Bizimoduak
Aurrekoan Hegeli eginiko kritika gorabehera, maiz errepikatuko du lehen Kojevek Hegelek mamitu duela historiaren amaiera, jakintsu izan baita, eta ez soilik filosofo, aurreko pentsalariak bezala. Bizimodu zuzenaren bilatzeak ere aitzina egin du historian: Platonengandik hasi eta, Aristoteles eta Kant tarteko, Hegelek burutu du.
Platonen Jainko transzendente ez haragituak munduari uko egitea eskatzen zuen. Benetako platonikoak ahal adina mugatuko du bere jardun biologikoa, halaber soziala eta politikoa. Erretiratu egingo da monastegiren batera eta ez du gizarte gorabeheretan esku hartuko. Ez da beste platoniko bakartiekin harremanetan jarriko ez bada haiekin Dialektika praktikatzeko. Baina Dialektika hau soilik estasi bakarti eta isilera iristea ahalbidetuko dion heinean erabiliko du. Horixe da Akademiaren zentzu existentziala. Monastegi kristau zein islamiarra platonikoak dira
Aristotelesen Jainkoa ere transzendentea da, baina hala ere gauzatua (Zeruan, hori bai). Horrek erabakiko du eskola peripatetikoaren ikuspuntua bizimoduaz. Aristotelikoari ere ez zaio estatua axola eta gizartetik bakartuko da. Baina ez du aszesia landuko, ezta estasi mistiko isila ere. Zientzia Aratza jorratuko du, eta hau egiazko aristotelikoarentzat ez da Astronomia baino.
Hala erakusten du gainera Historiak: estoizismoak (aristotelismoaren aldaki bat: Kojeverentzat estoikoak izan dira aristotelikorik koherenteenak) funtsean Astronomia ikertu zuen. Estoikoen Eskolak, bere horretan, ez du inongo zerikusirik ez gizartearekin ezta estatuarekin ere, Senekaren eta beste estoiko batzuen abenturak gorabehera. Zinezko estoizismoak ezin zuri lezake jardun biologikoa (ezein estoikok ez du txorta bere egingo, bere betebehartzat joko); era berean ezingo du estoiko jakin batzuen aritze sozial eta politikoa zuritu.
Egia adierazteko orduan, peripatetikoak uste izaten du aski litzatekeela Aristotelesek esanikoa poxi bat osatu eta errepikatzea.
Kantismoaren gizartean berriz egiaren bilatzea amaigabeko eginbehar duzu, ez errepikatze. Kojevek Bayleren Letren Errepublikarekin alderatzen du: ez aristotelikoek ez kantiarrek lortuko dute gizartera eta historiara jauzi egitea.
Horrenbestez, Hegelena dugu pentsaera bakarra egiazko jarduera sozial eta politiko batera bidera gaitzakeena ("iraultzailea" edo "marxista", zehaztuko du Kojevek), historia zeharo amaitu ez den bitartean bederen.