Kant eta Hegel
Hegelek, kontzeptuari buruzko bere teorian, Kantek "Eskematismoa"n azaldurikoa zehaztu eta aldatu du. Kantentzat, kategoriak dagoenari (Sein) aplikatzen zaizkio, denbora eskema gisa ematen zaigulako, hau da, ararteko edo bitarteko bezala. Baina bitartekotasun hau pasiboa da, intuizioa. Aldiz, Hegelenean bitartekotza aktiboa da: Tat edo Tun da, dagoena ezeztatzen duen ekintza, borrokaren eta lanaren aktibitatea. Eta dagoenaren ezeztapen hau, orainaldiaren ezeztapen aktiboa, proiektuaren denbora da, denbora historikoa. Honela, nola Hegelenean hala Kantenean, denbora da kontzeptua dagoenari aplikatzea ahalbidetzen duena.
Baina hara zergatik hobesten duen Kojevek Hegelen ikuspuntua: Hegelentzat, pentsamendu kontzeptuzkoaren denbora-bitarteko hori, gauzatua dago. Mugimendu bat da hain zuzen, mugimendu dialektikoa, aktiboa, ezeztatzailea, dagoena aldatzen baitu, berria sortzen baitu. Hegelen ustez, gizakiak Izatea edo dagoena uler eta azal dezake, kontzeptuaren bitartez eta beronen arabera Izatea edo dagoena eraldatzen duelako. Giza proiektua kontzeptuzkoa da funtsean. Dagoena, eman zaiona, kontzeptuzko proiektuaren arabera bereganatzen du gizakiak. Baina jaso duguna proiektuaren arabera moldatzea bera da hain zuzen ere ekintza kontziente eta borondatezkoa, Arbeit eta Kampf den Tun-a.
Kantentzat, dagoena kontzeptuarekin bat dator, eta denboraren bitartekotzak batetik bestera bata zein bestea aldatzeke igarotzea ahalbidetzen du soilik. Eta horrexegatik ezin digu Kantek azaldu dagoenaren eta kontzeptuaren arteko adostasuna: harentzat datu bat da, alegia, halabeharra, azarea (transcendental Zufakigkeit).
Hegelek, aldiz, adostasun hori azaldu egingo du: prozesu dialektikoan datza. Kojeveren filosofia-fikzioaren arabera, historia amaitzean hitzezko proiektuarekin bat etortzeraino bilakatuko da dagoena, ekintza ezeztatzaileak dagoena proiektu haren arabera eraldatuko baitu.
Beraz: Kantenean denbora eskema eta intuizio pasiboa da; Hegelenean berriz mugimendua, ekintza kontziente eta nahimenezkoa. Ondorioz, Kantenean kontzeptua edo a priori-a nozio bat da, gizakiari ahalbidetzen diona dagoenarekiko adostasuna: Hegelenean, aldiz, kontzeptu apriorizkoa proiektu bat da, gizakiari dagoena aldatzea permitituko baitio. Horrela, dagoena proiektuarekin bat egiteraino bilakarazten saiatuko da.