ezin nagusitu ahalko litzaieke gauzoi aurrez aurre erasoz gero, baina ez dute defentsa eraginkorrik baliatu zeharkako erasoaldion aurka, zeren gauza naturalok dagokien topos-aren eremu estu itxira baitaude mugatuak. Hau dela eta, Kojevek bidenabar seinalatzen duenez, egokia da "existentzia magiko" esamoldea, morfemei loturiko adieren existitzeko era adierazteko. Izan ere, modu askaezinean uztartuz esentzia existentzia naturalarekin, baina adiera eta morfema batzen dituen loturaren izaera erabat arbitrarioa atxikiz zientziak lortu emaitzak askoz ere harrigarriagoak dira mago onest bat, bere formula magiko hutsen bidez erdietsirikoaz, bezerorik fidakorrenari inoiz agintzera ausartuko zatekeena baino. Era berean, zientzia modernoa askoz ere magikoagoa da ohiko magia baino.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.