Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Igel potolo bi, zinemara

mzap 2004/10/18 11:24

Cilineren "Gauaren muturrerainoko bidaia", Matias Mugikaren euskaratze lan itzelari esker Igela argitaletxearen "Literatura" saileko bosgarren perla bilakatua, Francois Dupeyron-ek, Donostiako zinemaldiak erakutsi berri duen "Inguilizi"ren zuzendariak, behinola Urrezko Maskorra irabaziak, hartu du bere gain. ("Inguilizi"ren gaineko D.J. Mendigreenen iruzkin zuhurra, hemen: http://www.sustatu.com/1095524053; baita hemen ere: http://www.eibar.org/blogak/mendiguren/categorylist_html?cat_id=8)

Igelaren sail bereko seigarren liburua duzu Truman Capoteren "Odol hotzean", euskal idazlerik onenetako batek, Xabier Olarrak, euskaratua. Dagoeneko bizpahiru aldiz zinemaratu badute ere, Douglas McGrath-ek ez-ohiko alde batetik helduko dio "Every Word Is True" delakoan: errealitatea eleberrian sartzeagatik egin zen ospetsu, besteak beste, "Odol hotzean" liburua; oraingoan Truman Capote bera sarraraziko du fikzioan McGrath-ek, garrantzi handia izango baitu filman gazte hiltzaile biekin idazleak izan zuen harremanak.

SALBA GAITZAZU, NANOBOT

mzap 2004/10/17 11:20

Tomateak gero eta karratuagoak dira, kaxetako espazioa hobeki aprobetxatzeko, eta dirudienez laster izango dira zeharo karratuak.

Ildo berean, atzo Eneko Astigarragak bere blogean iragarpen txundigarri baten berri eman zigun (http://www.eibar.org/blogak/prospektiba/52): 2020 urte inguruan, ordenagailuak ez ditugu mahai gainean jarriko, ez digute tokirik kenduko, kanpoan beharrean barruan eramango baititugu, edo eramango gaituzte, burmuinetan itsatsirik, garunarekin bat eginik. Sakonagoa izango da gure neuronen harremana "Nanobot" konputagailuarekin, gure jainkoekin, amaginarrebarekin edo telebistarekin baino.

Halaber, 2030 urte inguruan erdietsiko da alde biologiko handirik izan ez dadin hogeita hamar urteko gizaki baten eta ehun eta hogeiko baten artean: giza gorputzaren biokimika birprogramatu ahalko dugu.

Halako miragarriak entzunda eszeptizismoa nagusitu ohi da, telebistaren, koheteen eta interneten iragarpenen aurrean bezala behinola.

Hala ere, Astigarragarentzat sinesgarri samarrak dira eta Astigarraga bera ere sinesgarri samarra da.

Ondorioetako bat: Mendebaldean luzaro ezagutu izan dugun lehia gogorrak, hitzezko sendabideen eta pilulen artean, buru gaixotasunak, depresioak eta halakoak sendatzeko buruzagitza eta lehentasuna lortzeko, pilulen alde egingo du, baina itxuraldaturik. Geroak euskarri materialari eragingo dio, gizakiaren eta makinaren arteko fusioarena eta manipulazio genetikoarena izango da. Horrek mutazio txundigarri eta izugarriak ekarriko dizkio giza endari.

Bazen ordua!

Nik behintzat "Nanobot" bat lehenbailehen erosi eta nire barne-muinari aplikatuko diot, ea interesanteago bihurtzen naizen.

EUSKAL EDITORE DESPISTATUEI

mzap 2004/10/16 19:23

Argitaletxe ausart hori, agur:

Oso kezkatuta nago, honez gero zuek zaretelako kultura talde abertzale ia bakarra Txillardegi aldez edo moldez omendu ez duena. Euskaltzaindia bera ere animatu da, atera kontuak.

Ordea, hutsune harrigarri hori urtea amaitu aurretik bete genezake: badut liburu bilaka daitekeen testu bat, 65 mila karaktere, Txillardegiren obraren azterketa berritzailea, Durangorako argitara zenezaketena.

Erantsita bidaliko nizueke, nahi bazenute.

Eskerrik asko aldez aurretik.

SENARRAREKIN KONTUZ IBILI BEHAR DA

mzap 2004/10/15 23:45

Argentinako emakume batek txataren bidez maitasun harreman sutsu bat zuen gizon batekin.

Orain senarra salatu du, maitalearekin larrutan egitera behartu zuelako. Senarrak argazkiak atera zizkien, dibortzio-epaiketan erabiltzeko asmoz.

Senarra luzaro egon zen abagunearen zain. Egun batean, emazteari Interneteko saioa ixtea ahaztu eta senarrak berak jarraitu zuen emaztearen zibermaitalearekiko elkarrizketa beroa, emaztearena eginez.

Halako txataldi zenbaiten ostean, senarrak etxera gonbidatu zuen emaztearen maitalea, baita honek onartu ere. Gizajoaren ez-ustekoa! Senar sumindua baitzuen aiduru, andreari itxarotera behartu zuena.

Emaztea etxeratu bezain laster, senarrak errebolberra atera eta maitalearekin txortan egitera behartu zuen, berak argazkiak ateratzen zizkien bitartean. "Argazki hauekin dibortzio epaiketan kakaztuko haut" bota zion emazteari, etxetik alde egin baino lehen.

Hau emaztearen bertsioa da, noski, polizian jarri duen salaketaren araberakoa.

HERODES ERREGIA

mzap 2004/10/14 19:15

Ttikitan kantatzen genuen Irunen, Gabonetan, eta Santiago karrikan mende hasierarako ezaguna zen, Peluagatarren artean bederen. Zenbait kantutegitan bilatu dut, arinegi ziur aski, eta ez dut deus ere aurkitu. Baten batek izango du argibiderik menturaz. Honelaxe dio:

Herodes erregia, infame faltsua nahi izan zion kendu haurrari lepua; alferrik egingo duk oraingo asmoa ez duk engainatuko gure Jangoikoa ----------- Jesus larru gorriya, haiziak hoztutzen astuak eta iriyak daukate berotzen; haren ama gaxua hareri begira, haren begi ederrak han poztutzen dira ------------ Horra guk kantatu alegriaren fortuna orain inor ote da borondateduna. Denok hemen dakargu poltsa ttiki bana zuen emanarekin denok konten gara

Alferrik bilatuko dituzu halako bertso ederrak, doinuarekin hain ederki lotuak, amaitzen ari zaigun mendearen bigarren erdian, ez bada Ederraren eta Piztiaren arteko solasa "Apoaren Edertasuna" diskoan.

TXILLARDEGI ETA ATXAGA

mzap 2004/10/13 18:48

Txillardegiren eta Atxagaren arteko eztabaida ospetsuak (http://www.armiarma.com/andima/pami/pami0917.htm) eztabaidek zer gutxi balio duten erakusten du. Atxaga, bere egiazko lanean, bakardadean eginikoan, bat dator Txillardegiren proposamenekin: Atxaga ez da batere apolitikoa, bere erantzukizun publikoari ganoraz aurre egin dio eta bere liburuak goitik behera murgilarazi ditu bere herriaren zaurietan, haren jarrera ez da batere seqoritoa eta bai aitzitik arras kritikoa.

Era berean, Atxagak euskal idazlearen eginbehartzat duena, hots, tribuko hizkuntza alienatua garbitzea... horixe izan da hain zuzen Txillardegiren lorpenetako bat, nola saiakeretan hala eleberrietan.

Bestalde, Atxagaren berba hauek, hitzez hitz jasorikoak: "errealitate gutxi izanez, efektismoa bilatzea, iragan ederra uste dena etorkizunera klitxe moduan proiektatzea. Efektismoaren bidez hitz egin, aurrean dagoen errealitea interpretatu eta eman ordez", hori Txillardegi idazlearen bultzatzaile nagusietako bat ez ezik, Txillardegi ekintzaile politikoarena eta jeltzaleen aurkako antigutarraren kritikena ere izan da.

Labur: nortasun handiko idazle bion arteko eztabaidak ez zuen balio izan euskal voyerismoa apur bat entretenitzeko baino.

Benetako tentsioak beste nonbaitetik zetozen: euskararen eta erdaren arteko harremanei lotuak zeuden apika, baita borroka armatuari ere. Lidergo pertsonalari halaber, ezagutzari: ukabilkada norberaren bularrean eta oihua, buruzagitza lortzeko arren arteko sestra zimino taldean, agintea atxiki nahi duen helduaren eta makila eskuratzekotan dabilen gaztearen artekoa zehazki. Txomin Barulloko antzerki hura sakoneko liskar horien sintometako bat izan zen ziur aski.

Irakurle xeheok ez diegu jaramonik egin behar gure oilarren jendaurreko erakustaldiei, hobe dugu zuzenean beren liburuak irakurtzea.

FENOMENOAREN MAISU FENOMENOAGOA

mzap 2004/10/11 10:33

Retegik telebistan bere maisu baten berri eman zigun, ereduzkoa inondik ere. Ikasleei batere jaramonik egin gabe eseri eta irakurtzen aritzen zen, zigarro puruak lagun. Gelako leihoek Eratsun inguruko mendietara ematen dute. Ikasleak, maisua ehiztari amorratua zela jakinki, ikusten ei zituzten eta pasatzen omen ziren usoez mintzo ziren, baita pasatzen ez zirenean ere, zenbat hurbilago usoak hainbat urduriago eta ozenkiago Retegi eta bere ikaskideak, maisua itxurak gordetzen saiatzen zen bitartean, liburuak zeharo irentsirik balu bezala, harik eta tupustean zutitu eta desagertzen zen arte. Handik pixka batera mendi hegietan harat-honat ikusten zuten ikasleek, eskopetarekin, eta frontoira joaten ziren.

Frontoian, berriz, Retegi pilotan ari zela, nagusiagoak heldu eta "alde hemendik, ergela!" botzen zioten maiz. Retegik aurre egiten zien ordea, eta makina bat jipoi hartua da frontoia handiei besterik gabe utzi nahi ez izateagatik.

Kontatzean zerabilen oroit-poza aintzat harturik, zorionekotzat jo behar psikologo, maina, orientatzaile, "bullying" berba, tutore, gurasokeria eta lainezarik gabeko egoera hura.

Ikasgela girorik egokiena, honez gero galdua: ikasleak bakean uzten dituen irakasle bat, irakurtzea benetan atsegin duela erakusten diena, atseginago bederen irakastea baino, normal.

Irakasle bat, gainera, Retegiri eta lagunei bizi-bizi sentiaraziko diena nork bere sakoneko nahia atxikitzen eta aitzina eramaten jakin behar duela, negoziaziorik eta konpromezurik gabe.

AMAREN ARANBARRIAK

mzap 2004/10/08 20:05

Iñigo Aranbarriren "Hitzak eta giltzak"en ezagutu nuen "Txistu y Tamboliñ" aldizkariko ipuin baten izenburu palindromoa:

NIK ENARA NERAMAN AMAREN ARANEKIN

Ikasturteko lehenbiziko egunean ikasleei programazioa diktatzen diet. Baita palindromo hori ere, bukaeran, programazioaren barruan balego bezala.

Baten bat ohartu egiten da ez dela programazioaren gainerako esaldien oso antzekoa (1-Sarrera, 2-Sokrates, 3-Lukrezio...), eta orduan zer berezitasun ote duen galdetzen diet, berehala asmatzen duenari euro batzuk emango dizkiodala, baina ez larregi, eta ez dute asmatzen.

Kontua da gaur goizean, hilerriko belarditik etxerantz nindoala, iaz leheneko ikasle batek, Matxitxakoko bideko banku batean eserita zegoena, Bizkaiko Etxeen parean, garrasi egin didala:

NIK ENARA NERAMAN AMAREN ARANEKIN!!

OGITARTEKOAREN JATORRIAREN BALANTZA

mzap 2004/10/07 20:38

Leonardo da Vincik berehala nabaritu zituen ezpain-zapiaren dohainak, eta Firenzen aurrenekoa izan zen serbileta aldezten eta jendarteratzen.

Beste kontu batzuek buruhausteak ekarri zizkioten haatik. Hau irakur daiteke Leonardoren ohar batean:

"Bururatu zait ogi zati bat hartu eta okela-xerra biren artean jartzea. Baina nola izendatuko nuke jaki hori?"

Kontrako bidetik etorri zitzaion antzeko zalantza hau:

"Ogiaz eta okelaz gogoetan ibili naiz berriz. Eta bi ogi-zatiren artean kokatuko banu xerra? Nola deituko nioke ordea halako jakiari?"

BERTSO KLASIKO BATZUK, MENDIGURENENAK BAINO HOBEAK

mzap 2004/10/05 19:52

Nire uste apalean, Mendigurenek bere blogean jarritakoak baino dotoreagoak dira hauek, bertso librearen errazkeria gainditu eta, klasikoen legera, errima eta metrika zorrotzak darabiltzatenak.

Lehengoan etorri zen, batek daki nondik

Arnasestuka, goibel, Gorlizko Maribi

Mirari bat eskatu eta egin zidan zirri

Malkoei ezin eutsi ta hasi zen negarriz

--------------

Bi mila laugarrengo udazken txit fina

Madariak baitira lapikoen grina

Matematika triste, pozik gastritisa

Hala dabil Maribi, gure Euskal Herria

Bestalde, Mendigurenek ere -zeinaren baitan sortzailearen egolatria eta editorearen ezinegona biltzen baitira-, frogatu dit, aurretik beste askok bezala, zein komenigarria den lagunekin ahal bezain fidagaitz izatea: behinola, Gernikako Galeuscan oker ez banabil, Iñigo Aranbarrik ziberforoetako nire mezuak goraipatu zizkion eta Mendigurenek, inprobisatuz, mezu horiekin liburu bat ateratzeko asmoa zuela erantzun zion.

Geroxeago esan zidan niri. Primeran, pentsatu nuen, loria, mugarri bat Historian, Interneteko edukia zuzenean jasotzen duen lehenbiziko euskal liburua.

Baina aspaldi honetan erdi damututa dabil itxuraz eta orain nahiago du... BERE mezuekin osaturiko liburu bat argitaratu! Hala ere, goiko bertsoak eta beasaindarrarenak alderatu eta sentsibilitate pixka bat duenak garbi nabarituko du zeintzuk merezi duten moldiztegiaren ohorea.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.