Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Schreber eta paranoia

Schreber eta paranoia

Markos Zapiain 2008/02/05 16:49
Badugu paranoikoak berak idatziriko eldarnio paranoiko baten kontakizuna, Daniel Paul Schreber-en “Neuropata baten oroitzapenak”, 1903an Leipzigen argitaratua. Klinika psikiatriko batean idatzi zuen.

Leipzigen 1824an jaioa, Daniel Paulek zuzenbide ikasketak egin zituen eta magistraturan egin zuen bere karrera. 42 urte zituela politikari ekin zion, eta 1884an Reichstageko hauteskundeetara aurkeztu zen. Galdu egin zuen. Porrot horrek depresio larri bat ekarri zion, eldarnio barik. Depresio huraxe izan zuen ordea bere eritasun famatuak abiapuntu.
 
Flechsig psikiatra eta anatomista ospetsuak Daniel Paul zenbait hilabetez artatu eta sendatu egin zuen. Bederatzi urte geroago, 1893an, eldarnio paranoiko gogorra piztu zitzaion. 51 urte zituen orduan eta Dresdeko Apelazio Auzitegira promozionatu berria zen. Izendatu eta berehala harrapatu zuen haluzinaziozko eldarnio horrek, aldi berean ikusmen, usaimen eta entzumenezkoa. Eldarnioan, bere burua jazarririk sentitzen zuen. Aurrena Fleichsigen klinikara eraman zuten. Gero beste batean sartu zuten, Dresden. Psikiatriko horretan zortzi urte igaro ostean, Daniel Pauli iruditu zitzaion gizarterako egoki bilakatua zela eta eritasuna ordurako ez zela barruan jarraitu behar izateko aski motibo. Hori frogatzea helburu, bere eldarnioen historia erredaktatu zuen eta Schreberrek berak aldeztu zuen bere kausa, Dresdeko epaitegiaren aurrean. 1902an bere prozesua gora joz irabazi zuen. Berriro libre, 1903an bere burua defendatzeko erabili zuen txostena argitaratu zuen, hain zuzen gure “Neuropata baten oroitzapenak”. Bost urtez Dresden bizi izan zen, bere emazte eta alabarekin. Baina ostera ere gaixotu eta beste psikiatriko batean itxi zuten. Bertan egon zen, harik eta 1911an hil zen arte. Urte horretan bertan argitaratu zen Schreberren paranoiaren gaineko Freuden lana.

JAZARPEN ELDARNIOA, BERREROSTE ELDARNIOA

Freud ez zen egundo Schreberrekin egon. Bere hipotesi psikoanalitikoak Schreberren liburu hutsean oinarritu zituen, zeren, hainbat ahalegin gorabehera, ez baitzuen beste inolako informaziorik lortu gaixoaren nortasunari eta sendiari buruz. Eldarnio horren historia laburtuz, bertan bi aldi bereiz ditzakegu.

Aldi larrian, haluzinaziozko jazarpen eldarnio bat dugu, arras angustiatsua. Schreberrek irudikatzen zuen zikiratu behar zutela eta emakume bilakarazi, gizon batek beraz sexualki abusatzea xede. Aurrena, Flechsig doktorea salatu zuen jazarletzat, Flechsig omen zen Schreberren gizon gorputza emakume gorputz bilakaraztea helburu zuen konplotaren bultzatzaile nagusi. Flechsigen asmo gorena bere paziente Schreber prostituta gisa erabili, eta, bortxatu ondoren, zabortegian abandonatzea zen.

Hurrena, Schereberrek Jainkoa Bera seinalatu zuen erasotzailetzat. Jainkoak Schreber Flechsig doktorearen bisioen eta ahotsen bidez jazartzen zuen, eta Schreberren gorputzaren eta arimaren barnealdea suntsitzeko mehatxua zekarten sentsazioen bidez.

Geroago, aldi kronikoan, jazarpen eldarnioaren edukia aldatu zen: sexu eldarnioak erlijio esanahia hartu zuen eta berreroste eldarnio bilakatu zen.

Aurrerantzean, Daniel Paulek ez zuen zikiratua eta prostituziora derrigortua izateko beldurrik izango, ez horixe. Aitzitik, nahita sakrifikatuko zuen bere burua emakume bilakatuz, zeren soilik horrela ahal izango baitzuten Jainkotiar Izpiek bera, Schreber, ernaldu. Hori ezinbestekoa zen gizaki arraza berri bat sortuko bazuten, eta Jainkoak eta Schreberrek arraza berri hori ekarri ezean munduarenak egingo zuen.

Horrek guztiak Daniel Paul anbibalente bilakatu zuen: beneratzen zuen Jainkoaren aurka matxinatu zen. Zergatik? Schereberren eldarnioan, Jainko horrek gizon errespetagarri bat sexuan emakume gisa gozatzera behartzen baitzuen.

ELDARNIOAREN AZTERKETA PSIKOANALITIKOA

Schreberren eldarnioaren analisiak Freudi bere hipotesi psikoanalitikoak berrestea ahalbidetu zion. Hauen arabera, neurosien jatorrian dauden mekanismoak berriro aurki ditzakegu paranoiazko psikosien jatorrian. Hauen artean daude jazarpen, jelosia, maitasun eta handitasun eldarnioak.

Aurrena, Freudek nabaritu zuen “aurkako bilakatze” eta “proiekzio” mekanismoek beteriko zeregin erabakigarria. Mekanismo horiek, nork bere buruarengan onartzen ez duena besteri leporatzera garamatzate. Horrexegatik salatzen du Schereberrek Flechsig doktorea bere jazarletzat, nahiz eta aldi berean biziki miresten duen. Izan ere, Schreberren gorrotoa ez da Flechsigenganako haren maitasunaren “aurkako bilakatzea” baino.

Freudek gaixoaren pentsaera formula honetan laburbiltzen du: “Ez dut maite, gorroto dut!” Mekanismo honi erantsiko zaio Schreberrek, ezin jasanik bere medikuarenganako maitasun homosexuala sentitzen duelako ideia, maitasun eta ideia horiek bere kontzientziatik kanporatuko dituela, eta Flechsigi egotziko diola bera zikiratzeko asmoa, sexualki emakume gisa gozaraztea helburu. Freudek “proiekzio” deitu zion defentsa-prozesu honi.

Hurrena, bere ikerketak sakonduz, Freudek erakutsiko du Edipo konplexua Schreberren eldarnioan ere inplikaturik dagoela. Ordea, ez da Edipo konplexu klasikoa, joera heterosexualen oinarri, amarekin ezkondu eta aita lehiakidea hil nahi duen mutilarena. Aldiz, Schreberren eldarnioan alderantzikaturiko Edipo konplexua dugu, homosexualtasunaren oinarrian dagoena, hala nola emakume bilakatu nahi lukeen mutilaren kasuan.

(Jean-Michel Quinodoz-en “Schreber, un cas célèbre”tik moldatua, Le magazine littéraire, 444 alea: La paranoïa, du bonheur de se croire persécuté.)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.