Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Soinketa, Matematika, Filosofia

Soinketa, Matematika, Filosofia

mzap 2007/11/19 17:39

Soinketa orduei eutsi beharko litzaieke. Nerabeen zaletasun berriak sedentarioak dira: zappinean etzanik, eseririk txatean. Pizza jaten dute gainera aldi berean, eta doneteak. Frexkatzeko premia larria dute gure gazteen hormonek eta gantzek. Ez badira apur bat mugitzen, 20 urte bete baino lehen akabatuko ditu kolesterolak.

Kasu bakar batean dirudi zilegi Soinketari orduak kentzeak: baldin ordu horiek Filosofiari emango balitzaizkio. Zeren Filosofiak gaur egun duen ordu kopuruak ez baitu behar bezala erakusten berez behar duela izan ikasketen bihotza. Halatan, ordutegiaren aldaketa berri honek ikasgaien berregituratze orokor bati bidea eman beharko lioke, ikasgai bakoitzaren oinarri filosofikoa garatze aldera, eta oinarri horien arteko lotura ahal bezain argi eta sistematikoena.

Kontua da Filosofiaz gainerako ikasgaiek ezin dutela beren funtsaren berri eman, Filosofia baliatu ezean.

Esaterako, Matematikan, ikasleek arazoak ebazten dituzte, baina itsu-itsuan. Zertara datoz horrenbeste ariketa, zein da problemen zentzua? Historiako Matematikari handienak oso gizon apasionatuak izan dira, eta bizi izan dituzten pasioak batik bat filosofikoak izan dira: espazioa, infinitua… Ordea, Institutuko ekuazio eta integral hutsekin biografia apasionatu horiek baztertzen dira, lur hartu barik airean biraka dabilen bizikleta-gurpila antzo. Matematikaren esentziari buruzko galderari ezin zaio hizkuntza matematikoaren bidez ihardetsi. Matematikaren esentzia ezin du Matematikak azaldu, Filosofiak baino.

Hobe genuke, ikasgai bat gainerako ikasgaien zerizana azaltzeko erabiltzea, eta ez jadanik aski onkeriazkoa den curriculumari “Herritartasunerako eta Giza Eskubideetarako Heziketa” kurtsi hori eranstera mugatu. Ito egingo gaitu azkenean politikoki zuzenak. Ikasleak berehala ohartuko dira delako “Heziketa” berri hori irakasleen, politikarien eta oro har helduen kontzientzia gaiztoa xuritzeko beste tramankulu astun horietako bat dela: ezin gosea, hilketak eta tortura desagerrarazi, ezin herritarrak legea bere senti dezan lortu, eta konpentsatzeko ikasle koitaduei txintxoak izateko eta arraza guztiak direla errespetagarriak behin eta berriro errepikatu behar, aurretik mila bider entzun ez balute bezala…

Ez ote da egokiagoa “Herritartasunerako Heziketa”ri eskaini nahi zaion ordua gazteari ikasten ari den guztia perspektiba orokor batean kokatu ahal izateko baliabideak eskuratzeari ematea, alegia, hipokresia gutxiago eta eduki sendoagoak oferendatzea?

Eusko Legebiltzarrean, nola Filosofiaren alde, hala Soinketaren, PPko Iñaki Oiartzabalek egin du, adore handiz. Agur eta ohore, Iñaki.

Dena den, ariketa fisikoa gure gazteria usteltzen ari den kuadrillismoa eta komunikakeria gainditzeko ere erabil liteke. Honelaxe: DBHko laugarren mailaren amaieran, udaberrian, eta Beharrezko Ikasketen titulua eskuratzeko beharrezko baldintza gisa, ikasleek, bat-banaka, ilargi beteko gau batez, ondo afaldu ostean, gaueko hamarretan basora edo leku morturen batera joan beharko lukete, eta konpon daitezela bakardadearekin, beldurrarekin, otsoekin eta mugikor barik. Soilik behin egunsentia loratu ondoren itzuli ahalko lirateke etxera. Eta, bizirik bueltatuz gero, soilik orduan jasoko lukete titulu akademiko ofiziala.

etiketak: kalakakoak
asel
asel dio:
2007/11/19 22:55

Hezkuntza Sailerako aurkezten bazara, berdin dit ze alderdirekin, uste dut hurrengo hauteskundeetan bozka ematera joango naizela ;-)

Lukasz
Lukasz dio:
2007/12/19 12:02

Begira egiezu heroi handie, duela mendeak hildako eta aro moderno honetan berpiztutako burdingorrizko armadura adoretsuei. Entzun munstro begibakarren uluak, eta memorian gordetako neska gazte horren negarra.

Baina batzuk, gehienak, hilda geratuko ziren itsasoz haragoko gerra horretan. Ezpata edo lantza bat besterik gogoratzen ez dutela.

Heroi izateko ametsak errotik moztuko ziren enperadore berriaren etxean; mendekua, odola eta geroa burdinazko kutxa batetan gordeaz.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.