Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Brokeback arrantzale

mzap 2006/04/07 13:40

Xabier Mendigurenek Urbia Mountain sarreran euskal basomutilen arteko harremanez filosofatu du.

Arrantzaleen arteko harreman homosexualez inoiz ez dut deus aditu, ez Hondarribian ez Bermeon.

Aitzitik, lagun eta ikasle homosexual batzuk, arrantzaleen semeak, eta tradizioz arrantzan behar luketenak (beren anaiak bezala), lehorrean gelditu dira eta nazka diote arrantzale giroari.

Lehengoan ikasle ohi arrantzale oso hetero batek kontatu zidan Tailandiako kostaldera iritsi eta kaian bertan putetxe kulunkariaren itxura nahastezina (argitxo bereziak kanpoan, dekorazio amultsu kutrea...) zuen itsasontzi batera emozionatuta sartu eta...

BARRUAN KARAOKEA BAINO EZ!

Txorakeria galantak gaurko “Berria”n

mzap 2006/03/30 20:25

Hemeretzigarren orrialdean, zehazki. Asier Iturriagaetxebarriak izenpetu du artikulua, baina sindikatuek kazetaria manipulatu dute, gezurra hedatuz.

Unibertsitateko irakasleen grebaren berri dakar. Klasismo akademikorik higuingarriena nabari du.

Hitzez hitz: "egiten dugun lanari ematen dioten ordainsaria lotsagarria da, gu garelako hezkuntza sistemako goi mailako irakasleak." Alegia, Haurtzaindegia estolda eta Unibertsitatea hegazkina, eta bertako irakasleak Unibertsoaren kapitain pilotu.

Adierazpen hori gainera ertainetakoon soldatei buruzko gezur biribil zenbaiten ostean dator: "Institutuko irakasle doktore batek 37.600 euro jasotzen ditu urtean".

Institutu bateko irakasle doktorea naiz eta 30.000 baino gutxiago jasotzen dut. Espainiak azpikeriaz bahitu eta itxiriko Arnaldo, Petri eta Olanoren askatasunaren truke eskatzen duten zerga inperiala ordaindu ahal izateko urte mordo batez beharko genituzke ertainetako hamaika irakasleren soldatak pilatu.

Unibertsitateko irakasleek bezalaxe, guk ere kudeaketa eta ikerketa lana egin behar izaten dugu, eta gure ordutegia askoz ere gogorragoa da sindikatuen informazioan oinarrituriko “Berria”ren artikuluak aditzera ematen duena baino, askoz ere latzagoa inolaz ere Unibertsitateko edozein irakaslerena baino.

Harrigarriena, hala ere, ikustea da zelan larriak badira ere gure herriaren arazoak, sindikatuak elkartu ez direla elkartzen bake prozesuan laguntzeko, ezta txiroen alde egiteko ere, edota EHUren beraren arazo gogorrak konpontzeko –irakasleria propioa, eta abar-, baizik Unibertsitateko irakasleen soldata ertainekoenarekin berdintzeko.

Hori bai, behetik berdintzea eskatzen dute soilik, Unibertsitatean gutxien jasotzen duenarena bat etor dadin Institutuetan normal jasotzen duenarenarekin. Aldiz, klasismoa akuilu, ez dute eskatzen Unibertsitatean gehien kobratzen duenarenarekin pareka dadin ertainetan gehien kobratzen duenarena.

Ordea, ertainetako lana askoz ere gogorragoa da: ikasle asko behartuta doaz Institutura, Unibertsitatera ez bezala.

Eta, egia bada ere gure jendartean lanaren gogorra eta soldataren tamaina sarriegi alderantziz proportzionalak izaten direla, ez du antzua ematen harreman horren inguruko eztabaidak, Unibertsitateko zenbait irakaslek kontrakoa uste badute ere, aldarrikatzen baitute eztabaida horrek ez lukeela balioko langile gehienen eskakizunak ezereztatzeko baino.

Izan ere, hor dautza meatzariak, eta eraikuntzakoak, hainbeste hiltzen dira urtero aldamiotik jausita, eta arrisku hori diruz saritu beharko litzateke, al norte zetozen Guardia Civilena legetxe. Haatik, hori eskatzeko sindikatuak ez dira elkartzen, ez da estrategikoa.

Edozein gisaz, gure lana Unibertsitatekoena baino gogorragoa den arren, guk ere soldaten berdintzea exijitzen dugu, kontseilari jauna, baina erabat, behetik bezala goitik, eta jakina, lan baldintzen eta ordutegien berdintzea ere exijitzen dugu.

Duguna gutxietsi eta ez dugunaren mina sentitzeko joera arrunta ei da, eta nik egia erran bekaizkeria diet Unibertsitateko irakasleen ordutegiei eta oro har ikasleek Unibertsitatean izaten duten jarrerari, borondatez baitoaz eta maite dutena ikastera gainera, edo interesatzen zaiena.

Hala ere, egia oso-osoa aitortzeko: polita da Batxilergoan Filosofia irakastea etorkizunean Fisioterapeuta, Idazle, Arotz, Abokatu, Langabetu, Sendagile, Kazetari, Psikologo izango direnei, ugaritasun hori lasaigarria da.

Unibertsitatean sartzeko ahaleginei uko egiteko muntazko kezka: Filosofia ikastea aukeratu dutenengandik ezin dudala itxaron ezinegon ilun bat baizik, nire antz handiegia izan baitezakete.

Mokordo protestantea ("Berriro igo nauzu" eleberriaz)

mzap 2006/03/29 16:44

Protagonistak, Joxe Garmendia “Marmitte”k, ez du amets egingo. Kaka egingo du.

Egia da psikoanalisiak ametsari askoz ere garrantzi handiagoa eman diola kakari baino; badu hala ere kakaren gaineko aurkikuntza harrigarririk.

Kasurako, André Greenek ziurtatu berri du doluaren amaiera, doludunak aipatzeko eta azpimarratzeko moldekoa leritzokeen mokordo batek seinalatu ohi duela, ametsetan egina. Hots, bezero doludunak psikoanalistari “bart ametsetan mokordo harrigarri bat egin dut” aitortzeak, sendatzea adierazten omen du. Bestalde, Freudek berak dio neurotiko mota baten idorreria sintomatikoa sendatzen dela psikoanalistak diruzalekeriaren eta kakaren arteko harremanen berri ematen dionean.

Kontua da psikoanalistentzat geure nortasunaren muina ezagutzeko orduan ideologia ez dela deus. Freud ez zen ia batere aritu politikaz. Abertzale, giza eskubideen aldeko, liberal: bost Freudi. Ez hadi izan lorotxo. Hauxe bai erabakigarri: zer egiten huen txikitan hire kakarekin? Uzki arotik igaro baikara guztiok: sasoi horretan libidoa, gorputzeko bizi indarra, ipurtzuloan da kokatzen. Haurrak gorotza berealdiko zentzu sinbolikoz hornitzen du: kaka troskoa bere umetzat du, bere sorkaritzat. Askotarikoa duzu mokordoaren erabilera: nartziso plazera erdiesteko (jostailu), besterengandik maitasuna lortzeko (opari), besterekiko independentzia azpimarratzeko (jabetza pribatu), besteri erasotzeko (iskilu, misil).

Halatan, gizarte jokabidearen funtsezko norabide zenbaitek, uzki aroan du sorburua; are deigarriago, egundo ez du uzkiarekiko lotura galduko. Haurraren berezko sexualitate molde hori amaitzen delarik, kultura objektuek jasotzen dute jatorrian kakari emaniko zentzu sinbolikoa; baina ez dira bigarren mailako ordezkoak baizik, sublimazioak. Jabetza, adibidez, ez da beste barik kakatik dirura aldatzen, eta kito. Ez, diruak kaka bera izaten jarraitzen du, uzki erotismoak inkontzientean baitirau. Uzki erotismoari ez zaio muzin egiten, zapaldu egiten da.

Espetxetik etxera iritsi orduko une latzak biziko ditu Marmittek simaur artean plisti-plasta, bere omenaldian ere egundoko kakagurak erasan eta dena bertan utzita zoro legez bilatuko du komuna, Joxeren lokuziorik erabiliena eta eleberriko azken hitzak “kaka zaharra” izango dira.

Edozein gisaz, aipatu lau erabilera funtsezko horien artean, mokordoa baliatu, iskilu legez baliatuko du Marmittek, ez baita harritzekoa borroka armatua hobetsi zuen baten aldetik, baina zeharka lurraldetasunari uztarturik, jabetza pribatuari, norberaren esparrua markatzeari: hain zuzen, Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko mugan kaka egingo du, baina jakina, Espainiaren aldean. Ederki kostata, hori bai: hainbeste urtez ekintza horri buruz hausnarrean espetxe zuloan eta behin jarrita gogorik ez, hiru orduz itxaron behar Espainiaren aurkako tomahawk eder bat jaurtiki arte.

Arazo nazionala, bistan da. Polimiliek arrazoi ote zuten, Marmitte bezalako miliei arazo soziala ahaztea leporatzen zietelarik?

Mendigurenek Aristofanesen, Rabelaisen eta Swiften tradizioan kokatu du bere burua: kakari zintzo egin dio aurre, baina aldi berean umorez.

Swiften “Gulliverren bidaiak”en laugarren atalean ageri da gaia maisuki jorratua.

Iñaki Mendiguren Bereziartuk euskaratu du.

Behin batean, “eibartarrak” eztabaidagunean forokide batek Xabier Mendiguren Elizegi eta Iñaki Mendiguren Bereziartu nahastu zituen.

Xabier Mendiguren Elizegi genuen eta dugu forokide, eta ez Iñaki Mendiguren Bereziartu.

Ordea, Iñaki Mendiguren Bereziarturen anaia Xabier Mendiguren ere itzultzailea da.

Eta, misterioz, antz handiagoa dute Iñaki Mendiguren Bereziartuk eta Xabier Mendiguren Elizegik, Iñaki Mendiguren Bereziartuk eta Xabier Mendiguren Bereziartuk baino, itxurari dagokionez, baina baita nortasunari dagokionez ere (mintza-doinua), are idazkeraz denaz bezainbatean.

Iñaki Mendigurenen “Argia”ko anitz artikuluk hondamendiaren bihotzari bizipoz handi batez diote ihardesten, eta hori Mendiguren Elizegirena ere bada.

Biologiaren gainetik dira anaiak.

Iñaki Mendiguren Euskal Herriko predikari protestante ia bakarra duzu.

Hain zuzen, kaka egiten ari zela jo zuen Luther bere inspirazio gorenak, fedearen bidezko salbazioaren argitasunak.

Lutherrek urrats erabakigarri bat egin baitzuen, Marmittek buruturiko prozesu historikoan.

Norman O. Brownek dioenez, aurrerapauso hauxe egin zuen Lutherrek: mendebaldeko gizakiaren salbabide tradizionalari mozorroa erantzi zion, hots, sublimazioa arbuiatu zuen. Lutherrek jatorrizko bekatua hainbeste azpimarratzeak zera adierazi nahi omen du: berdin dio uzkitasuna zenbat sublimatzen den; azken batean, gizakia beti izango baita kakatsu. Lutherrek tenteltzat jo zuen mundualdi honetan gorputza gainditu nahia.

Hala ere, Marmitte ez da protestantea, ez luke esaterako Lutherren itxaropen hau onartuko: giza gorputza noizbait berpiz dadin, “free from death and filth.”

Esan bezala, bestalde, Lutherren argitzapena komunean jazo zen. Lutherren Deabrua, gainera, uzkitasuna duzu oroz lehen. Arrazoibidea biribiltzeko, Max Weber oso ondo ezagutzen duen Norman O. Brownen ustetan, Lutherren teologian kapitalismoa Deabruaren mamitze bat da.

Beraz, lehen begiratuan Marmittek arazo nazional hutsak bultzatuta kaka egiten badu ere, Elizegiren eta Bereziarturen arteko antzak eta Lutherren teologiaren kutsuak garbi nabariarazten du, zeharka eta poetikoki bada ere, arazo sozialak ez duela garrantzi eskasagoa goierritarraren ekintzan. Gehiegi ohartu gabe protestantismoak abduzituriko Marmittek kapitalismoari ere kaka egin dio Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko mugan, iradokiz ezin esan litekeela miliek sozial auzia guztiz baztertu zutenik.

Azkenik, Marmittek ere, Lutherrek bezala, errebelazio bat izango du komunean, ispilu zahar hautsi bati begira. Sublimazioaz batere fio ez diren Martin Lutherrek zein Joxe Garmendiak komunean aurkitu behar noski beren egiarik sakonenak. Marmittek ispilura begiratu “eta aurpegi nekatu bat ikusi duzu. Egunaren luzeak nekatua eta urteen pisuak abaildua. Eta zure senide eta ezagun eta lagun guztiak irudikatu dituzu, nor bere etxeko ispiluaren aurrean, eta bakoitzak bere errainuarekin bakarka aurkitzen ez duen onarpen hori dela iruditu zaizu, besteen bitartez lortu nahi dutena, kasu honetan zure bidez, zu zeu ispilutzat edo kontraispilutzat harturik; baina zure irudiak ez die espero zutena eman, deskolokatu egiten ditu batzuk eta besteak: koska asko dituelako, deformatuta dagoelako... Eta zuk, zer pentsatzen duzu zuk zeure buruaz? Zer dago ageriko aurpegi horren azpian? Historiaren gurpilak bide-bazterrera botatako hondakina, hiltzoriaren eta askatasun-gosearen artean bihurritzen den herri zoritxarreko baten semea, galtzaileen bandoa aukeratu zenuena eta azkenean zu zeu ere galtzailea; hainbeste urte kausa baten alde higatu ondoren geratzen zaizun bizitza-apurra zertarako bizi edo bizitzea ere merezi ote duen ez dakizuna, gizajo bat azken batean, baina gauza bat behinik irabazi duzuna: ispiluari beldurrik gabe begiratzeko ahalmena.” (204-205 orr.)

Agur?

mzap 2006/03/20 12:14

Gero eta bakartiago eta okerrago dabil Ihartzegarai Labartzan eta erabaki ausarta hartuko du: mendian isolatzea, Zingiregin, Baltza bere txakurkume berriarekin. Erabaki zuzen eta ederra barren. Marko Aurelioren “Pentsamenduak” ere eramango ditu: “aitor bat egingo dut: Marko Aurelio enperadore filosofoa bihurtu dela nire kontseilari ezkutua.” (221)

Zaratustrarena zirudien erabakiak, baina estoikoekin doa. Mendiko bakardadera ez ditu igoko, Zaratustrak bezala, eguzkipeko animaliarik harroena –arranoa-, eta eguzkipeko animaliarik zuhurrena –sugea-, baizik txakurtxo bat, eguzkipeko animaliarik leialena.

Bestalde, Marko Aurelio ez du hautatu gogaide duelako, alderantziz baizik: izan ere, Antton Ihartzegaraik Marko Aureliok aldarrikatutakoaren justu kontrakoa egin baitu zehatz-mehatz espetxetik atera zutenez geroztik.

Batetik, estoikoak iraganagatik eta etorkizunagatik kezkatzeari utzi eta oraina ahal bezain gozoro bizitzea aholkatu zuen.

Bestetik, Marko Aureliok jendarteari dagozkionetan esku hartzeko aholkatzen digu, Ihartzegaraik politikari dion mespretxutik bestaldera.

Azkenik eta bukatzeko, egia da, Xabier Mendigurenek dioen legez, “Labartzari agur” Txillardegiren aurreko sei eleberrien summa gisako bat dela: Leturiaren urmahela eta maitemintzea dugu bertan; orobat ezinezkoa erdiesteko Peruren seta: iragan ezinbestean galdua berpiztu eta denbora geldiaraztekoa, baita Peruren eldarnioak ere eta mozkorraldiak; eta Elsaren erru sentimendu orokorra eta harreman gazi-gozoak “Mimu” katuarekin; eta “Haizeaz bestaldetik”-eko labarrak, itsasoa, Soustons, animalienganako gupida sakona; Exkixuren eta Putzuren amorrua eta borroka... Bai, lehenagokoa barnebiltzen du “Labartzari agur” honek.

Baina aldi berean Txillardegiren libururik gazteena bilakatzen du bere amaiera irekiak. Ihartzegarai duzu antigutarrak bere protagonista guztien artean bizia barkatu dion bakarra.

Eta bukaeran Baltza txakurtxoari eginiko igarpen eta zin beldurgarri batzuk ahaztu (“gure herrixa politikari xaxi-jakintsuez etsirik altxako dok halango batez. Etxuagu hori ikusiko ez hik eta ez nik. Zoritxarrez! Eta ikusteko aukera badogu, gudura yoango gaittuk.” (225)) eta bizimodu zoriontsu bati ekiteko sustrai laukoitza badu Ihartzegaraik Zingiregin: arreba Ixaskunen maitasuna, txakurkumearen konpainia, Marko Aurelioren “Pentsamenduak” eta bederatzi milimetroko parabellum bat, eguzkipeko animaliarik humanoena, baezpada ere, batek daki, hara Igor Angulo.

Egunez ez bezala

mzap 2006/03/14 14:03

Bigarren lokamutsa Anttonek eri egingo du, hotzikaraz eta sukarraz. Bezperan betiko tokietan txango zebilela etxeko bidea ahaztu du. Neurologo baten eskuetan jartzea onartu dio arrebari.

1-Ametsean lehenbiziko orrialdeko kartzeleroa ageri da, Valcornejako Enrique gorrotagarria.

Ondotik igaro zaio Anttoni. Baina zer ikusi du honek?

Bere burua!

“Guztiz nire antzeko gizaseme bat, nire anaia bikia (izan banu). Areago: ispiluan neure burua begiratzen dudanean aurrez aurre ikusten dudan berbera. Ikaratu egin nau osotara: “bera ni da”... Edota “ni bera naiz”. (170)

Zer esan nahi du zehazki Antton eta bere kartzelero espainola berdinak izan daitezen?

Zer adierazi nahi dio ametsak Anttoni edota Txillardegik irakurleari?

Nobelan zehar aurreneko orrialdetik beretik pertsonaiarik higuingarriena izan zaigun Enrique kartzeleroarekin goitik behera identifikatzeak zer erakusten dio Anttoni?

Egia ezkutu bat agian? Arrisku bat?

Aurkakoak eta etsaiak azken batean berdinak direla, aurkikuntza dirudienez ekialdekoa jatorriz baina beti eta nonahi berpizten dena?

Edota, zehazkiago, hasieran desberdinak izan zitezkeenak etsaitasunak berak eramaten dituela berdin jokatzera eta ondorioz berdintsuak izatera?

2-Gero, elkarren ondotik igaro ostean, Antton San Pankrazio elizan sartu da eta martiriaren irudia tragiko beharrean barregarri egin zaio.

Hemen ere bada beste enigma bat, Anttonen eta Enriqueren berdintasunari lotua, mundu-ikuskera eta arazo berari dagokiona: izan ere, Anttonek nobelan zehar etakideak eta gudariak aberriaren alde odola ematen duten martiri gisa ikusten ditu, era heroiko tragikoan. Horretxegatik dio ametsean “beharrean”: “martiri gaztearen irudiari, tragiko gertatu beharrean, barregarri iritzi diot.” (171)

Zer esan nahi ote dio oraingoan ametsak Anttoni eta Txillardegik irakurleari?

Esanahiak gorabehera, azkenik, militar espainol batzuk, Enrique buru, elizan sartu eta Antton hiltzen ahaleginduko dira. Antton kanpandorrean ezkutatuko da. Baina militarrak badatoz kanpandorreko eskaileretatik gora. Orduantxe esnatuko da Antton, asaldatu bezain izutua.

3-Amets honek gatazkari eta borroka armatuari buruzko Anttonen eguneko ikuspuntu kontzientea kordokatuko du, are alderantzikatu: alde batetik, gudaria eta kartzeleroa berez berdinak ez izan arren ziur aski, beren ekintzen endekatzeak berdindu egiten ditu (Ortega Lara); bestetik, bere burua sakrifikatzen duen martiri gaztea barregarri gertatzen da.

Etakidea eta kartzeleroa bat izatea, espetxea ETA bezain ETA espetxe, ametsak dioena alegia, ez dator bat Anttonen esnatuzko ikuspuntuarekin, kartzelero gaiztoen eta etakide zintzoenarekin; halaber, martiri barregarria ez dator bat gudari heroikoaren irudiarekin.

Labartzari agur-en polifonia aberasten duelako da garrantzitsua bigarren amesgaizto hau: ohi bezala, pertsonaia desberdinek ikuspuntu desberdinak dituzte, baina bestalde Antton Ihartzegarai berberak, nobelan zehar aldatzeaz gainera, kontrako ikuspuntuak izango ditu esna eta ametsetan.

Militar espainolak bera hil nahian bertan dituela egiaztatzea bezain beldurgarri eta zorabiagarri izango zaio Anttoni bere bizialdi osoko jarreraren gaueko arrakalatzea.

Horrela, lehenagoko sarrera batean aipatu Txillardegiren bikoiztasun posiblea, hots, bata Berrian eta Garan mintzo koherenteen bidez borroka armatuaren aurka nabari dena, eta bestea “Labartzari agur”eko literaturan, barnekoiagoa beti ere, Antton Ihartzegarairen bidez borroka armatua aldeztuko lukeena, aldaturik errepikatuko zaigu Ihartzegarairen beraren baitan: egunez bere buruari borroka armatuaren beharra azpimarratuko liokeen Anttoni berari gauez ametsak etsaien osagarritasuna eta martiritzaren irrigarria ikusaraziko lizkioke.

Gauez eta ametsetan Anttonek traizio egingo dio eguneko Anttoni, eta alderantziz.

Zein Antton ote da egiazkoagoa?

Bistan da Ihartzegarairen eguneko ikuspuntua anakroniko bezain kaltegarritzat jotzen dela oro har eta zabalduagoa eta ospetsuagoa dela Euskal Herrian bigarren amets honek erakusten duena; hedabide ia guztiek laguntzen dute eta gailentzen ari da historiaren eta gertaeren filma kontatzeko orduan.

"Behatz"

mzap 2006/03/07 09:06

Barandiaranen ustez, Cro-Magnon gizakiak ekin zion euskaraz mintzatzeari, eta gainera euskara izan zen erabili zuen lehenbiziko hizkuntza.

Ordea, ez ote da euskara askoz ere lehenagokoa?

Euskaldunok zein bereziak garen geure hitzek erakusten dute besteak beste. “Behatz” hitzaren erabilera erdialde eta ekialdekoak, esaterako, frogatzen du ziminoa euskaraz hasi zela artean lau hankan zebilelarik, zutitu eta gizaki bilakatu baino lehen beraz.

Aspaldi hartan ziur aski bizkarretik beso bat erneko zitzaion gorantz, ortzirantz, zimino euskaldunari, gero galduko genuena, eta “hatz” beso horren eskukoei deituko genien.

Ezohiko jarraitutasunaz egin du euskarak ziminoarengandik gizakiarengana, jauzi kualitatiborik batere gabe, eta horregatik izango gara agian hain naturalak.

San Pankrazio barregarri

mzap 2006/03/02 16:57

“Biharamunean beste gertakari bitxi hau jazo zitzaidan; eta are kezkatuago utzi.

Ondarrondo pasealekutik Labargane aldera nindoalarik, aurretik hurbildu zait berrogeita hamarretan zegoen gizaseme bat. “Adinkide bat”, esan nezake.

Zer diot “adinkide”, ordea? Sosia bat hurbildu zaidala esan behar nuke: guztiz nire antzeko gizaseme bat, nire anaia bikia (izan banu). Areago: ispiluan neure burua begiratzen dudanean aurrez aurre ikusten dudan berbera.

Ikaratu egin nau osotara: “bera ni da”... Edota “ni bera naiz”.

Eta nire ondotik pasatzerakoan, doinu irmoz agurtu nau:

-Antonio Diarsegay!

Enrique gartzelazainaren ahotsa zen. Eta deituraren ahoskera okerra ere, berea.

-Presente!! –erantzun dut automata batek egingo lukeen bezala. Valcornejako errekontuetan egiten genuen bezalaxe.

Eta berak Atxeta aldera jarraitu du.

Uste dut. Ez bainuen badaezpada atzealdera begiratu ere nahi.

Hura izua!

Eskuin aldera jo dut aldapa leunean behera. Zorua labain zegoen tarteka. Eta ustekabean irristatu egin naiz; baina ez naiz erori.

San Pankrazio elizara sartu naiz. Zertarako? Zergatik ? Ez dakit.

Hutsa eta hotza zegoen. Eta martiri gaztearen irudiari, tragiko gertatu beharrean, barregarri iritzi diot.

Aldareko eskuin aldean, argi xume batek zizekan.

Kanpandorrerako atea zabalik, eskailera hertsi erpinetan gora abiatu naiz arnasestuka.

Militarrez jantzitako soldadu espainol aldra bat sartu da elizara.

Alimaleko piperpotoari eragiten ziotelarik, oihuka hasi dira elizaren barruan. Eta tiro hotsak hasi dira: bost, hamar, ehunka...

“¿Dónde ehtá, Antonio, asesino?”

Harrigarrizko oihartzunak errepikatu dira barrukian:

“Asesino... sesino... sino...”

Geroxeago, Enrique mozkorti krudelaren ahots ozenaz berriz ere, galderak eta mehatxuak ugaldu dira:

“¿Dónde ehtá? ¡Entrégate, Antonio! ¡Si no lo hase, será peor!”

Kanpandorrean goraino jarraitu dut.

Orduan isilaldi trinkoa gauzatu da.

Nik neure taupadak entzuten nituen une hartan.

Erlojuak ordua jo du nire ondoan ezin ozenkiago, belarrietan oinaze bizia emanez.

-Bostak! –neure artean.

Eta mehatxu berak errepikatu dira. “Antonio!... Asesino!... ¡No saldráh vivo!...¡Entrégate!”

Iltzedun bota astunen hotsak kanpandorre barrutik nigana hurbiltzen sumatu ditut.

-Ez!!! –jaurti dut garrasika, eztarria hondatzeko moduan..."

Txillardegi, "Labartzari agur", 170-172 orr.

Liburua eta bloga: irautea eta ospea

mzap 2006/02/23 09:40

Zergatik ez du idazleak idaztea aski, zergatik hartzen du argitaratzeko lana? Korapilatsua da arazoa, baina agian esan liteke oro har testu bat plazaratzeko orduan, dela liburu dela blog, are edozer plazaratzeko orduan, hauexek izaten dira bultzatzaileetako batzuk, komunikatzeko beharra baino sakonagoak: batetik, zerbait ederra eskaintzeko pasio artistikoa; bestetik, iraun nahia, behin gu desagerturikoan zerbait geurea gera dadin munduan; eta azkenik ezagutza nahia, jendartearen onarpenaren eta aitortzaren bilatzea.

Azkeneko biak aztertuko ditut, bertan erneko baitira liburuaren eta blogaren arteko kontrakotasunak.

b) Liburuak luzeago dirauela bizirik blogak baino, egokiagoa dela denboraren joan gupidagabea saihesteko orduan, aurreiritzi faltsua da, erauzten zaila hala ere.

Ez da egokiagoa: 1816an 20.000 inguru eleberri argitaratu ziren frantsesez (ez dut datua egiaztatzerik izan, kontsulatura deitu behar), idazle guztiak betiereko ospearen bila jo eta su lan egin ondoren, gozamen eskuragarriei denbora kenduz eternitatea xede, baina gaur egun, 200 urte igarota, 20.000 haietatik bakar bat irakurtzen da, eta geroz eta gutxiago, eta idazle ez frantziar baizik suitzar batena gainera, eta Londresen argitaratua: Benjamin Constanten “Adolphe”. Tamalez, gozamen eskuragarriak sekula betikoz galdu zituzten gizajo ezezagun haiek.

Gainera, gaur egun indarrean dagoen merkatuak agintzen du argitaletxeen benetako bezeroak izan daitezen ez irakurleak, baizik banatzaileak (telebistarenak ikus-entzuleak ez diren bezala, iragarleak baino, Deleuzek ikusarazia), eta beraz liburuaren bizia banatzaileen interesen araberakoa izaten da, eta banatzaileei kopuru ahal bezain handiak bizkor txandakatzea komeni zaie, best-sellerrak, eta “Sua nahi Mr. Churchill”en eiteko perla arraroak bazterturik eta itorik gelditzen dira.

Azkenik, egia bada ere Platon eta Shakespeare oraindik bizi direla, inoiz ez da galaxien tamaina izugarria ahaztu behar, gure txikitasuna nabaritzen duena, ezta denboraren azpilan desegilea ere, Platon zein Shakespeare blogik xumeena bezalaxe suntsituko dituena. Horixe baita "A un bloguista menor" Borgesen distikoaren zentzua: “La meta es el olvido. Tú has llegado antes.”

c) Dena den, gizarte ezagutza lortzekotan egokiagoa dirudi liburuak blogak baino. Zergatik ote?

Hasteko, gure belaunaldia eta lehenagoko asko nahasmendu handi batean hazi izan da, tronpaturik, liburua berez dela on sinetsirik, berez dela eder zein iraunkor. Zaila da errore hori erauztea. Curriculumetan, esaterako, meritu gisa hartzen da liburu bakoitza, izenburu kopuruaren araberakoak dira gero puntuak, nahiz liburuak eskasak eta gogaikarriak izan.

Horrez gainera, erne ibiliz gero gaur egun esaldi hau entzun liteke zenbait giza talde boteretsutan: “begira ezak morroi hori, ez duk guztiz inutila, liburu bat atera dik behintzat.” Nik hori entzun egin dut. Baina oraindik ez dut entzun: “ez duk uste bezain inutila, blog bat badik behintzat.”

Alderantziz. Batxilergoko ikasleen guraso askorentzat, berbarako, guztiz kontrakotzat ere jo liteke liburu bat idaztea eta blog bat zaintzea. Blog bat, internet, lizunkeria... loturik hautematen dituzte oro har.

Institutuetan gero eta zeregin gehiago gobernatu behar izaten dugu ordenagailuz. Berriki ikasle baten ama, aurretik ezagutzen ez nuena, irakasle gelara hurbildu eta, ordenagailu atzean nengoenez, ziplo bota zidan: “qué pasa, qué andamos, haciéndonos unas pajillas.”

Internet, lizunkeria..., guraso mordo batek uztarturik dauzkate buruan, eta guk zaindu egin behar dugu gure izen ona liburuak argitaratuz eta bloga disimulatuz, ez dezagun lana gal, alegia, ez dadin urri matrikulatzea, neurri handi batean gurasoek erabakitzen dutena.

Bukatzeko, derradan egia gordina, egia mingarria, internet lizunkeriari lotzen dioten guraso horiei arrazoi pixka bat ere ez zaie falta. Luistxo Fernandez izan da gure belaunaldiari Internet titi oparo bi dilindan baino gehiago dela erakutsi diona. Gure belaunaldiari, egia esan, ez dakit; niri behintzat bai. Bedi hori ere kontuan hartua hurrengo euskaltzain oso izateko hautagairik serioenaren meritu gisa.

Blog kontagaitzen artean bizi ahal izateko

mzap 2006/02/21 07:45

Direnak direla arazoak, filosofiatik etortzen ohi da salbabidea. Filosofiak aholkatzen du, alde batetik, edozer egin baino lehen zure buruari galdetzea ea hiltzeko orduan hori egin izana ederra edo ez oso lotsagarria behintzat izango ote zaizun. Zer egin dut nire bizitzan? Galdera garrantzitsua, bizialdi bakarra dugu. Eta erantzuna balitz “anorexia prozesu zirraragarri batean amildu naiz Anorexics blogaren eskutik eta kezkaturik eduki naute Angel Cristoren lehoiek”, ez dakit ba, ez nintzateke ezerezera edo beste mundura kontent abiatuko.

Bestetik, ondo bizitzekotan egokiagoa da zerbait egitea, noizbehinka baizik ez bada ere, beti jasotzea baino. Bizimodu ederra lortzekotan nolabaiteko aktibitatea eta ekimena ona dela diote, zaputza gainetik kentzeko bederen. Foucaultek idatzi zuen antzinate klasikoko grekoen artean gizonezkoa sexualki definitzeko orduan irizpidea ez zela hainbeste hetero ala homo, baizik aktibo ala pasibo. Antz handiagoa du homosexual aktibo batek heterosexual aktibo batena, homosexual pasibo batena baino, eta jakintsu haiek zoriontsuagotzat zuten oro har aktiboa.

Nolabaiteko aktibitatea komeni da bizimodua hobetze aldera. Julia Kristevaren ustetan, gizakia soilik dago bizirik, piztuta, hiru egoeratan: aurrenik, psikoanalizatzen ari delarik. Baina bera psikoanalista denez, arrunt garestia, berrehun bat euro orduko, edo gehiago, ez da desinteresatua, eta beraz ez dugu aintzat hartuko. Bigarrenik, literatur lan batean murgildutakoan omen zaude psikikoki bizirik, baina Kristeva idazle ere bada eta bigarren hau ere ez dugu hitzez hitz geureganatuko, zehaztuko dugu esanez sortze lan batean zabiltzanean pizten zarela, sortze hitzaren zentzu zabalean, lagunartean giro jakin bat sortzea barne (lehengoan andre batek esan zidan: “artistie nai, kuadrillan egundoko anbientie imintzen dot”); bete-betean sar liteke blogintza bigarren honetan; eta hirugarren, maitemindurik, eta hori osotoro onartuko diogu Kristevari. Luistxo Fernandezek berriki aipatzen zuen blogari gazte batzuen ezinegona, hurrengo sarreran zer idatziko urduri, zer erantzungo ote dieten, maitemin betean bezal-bezalaxe.

Horrela, blogekiko harremanak giza harremanen antzera bideratu behar lirateke hein batean. Ez dago norberaren ekimena zaindu beste irtenbiderik, betekada saihestekotan mugak ezarri behar zaizkio irensteari, blogen ugaritasun kaotikoan norabideak eta mapak marraztu. Sasoi batean ondo etor dakizuke halako bloga, indartzen zaituelako. Beste batek berriz ahuldu, ergeldu: ez bera tentela edo astuna delako, baizik orain bertan ez datorrelako bat zure beharrekin, ez zaretelako ondo konpontzen, gatazka kimikoa eta ez pertsonala. Garai batean maiz bisitatuko duzu blog bat, gero desagertu egingo da zure bizitzatik, betirako apika, baina itzul liteke, auskalo, eta ordurako zu ere aldatua izango zara, Sandor Marairen pertsonaiak bezala bigarren elkartzeetan.

Esperimentatzea aholkatzen du Spinozak, zein blog datorkigun ondo eta zein ez bereiztea eta topaketak ez uztea erabat halabeharraren eta txiriparen esku. Xedea baita ez dezagun bizimodua izan triste eta zitala, baizik harremanak pozpizten zaituzten blogekin lotuz ahal bezain ederki bizitzea, pozpizten zaituzten blogekin eta halaber janariekin, tokiekin, jendearekin, tentu handiz beti ere, ahaztu gabe gure denbora mugatua dela.

Ugaritasuna arazo: blogen kasua

mzap 2006/02/20 07:51

Esan liteke blogaren funtsa askatasuna dela eta berdintasuna, gure jendartean behintzat, gaur egun ezinbestekoak diruditen mugen barruan noski, guztia baitago gutxi-asko Begi Handiren baten kontrolpean. Hezkuntza derrigorrezkoa denez ia hiritar guztiek dakite edo aurki jakingo dute idazten eta irakurtzen, laster edonork izango du blog bat sortzeko eskubidea zein ahalmena, doan baita. Are gehiago, idazten jakitea ere ez da beharrezko, bai baititugu argazki blogak, Irigoien “tximino”rena esaterako eibarnauten komunitatean.

Beraz, Euskal Herrian edonork sor lezake blog bat ia edozertarako.

Hori bat dator mundu osoan dabilen joera nabarmen batekin, ugaltzearekin, albisteak, idazkiak, arte lanak, blogetan sar litezkeen edukiak eta internet konexioak eta ordenagailuak, telebistak nahiz telebista kateak, eta halaber jendea, eta hortaz baita blogari posibleak ere.

Gure aurreiritzi demokratiko berdinzaleek pozik hartzen dute hori guztia.

Eta berez zoriontsu direnek ez dute arazorik, ezta berez aktiboak direnek ere.

Arazoa sorkuraz goibel eta pasibo garenok dugu.

Goibel garen aldetik, ezin dugu burutik kendu telebista kate guztiak ezagut ez ditzakegun bezala, ezta egunkari guztiak irakurri ere, ezin garela blog guztietara hurbildu, ezta euskal blogosfera osora ere bere apalean, lan arrunt bat badugu bederen, ordutegi arrunt batekin. Gainera hilkorrak gara, gure denbora mugatua da, eta etsi beharra dago: munduko blogik zoragarrienak ezagutu gabe hilko gara ziur aski eta egitate horrek are malenkoniatsuago gaitu paratzen.

Pasibo garen aldetik, berriz, joera dugu telebistaren aurrean etzan eta zortzi ordu barru gure buruari zer arraio ibili garen galdetu eta erantzun behar izateko Tomate, Rebelde Way, Estitxu eta Joana, Andoni eta Laura, berriro ingresatu dute Rocío Jurado, Rociíto eta Paquirrín beraz kezkaturik, orobat Antonio David, normala den bezala, gero eta koloretsuagoak dira Raquel Mosqueraren haluzinazioak, Wazemankekoak gorriz jantzi dira...; alboan dituzu zuzendu beharreko azterketak eta zapuzturik jaikiko zara.

Blogek, hain direnez ugariak, telebistek baino kontu interesgarriagoak eskain ditzakete; hala ere, pasiboak hasi egingo gara Gauez eta azpikeriaz, Kixmi, Mundekar Baten Bitakora, Garagoittiko Orakulua, Harribolasetik zuzenean, Olegario Makarrovski, Anorexics.net (anorexiaren apologia egiten duena, bigarren hezkuntzakoen artean gogokoenetakoa), hau eta bestea eta beste hura, eta azkenean berdin, erdi lo, ezer zuzen ulertzeko gai ez, bitartean alabak papagaitxoa bizirik erretzen.

Blogen definiziozko ugaritasunak arima berez pasiboa dugunoi dakarkigun arriskuetako bat, horrenbestez, sekulan deus ez egitea da, besterena irakurri edo ikusi baino ez. Eta beharrezkoa da noski munduko arima gehienak hein batean pasibo izan daitezen, orekari eustearren, bestela inork ez luke ezer irakurriko, nor bere blogintza autistan murgilduta. Baina Informazioaren Teoriaren arabera bada geuregana ditzakegun datuentzat muga jakin bat: behin hori gainditurik gehiegizko datuek ito egiten gaituzte, ezgauza bilakarazten edozer asmatzeko. Halatan, baten batek zioen gaur egungo gerren artean zerbait egiteko aukera eta ahalmena dutenen eta egonean egon eta pairatu beste erremediorik ez dutenen artekoa dela esanguratsuenetakoa.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.