Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Pitxerra apurtukeran

Pitxerra apurtukeran

mzap 2006/11/11 11:01

Kojèveri pitxer bat erori zaio, hautsi egin da. Pitxer osoa zeukan eskutan; hondakinak baizik ez daude lurrean. Non dago, baina, orain, pitxer osoa? Orain ez dago eskutan, eskuak hutsik baitaude. Zoruan ere ez dago, bertan ez baitugu pitxer txirtxilatua baino. Eta, arretaz bilatuz gero ere, ez dugu inon aurkituko lehen osorik zegoen pitxerra. Hala ere, pitxer osoa nolabait bada, ez baita ezerez hutsa (hor ez baita pitxerrik, ez osorik ez hautsirik); beraz, puskatu ostean ere, nolabait osorik da, izan. Pitxer oso hau garbi bereiz baitezakegu hautsiriko pitxerretik, baita gainerako pitxerretatik ere. Eta, bera ez den guztitik bereiziz, adiera bakarrez identifika dezakegu.

Lehen gogoko bagenuen, orain ere izango dugu: “galera” konponezina izan daiteke, pitxerra ordeztezina izan baitaiteke, pitxer honexen ordezko beste edozein pitxer beste bat bailitzateke ezinbestean. Galdu egin dugu. Badakigu ez dugula beste inon aurkitu ahalko.

Dena den, nolabait badagoela onartu beharra dago, zer den esan baitezakegu oraindik; aldiz, ezerez hutsaren gainean ezin dezakegu deus ere esan. Maitea hil ondoren, haren “oroimena gorde” dugula esaten dugu, zenduaren izena ez dugula oraindik galdu. Izen honek, beste edozein izenak bezala, adiera bat du. Horrela, pitxer osoak, behin txirtxilaturik inon existitzen ez denak, izen baten adiera gisa dirau, zegoen kokagunetik eta beste edozein kokagunetik ere banatu baita.

etiketak: globalizazioaz
Patxi
Patxi dio:
2006/11/18 04:06

Filme batean ikusi nuen behin: medikuak esaten zion gaixoari besoa moztu behar ziola. Ez zeukala beste erremediorik, biziko bazan.

Gaixoak ezetz. Nahiago zuela hiltzea.

Ume bat pasa zan ondotik. Ez zuen ulertzen gizonaren erabakia. Aldameneean zuen aitonak zerbait erantzun zion, gizonaren erabakia ulergarri egiten zuena, baina ez naiz gogoratzen zoritxarrez zer izan zan. Jakin-min horrekin bizi naiz aspalditik.

Kontua da, gaixo hark pitxerra osorik baino ez zuela amentitzen. Osorik ez bazan, zentzurik ez zuen bere bizitzak.

____

Beste gogoeta bat: gizakiok, bizi gintezke gorputz adarrik gabe; sudurrik gabe, belarririk gabe, begirik gabe. Beste baten gibelarekin, giltzurrunekin, bihotzarekin... Burua da pitxerraren atal bakarra, benetan ordezkaezin eta ezinbesteko zaiguna.

Bera gabe, izango ginateke, egia, ondo diozun bezela, baina ez gure baitan, beste batzuenean baizik.

Edo auskalo.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.