Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Harkaitz K. Dick

mzap 2007/07/06 10:09

Philip K. Cano nuen ipinia, baina egokiago Harkaitz K. Dick, oihartzun eskatologikoak saihestuta.

Joan den hilabetean ikusi genuen euskal idazle batzuek ziminoari lotzeko gizakiaren era berezi bat nabaritu dutela: Txillardegik ziminoarekin nahastea, zimino bilakatzea; Iturbek ziminoagandik bereiztea; Garcia Vianak ziminoa erabiltzea.

Harkaitz Canoren Neguko Zirkua ipuin liburuko “Elephant Terrible” ziminoarenganako amodioak mugituko du, pasioak. “King Kong”en zimino arrari egin zitzaion ezinezko emakumea maitatzea; ordainez, Canorenean ezinak giza amodioa itoko du, zirku bateko bezatzaile Linoren amodio zaila. Euskaldunok bezala, ziminofiloak ere erreprimiturik baitaude. Ondorioz, gehien sufritzen dutenak ziminofilo euskaldunak izango dira noski.

Canoren ipuinean Gorky, zirkuko langile bat, tiroz hilik agertu da. Linoren errebolberra erabili dute. Gainera, Gorky azken aldian Linoren emaztearekin zebilen.

Linok aurrena aitortuko du tiroa istripuz atera zela, pistola garbitzen ari zenean; baina gero Bruno txinpantze arrari leporatuko dio hilketa. Errebolberreko hatz markek arrazoia eman diote, txinpantzearenak dira...

Baina ez Brunorenak!

Elsarenak baizik.

Bere gezurren bidez, Linok Elsa babestu bide du. Linok ez baitu Bruno maite, makinaz idazten duen munduko zimino bakarra izan arren, baizik Elsa, zirkuko izarra, labana-jaurtitzaile pertxenta.

Linori galdeketak egiten dizkion komisarioak ez du lortu Lino zigortzea, nahiz uste duen Linok Elsari errebolberra erabiltzen irakatsi eta Gorkyri tiro eginarazi ziola, terminologia klasikoaz esateko kontzienteak inkontzientea baliatu zuela.

Aske utzi zutela irakurri zuen egunkari berean, komisarioak beste albiste bat ere irakurri zuen: eskizofreniko bi ezkondu ziren. Bataren lagun imajinarioa Paulova dantzaria zen eta bestearena banpiro bat. Azkenik eskizoek Paulova eta banpiroa ezkonaraztea lortu zuten, eta beraiek ezkontzeko libre geratu.

Zizek leninista modernoaren ustez, eskizofreniarik gabeko bikote hetero askoren oinarrian protomamu hau genuke: emakumeak konplikaziorik gabeko zimino ar indartsu agortezin bat du amets, “Max, mon amour”, ez ahul neurotiko ezindua baizik piztia potente bat; eta gizonak berriz esaneko cyborg bat, panpina perfektuki programatua, robot otzana, ez diona ezustean eta era kapritxosoan errietarik egingo, “Androideek ardi elektrikoekin egiten ote dute amets?” eta “Blade Runner”ekoen antzekoa.

Zimino arra emakumezko androide batekin txortan: horra larrua jotzen ari den edozein bikote arruntaren itzal espektral eta euskarri fantasmatikoa. Ziminoa eta cyborga: desleialtasunaren inongo beharrik ez lukeen bikote posmoderno biribila.

Dena den, emakumeak zimino arra badu amets, eta gizonak berriz ziberremakumea, galde liteke halaber zer arraio ote duen amets ziberremakumeak, edo, Philiph K. Dick-en liburu ospetsuaren izenburua errepikatzeko, “Androideek ardi elektrikoekin egiten ote dute amets?”

Eleberri horretan Luba Luft androide emakumezkoa ageri da. Laser tiro batez hil dezaten baino lehen museo batean dago, Edward Munchen “Nerabezaroa” margolanari begira. Neska bat erakusten du ohe ertzean eserita, biluzik, eskuak magalean gurutzaturik, harrituta eta izututa.

Orduan Luba Luftek esango du humanoen baitan badela zerbait misteriotsua eta hunkigarria, horri begiratzen diola beti, humano izan nahi lukeela, gorroto dituela androideak. Emakumezko humanoen nahiak eta gogoetak imajinatzen dituela behin eta berriro, haiek imitatzeko, haiek bezalakoxea izan nahi baitu.

Cyborg eme garrantzitsu batek behintzat emakumezko humanoa du amets. Andre humanoa funtsezkoa da haren oinarri fantasmatikoan.

Ordea, cyborg emea nekez helduko da jakitera andre humanoa amets duela eta erakargarri zaiola besteak beste andre humanoak bere aldetik zimino arra amets duelako, etengabeko amets horrek egituratzen baitu bere nortasuna eta misteriotsu eta hunkigarri bilakatzen, Zizeken burutapena egia bada bederen.

Zentzu honetan, eta amaitzeko, onartu behar Txillardegik berriro ere asmatu duela honako hau idatzita: “Gizartea zoo mota bat da. Edozein bikote pittin bat aztertu eta berehala nabarituko duzu piztia kaiolatua eta tximuaren mamua”.

Ziminofiloen pudorea

mzap 2007/07/05 17:59

Zoofiliaren unibertsoan bada datu deigarri bat: txinpantzea eta gu oso gara hurbilak, ia berdina dugu genoma, baliteke behiala sexu harremanak elkarrekin eduki izana...

Hala ere, zoofiliarako oroz lehen zaldia eta zakurra maite ditugu.

Epelago, baina ahuntza, sugea eta arraina ere bai.

Ziminorik ez ordea, edo apenas.

Hori ikusi dut bederen Interneten.

(Zoofilia ziminoarekin, sarean aipatu egiten da, baina doinu nolabait esan zientifiko batez; ez dira haatik zoofiloak berotzeko moduko bideoak jartzen.

Bestalde, Ann Althouse-k "datu zientifiko" gisa saldu nahi den ideia arraro bat eztabaidatzen du: gizona ez bezala, andrea berotu egiten ei da ziminoak larrutan ikusita.)

(Bide batez, bista-bistakoa da zoofilia weborrietako emakume asko behartu egin dituztela aberearekin txortan. Eta neskatxak dira maiz. Uste dut ez dagoela tabu estetikorik ez politiko-ideologikorik, baizik soilik afektiboak. Eta irudi horiei begiratzeak taburen bat ukitu dit antza: goibelaldi hau...)

Harira. Zergatik agertuko ote dira askoz ere sarriago (eta beraz, pentsa liteke, erabili ere bai) zakurra eta zaldia txinpantzea baino, nahiz hurbilago dugun?

Leire Narbaiza adituak “Eibartarrak” foroan idatzi duenez, preseski, "hain iguala izanda, ez dabe zoofilixia danik konsiderauko."

(Ildo berean, Arnaldo Otegik telebistan kontatu zuen lesbiar batek aitortu ziola gizon batekin oheratzea bestialismo hutsa zitzaiola.)

Imanol Trebiño liburuzainak hurbiltasun genetikoa eta fisikoa bereizi ditu: “neri gertutasun kontua emoten desta. Zer dago "gure kulturan" gertuen? Ez genetikoki, fisikoki. Etxabereen artean ez da tximinoa sartzen, eta tximino bat lortzeko... zirko batean ez bada... zootan begittuta... Madrilen edo gertuen?”

Aldiz, anonimotasuna gorde nahi duen emakume batek Narbaizaren bidetik berdintasuna funtsezkotzat jo du ziminofiloen uzkurtasuna ulertzeko orduan, baina bestelako ondorioak atera ditu.

(Nabaritzekoa da, ezusteko handia izan ez arren, hiru emakumeek –Leire Narbaizak, lesbiarrak eta anonimoak- gizonaren eta ziminoaren arteko antza azpimarratu izana eta Trebiño gizonak berriz urrutitasuna, bizilekuari dagokiona baizik ez bada ere.)

Andre anonimoak idatzi dit garbi sentitzen duela zergatik baztertzen den ziminoa: ahuntza, sugea, zakurra, zaldia eta arraina gu ez bezalakoak dira zeharo, eta urrutitasun horrek gizagabetu egiten ditu, erdi dardaragailu bihurtu.

Txinpantzeak gurekin duen antzak berak bilakatuko luke munstrotsu, intzestu eta izugarri harekiko txortaldia.

Trebiñorentzat hortaz normala da hurbilen duguna, eskura, erabiltzea; emakume anonimoari berriz itxurari, jokabideari eta genomari dagokienez hurbilen duguna erabiltzea munstrotsu zaio. Hipotesi bateragarriak dira, arazo desberdinek elkar osa dezaketen heinean. Nolanahi ere, ideiok zehaztu nahi izanez gero ikerketa eraman beharko genuke aldi berean zoofilia irrikaz hedatua eta zimino ugari luketen lurraldeetara, ez dago beste irtenbiderik. Eskainiko dute beharbada bekaren bat Turismo Sailean edo Hezkuntza Sailean edota Maitasun Sailean.

Dena den, dauzkagun datuak aztertuta, egia da zoofiloentzat ziminoak ematen duela, animalia ororen artean, lotsagarriena.

Emakume anonimoak iradokitakoaz gain, izan liteke bestelako arrazoirik? Zoofilo guztien artean berez izango dira herabeenak agian ziminofiloak? Zergatik?

(Gizonak Nietzscheri lotsa eragiten dio, gizona edozein zimino baino ziminoago omen baita. Lotsa ospetsu hori ulertzekotan, pentsalariaren ziminofilia erreprimitua suposatu beharko genuke apika?)

Auskalo. Dena den, deigarri gertatzen da hainbat bestialismo weborritan “horse suck”, “dog fuck”, “snake sex” edo “Cicciolina inculata dal cavallo” lasai asko aipatzen diren bitartean, ziminofilia argazki eta bideo urriak “bestiality sex” edota “exotic porn” zehaztasunik gabeko izenburu engainagarrien pean agertzea.

To Malatesta!

mzap 2007/05/08 17:23

Errepikatzen digute arazoei buruz hitz egiteak arazoak konpontzeko orduan gehiago laguntzen duela isiltzeak baino, komunikazioa eta kontsentsua laudatzen dizkigute: Habermasen zaleen eta psikologo askoren eraso orokorraren aldeetako bat da. Ordea, alemanek dioten bezala, mintzatzea zilarra da, baina isiltzea urre.

Bikotearekin bizitzeko orduan bestearen mugak ezagutzea, eta norberarenak, ez da erabaki, itun edo solas baten ondorio izaten, baizik eskarmentuaren.

Etengabe komunikatu beharrak arazo artifizialak asmatu eta puztea dakar, sarritan ez baitago komunikatzeko gauza handirik.

Komunikazioak baino gehiago laguntzen du bikotekidearen sekretuenganako begiruneak.

Gure artisten artean bikotekideen arteko komunikazioa eta inkomunikazioa ausardia eta zehaztasun handienaz aztertu duena Ramon Saizarbitoria idazlea da, bereziki “Hamaika pauso”, “Bihotz bi” eta “Gorde nazazu lurpean” liburuetan.

Garrantzi handia ematen dio egiaren adierazpenari. Zenbaitetan protagonistak sentituko du bikotekideari egia garaiz esan ez izanak usteldu duela harremana.

Beste batzuetan berriz egia desorduan edo lekuz kanpo esateak dakar hondamendia.

“Bi bihotz, hilobi bat”en, “La comunicación en la pareja: claves del éxito” irakurri ondoren, bikote protagonistak erabaki du papertxo batean idaztea bestearengan ezatsegin zaiona baina artean aitortzen ausartu ez dena.

Gizonak, ondorioen beldur, orokorkeriak eta lelo kurtsiak baino idazten ez dituen bitartean, andreak gogor joko du iltzea: “nazka ematen didate zure hortzek, zikinak diruditelako”, edota “me da asco cuando me tocas las tetas y me besas en el cuello”.

Era berean, “Bihotz bi”n, bikotea bolada eder bat igarotzen ari dela, besteari egia esateko zinak Florari aitorraraziko dio biok bakarrik egin zuten bidaia ofizialki zoragarri batean, Italian, autobusean zihoazela, zutik, gizonak Florari Malatestako gazteluaz azalpen historiko jantzi bezain luzeak ematen zizkion bitartean, italiar bat Florarengana atzetik hurbildu eta zakila ipurdian itsatsi ziola, eta Florak gustura bertan goxo utzi.

Protagonistak aurrerantzean ezingo du burutik uxatu berak emazteari datu interesgarri horiek ezagutarazi bitartean italiar maltzurrak ziur aski bere baitarako “To Malatesta!” errepikatuko zuela barrez.

Saizarbitoriak dioenez, “idealizatu ohi da egia, eta batzuetan ez da errepide ertzean lehertutako arratoi bat baino.”

Lunbago maite

mzap 2007/05/07 19:19

Lehengo txandan Bilbo inguruan lan egiten duen detektibe pribatu batek kontatu zidan orain dela hamar urte batez ere bikotekidea zertan ote zebilen kontrolatzeko ordaintzen ziotela. Oroitzen zen behin batean harakin bati harategian bertan erakutsi behar izan zizkiola emaztearen infideltasunaren frogak, argazkiak. Egundoko ikara pasa zuen, harakinak garrasika labana eta zerra hartu eta dena txikitzeari ekin ziolarik, eta saltxitxak eta san jakoboak hormaren aurka jaurtitzeari.

Orain dela bost bat urtez geroztik ordea infideltasuna ez omen da inolaz ere kezka nagusia. Orain detektibe pribatuei batik bat langileen bajak egiazkoak ote diren kontrolatzeko eskatzen diete. Bai baitira lunbagoa bezalako eritasunak, gaixoaren hitza dutenak berme bakar. Horregatik zabaldu da horrenbeste “lumbago, la enfermedad del vago” esamoldea.

Gure gizartea nekatzen ari dela adierazten ote du aldaketa horrek?

Ez dut uste.

Egia da desleialtasunari dagozkionak oro har komedia kutsuko kontu bizi-biziak izaten direla (halaber barregarriak, protagonistentzat izan ezik), eta maitaleei kemen handia eskatzen dietela.

Baina lunbagoa asmatu eta eri itxurak eginez enpresaren detektibeari arrastoa galarazteko ere bizi indar handia behar da…

Edozein gisaz sintesia da inongo ahulezia zein atsedenik onartzen ez duena, sintesia, hots, amoranteaz luzaro gozatu ahal izateko asmatzea lunbagoa eta eustea iruzurrari.

Eman dirua eta utzi bakean

mzap 2007/04/29 21:19

1-Espainiako Gobernuak, oposizioak, Eusko Jaurlaritzak eta ezker abertzaleak ezikusia egiten diete politikan erabil ez ditzaketen biktimei. Espainiako Gobernuak eta gaur egungo oposizioak, Gobernuan zelarik, zuzen-zuzenean eragin dituzte hainbat biktima. BVEren biktimek, GALen biktimek, torturaren biktimek Estatu espainola dute erantzule.

Basatiki torturatu dituzte arestian Endika Zinkunegi eta besteak. Imazek indarkeria kondenatzeko aukera ederra galdu du.

Espainiako Estatuaren azpiegitura politiko gordea tortura da. Estaltzen ahalegintzen dira eta ez dute zigortzen, espainiar gehienek onartzen baitute.

Hala ere, Estatuaren biktima hauek badute kontra-botere baten babesa, ezker abertzalearena. Honek ere bere biktimak oroitarazten ditu eta besteak ez horrenbeste.

Larriena hirugarren taldearena da. Itxuraz Mikel Aramendik baino ez ditu paria zokoratu horiek gogoratzen: Alonsotegikoak, Ametzola plazakoak, errorez hiliko ijitoak, komisariatik igaro eta bizia hautsi dieten izengabeak…

2-Ibarretxe barka eske etengabea bilakarazten ari da politika. Eta bere Jaurlaritza eroso, katoliko baitira bertako ezkerraldeko komunistak ere. Besteak beste, barkazioa eskatu berri dio tentuz aukeraturiko biktima talde bati. Zapaterori berriz Gernikakoagatik euskaldunoi barkamena eskatzeko exijitu dio. Bestalde, beti eskatu izan dio Batasunari ETA kondenatzeko.

Politikagintzaren bihotzean hizkera erlijioso hori eta barkamena eskatzeko halako grina kokatu dituenez, zilegi dirudi Ibarretxeri berari iradokitzeak, atrebentziarekin, zein litzatekeen barkamen eskaera bat bere kasuan handitasun moral jator petoa leukakeena, amorragarri zaion zerbait gaindituko lukeen heinean:

“2004ko martxoaren hamaikan modu larrian tronpatu nintzen. Madrilgo atentatua ETAri leporatu nion, oso mintzamolde zakarra erabiliz. Giro histeriko bat sortzen lagundu nuen. Zenbait orduren buruan, giro horrek bultzatuta, Iruñean, Polizia Nazional batek okin umil bat, Angel Berrueta, hil egin zuen. Tamalez, onartu behar dut badudala, hilketa hori dela eta, nolabaiteko erantzukizuna, nahi gabe eta zeharka izan arren. Barka eskatzen diet senideei eta bereziki alargunari.”

3-Baliteke Euskaldunakoa bezalakoen bidez biktima batzuen mina zintzoki arindu nahi izatea, baina aldi berean gure kontzientzia ausikia goxatu beharrak, bide batez gure zintzotasuna espektakulu bilakatuz, ez ote du errotik uhertzen asmo eder horren gauzatzea?

ETAk hilikoen senideei barkamena eskatzea, politikoki egin beharrekoa izango da ziurrenik, baina Ibarretxerentzat errazkeria hutsa ematen du. Ibarretxe bera bi bider ageri baita halatan txintxo, eta hauteskunde bezperan: batetik, “nik ez nituen hil, nik ez dizuet minik egin” adierazten du; baina gainera “eta orain barkazioa eskatzen dizuet, isilik egon naizelako.”

Ikaragarria da biktimaren patua: aurrena, maitea hiltzen dizute edo zeu zauritzen. Eta hurrena hor datozkizu politikariak eta enparauak barka eske: errudun sentitzen omen dira, isilik egon direlako.

Hori ez da batere delikatua ordea. Diskrezioa isila izaten da. Eta biktima guztiak desberdinak, halaber mina toreatzeko bakoitzaren era. Jaurlaritzatik eta jendartetik espero dutena edo jaso nahi luketena legetxe.

Horrela, biktima askori on egingo dion arren Euskaldunako aitorpen publikoak, zoritxarrez ongi dakit ETAren beste zenbait biktimak honelako zerbait sentitzen duela: “gainditzen hasia nintzen hildura, burutzen dolua, eta orain, zure arazo psikologiko bat dela eta, isilik egoteagatiko zure erru sentimendua dela eta (zeure sentimendua, ez nirea), zaurian ozpina bota eta oinazea berpiztu didazu. Noiz eta hauteskunde bezperan eta jendaurreko telebista ikuskizun batez.

Utzi bakean. Errudun sentitzen bazara, emadazu dirua, ahalik eta gehien. Baina ez nazazu erabili. Doazela pikutara onkeriazko zeremonia lizun horiek oro.”

Arantxa Iturberen menpekotasuna kili-kolo

mzap 2007/03/18 09:05

Arantxa Iturbek “Txarli” txinpantze tabakozalearen gaineko artikulu bat idatzi zuen "Berria"n, 2005eko apirilaren 24an. Hemen duzu

Bertan aitortu zigun osasun erakundeek eragin beldurra eta poltsikoko zuloa gorabehera, ezin izan duela tabakoa utzi. Edozer probatuko zuen ziur aski Iturbek: partxeak, hipnosia, pilulak...

Halako batean, telebistan, Rosset-ek “le miroir animal” deritzona: Txarli txinpantzea zigarreta esku-ezpainetan estilo handiz erabiliz.

Iturbe luzaro gelditu zaio begira, harriturik. Badirudi azkenik nikotina partxeek eta autosugestioak lortu ez zutena eskura duela, Iturbek bere buruari erretzeko orduan Txarlirekin sumatu dion antzaren kezkagarriak drogamendetasunetik askatuko duela.

Iturbek ilunki uste baitu zigarretak pertsonago egiten gaituela, ziminoagandik bereizi, animalia gainditu, gizatasunera igo.

Baina horra Txarlik telebista ispilu bihurtu. Eta Iturberen lehenbiziko erreakzioa: baldin erretzeak ziminoarekin berdintzen banau, utzi egingo dut.

Adikzioa ikaragarria da ordea. Iturberen defentsa mekanismo guztiak alerta gorrian jarriko ditu, abante arrazoimena eta irudimena. Atxikia atxiki beharrak, alegiarra ikerlari, detektibe eta filosofo bilakaraziko du.

Iturberen galdara dardaratiaren arrazoibideen ondorioetako bat izango da Txarlik ezin duela erre ez bada gizakiaren bitartez. Erabateko aberetasunarekin parekatuko balu erretzeak, Iturbek utziko omen luke. Baina gizakiak nolabait esku hartu behar duenez, Iturbek erretzen jarraituko du.

Txillardegirengan eta bere hainbat pertsonaiarengan animaliatasunaren nostalgia nabari den bitartean, giza konplikaziotik atseden hartuta aberearen patxada sinplera itzultzeko jorana, Arantxa Iturbek urduri aldenduko du txinpantzearekin identifikatzeko aukera, amesgaiztotzat joko du.

Halatan, “Txarli”ren ostean Orain “Congo” eman digu.

“Congo” txinpantze pintorearen hiru margolan enkantean jarri dituzte. Aldi berean Iturbek berak eta hainbat adituk giza jendearen tximutze orokor bat diagnostikatu dute.

Eta berriro ere Iturberi gizatasuna galtzeko aukera gogorregi egingo zaio nonbait, eta artikulua burutuko du eskatuz, jendea eta ziminoa nahastuko liratekeen etorkizunean, bezatzaileak berari banana luzatzean, eskuan haginka egiteko aski buru argitasun.

Buruzagi jeltzaleen matrailak

mzap 2007/03/15 18:05

Euskaldunen artean forua baino zaharragoa da agintea ar-ezaugarri nabarmenak dituen gizonari ematea. Ez dirudi indoeuroparren eragin hutsa, txinpantze taldeek berdin dihardute.

EAEn boto gehien jasotzen duen alderdira mugatzearren, tradizioak agintzen du jeltzaleen buruzagiak matrailezur eta kokots sendoduna izateaz gain begien bistan erakus dezan: Agirre, Irujo, Ajuriagerra, Sodupe, Arzalluz…

Baina haustura bat gertatu da berriki: gaur egungo noraez eta zalantzak Imazen matrailaren inkognitari zor zaizkio beharbada, bixarraz tapatzen baitu.

Historiaren astunak, halatan, jeltzaleen zinezko buruzagia bilatzekotan, EBBkideen matrailezurrak aztertzera bultzatzen gaitu, eta eztabaidaezina da emaitza: Urkulluren kokotsak Imazenak baino artezago lotzen gaitu Arzalluzen eta Ajuriagerraren sokarekin. Gaur egun Urkullu da benetako agintaria.

Bestalde, jeltzaleen inguruko Izaronews.com webgunean, txitean-pitean, Ibarretxeren eta Imazen arteko xextrak direla eta, Imazek Ibarretxe egotziko balu -sozialistek atsegin ez dituzten ekimenekin tematzeagatik-, Josune Ariztondo jo izan dute Ibarretxe bota osteko lehendakaritzat. Berehala Jose Luis Bilbaori emango lioke lekukoa.

Matrailezur jeltzaleen Historian zail da Ariztondorena kokatzea. Baina ematen du alderdiaren ohiturak aldaketa sakon bat beharko lukeela ondarrutarraren kokots finari agintaritza onartu ahal izateko.

Memeturik

mzap 2007/03/14 08:45

Ezustean eta larriki memetu naute Leire Narbaizak eta Jon Martinek. Hurrenez hurren, beren Kalamuatik Txargainera eta Sorbatza. Zorrak sor -en bidez endilgatu didate MEME delako hori eta dagokidana idatzi baino lehen beste bost blogariri pasako diet:

Markel Anasagasti "Anasintxa"ri, Mundekar baten bitakora

Ugutz Falzesi Harribolasetik zuzenean

Leire Narbaizari Kalamuatik Txargainera, erraz asko gogoratu edo asmatuko baititu beste bost.

Patxi Gaztelumendiri

Jon Regueirori Looking for my own religion

Bakoitzak bere bizitzako bost pasadizo kontatu behar lizkiguke, guretzat ezezagunak.

Adibide zirraragarria, Asel Luzarragaren Nasmastarraren apunteak -eko Memelotzat har nazazuen

Bertikaletik horizontalera

mzap 2007/03/07 09:23

Gure gaztaroan kulturaren adierazpenik indartsuena kontrakultura zen eta lehenagoko belaunaldien aurka egituratu zen. Orain berriz belaunaldien arteko aurrez aurreko gatazkari muzin egiten zaio oro har eta nerabeek gugandik ihes egiteko bide eragingarriagoak erabiltzen dituzte, gatazkak estu lotzen baititu aurkakoak. Orain ezikusi dotore bat da nagusi: dirua eskatu eta lehenbailehen alde.

Bestalde, Aristotelesek bere buruari galdetzen dio nola bultzatu ikastera berez zale ez dena. Helduen, arbasoen eta gizartearen aurrean itxura ona eman nahi dutenak ikusten ditu Filosofoak ikasteko gertu, herabetasun edo “laidos” hori dutenak. Gaur egun ordea lotsatzeko gaitasuna duten gazteak taldekideen aurrean lotsatuko zaizkizu baina deus gutxi gurasoen, irakasleen eta helduen aurrean.

Era berean, oraingo gazteek gurea baino autonomia handiagoa dute gurasoengandik etxe barruan, mugikorrari eta txatari esker besteak beste. Gurasook ez dugu inolaz ere sartzerik esparru sekretu horietan, ezin ditugu kontrolatu.

Gure alabek esaterako eskura eta kontrolpean dute etxe osoa; ez bakarrik gure tiraderak eta armairuak eta irensgailuaren sabela; gure mugikorrak eta ordenagailua ere bai. Aldiz, gu ezin gara inondik inora haien mugikorretan edo ordenagailuan sartu, egundoko harresiak baitituzte eta pasahitz esoterikoak.

Aitzitik, gune opaku horiek lagunez gainezka izaten dituzte, ia beti adinkideak.

Izan ere, mundu osoan aldiberekotasun horizontala nagusitzen ari zaio arbasoengandik datorkigun lerro bertikalari. Hamalau urteko euskal nerabe batek hurbilago du Minnesotako, are Bonbayko beste edozein nerabe, aitite eta amuma baino: denek dakite gutxi gorabehera ingelesez, txikitandik ikusi dute The Simpsons, Dragoi Bola eta Shin Chan... Eta hedabideek sakonkiago eragiten diete guri baino. Mugikorraren eta interneten erabiltzeak garunen mutazioa ekartzen ari da.

Berebat, hiri handietan odola garrantzia galtzen ari da herentzia emateko orduan, gero eta maizago uzten zaio seme-alabei beharrean lagunari edo telebistako aurkezle gogokoenari.

Oso orokorra da mugimendu hori. Jendarte tradizionalean, dirudienez, funtsezkoa zen jatorrirantz atzera egiten zuen lerro bertikala; hiri modernoetan berriz garaikideekiko harremana da nagusi.

Piercingaren isuri argitsua

mzap 2007/03/03 16:16

Iraun nahia ez da bekatu, ezta euskara noranahiko bilakatu nahia ere, zenbaiti kapritxo garesti bat iruditu arren.

Noranahiko, metroa barne, Jozulinek “garraio pubiko” deritzona barne.

Metroan berriki hamasei bat urteko neska bi zihoazen eserita. Halako batean: “vamos a ponernos de pie tía porque entre el tracatrá este y el piercing que llevo en el coño es que me voy a correr.”

Hori euskaraz entzun izan bagenu euskalduntze-bide erdia egina genukeen eta bidaiarien laurdena korritua.

Nolanahi ere, baikor izan gintezke: alde batetik, badugu belaunaldi oso bat nahiago dituena Shin Chan eta Doraemon katu kosmikoa euskaraz erdaraz baino. Orain arte askok jotzen bazituzten ere euskal itzulpen eta bikoizketak behartu, kirrinkari eta zurruntzat, Shin Chanekin alderantziz gertatu da salbuespenik gabe.

Bestetik, gero eta piercing gehiago dabil euskal aluetan.

Ikus liteke argi izpi bat metroko tunelaren amaieran. Hurrengo geltokiko farola xumeren batena izango ahal da, eta ez beste tren baten argia, gurearen kontrako bidetik abiatu eta gainera datorkiguna.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.