Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zentzu hutsa. Desberdinaren berdintzea

Zentzu hutsa. Desberdinaren berdintzea

mzap 2006/11/12 15:59

Atzoko pitxer hori, inoiz eta inon existitzen ez dena, eta, horrenbestez, inolaz ere existitzen ez dena, hautsiriko gisako existentziarekin oraindik hasi barik, baina oso gisa existitzeari utzi diolarik, bada, izan, eta, ezerez hutsa izan beharrean, pitxer bat da, eta pitxer zehatz horixe bera hain zuzen ere. Guztiz izango ez balitz, pitxer apurtua bat letorke pitxer osoarekin, pitxer “biok” ez baititu ezerezak elkarrengandik bereizten. Hala ere, pitxer hautsia inola ere ez dator bat pitxer osoarekin, azken honen barruan, esate baterako, ardoa sar baitaiteke, eta aurrenekoan berriz ez. Orain biren arteko pitxerrak zerbait izaten jarraituko balu, baina, bitartean, pitxer izateari utziko balio, hautsiriko zerbait hori bestalakotu eta osorik zen zerbait horretatik guztiz bereizi eta desberdinduko litzateke. Baina, horrela balitz, “hautsiriko zerbait” hori ez litzateke pitxer hautsia izango, eta pitxer bat ez litzateke inoiz hautsiko, Kojèveren hipotesiak eta zentzunak dioenaren aurka.

Hortaz, jarraikako orain bion arteko bitarte horretan, pitxerrak kokagune eta aldi tarte batean existitzeari uzten diola esan beharra dago, hala ere zerbait ez ezik pitxer bat edo are pitxer horixe bera izateari uzteke. Izaki enigmatiko horri Kojèvek ZENTZU deituko dio. Eta nabarituko du gizakioi ezinezko gertatu zaigula pitxer hori Kojèvek ZENTZU deritzona dela esan barik zer ote den azaltzea, kontraesanik gabe.

Zentzua, hortaz, izan liteke alde batetik gauzazko existentzia bati era askaezinean loturiko esentzia, eta bestetik edozein morfemari era arbitrarioan loturiko adiera; halatan, zentzua egia bakar eta osoaren atal litzateke. Eta existitu, alegia, nonbait eta noizbait gauzatu, morfema gisa existi liteke, adieraren bitartez, eta halaber gauza natural gisa, esentziaren bitartez.

Izatea badena baldin bada, bera, berdina; eta hutsa berriz bestelakoa baldin bada, desberdina; orduan hirugarren osagaia, bitartekaria, Izatetik hutsera eta hutsetik Izatera doana, denbora-espazioa izango da Kojèverenean. Espazioa berdinaren desberdintzea baita funtsean; eta denbora, desberdinaren berdintzea. Dakusagun: espazioa eratzen duten puntuak, berdin-berdinak dira, puntutasunari dagokionez; soilik bereiz ditzakegu, aldi berean alde desberdinak betetzen dituztelako. Eta espazioa ez da berdinaren desberdintze osoa baizik.

Era berean, berez desberdina dena, leku desberdinetan dauden puntuak adibidez, soilik denboraren joanean etor litezke bat izatera, berdintzera, identifikatzera. Bestelakoaren identifikazioa baita denbora. Halatan, denbora eta espazioa hain daude uztarturik, Kojèvek uste baitu Parmenidesek, Izatea esferikotzat jo zuelarik, aldi berean denborabakoa dela azpimarratuz, lapsus bat izan zuela apika. Izan ere, askoz ere hobeki letorkioke hedadurarik gabeko puntu izaera Parmenidesen Izateari.

Nolanahi ere, Kojèveren esanetan, egia ez da eternitatea, ez da bat; ez da eternala, ez da harremana, ez da bi; egia, Kojèverenean, denbora bera da, hiru.

Denbora desberdinaren berdintzea baita. Bestalde, esentzia berdina, zaldi esentzia adibidez, hainbat izaki desberdini dagokio, hainbat zaldi kopuruz mugagaberi. Hemen ere, hortaz, desberdinaren berdintzea dugu. Orobat, izen jakin bat, izenaren adiera zehazkiago, hainbat izaki desberdinetan gauza daiteke, zaldi, cheval, caballo berbarako, kopuruz mugagabeak halaber. Izena morfemetan da gauzatzen eta desberdintzen; izenari dagozkion gauzak, berriz, beren existentzia enpirikoak desberdintzen ditu. Sail bereko gauzaki desberdinak, esentziak berdintzen ditu; izen bera gauzatzen duten morfema desberdinak, aldiz, adierak ditu berdintzen.

Adiera eta esentzia bat datoz, bata besteari dagokio. Hortaz, esan liteke berdinak direla. Hala ere, aldi berean, adiera esentzia ez bezalakoa da, esentziaren desberdina. Ondorioz, hemen ere berdinaren desberdintzea eta desberdinaren berdintzea genuke.

Izan ere, esentziaren eta adieraren arteko desberdintasuna, honexek erabakitzen du: esentzia, existentzia natural bati dago lotua; adiera, berriz, izaki magiko bati, hots, morfema bati. Eta adieraren eta esentziaren desberdintasunean berdina dena ZENTZUA da, ager litekeena morfematik bereiziriko adiera gisa edo existentziatik bereiziriko esentzia gisa.

etiketak: globalizazioaz
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.