Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Euskaltzale autistaren alde

Euskaltzale autistaren alde

mzap 2007/11/15 08:28

Etsaiak tentuz aukeratu behar dira, etsai indartsu libreak hobetsi, etsai beldurgarriak. Keith Johnson lako txotxongilo salduek ez dute euskaltzalearen etsai izateko ohorea merezi.

Johnsonena bezalako irainei ihardesteak merezi ote duen, hara zalantza. Ziur aski ona izango da erantzutea, alderdi politikoek psikologoak dituzte eta beti dabiltza elkarri erantzuten, are arerioak zer arraio esan ote duen ulertu baino lehen. Hala ere, demagun euskararen aurka espainolez botzen diren irain guzti-guztiei ihardesten diegula. Orduan, ia ez litzaiguke beste deus egiteko astirik geldituko. Halatan, egoki litzateke eta zuzen, Patxi Baztarrikak zuzentzen duen bulegora beste bi lagun ekarri eta lan-egun osoa euskararen aurkako irainei erantzuten jartzea, herritar arruntok horrelako xextra desatseginez libratzeko.

Dirudienez, eta zoritxarrez, euskarak gaur egun oraindik militanteak behar ditu. Baina tentelkeriei etengabe ihardetsi beharrak, tentel bilakatzen zaitu. Militanterik eragingarriena hortaz ez litzateke beharbada euskararen aurkako laidoak direla-eta beti defentsiban eutsi eta eutsi amorraturik bizi dena, baizik autista apal bat, irainak eta giro arrotza gorabehera euskaraz dabilena, eta ahal duen heinean euskararen bidez ondo pasatzen eta pasarazten duena, besteak beste horrelako irainak oroz lehen bertso on baterako abiapuntu eta akuilutzat hartzen dituen bertsolaria.

Bertsolariak ez ezik, iraina bizipoz bilakarazten du Katixa Agirreren ihardukia Keith Johnsoni ingelesez zein txukun dagoen irakurtzeak. Agirrek bere literatura ingelesez idatz dezakeela garbi erakutsi du. Dena den, bere liburuak argitaratzeko orduan gurago izan du gure hizkuntza, eta euskal irakurle batzuk horrenbestez zorioneko sentiarazi gaitu.

etiketak: kalakakoak
martinez
martinez dio:
2007/11/24 14:53

Irainei ihardestea merezi zuen? Ez. Hobe kasurik eza.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.