Ekintza askea
Ekintza askea denborazko bilakaeraren marratik berex kokatzen da. Marra horretako edozein puntutan ageri den hic et nunc delakoa iraganak zehazturik, finkaturik, mugaturik, dator, eta aldi berean geroa mugatzen du. Aldiz, ezin azal daiteke ekintza askea iraganari erreparaturik, ez baitu hartan oinarririk ez jatorririk. Izaki libreak hemen eta orainetik bereizteko gauza behar du izan. Baina tentuz, ekintza askea hemen eta orainarekiko loturan garatzen da ezinbestean, aurrez zehazturiko baldintzetan gauzatzen da. Hots, kontserbatu egin behar da hemen eta orainaren edukia, hemen eta orainetik bereizirik egon arren.
Hain zuzen, hitza da, mintzo adieraduna, sentsazio baten hemen eta orainetik bereiziriko pertzepzio baten edukiari eusten diona. Honako mahai hau hemen eta orainari loturik dago; baina "mahai hau" hitzen adierak beti bat dirau alde eta aldi orotan. Horrexegatik datoz bat hainbeste filosofo: mintzo den izakia baizik ezin omen daiteke libre izan.
Egiaren gaineko Platonen ikuspuntua ekintza askeari aplikatuz gero, honako ondoriootara iritsiko ginateke: egia doxa nagusi duen denborazko errealitateari lotzen ez zaion era berberean, ekintza askea ere ezinezko gertatzen da errealitate denborazkoan. Ekintza askean eta ekintza askearen beraren kariaz, denboraz berex dagoen zerbaiti lotzen zaio gizakia. Halatan, Platonek Er-en mitoan adierazi bezala: arimak bere patua hautatu egiten du, baina jaio aurretik. Hautua delarik, askatasuna ere bada. Baina hautu hau, bilakaerak erabat mugatzen duen denborazko existentziatik landa burutzen da. Platonek metenpsikosiaren ideia erabili du bere mitoan: hautua berritu egin daiteke, eta, era berean, desberdinak izan daitezke hautuak. Kojeveren ustez, hala ere, hipotesi honek ez du leku erosorik Platonen sisteman, denboratik kanpo denak gorabeherarik onartzen ez duelako sistema horretan. Denboratik ateko eternitatearen (jainkoaren) eta egile askearen arteko loturak bermaturiko hautu bakarraren kontzepzioa teologian ere ageri ohi da. Denboratik beretik kanpo jarduteko erabakia behin betiko hartu duen aingeruaren ideia da, jainkoaren alde (aingeru bertutetsu bilakatuz) nahiz aurka (aingeru erori edo deabru bilakatuz).