Euskalgintza, florero eta enbarazu
Hizkuntz politikarako sailburuorde baten ikuspegitik, ez ote da Johnsoni erantzutea baino premiazkoagoa euskalgintzan benetan dauden arazoak konpontzen ahalegintzea?
Esaterako, Udal Euskaltegietako euskara irakasleen bizimodu petrala ezagutzeko "Kalamuataik Txargainera" Leire Narbaizaren blogeko azkenaurreko idazkia irakurtzea komeni da. Leire Narbaizak hamazortzi urte daramatza Udal Euskaltegietan irakasle. Eta sentitzen du bere lanak ez duela prestigiorik, probisionala dela, Jaurlaritzarentzat bere funtzioa ez dela adabaki hutsa baino. Hona ekarriko ditut bere salaketa batzuk. Dena den, Narbaizaren testua bera da irakurri beharrekoa, antologikoa baita: freskoa, sendoa, egiatia eta umore goibel batek zipriztindua, Narbaizaren beste asko bezala.
Kontua da Udal Euskaltegietako irakasleek, formazio espezifikorik ez izateaz gain, zoratzeko moduko ordutegiak pairatzen dituztela, kabaretera ordutegiak: adibidez, EAEko beste puntan ordu bi goizean goiz eta beste bi ilunabarrean.
Hizkuntza Eskolarekin alderatuz gero, aldea ikaragarria da, lan baldintzei dagokienez, prezioei, funtzionamenduari...
Euskara ikastea garestia da. Aldiz, gaztelania ikastea, adibidez Eibarren, doan da.
Eta Udal Euskaltegietako irakasleak soldataz ez dira kexu, AEKkoek beren erdia inguru kobratzen dutelako, lan gehiago eginda.
Leire Narbaiza: "Uste dut euskararen normalizazioa dela eta, erakunde publikoek hipokrisia handiz jokatzen dutela. Euskara, azken batean, floreroa baino ez da. Polit egiten du programan eta paperean. Baina eguneroko jardunean enbarazuan dago".
bueno, ni jartatzen naiz mezuak bidaltzen euskararen gaiaz ari zaretenetan. Euskaltegietako irakasleen lan baldintzak, pribatuetakoenak batez ere, deitoragarriak dira. Jendeak hogei urtetan lanean, sei eskolaordu eta sei orduko kontratuak ditu. Benetan lotsagarria... inor ez da honetaz konturatzen ala???... Eta Leire, udal euskaltegietan badago zer hobetua, beti dago eta zer hobetua, baina nik esango nuke, kontu honetan langile pribilegiatuak zaretela- ni orain udal euskaltegi batean ari naiz- bestelako kontua da, zertarako jaio ziren udal euskaltegiak eta benetan bete behar duten esparrua betetzen duten. Numeros clausus dute, izan ere, ezin ikas dezake nahi duen beste ikaslek, ez dago leku guztietan, hiriburuetan ez dago, eta Araban leku gutxitan... baina honen gainean hasieratik geunden guztiok... euskara legea sortu zenetik... Bestalde, euskaltegi pribatuetako langileen baldintzak lazgarriak dira oso. Eta sentitzen dut bihotzean AEKrekin zor historikoa dagoela.