Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Erasoaren bultzatzaile posible bi

Erasoaren bultzatzaile posible bi

mzap 2007/11/15 14:05

Erasotzaileek badakite euskararen aurkako zartakoen aurrean zelan erantzuten dugun, eta hala ere oldarrari eusten diote. Zergatik?

Alde batetik, eztabaida horrek barrutik higatzen gaituelako. Erasoen aurrean, Euskaldunon Egunkaria ohiko lotsagabekeria harroputzaz itxi zigutenean kasu, gure erantzuna hau izaten da: hasieran sumindura, egundoko manifa; gero, lauzpabost egunez Berria erosi; azkenik betiko El Correora eta Diario Vascora itzultzeko.

Erasogileek badakite amorruak euskararen aldeko jarrera pizten duela. Baina badakite halaber jarrera hori oso axalekoa dela, berehala desegiten den aparra, eta baliteke beren helburuetako bat izatea erasoz eraso euskara eta amorrua bat egin ditzagun. Euskara eta sentimendu uher eta desatseginak uztartu nahi bide dituzte, batik bat euskaldundu ez euskaldundu dabilen populazio esparru zabal horren baitan.

Badago hala ere bigarren arrazoi bat. Zeren euskara hain ezgauza baldin bada, zergatik ez dute bere kabuz hiltzen uzten?

Erasotzaileak ez baitira borondate oneko kazetariak, manipulatu dituztelako hanka sartu dutenak, baizik animalia zaurituarekin olgetan dabiltzan ehiztariak. Sinetsita daude euskal piztia hiltzen ari dela, eta animalia larriki zaurituaren kontura barre apur bat egin nahi dute, edo behintzat denbora eman. Horrela, euskara irainduz gero, piztia altxatuko da, ehiztariari haserre oldartuko zaio, atzaparra baldarki luzatuko dio, berpiztu dela emango du; baina ez da itxura hutsa baizik, xirikatzeari utzi orduko berez etzango baita berriro, herioren itxoitera.

Wall Street Journal-en erasoa bultzatu dutenak bat datoz Joan Mari Torrealdaik “El libro negro del euskara”n jasoriko ideia honekin: “Euskal Herrian ez dugu benetako bakerik izango harik eta guztiok erdaraz mintzatuko garen arte.”

etiketak: kalakakoak
asel
asel dio:
2007/11/15 16:11

Markos, zelako meritua dekozue Arrgiren zilipurdi politikoaren aurrean pazientzia ez galtzeko. Benetan, uste dut batzuen bapateko biraketa politikoak gaixotasun direla. Mahaien inguruan elkartzen zaretenon osasunaz kezkatuta nago, ea kutsakorra ez den. Euskaldun bati gauza batzuk entzutea ez dakizu zer amorru motatatik datorren.

ane
ane dio:
2007/11/29 17:02

Meritua, bere harropuzkeriak agoantatzen jakiteagatik, konpostura galdu gabe. Hori da handiuste harro halakoa!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.