Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Materialismo dialektikoaren adibide bi

Materialismo dialektikoaren adibide bi

Markos Zapiain 2008/01/09 11:19
Marx irakasten dabiltzanei ondo etorriko zaizkie ziurrenik materialismo dialektikoa zer den ilustratzeko Zizek marxistak erabiliriko bi adibide hauek.

Marxen pentsamenduaren hiru iturri nagusiak izan omen ziren: batetik alemaniar Idealismoa, batik bat Hegel, azterketa sakonen zale eta zenbait interpretazio aski kontserbatzaile eragin zituena; bestetik Saint-Simon eta Proudhon bezalako  frantziar iraultzaileak, soberakinak eta oro har zaharkiturikoa lehenbailehen suntsitzearen aldekoak; eta azkenik ingeles ekonomistak, David Ricardo eta Adam Smith, iraultzaren eta eskuinaren arteko nolabaiteko bitartekaritzaren bila zebiltzanak, Estatuaren eta sozietatearen arteko kontraesanak liberalismoaren bidez orekatzea helburu.

Zizeken ustez, hiru herri desberdin ditugu hor, hiru kultur adierazpen desberdin sortu dituztenak.

Alabaina, kultur oinarri horren araberakoak sortu dituzte orobat komunak.

Alemanian, batez ere Ekialdean, Poloniarantz, kaka egin ondoren komunak aurrean jartzen dizkizu mokordoak, azterketa sakon bat ahalbidetuz, xixareak ote dituzun eta abar. Soilik gero egin diezaiokezu tira bonbari.

Frantziarrek berriz hor atzean komuneko zuloan di-da aienatzen dute ustela, modu iraultzailean, gillotinazko ekintza lehen mailakoa dela adieraziz bezala, eta hausnarketa bigarren mailakoa baino ez.

Ingelesek azkenik, Euskal Herriko hegoaldean bezala, kaka beheko uretan flotatzen uzten dute, halako eraz non nahi izanez gero aztertzeko aukera ematen dizun, baina halaber ikusi behar izan gabe desagerrarazteko aukera, uharteetako pragmatismoaren ildotik, sarritan ibiltzen baikara presaz.

Bigarren adibidea txiste matxista bat da, amodioari dagokio eta erabiltzen zen Leninen lelo ezaguna, "ikasi, ikasi, ikasi", ilustratzeko. Hemen Marx tesia litzateke, Engels antitesia eta Lenin sintesia.

Ohituretan burges eta biktoriar zen Marxi galdetu zioten zein den garrantzitsuagoa, emaztea ala amorantea. Marxentzat emaztea.

Engels eskuzabal, ameslari eta poetagoarentzat, ostera, amorantea.

Eta Leninek bai emaztea eta bai amorantea biak direla ezinbesteko sintetizatu zuen, tesia eta antitesia gaindituz: biak edukita, izan ere, emazteari sinetsaraz diezaiokezu amorantearengana zoazela, eta aldi berean amoranteari emaztearengana.

Ordea, benetan bakar-bakarrik joango zara zeure txokora. Eta zer egingo duzu bertan?

Ikasi, ikasi eta ikasi. 

 

Josu
Josu dio:
2008/01/30 17:45

Oinarri berririk behar al du ba Marxismoak? nik dakitela dolar-urre patroiaren erorketari haurre egitearekin nahikoa (ez da gutxi) du, ze badirudi Kapital-ean Dirua merkantzi bat bezela soilik ulertzen duela Geldform delakoan. Bestela estruktura baten negazioaren negazioa nola ez den ezerrean geratzen marxentzat (hegelen arira) baizik eta nola genetikoa den ondo ikusten da 24. Kapituluaren 7 atalean : "die kapitalistische Produktion erzeugt mit der Notwendigkeit eines Naturprozesse ihre eigne Negation", edo Marxi eskua jun zitzaion puntu hontan? kañeroa da atal hau eh? lastima laburregia izatea. Honen inguruan liburu marabilioso bat Marzoa "la filosofia del Capital".

arantxa urrutia
arantxa urrutia dio:
2008/01/14 22:19

Anitz matxista, eta ez marxista, iruditzen zaizkit gorako adierazpenok ze argi dagoen hor amorante eta emazte aipatzen diren. Hain juxtuki bikotearen partaide zakildunaz egiten da aipu soilki. Eta garai bateko buruzagi iraultzaileen moralaren adierazpen bada esan beharko dugu munduko garun progresistenek etxeko txokotxoan halamoduzko portaera zutela. Eta, klaro, materialismo dialektikoa esplikatzeko balio badu, non izango dugu guk, gizaki aludunok, gure iraultza, tesi, antitesi eta sintesia? (Nahiz eta gogoratzen dudan nire formazio politiko garaietan esan ohi zigutela "sintesia" desinentzi huts hutsik Hegelianoa zela eta dialektikaz kanpokoa, dialektika eraldaketa sakona bada ez baitu pakezko moduko ezkontza horiek ametitzen; beraz, Markox, zure paperak errepasatzera).

paul
paul dio:
2008/01/31 15:34

Agian ez da argi gelditu baina oinarri berriei buruz mintzatzen nintzenean ez nuen dotrinarik aipatzen, ikuspegi marxistak egungo egoerari buruz eman behar duen panoramika baizik. Eta zu bete betean zabiltza Capitalaren irakurketaren ildotik (Althusserrek saiatu zen 70an eta nire ustetan bere saiorik bururik gabeena izan zen, jatorriaren mitoan erortzen baizen eta gaurko egoeraren azterketari bizkarra eman). Hala ere estimatzekoa da ezeztapenaren legea hain garbiki agertzea Marx zaharrean ere (eta gogoan dut garai batean nola aurpegiratzen zitzaion hemengo partido bati ez hauteskunde programarik aurkeztea), ukazioa eraikitzaile baita ezinbestean zuk aipatu zentzu genetikoan gainera (ez natorke bat esatearekin honek lotura zuzenekoa duela Hegelen konzepzioarekin, marxismoan ez baitago bere buruarekin errekontziliatzen den izpiriturik, ez izpirituaren abiaduran txertatzen den tradiziorik eta ez halako ezer; Hegelen izpiritua dena Marxek materia bilakatzen du, dituen inplikazioekin, Hegelek deskribatu egiten du -zenzu filosofikoan- Marxek filosofia, bere filosofia, arma iskilu bilakatzen du; koska ez da makala).

paul
paul dio:
2008/01/30 12:01

Bat nator Josurekin (nire erudizioak alemanierako zitak ez dit ulertzen utzi, baina ingeles zitaren ildo beretik joango dela pentsatzekoa da). Hala ere esango nuke Hegel iadanik lotuegia dagoela garai historiko batekin eta harek, filosofia idealista eta azterlan kantianoa baturik (eta, ez dezagun ahantz, estatu prusiarrean beste begia jarrita)dialektika idei ekoizle bilakatzen badu, Marx izango da dialektika hori Markoxek aipatu jakinza arlo horietan egokituko duena (eta halaxe egingo du lan desberdinetan azterketa ekonomikoa, politikoa, gerrari buruzkoetan, eta abar, eginez). Marxek emandako jauzia kualitatiboa da Hegelekiko, eta Hegelek ez bezala haustura eta banaketaren balioak aipatzen ditu tresna eraginkorrak bezala (Komunista Manifestuaren azken paragrafoan esan bezala, ala Napoleon IIIgarrenari buruzko entseiuan). Egia esan harrigarri xamarra da jakitea Markoxek hainbeste miresten dituela estrukturalistak deitutakoak eta modu berean genealogia bat proposatzen digu, jatorrirako itzulbidea, 19garren mendeko jakintza arlo zaharkituetara jotzen duena. Neoliberalismo eta Keynesianismoaren kapitalaren barne-talka hontan, materialismo dialektikoak zein oinarri berri ditu? Hau nire ustez galdera interesgarria eta beharrezkoa da, erakutsiko lukeenez zenbateraino eraldaketaren aldeko indar anitzek kontzientzia orokortua duten egungo munduaren bereizitasunen inguruan.

Josu
Josu dio:
2008/01/24 23:19

komunen kontua anekdotikoa baino zerbait gehiago da . hona bestela zer dioen "how to read Lacan"-en: "none of these versions can be accounted for in purely utilitarian terms: a certain ideological perception of how the subject should relate to the unpleasant excrement that comes from whithin our body is clearly discernable in it" are gehiago "It is easy for an academic to claim at round table that we live in a post-ideological universe- the moment he visits the restroom after the heated discussion, he is again knee-deep in ideology". Amen.

Josu
Josu dio:
2008/01/25 14:45

ona zitat bat:"the regrettable tradition of expounding this theme in the Hegelian dialectic through the grotesque jargon of "thesis", "antithesis" and "synthesis" began in 1837 wiht H. Moritz Chalybäus, a bowdlerizer of German idealist philosophy, whose ridiculous expository devices should habe been forgotten along with his name. To my knowledge it is never used by Hegel, not even once, for this purpouse or for any other. The use of Chalybäus´s terminology to expound the Hegelian dialcetic is nearly always an unwitting confession that the expositor has little or no firsthand knowledge of Hegel. Baino beida hegelek berak zer dioen honi buruz: "Werden ist diese immanente Synthesis des Seyns und Nichts: aber weil der Synthesis der Sinn von einem äusserlichen Zusammenbringen äusserlich gegeneinander Vorhandener am nächsten liegt, ist mit Recht der Nahme Synthesis, synthetische Einheit ausser Gebrauch gesetzt worden". Amen.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2008/02/04 14:37

Marxekin gurean maizegi gertatu dena Joxe Azurmendik kritikatu du ondo “Alderdi Komunistaren Manifestua”ri egin dion hitzaurrean (Jakinkizunak, 45 or.): “Egiterik ez dagoena da, guk, beste batek bere esperientziatik meditatu duena, geure esperientzia meditatu gabe, kopiatu eta dogmatizatzea. Gure esperientzia meditatzea geuri dagokigu: beste guztiek laguntza eman diezagukete gehienez ere. Horretarako, ordea, beste guztiak laguntza bezala hartu behar ditugu, ez egia eta zuzentasuna errebelatzen diguten guru bezala”.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2008/02/04 15:48

Joxe Azurmendik Hitzaurre horretan bertan argi erakusten du nola bereganatzen eta aldatzen duen Marxek Hegel. Gaur egun gurean indarrean dugun eztabaidagai bati dagokiona ekarriko dut hona, nolabait Joseba Arregiren eta Arantxa Azurzaren aitzindari litzatekeen Hegelek jainkoturiko Estatuari eta Legeari Marxek eginiko kritika (22-24 orr.): “Hegelentzat Estatua arrazoimenaren eta moralaren adierazpen gorena da. Den-dena da gizartean eta historian arrazoiaren espresioa (…) eta Estatu konstituzionalean adierazten du gizarteak bere razionaltasun gorena historian. Estatuan baino ez du aurkitzen gizakiak existentzia librea eta razionala. Gizakia den abereak hainbat modutako premiak ditu, intimoak nahiz publikoak, eta horien ase beharrak, “premien sistemak”, gizarte zibila eratzen du (alemanez: “bürgerlich”): familia, lanbide diferenteak, jabego pribatua, merkatua, etab., gizartearen bizitza ziurtatzea xede duten antolaketak. Baina horiek, berez, egoismoaren erakundeak dira, gizartearen barruan gatazka organizatu eta bideratu egiten dute, erauzi ordez. Gizarte zibilean gatazka basak agintzen du hortaz, gatazka horrek indartzen eta goititzen baitu bizitza. Bizitzaren interesa da gatazka orokorra. Interes partikularren eta klase kontrarioen arteko borrokan gizarte zibila bere burua suntsitzetik salbatzen duena Estatua da bere erakundeekin. Estatua, gizartea osatzen duten elementu partikular ezberdinen gainetik, “unibertsaltasuna” da. Gizartean jaiotzak, jabegoak eta ondasunek, sexuak, kulturak, etab., hainbat diferentzia sortzen dute. Estatuak diferentzia horiek denak “politikoki” ezabatu egiten ditu, hiritar denak subirania berdinaren jabekide berdin deklaratuz legean… “Baina Estatuak –osteratzen du Marxek– ez du ez aintzat hartzen jabego pribatua, instrukzioa, noren jardun partikularra, bakoitzak bere erara jokatzeko duen boterea”. Estatua –Zuzenbidea– horiei guztiei buruzko arauz eta neurriz bete-beterik dago! Beraz, gizarte zibilaren gainetiko Estatu “unibertsal” hori, ez da egiaz gizarte zibilaren “gainetikoa”, baizik –Feuerbachen Jainkoaren antzera– azpikoaren proiekzio bat besterik ez, unibertsaltasunaren (beraz, neutraltasunaren) ilusio bat, hortxe baita gizakia politikoki alienatzen, erlijiosoki Jainkoan bezala. (…) [Marxen esanetan,] Estatuan (Estatu demokratikoan alegia, konstituzionalean), alienatu egin da gizakia, ez salbatu. Hasteko, bi erresumatako izakitan ebakita geratzen da, erlijioan bezalaxe: Jainkoaren haur eta graziaren erresumakoa, batetik, munduko erresuma bekatarikoa bestetik; Estatuaren Zuzenbideko haur zerutarra, batetik (hiritar abstraktua), gizarte zibileko katramiletako haurra bestetik (haragizko gizakia). Graziaren jainkozko erresuman ez dago judu eta grekorik, esklabo eta librerik, arima denak berdin nobleak dira; Estatuaren erresuman ez dago handi eta txikirik, aberats eta pobrerik, hiritar denak berdin askeak dira. (Hiritarra, izan ere, ez da, zinez izan, arima baino ezer gehiago: idealismoaren produktu bat). Feuerbach baitan Jainkoa, gizadi minduaren proiekzioa, “gizatasun beteginaren” espresioa da; Marx baitan Estatua, gizadi katibuaren espresioa, “gizatasun askatuaren” ilusioa. Fikzio bat da Estatu hori guztiona berdin dela. Gizaki material erreala Estatuko hiritar idealean alienatzen da. Horrela, gizakiari bere egiazko errealitatea idealarekin estali eta ezkutatuz, Zuzenbidezko Estatu demokratiko burgesa bera bilakatzen da oztopo berri bat eta handiena haren emantzipaziorako.”

Hemen eta orain: Espainiako Estatu Zuzenbidezkoa ez da aski neutrala, ez da unibertsala: sortu zuen gizarte zibileko esparrurik indartsuenaren alde jotzen du, gaztelania zeharo nagusi den gizartearen alde, eta Legea gaztelania ez ezik bestelako hizkuntzak ere mintzo dituzten giza taldeetan nagusi diren asmo politikoak sistematikoki itotzeko erabiltzen du.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2008/02/04 20:56

Ederto ezagutu zuen Hegelek Humboldten obra. Joxe Azurmendi aipatu eta aipatu gabiltza bestalde, eta hain zuzen bere azkeneko liburua, "Humboldt: Hizkuntza eta Pentsamendua", etzidamu aurkeztuko du Eibarren, otsailaren 7an, eguena, Markeskua jauregian, 18:00-19:00. Hemen kapitulu bat jaisteko aukera: http://www.buruxkak.org/liburuak/338/Humboldt:%20hizkuntza%20eta%20pentsamendua.html

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.