Iñaki de Juana
Espainiar Estatuaren aiurria ondo erakusten du Iñaki de Juanarekin darabilen jokabideak; alde batetik, bizirik hil nahi du. Notable sozialista gogorrenek, Bonok, Rodriguez Ibarrak, PPkoek zer esanik ez, bizitza osorako espetxeratu nahi dute, legearen gainetik mendekua ezarri, begia begi truk. Hil egin nahi dute.
(Bide batez esateko, jendaurrean egin dute hilketaren apologia. Iritzi horiek bortitzagoak eta legez kanpokoagoak dira inolaz ere de Juanaren bi artikuluetakoak baino; hala ere, inork ez die diligentziarik ireki edo konturik eskatu.)
Baina bestetik Estatuak de Juana bizirik behar du. Hiritar gisa hilik, gizaki gisa hilik, espetxean ustelduz... baina biologikoki bizirik dagoela esan ahal izateko moduan.
Dena den, de Juanaren bizi haria atxiki nahi badute ez da legearenganako begirunez edo pertsonarenganako errukiz, erruki inpertsonala bederen. Ezta Gobernuak halako bidegabekeria hiltzailea bultzatu izana etikoki edo politikoki itsusi zaielako.
De Juanaren bizi hari hauskorra atxiki nahi badute, batez ere hedabideek egiarekin bat letorkeen albiste hau eman ahal izan ez dezaten da:
"Espainian mendekua legearen gainetik dago. Hedabideek joera eta iritzi nagusien arabera dihardute. Horrenbestez, hedabideek mendekua legearen gainetik jarri dute. Hedabide indartsu askok mendekua xaxatzen dute. Era berean, agintarientzat hedabideen presioa legearen gainetik dago. Ondorioz, Gobernuak, kondena beterik zuen euskal preso baten aurkako ‘froga’ zenbait ‘asmatu’ eta ‘eraiki’ ditu, Lopez Aguilar Justizia Ministroak harro aldarrikatu duenez, eta azkenik hamabi urteko kartzelaldia ezarri dio iritzi artikulu bi zigortzeko. Preso euskaldunak, behin eta berriro egiaztatu ondoren Espainian Zuzenbide Estatua ez dabilela, gose greba bati ekitea beste irtenbiderik ez du aurkitu eta ondorioz hil egin da."
Baina zergatik ez ote dute nahi espainiar politikaririk delikatuenek horrelako albiste bat? Edozein gizakiri zor omen zaion begirune inpertsonalarengatik? Lotsatzen ote ditu iritzi batek heriotza ekar lezakeen herri bateko buruzagi izateak?
Ez. Ez dute nahi albiste hori ez datorkielako ondo oraingo une politiko-mediatiko honetan. Espainiar politikaririk finenak unean uneko interes politikoaren arabera erabiltzen ari baitira de Juanaren bizia eta heriotza.
Espainian legearen gainetik dago mendekua eta biziaren eta heriotzaren gainetik komenigarritasun politikoa, hau da, albistea. Eta norabide bateko edo besteko albisteen azken helburua aginteaz jabetzea da. Hots, legea albistearen arabera erabiltzen da eta albistea hauteskundeen eta beraz boterea eskuratzeko aukeren arabera.
Azken baieztapen horiek ez dira espantigarri. Demokrazia batean alderdiek batik bat agintea eskuratzea dute helburu, alderdien zeregina ordezkatzen dituzten hiritarren asmo politikoak gauzatzen ahalegintzea baita, eta hau errazkiago lor daiteke agintari izanik oposiziotik edo karrika gorritik baino.
Baina bada espantigarri garbi sumatzea de Juanaren biziari eusteko interes politiko-mediatikoa amaitu orduko espainiar agintariak prest leudekeela gizaki bat ezaxola zurrun ezagun batez akabatzeko botere zati goibelen baten amoreagatik.
PP eta prozesua
On litzateke PPk prozesuarekin bat egitea. Nekez egingo du ordea, bake prozesu ez ezik demokratizatze prozesu ere bai baita.
Edonola ere, PPren aurkakotasuna ez da zinezko oztopo. PPren ezaugarri nabarmenetako bat da indarrean dagoena zabaltzeko edozein ahaleginen aurka bortizki jardun eta oihukatzea. Baina gero, behin berrikuntza lege bihurtu eta finkaturikoan, beste inork baino sutsuago aldeztuko du.
Mudantza historikoen eraginez gehiengoak erabakitzen badu behiala PPren aurka onarturikoa aldatu edo behintzat moldatu behar dela, orduan PP berriro altxatuko da lehen inolaz ere nahi ez zuena bere horretan uztearen alde: Espainiako Konstituzioa, Estatutua, Ikurrina, Dibortzioa, Abortua, Homosexualen arteko ezkontza... PSOEk hori badaki.
Baina PPren eta PSOEren arteko lankidetza aspaldion hauxe da: PPk PSOEri diotso, neuk gura dudana egin behar dugu, bestela ezer ez.
Askatuko ahal da biharko bileran Zapatero PPren poxelu astunetik.
Udalbiltzaren birtualtasuna
Hala ere, ispiluen labirintotik irteten ahalegindu beharko. Kojèven bideari jarraituz, Fisikak dioena kontuan hartuko dugu. Baina Kojève hil zenez geroztik Fisikak aurrera egin du ispiluaren funtsa ulertzeko orduan.
Batetik, Kojèveren iradokizuna, ispiluan ikusten dena espazioaren laugarren dimentsioari ote dagokion, egungo Fisikak ez du onartzen.
Fran Etxarte irakasleak dioenez, ispiluko irudia ez baita enpirikoa, irudi zinematografikoa ez bezala. Argazkiaren irudia, zinemaren irudia, “errealak” lirateke Fisikaren berbetan, “enpirikoak” mintzamolde filosofikoan.
Alta, hain dute bestelako ispiluko irudia, berau ez bezalakoak diren heinean Fisikak multzo berean sarrarazten baititu argazkia, zinema eta ohiko hautematea.
Argazkiarena, zinemarena eta ohiko hautematearena irudi “errealak” dira; ispilukoa, berriz, “birtuala”.
Alegia, ez dago ikuslearen garunetan baizik.
Ikusleak proiektaturikoa baita ispiluko isla.
Zentzu honetan, giza begiak kamera baten antz handiagoa du ispilu batena baino, Kojèvek begia ispiluarekin identifikatzen zuen arren.
Hara filosofia berri baten oinarri posiblea: begia ez da ispilua, kamera baino. Eta ispiluko isla birtuala da, ez erreala.
Gaur egun, politika birtuala herri txikien biziratuea bilatzen duena da, Estatuak zeharkatuz: Udalbiltzaren politika. Estatuak elkartuz Inperioak sortzen dituen Kojèveren politika ispiluak hautsi du; aldiz, behetik abiaturik ugaritasun aldakor bati eutsi nahi dion erakundegintza transbertsala da Europan birtualtasunik handiena duena.
Estatua ukatzen zaien herrientzako irtenbide bat, zeinek bere Udalbiltza garatu, ondoren Europako Udalbiltza bat antolatu eta azkenik mundu mailako Udalbiltza demokratiko ganorazko bat mamitzea litzateke. Txanda pasa, orain arteko Estatuak eta Inperioak. Kojèvek eskatu berdintasun ekonomikoaren alde gehiago egin dezake Udalbiltzak edozein Inperiok baino. Hauek ez dute gauza handirako balio izan, ez dute funtsezko arazorik konpondu, aztertu bestela datuak. Udalbiltza izan liteke itxaropen bide bat. Ispilu nartzisoa gainditurik, ongi etorri kamera birtualari eta ekarriko dituen egia berriei, Kojèveren handitasuna eta Alessandriren loreak uztartuko dituztenak.
Ispiluaren atzealdea
Ispiluen enigmak larriak dira filosofian, zeren, azken batean, Kojèvek azpimarratzen duenez, “teoria” ikuspen bat baino ez da, etimologiaren arabera, eta begia azken batean ispilu bat baino ez, ikusten duena berragerrarazten baitu.
Halaber, Kojève larritu egiten du ezker eskuin eta eskuin ezker aldaketaren iluntasunak.
Gainera, islaturiko irudia ispiluaren atzealdean ikusten dugu, berton ezer ez egon arren, edo, zehazkiago esanda, ispiluari begira ikusten dugun irudia ez den zerbait. Fisikak hiru dimentsio onartzen baditu espazioan eta denbora bada laugarren dimentsioa, orduan, Kojèveren itauna, zer ote da ispiluaren atzealdean ikusten den hori? Espazioaren laugarren dimentsioa izan liteke? Edo espazio-denboraren bosgarrena apika?
Isla argitsua erreala da, ezbairik gabe, eta objektiboa. Baina ba ote irudi islaturik, baldin eta ikus dezakeen begirik ez balitz, edo inolako begirik ez balitz? Alabaina, Kojèverentzat ikusten duen begia ere, nolabait, ispilu bat da...
Beraz, ispilu artean galdurik dabil oraingoz gauza guztien funtsari buruzko egia osoaren aukera, Kojèveren pentsaeraren gure ulertzea bezala.
Ezkerra eskuin, eskuina ezker
Izan dadin ispilua laua zein ez, isla dezan zati bat xurgatuz zein osotasuna itzuliz, berarentzat ezer gorde barik, isla ezinbestean izango da berregiten duen gauza ez bezalakoa, gauzaren eskuina irudiaren ezkerra izango baita, eta islaren eskuinak gauzaren ezkerra berragerraraziko baitu. Gainera, Platonen mitoetan ezkerra okerra edo gaizkia da, eta eskuina zuzena eta ongia. Hortaz, esan genezake islek gauza okertu eta alderantzikatu egiten dutela, ona txar bilakaraziz eta gaizkia ongi gisa irudikatuz.
Hau Platonek berak dio (alderantziz, noski, geure gauza Platonen ideia baita, eta geure isla Platonen gauza; desberdintasun horrek ez du hala ere arrazoibidearen egitura ukitzen), eta gustura errepikatzen du, berton aurkitu uste baitu gauzaren eta ideiaren arteko diferentzia esentziala, are gauza ideiari erabat egokituko litzaiokeen kasuetan ere.
Ordea, baldin eta aurreneko isla bigarren ispiluan islatzen bada, berriro alderantzikatuko da, halako eran non gauzaren bigarren erreprodukzioan ezkerra eta eskuina jatorrizko gauzan bertan zirena izango baitira -eta zuzena berriro oker bihurtuko da hirugarren islan, eta era berean etengabe.
Ez ote da harrigarria? Erreprodukzioen inbertsio txandakatzeek gauzari bere bakuntasuna kentzen diote. Zeren, esan bezala, islaren okerra ez da soilik gauzaren zuzena; halaber, isla okerra bera, ispiluan aurrenekoz bigarren irudi gisa islatzen delarik, berriro ageri da zuzen eta perfektu.
Bestalde, ispilu biren zati bi erabat paraleloak balira, eta gauza ispiluak bezain handia, edo handiagoa, eta bigarren ispilua lehenbizikoa baino geroago jarriko bagenu, orduan lehenbiziko ispiluko gauzaren isla ez litzateke berregingo bigarren ispiluan, zeren isla gauzan proiektatuko bailitzateke, gauza zeharkatu barik, noski, eta bigarren ispiluko gauzaren isla ere ez litzateke lehenbiziko ispiluan berregingo. Kasu berezi eta aparteko honetan, ez leudeke gauza berregingo luketen isla bi baino, bi ispilu izan arren, eta islak gauza ez bezalakoak lirateke esentzialki, ezkerra eta eskuina bertan okerturik eta alderantzikaturik leudekeela, txandakatzerik gabe.
Halatan, esan beharko litzateke islak edo iritziak ez duela gauza, gertakizuna edo gogoeta galbideratzen ez bada hauen erreprodukzio erabat perfektua den heinean. Eta horrelako bitxikeriarik ez diezu entzungo ez egungo hedabideen etsaiei ezta Platoni ere; izan ere, ezin onartuko luke honek zenbat perfektuagoa izan edertasunaren isla munduan, hainbat lasterrago eramango gintuzkeela dandarrez putzura. Platonen dotrinaren heresia zenuke hori.
Nolanahi ere, baliteke Platonek ideien eta gauzen arteko harremanez dioena adieraztekotan, edo gauza eta gertakizuna zuzenean esperimentatu eta gogoeta beraiek egin nahi dutenen ikuspuntua adieraztekotan, alegia, bileretako iritzien eta hedabideetako solasen aurkakoen ikuspuntua, baliteke, gorago aipatu ohiko ispilu bikote lauaren adibidea baino egokiagoa izatea makurtu eta ximurturiko ispilu birena, gauza bakar eta bera mugagabe ugalduz eta desitxuratuz.
Gogoeta eta iritzia
Bileretan eta eztabaidetan adierazten diren iritzien eta hedabideetan erakusten diren irudi distiratsuen berri ematearren, ispilu paralelo bi irudikatuko ditugu berriro, baina apur bat amorfoak. Bakarra izango da erreproduzituriko gauza edo gogoeta; aldiz, gauza berragerraraziko duten iritziak zein irudiak, gure munduko oiloak legetxe, kopuru zehaztugabekoak izango dira, baina ez azkengabeak. Gauzaren edo gogoetaren bikoizketaren eta erdibitzearen bitartez lorturiko iritzion zein irudion biderketa egitez inoiz ez da azkengabea izatera iritsiko, ezta argiak edo adimenak gauza erreproduzitzeko denborarik beharko ez balu ere.
Edonola ere, gauzatik, gertakizunetik nahiz gogoetatik urrutiratu ahala, iritziek eta irudiek gero eta antz eta hurbiltasun handiagoa dute beren artean, gero eta ilun eta lanbrotsuagoak bilakatzen dira, harik eta azkenik goitik beherainoko anabasan nahasten diren arte, gauzak eta gertakizunak zuzenean bizi eta pentsatu beharrean bileretan haietaz esaten dena eta hedabideetan erakusten dena askiesten dugunon garunak bezala. Asko sufritzen dugu egunkarien, albistegien eta tertulien bulimikook.
Ezereza ikusi. Big Crunch
Har ditzagun orain ispilu bi, eta bereiz ditzagun, baina ez paraleloki. Koka dezagun ondoren bien artean, argiz beteriko tartean, bakarra eta trinkoa den zerbait. Hiru gauza ikusiko ditugu: gauza bakarra eta isla bi, zerbait hura bikoizten dutenak bere horretan erreproduzituz, hots, gauza eta isla bana ispilu bakoitzean. Ez dio axola, bestalde, hiru gauzak ikustean, egitez gauza bera hiru bider ikusteak. Zeren ikusten dena bederen diferentea baita: bereiz baititzakegu bakarra eta bata den gauzaren eta bere berragerpenen artean, bakoitza bere aldetik bakarra, baina elkarrekin bi egiten dutenak. Isla den heinean ez bata ez bestea ezin bereiz badaiteke ere bestetik, biak (bi diren neurrian), eta hortaz bakoitza (bietako bat den heinean), islatzen duen gauzatik beretik bereizten dela baiezta dezakegu (bi izateke bat den zerbait baita gauza). Horrenbestez, hiru gauzak mintzoz bereiz ditzakegu, bat baino ez den bata “gauza” izendatuz, eta bi den besteari, alegia, beste bietako bakoitzari, “isla” deituz.
Baina baldin ispilu bakarra nolabait bi bada (bikoiztuz baitabil), ispilua funtsean baldin bada bata eta bakarra den argia ez bezalakoa, orain, bataren eta biaren arteko edota argiaren eta ispiluaren arteko lankidetzaz gogoeta egitearren para ditzagun aurrez aurre paraleloki ispilu bi, eta heda dezagun argi monokromatiko barreiatu bat bien artean, besterik sartu gabe. Eta zuzenean eta berehala ikusiko dugu (ez dakigu oso ondo nola eta nondik) bitasun azkengabea, geuri aurkeztuko baitzaigu (argiari esker) deusez infinitu gisa; infinitu eta amaigabea, bai, baina gainera, eta oroz gain, hutsa. Zalantza barik, baldin eta ispilu biak lauak eta perfektuak badira, eta perfektuki paraleloak, ez dugu deus ere ikusiko ez batean ez bestean. Baina ezerez hori bera ikusi ahalko dugu, bere buruaz bestelakoa den heinean, argi homogeneo hedatu eta iraunkor gisa.
Soilik ispilu biak hurbilduz, behin elkar ukiarazirikoan, ez dugu dagoeneko ezer ikusiko, ezta argia bera ere, ez bailegoke tokirik argiarentzat. Baina apika gabezia molde hau, ezer ez ikustea bera, mistikoen Jainko Oso Bakar Adierazezinaren “irudirik” egokiena genuke.
Demagun orain gauza bat txoil itsaskorra dugula, eta erabat xeheak, malguak eta likatsuak liratekeen ispilu bi hurbildu egiten zaizkiola, gauzaren azalarekin bat egin arte: orduan ez genuke gauza hori erreproduzituko ligukeen islarik, baizik (ongi egingo bagenu) gauza horixe bera baino ez. Ezbairik gabe, guztia argiturik balego ere, ikuskizun zail samarra genuke halakoa. Nolanahi ere, ezingo luke zuzena edo bitartekobakoa baizik izan, eta ez islatua. Eta agian isla posiblerik gabeko gauzaki hori genuke pentsalari batzuek bilatu izan duten itzulera jatorrira, edota “Big Crunch” delakoaren ondorioa.
Gauza, isla eta argia
Gauza bat ispilu bakar baten aurrean jartzean, gela argi batean, ez dugu irudi bakar bat baino lortzen, gauza islatzen duena: isla horixe bera har liteke hain zuzen gauzari loturiko izenaren adieratzat. Halatan, ez genituzke gauza bi baino lortuko, edo, zehazkiago, bikoizturiko gauza bat: aurrena, gauza bera; eta, hurrena, haren irudia ispiluan eratua (edo ispiluaren atzealdean).
Isla, bestalde, bakarra eta bera da, islatzen duena bezainbat, eta osotasunak, ondorioz, bi egingo du. Argia kontuan hartu barik, noski, argia bakarra eta bera baita halaber. Zeren bestela osotasuna hiru bailitzateke, edo, hobeki esanda, bat (argia) gehi bi. Edota, zehazkiago, bat (argia), gehi bat (gauza) eta beste bat (gauzaren isla). Argia bat denez, esan liteke argiari esker bikoizten dena ere bat eta bakarra dela, zentzu honetan bederen: bi bilakatzen bada, bitako bakoitzak bat izaten jarraituko du ezinbestean.
Ondorioz, esan dezakegu argi bakarraren bitartez eta bere baitan, elkartu egiten direla gauza eta bere irudia, bai, baina aldi berean batak zein besteak bat eta bakar gisa dirautela: islak gauza irudikatzen duenez, isla eta gauza bat eta bera dira, egia da, baina bikoizturik ere badaude, islaren bidez gauza berregin egiten den heinean.
Ordea, baldin eta, argi barik, ez balego ezer ikusgarririk, eta, hortaz, inondik inora ez birik, orduan ispiluan ez legoke deus ere. Horrenbestez, ispiluak gauza bikoizten badu ere, argi barik ez litzateke deus ere ikusiko, argiari esker ikusten baitira bi-biak, hots, lehenbiziko bat hura eta islaturiko beste bata.
Platonentzat, “Ongia” litzateke argia, “Ideia” gure gauza eta “Gauza” gure isla.
Ispilua. Oiloa eta oilo ez dena
Kojèvek dioenez, lortutako jakintza sistema bezain osoa izan daiteke kale egindako jakintza sistema, arrakasta bezain biribila porrota. Guztiaren funtsa goitik behera azaldu eta ulertzeak behar luke behar bezalako globalizazioaren oinarri, baina Kojèvek bere sistemak huts egin duela onartuko du, besteak beste ez delako ispilua zertan den era egokian ulertzera iritsi, ezingo lukeelako ispiluaren esentzia Liburuan egokiro erakutsi. Zelan azaldu zehazki ispiluak dagiena?
Ez baitzen txiripaz Platon bera behin eta berriro saiatu ispiluen enigma desestaltzen.
BITASUNA
Kojèverentzat egia mintzozkoa da filosofian definizioz, kontzeptuzkoa, ez dugu emozio isilean geureganatzen.
Gogora dezagun, bestalde, batetik gauzak dauzkagula eta bestetik gauza horien islak liratekeen adierak.
Beraz, esan liteke ezen bitasunik gabe ez legokeela ez adierarik ez gauzarik, ezta mintzorik ere, ezin baita hitz egin esaten dena eta aipagaia, adiera eta gauza, bikoiztuz baino.
Zehazkiago, esan liteke mintzoak bitara bikoizten duela. Alde batera, bereizten ditu gauzaren existentzia eta esentzia; bestera, izenaren morfema eta adiera. Bikoizketa honen bidez, hortaz, mintzoak gauza biderkatu egiten du.
Kojèveren esanetan, bestalde, zentzua bakarra da. Baina zentzu honi dagokiona (gauzak, adierak) ez da soilik bakuna edo bikoitza, baizik askotarikoa eta mugagabea.
Demagun oiloa: ez dago soilik bigarren osotasun bat, alegia, oilo ez den gainerako guztia, osotasun hau bestalde zehaztugabea bezain askotarikoa dela; badugu gainera oiloen beren multzo zehaztugabea (ez infinitua); eta multzoaren osagai bakoitza oilo bat da. (Oilook osatzen duten multzoa, ordea, harrigarriro, ez da oilo bat.)
Era berean, gauzaren islak ispilu bitan, aurrez aurre paraleloki kokatuak, ez dira soilik bikoitzak, baizik askotarikoak. Zehazki, ezin dute amaigabe elkar biderkatu ez badira azkengabe elkar bikoizten -beti eta nonahi bikoteka elkartzen eta ugaltzen baitira.
Ispilua, esan bezala, mintzoaren antzera dabil.
Historiaren amaiera aldakorra
Kojèveren kontzepturik ezagunena, “Historiaren amaiera”, hainbat aldetatik izan da aztertua eta erabilia: Pentagonoak dioenez, giza zeregin historikorik garrantzitsuena, gaur egun, demokrazia liberala mundu osora zabaltzea da, Historia sekula betikoz burutzeko.
Hala ere, agian ez da behar adina azpimarratu kontzeptu horren alde komikoa. Joko umoristiko gehiago ematen du “Historia amaitu egin da honezkero, joan den mendean zehazki, Liburu batez bukatu zen, guztia goitik behera ulertu eta azaldu zuen jakintsua Prusian bizi izan zen...”: arreta deitzen du behintzat. Nietzschek prestaturik, XX. mendean iritsi du umore filosofikoak gailurra, inoizko kontzepturik barregarrienak sortu dira XX. mendean.
Kojève Historiaren amaieraren inplikazio guztiak ateratzen saiatu zen, zen paradoxa bati ahalik eta zehatzen erantzun behar zaion ber. Zein hots molde sortzen du eskuek topo egiten ez duten txaloak? Zein ondorio du Historia joan den mendean Hegelek liburu bat idatzirikoan amaitu izanak?
Kojève umorista bat zen, eta biziki gogoko zituen ekialdeko paradoxa pentsarazleak. Sanskritoz ongi zekien, hagitz maite zituen geishak, batez ere haiekin solastatzeko. Bestalde, azaldu zuenez geroztik ia urtero aldatu zuen Historiaren amaierak munduan eta gizakiarengan eragindako egoeraren deskribapena. Urte batean Amerikako Estatu Batuetako animaliatasuna nagusituko zen Historia amaiturikoan; hurrengoan, Japoniako kitsch-a; ondoren, Queneauren pertsonaia ergel bat izango zen Historiaren amaierako benetako jakintsua; gero ziurtatuko zuen jakintsuaren munduko agerpena ez dela egiaztatu gabeko hipotesia baizik, filosofoarena ez bezala; Kojèvek Historiaren amaiera aurreneko bider adierazi zuenez geroztikako epe laburrean adina aldaketa funtsezkorik ez da inoiz gertatu, ez munduan ez Kojèveren garunetan.
Historiaren amaiera delakoa hasieran erabili zuen Stalinen jarduna babestu eta hedatzearren; terrorearen beharraz mintzo zen orduan. Stalin hil ostean, marxismoa mendebaldean gauzatu dela esaten hasiko zen, Sobiet Batasunean XIX. mendeko kapitalismoa indarrean zegoen bitartean. Historia odolak mugiarazten duela pentsatzeari ez zion ordea inoiz utzi. 68ko maiatzeko gertaerei buruz hildakorik ba ote zen galdetu zuen aurrena; ezetz erantzun ziotelarik, deus ez zela aldatuko ziurtatu zuen. Besteak beste, horrexegatik dio Vincent Descombs-ek “terrorista” dela Kojèveren filosofia.