Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Portu eta Lupiañez

Portu eta Lupiañez

Markos Zapiain 2008/01/08 11:02
Espainiak masailekoa galarazi baino lehentxeago torturatu dute Gorka Lupiañez, geroxeago Igor Portu. Egundoko ilusioa egingo zien debekuaren berri jakiteak. Kalean uso etxean otso, edo kanpoeder askoren alde iluna: egunez zartakoa debeku eta gauez poltsa, bainera, makila ipurtzulotik.

Bestalde, erabaki berri dute Institutuetan aurrerantzean Herritartasuna eta Giza Eskubideak irakatsi beharko ditugula. Gero, Rubalcabak legea zorrozki ezarriko duela adierazi du: Igor Portu eta Gorka Lupiañez txikitu dituzte. Eta Rubalcabak torturatzaileen aitzakiak, gezur ebidenteak, onartu eta zuritu ditu.

Zerk definitzen du hobeki Espainia, masailekoaren debekuak ala tortura sistematikoak eta torturatzeko agintarien baimenak eta bultzadak? Taoistak erantzungo lukeenez, aldi berean biak beharbada: txanpon beraren aurkia eta ifrentzua lirateke, herriko plaza argitsua eta estoldak.

Baina halako batean estoldak eta argiak bat egingo balute, Brunete mediatikoaren ezkutatze kriminalaren despit? Nola irudika liteke?

Honelako zerbait: gobernuburutza lortzeko, botoak ez dira aski. Berdintsuegi dabiltza Zapatero eta Raxoi. Ordalia bat beharko genuke.

Hots, Santiago Bernabeun, telebista guztien aurrean, Raxoiren eta Zapateroren arteko lehia, ea zeinek luzaroago estatu sekreturen bati eutsi. Porturi zein Lupiañezi egin dietena Zapaterori eta Raxoiri egin, eta kantatu barik tinkoen eutsiko liokeena, huraxe presidente.

Jainkoak nahi ez dezala, noski, giza eskubideak errespetatu behar baitira.

Bixente Serrano Izko
Bixente Serrano Izko dio:
2008/01/09 02:02

"Herritartasuna eta Giza Eskubideak"-edo irakatsi behar diegula ikasle gazteei? Zuk, filosofia irakasle gisa, horixe; nik, historiako eta tutore gisa, berdintsu. Gauza bakarra bururatzen zait ikasleei errateko Rubalcabaren argudioen aurrean: "Une batean zeuen burua justifikatu behar baduzue, ez dizuet erranen ez asmatzeko gezurrik; baina, mesedez, asma iezadazue gezur sinesgarri bat. Rubalcaba ministro hantuste hori suspenditu beharko nuke nire esku egonen balitz". Ezintasun handienean ere, ikasbideren bat ateratzen saiatu behar!

Aurrera segi, Markos, zure blogarekin.

Dabid
Dabid dio:
2008/01/10 19:10

Agian egia da ikasleei honen inguruko gaiak zabaldu behar izatea, agian honela tabuotaz askatu egiten gara hezkuntzan eta beharrezkoa den kritikotasun batera hel gaitezke/daitezke azken finean klaseetako tutoreetatik, zuzendaritik, filosofia eta matematika maisuetatik irteten garenean kritikotasuna izango da geratuko zaigun gauzarik garrantzitsuena eta horretan irakasleok lagundu dezakezue.

Beharrezkoa da. Ondo izan.

faust
faust dio:
2008/01/09 16:34

Atzo, aspaldiko partez Herria-n sartu nintzen (El Pais). espainiaren idea birdefinitu zidaten hango forukideak, eta Guardia Zibilen arrazoiak erakutsi. Honen kontra borroka ez bada bidea, ni ez nago Ghandi izateko prest. Hau da hau noraeza. Bixentek bezela, harridura eta ezintasuna. Eskerrak euskal nortasunari. Eskerrak guri. Ah, ta Markox, bastanteko arrazoina dek, bai jauna.

matx
matx dio:
2008/01/08 16:45

Atzo ezin nuen burutik kendu. Ez dago eskubiderik. Erabat ados.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.