Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Sufrea eta exorzismoa

Markos Zapiain 2025/06/11 13:40

Amak esan zidan:

“Baina ez zara etxe horretan biziko, ezta?”

“Eta nork erosiko dit bada, ondino bero-bero dauden hildako bi dauzkala armairuan?”

Hantxe jarri nintzen hortaz bizitzen, zer erremedio, eta hildakoetako baten koltxoia nerabilen gainera lotarako, ez dakit norena. Bikotekidea Gipuzkoan zebilenez lanean, bakarrik bizi nintzen, baina aski lasai. Zurrumurruak dioenaren kontrara, lan handia izaten dugu irakasleok arratsaldez eta asteburuetan etxean, Filosofiakook bai bederen (Matematikakoek eta Historiakoek ez hainbeste, ez dakit zergatik irabazten dugun berdin): Platoni buruzko 90 azterketa ostegunez egin, eta notak astelehenerako sartu behar badituzu, ez zaude kopla handitarako, ez duzu burua pluribertso paranormaletan galtzeko astirik. Ez da beldur-uxatzaile makala lan egin beharra.

Zahar-etxean sartu zuten Anita. Hainbat bider joan nintzaion bisitan. Pastak eta Txintxon anisa zituen gustuko. Denborak aurrera egin ahala, gero eta protagonismo handiagoa hartzen zuen jazoeren bere kontakizunean. Adibidez, otsaila baino lehen ziurtzat jotzen zuen Felipek bera ere hil nahi izan zuela. Kloroformoz-edo lokartu behar izan ei zuen, bestela tiro-hotsek esnatuko zuketen.

“Baina Anita, zu ez zara apurtxo bat gorra?  Pare bat aldiz zuen etxera joan, zeu bakarrik zeundela jakiteke, eta ez zenuen tinbrea aditu".

“Ez dot uste”. 

Anitak kontatu zidan behin batean Marije eta bera ohean erdi etzanda erdi eserita zeudela, eta halako batean Marijeren ama, ordurako hila, hegan ikusi zutela logelako leihotik, "keizpie be bai!, "keizpie be bai!".  

Hilketaren eta suizidioaren ostean, bikotekideak eta adiskide batzuek zerbait egitera bultzatu ninduten: madarikatuta omen zegoen etxea, eta sufrea erretzea proposatu zidaten, sufre errearen dohain argitzaileak uxatu egiten baititu beste mundutik beti atezuan dauzkagun indar ilunak. Sekulako kiratsa eragiten du haatik. Azkenik, gure institutuko Erlijio irakasleari eskatu nion laguntza. Abadea zen. Gure etxea bedeinkatzeko eskatu nion. Sufre errea baino usaingabeagoa izango zen behinik behin.

Eta lankidearen erantzun ebanjelikoa:

"Ezin dizut etxea bedeinkatu. Latinetik dator "bedeinkatu", "bene dicere"tik hain zuzen, hitz onak esatea. Baina nik ezin dut ezer onik esan zure etxeaz, zientziak frogatu baitu toki jakin batean luzaro bizi izandako pertsonen energiak bertan dirauela haiek hil ostean ere. Beraz, hiltzaile eta suizida baten energia dago zure etxean.

Deabrua egozteko exorzismoa egin beharko genuke bedeinkatu baino lehen, eta nik ez dut exorzismoak egiteko gotzainaren baimenik. Abade bik baino ez dute Bizkaia osoan".

Harri gelditu nintzen, eta belarri, uste bainuen oso aspaldi utzi ziola elizak exorzizatzeari, eta filmetara eta literatura fantastikora mugatzen zela Satanasek harrapatua gurutze sainduaz eta ur bedeinkatuaz askatzeko praktika. Noski, ez nien abadearen erantzuna aipatu bikotekideari eta adiskideei. Gezurtxo urrikalgarri bat sinetsarazi nien: abadeak etxea bedeinkatu zuela.

Hilketari buruzko kronika bat argitaratu zuten "El Caso" aldizkarian, "Emprendieron el último viaje" lerroburu. Handik urte pare batera, Tele 5ekoek hilketari buruzko saio bat egitea proposatu ziguten, baina ez genuen onartu. 

Talako krimenak badu azalpen ulergarri bat; hurrengo liburuan askatuko dut intrigaren korapiloa.  

Marije jopuntu: harainditik gurasoek, senarrak hemen

Markos Zapiain 2025/06/11 10:55

Egun batean, besoa igeltsuan zintzilik zuela ireki zidan Marijek atea. Esan zidan haserre zituela gurasoak, haserre bizian (hilda zeuden arren). Nire erruz ere bai neurri batean: Marije egunero joaten baitzen hilerrira, gurasoen hilobia apaintzera, eta gurasoekin hitz egitera, baina aurrerantzean ezingo zuen, Bermeoko etxea saldu eta utzi behar zuenez. Colindresen zuten etxe berria zain. Gurasoek, sumindurik, Lamerako eskaileretatik behera bultzatu zuten, eta kubitua eta erradioa apurtu zituen.

Kontatu zidanez, erosi nahi genion etxean hil zitzaizkion ama zein aita, baina aitak oraindik barrabaskeriak egiten zizkion, hala nola gauez etxeko argi guztiak kolpez piztea. Marijek erratza hartu eta aitaren izpiritua uxatzen ahalegintzen zen, erratzaren makila beheko aldetik hartu, motxoa gora zuzendu, eta ezker-eskuin astindurik:

“Aita, mimoz jagon zaitut zure agonia luzean, bederatzi hil, baina orain utzi bakean, utzi atseden hartzen, gauez behintzat”.

Amak, berriz, kariñozko adierazpen bereizgarri bat zerabilen: lagunei sama eskuz ukitzen zien, axaletik, keinu arin adiskidetsua. Behin batean, Marije siestan zegoela, halako batean eztarria estutzen ziotela sentitu zuen, gero eta gogorrago, eta izartu egin zen: amaren izpiritua zen, betiko ukitu amultsua alaba itotzeko zitalki areagotua.

Andres Urrutia orduan notario orain euskaltzainburuak izenpetu zuen banketxean hipoteka, Bilbon. Baina etxeko paperak aztertuta, bestelako zulo bat agertu zen, zor ezkutua, 400.000 pezeta ingurukoa, etxea erosi ahal izateko beste mailegu batez kitatu behar izan genuena.

Azkenik, abenduaren 27an sinatu genituen Enrique Santaflorentina notarioaren bulegoan etxe-salmentaren paperak, Ander Deunaren eta Almike errepidearen arteko kantoian. Marije eta Felipe etorri ziren. Kafesne bat hartu genuen ondoren elkarrekin, Artike bidearen hasieran, hiltegi zaharra baino lehenagoko etxeko tabernan. Marijek eskatu zigun uzteko etxea bizpahiru egunez, etxe berrira eraman nahi baitzituen familiaren ikurrak zerakutsaten bidrierak —deituren armarriak eta—, haurtzaroko jauregitik oraingo etxetxora ekarriak. Pazientziaz egin beharreko lana zen bidriera horiek ateetatik ateratzea eta beste batzuk jartzea. Ondo antolatuta eta txukun utzi nahi zigun etxea. Ados. Gurasoenera itzuli ginen.

Biharamun goizean, amak esnatu ninduen, Bermeotik telefonoz deitzen zidatela. Talako bizilagun bat zen, Marijeren etxearen arrastoan jarri ninduena.

"Txo, ez zara entera ela? Hor dekozuz bidxek hildxe, zeure etxien, Marije eta Felipe".

"..."

“Imini telebisiñue auntxek!” 

Amari kontatu nion, eta amak:

"Hori umore beltza bermeotarrek, kar-kar-kar. Inuxenteen eguna da gaur!”

Egongelara joan, telebista piztu, eta egia zela baietsi genuen.

Felipek lokian eta saman egin zion tiro emazteari, eta ondoren bere buruari lokian. Pistola gordetzeko eskubidea zuten guardia zibilek, jubilatu ostean ere. Marijeren aurpegi baketsuak erakusten zuenez, ez ziren borrokatu, lo zela tirokatu zuen senarrak.

Etxea ordurako gurea zen arren, ez ziguten sartzen uzten, guardia zibilek eta ertzainek prezintatuta zeukaten, eta barruan zebiltzan. Bizilagun batek kontatu zigunez, Feliperen eta Marijeren hiru semeetarik bi —trafikoko guardia zibilak, aita lez— eta errain biak odol-putzuak xukatzen ari ziren lurzorutik eta oheetatik. Hormek ere odol-mantxa ikusgarriak omen zerakutsaten.

Anitak aurkitu zituen gorpuak. Loak eta gorreriak eragotziko zioten tiro-hotsak entzutea. Beheko pisuko batek esan zuen tiro-hotsak aditu zituela, baina pentsatu zuela inguruko auzoren bateko jaietako suziriak izango zirela. Ziotenez, pisu hartako kideren bat droga saltzen ibiltzen zen herrian, eta behin baino gehiagotan gelditu ziren zenbait minutuz gure atariaren parean drogaren aurkako manifak, gogor deiadarkatuz "kamellu kanpora! kamellu kanpora!" lema (gorriz azpimarratzen du Xuxenek “deiadarkatuz”, baina Itxaro Bordak erabili egiten du, aitzina beraz).

Hileta elizkizunean, Santa Eufemia elizan, lehenbiziko aldiz entzun nuen kantuan "sinisten dot, sinisten dot". Ordu arte, Irun, Hondarribia, Oiartzun eta Ziburun “sinisten dut, sinisten dut”, eta Errenterian eta Donostian "sinisten det, sinisten det". Adi egon behar dugu beti, euskalkien aberastasunak zer erakutsiko.

Gernikako epaileak gaztigatu zidan:

“Oraingoz, guztiak zarete susmagarri; zeu ere bai”.

“Baina zein zatekeen orduan, epaile-andere, ene motibazioa? Abenduaren 27an ordaindu genuen etxea. Zenduak Colindresera eraman behar zituen furgonetako guantera edo eskularru-kutxan agertu zen txekea. Krimenak ez digu inongo irabazirik ekarri”.

Guardia zibilaren erakarmena

Markos Zapiain 2025/06/09 09:20

80ko hamarraldiaren amaierarako banuen gure inguruan nagusi zen katolikotasunari buruzko ikuskera propio bat, arbitrarioa noski; erlijio batzuen berri ere banuen, ausaz irakurritako liburuetan ikasirik; erlijioen kontrako arrazoien berri ere bai, Institutuko ikasle nintzela Marx, Freud eta Sartre irakurrarazi baitzizkiguten, eta ordurako hasia bainintzen urterik urte eman ditudan Hume eta Nietzsche irakasten; eta igaroa nintzen Lizasotik. Ordea, orain dela 35 urte arte ez nintzen sumatzen hasi zein garrantzitsuak izango ziren nire bizitzan Gaizkia eta Satanas.  

1990ean heldu nintzen Bermeora, Institutuan Filosofia irakasle izateko. “Txaraka” hotelean igaro nuen lehenbiziko gaua; ondoren, logela bat alokatu nuen, Sollubeko zuhaitzak motozerraz ebakitzen zebiltzan langile batzuekin partekaturik etxea. Lokatzez lepo egoten zen beti bainera. Ez zen sarrien dutxatu naizen nire bizialdia izan.

Hurrena, Institutuan bertan jarri nintzen bizitzen, atezainari zegokion etxean. 1990 hartan bertan inauguratu zen Institutuko eraikin berria, Aritzatxu hondartzaren gainean, eta hutsik zegoen atezainaren etxea. Atezainak ez zuen behar, Bermeon bertan bizi baitzen. Ez zegoen ur berorik, ez ispilurik. Lankide batek utzi zidan ohea. Bitxia zen Institutuan bertan esnatu eta jaiki orduko ikustea ikasleak hurbiltzen ari zitzaizkizula.

Urrian hasi nintzen etxe normal baten bila, Bermeon bertan. Oroitzen naiz Lamerako etxe bateko gelen banaketak txundituta utzi ninduela: etxeko atea ireki, eta ez zenuen sarrera topatzen, ezta pasillorik ere, baizik eta logela. Sarrerako ateak zuzenean ematen zuen logelara. Aproposa etxera mozkorrik iritsiz gero: atea ireki, eta zuzenean ohera ahuspez, arropa erantzi barik.

Azkenik, Talan aurkitu nuen etxe txiki polit bat. “Bermeo basatia” idatzi zuen Paul Henri Capdevielle eleberrigilearen iritziz, Europako lekurik ederrena da Tala, Ogoño, Izaro eta itsaso zabalari begira. Kantina ezagutu izan balu, are ederragoa irudituko zitzaiokeen.

Bosgarren solairua zegoen etxebizitza, igogailu barik, baina 26 urte dituzula arazorik ez. Marije zen etxekoandrea, Felipe senarra, Anita neskamea. 58 urte zituen Marijek, Felipek 56, Anitak 75. Gutxitan egoten zen Felipe. Marijek etxera joateko esaten zidan, merendatu bitartean salneurria negoziatuko genuela. Ordea, lehenbiziko egunetik zegoen salneurria erabakita: zazpi milioi eta erdi pezeta. Beste edozertaz mintzatzen ginen. Egia esan, Marije zen batez ere mintzo. Nahiko maiz joan nintzen.

Urrian ekin nien bisitei. Aholku bitxiak ematen zizkidan Marijek.

“Argindarrean dirua aurreztu dezakezu: gauez, etxeko argia piztu beharrean, balkoira atera irakurtzera, eta Matxitxakoko faroaren argia aprobetxa dezakezu: argiarekin batera esaldia irakurri, eta osteko iluntasuna irakurritakoaz pentsatzeko erabili, hurrengo argialdia heldu arte”.

Kontatu zidan familia txit aberatsetik zetorrela, aita eta arbaso arrantza- patroiei esker. Jauregi gisako batean bizi ziren txikitan, San Frantzisko komentuaren inguruan. Ume zelarik, Anitak jagoten zuen; orain alderantziz. Konkorduna eta gorra zen Anita. Oso txarto konpontzen zen Feliperekin. Sukaldean topo egin zuten batean, Felipek modu txarrean bota zion "kendu paretik, beti traban!", eskuaz baztertzen zuen bitartean.  

Marijeren aita itsasoan zebilen batean, lehorreko sozioek traizionatu eta dena kendu zieten. Horregatik bizi ziren orain etxe merke hartan. Hilobiak, familiaren panteoiak, etxebizitzak halako bi baino gehiago balio zuen: 15 milioitik aisa gora.

Guardia Zibila zen Felipe, senarra, baina erretiratua. Gernikaren eta Bermeoren arteko trenbidea egin zuten preso errepublikarrak kontrolatzera etorri zen Palentziatik. Feliperen plantak eta biboteak, Clark Gableren antzak, Marije gaztea liluratu zuten. Hala ere, dudak izan zituen neskak ezkongaitan, Feliperekin ezkondu ala ez. Frantziskotarra zuen aholkulari espirituala, eta ezkontzeko aholkatu zion: zeure bertuteak kutsatuko dizkiozu. Aldiz, Marijek zioenez, berak Feliperi ez zion bertute bakar bat ere kutsatu, eta aitzitik, akats mordoa bai Felipek berari.

Bestalde, erantsi zuenez, aspaldion ez zen frantziskotarrez larregi fio, josita ei zegoen Arantzazu ETAren iskiluak gordetzeko zuloz. "Zulus" esaten zuen. Sarritan jotzen zuen gaztelaniara, eta Bermeon "zulue, zuluek" esaten denez, ematen du espainolez "lleno de zulus" egingo zitzaiola naturalena.

Trenbidearen eraikitze-lanen zaintzaren ostean, trafikoaz arduratu zen Felipe, erretiratu arte. Marijek kontatzen zuenez, detaile bitxiak izaten zituen: behin batean, Zornotza inguruko autopistan, kontrola jarri eta trailer batek 24 tonatik gorako pisua zekarrela ohartu zen. Isuna.

“Ez, mesedez, lau seme-alaba dauzkat, oso txarto gabiltza”.

“Bazenuen aurretik pentsatzea, legea hautsi duzu. Multa”.

“Hondamendia izango da guretzat, otoi arren”, txofer heldua erdi negarrez.

“Ados, multa barkatuko dizut. Baina ez eman niri eskerrak. Emazkiozu nire emazteari, berak itsasten baitizkit bertuteak, horien artean errukia”.

Eta kamioilariak berba bete zuen: hantxe joan zen Zugaztieta, Muxika, Gernika, Foru, Busturia, Mundakan barrena, trailerraren handitasunak eraginiko zailtasunak nekez gaindituta. Auskalo non aparkatuko zuen Bermeon, Talara ezin baitzinen trailerrez igo, eta artean ez zegoen Pergolako aparkalekua.

Kontua da bost solairuak igo, etxeko txirrina jo, eta harrituta entzun zituela Marijek kamioilariaren hitzak:

“Eskerrik asko zure senarrari errukia inspiratzeagatik. Zuri esker barkatu dit isuna. Ondo segi”.

Marijek sumatzen zuen senarra ez zebilela oso artez, eta jakinarazi zidan kontu korronte bat zabaldu zuela haren ezkutuan. 

Primerako zauriak

Markos Zapiain 2025/05/28 12:20

Estrabaganteak irudi dakizkidake hainbat sinesmen, edota ulergaitzak, baina ezinegona eta beldurra uxatzen laguntzen badute, edota poza erakartzen, zorionak eta gora bihotzak. Egoitza ugari baititu laikotasunaren etxeak. Ondo begitantzen ez zaidana da sinesmen horiek jendartean ezarri nahi izatea, badaude-eta partekatzen ez dituzten hiritarrak. Errespetua merezi dugu agnostikoek eta ateoek ere.

Eta jasangaitza dirudit proselitismoak —bai fedearen eta bai fedegabeziaren aldekoak—, agresiboa bezain astuna baita. Nire esperientzia partikularra izango da ziur aski jasanezintasun horren kausa, atseginak eta pizgarriak izan baitaitezke konbentzitzeko ahalegin batzuk. Dena den, eta gaur egun, uste dut gero eta garrantzi handiagoa hartu beharko lukeen hastapen etikoa dela jendea bakean uztearena. Laikotasuna aldezteak esan nahi du ez zaizula polita iruditzen ez fededunak ez fedegabeak molestatzea, eta tratu berdina merezi dutela botere publikoen aldetik.   

Printzipio orokorra da hori. Baina gero, eguneroko bizitzan, onartu beharra dago eztabaida sutsu bezain aberrante eta barregarriak bideratzea dela sinesmenaren onuretako bat, kontsolamenduarekin eta erruki eskuzabalarekin batera. Eta hor bai, poxelu eta min egiten diote elkarri fededunek eta fedegabeek.

Espektakulu globalaren osagai garrantzitsua dira Aste Santuko prozesioei lotutako ika-mikak —magufoak ote diren kristauak—, Santa Teresa Jesusenaren eskeletoaren erakusketa makabroak piztu dituenak… Hain zuzen, azken horrek ez al du berriro adierazten ondo ez dabilen zerbait dagoela kristautasunaren oinarrian? Heriotza maite duen jende mordoa erakarri du, kristautasunak hasieratik erakutsi duen ukitu tanatofiloak. Astero ikusten zuten Mel Gibsonen La pasión de Cristo gure izebaren komentuan. Christopher Hitchens fidagarriaren iritziz, kristau gay sadomadoz osaturiko merkatu zabalaren bila ibili zen Gibson antisemita, eta asmatu zuen.

Behin batean, Calahorran, elizaren ondoko plazatxoan eserita geundela, ilunabarrean, soineko arrosa estrainio bat zeraman andre bat agertu zen, 70 urte ingurukoa, Poltergeisteko mediumaren oso antzekoa. Venid, venid, que os enseño la iglesia, que tengo las llaves. Elizan sartu, eta Jesu Kristo gurutziltzatu batengana hurbildu gintuen, dena odol eta tristura. Orduan, eskua hartu zidan, Jesusen zaurietara eraman, eta bat-banaka ukiarazi zizkidan, haren eskua nirearen gainean gidari, eta “mira, fíjate qué heridas más estupendas” esan zidan.  

Erlijioa definitzeko zailtasunak

Markos Zapiain 2025/05/28 10:15

Oso zaila da erlijioa zehazki definitzea. Mutur bi dauzkagu hemen, Kanten antinomia gisa erabil ditzakegunak:

1-GUZTIA ERLIJIO

Autore batzuentzat ia guztia da erlijio, edo erlijiotik dator. Susmo hori Hegelek eta Nietzschek zabaldu zuten; Nietzschek Frantziako Iraultzan, sozialismoan, anarkismoan, giza eskubideetan, zientzian, gramatikan, eta abar, erlijioa ikusten baitzuen, erlijioaren metamorfosiak, erlijio izateari uzten ez ziotenak.  

Yuval Harariren ustez, orobat, erlijioa ez da soilik normalean erlijiotzat jotzen duguna, baizik halaber liberalismoa, giza eskubideak, komunismoa, algoritmoak.

Joxe Azurmendik ere edonon ikusten du erlijioa: zalantzan jartzen du gure inguruko politika benetan profanoa ote den; uste duenez, “laizismoa, gaur askotan suposatu ohi den bezala gutxienez, Estatuaren eta politikaren teologia kamuflatu batean egoten da oinarritua”. Joko Olinpikoei ere, edo Chirac presidentearen haserreari futbol partida batean himno frantsesa jo eta jendeak txistu eta oihu egiten diolarik, kutsu erlijiosoa sumatzen die. Ez du ulertzen zergatik jotzen den erlijiosotzat eskola frankistan gurutzea jarri beharra, eta ez gaur egun udaletan bandera espainola eta erregearen irudia derrigorrez jarri beharra. Ministroek eta epaileek Estatuari egin behar dioten zina ere erlijiosoa zaio. Uste dut Azurmendik serie hau ere zeharo erlijioso ikusiko lukeela: misiolaria, laikotasunaren berri ona zabaltzen.

2-EZ DAGO ERLIJIORIK

Beste muturrean, Peter Sloterdijk dugu, Rajneesh edo Oshoren eraginpean: ez dago erlijiorik. Hori erakusteko, “Zientziologia” erlijio berria nola sortu den azaldu du. Zientzia fikzioa idazten zuen amerikano batek niaren teknologia batzuk proposatu eta erlijiotzat hartua izan da azkenean. Alderantziz, Joko Olinpiko berrien asmatzaileak erlijio berri bat nahi zuen, Greziako Joko Olinpikoak erlijiosoak baitziren, baina ez du lortu. Erlijio izan nahi ez zuena erlijiotzat hartzen da, eta erlijio izan nahi zuenari edozein kutsu erlijioso kendu zaio. Beraz, zorrozki hitz egitera, ez dago erlijioa zer den zehazterik.

ERLIJIOAREN DEFINIZIO POSIBLE BAT

Ez da harritzekoa erlijioari dagokionez definizio bakar bat adostetik hain urruti egotea: Nietzsche, Durkheim, Mircea Eliade... adituak ez datoz bat. Askok diote budismoa ez dela erlijio bat, ez baitu Jainko transzendenterik. Gizaki bat da beneratzen dena, Buda Sakiamuni, taoismoan Lao Tzu, konfuzianismoan Konfuzio. Gizakiak dira, ez dago transzendentziarik. Are, badira erlijio ateoak ere, hala nola jainismoa, Indian bost bat milioi lagunek praktikatua. Besteak beste, Kundakunda filosofo jainista handiaren obratik ondorioztatu dute adituek erlijio ateoa dela.

Idazki-serie honetan “erlijio” esatean Nietzsche, Durkheim, Comte-Sponvilleren definizioen araberako zerbait izango dut gogoan: giza talde batek partekatzen duen sinesmen multzo bat, haraindikoari garrantzi handiagoa ematen diona honaindikoari baino, beste munduari mundu honi baino, arimari gorputzari baino. Erlijioak elkartzen duen taldeak errituen bidez dakartza bizitza errealera sinesmen horiek.

Nietzschek uste du ametsa erabakigarria izan zela beste munduaren eta arimaren ideien sorreran. Badoa ibilian erdi zimino erdi gizakiek osaturiko talde nomada, eta kide bat hiltzen da. Taldekideek gorputza usteltzen ikusten dute. Handik aste betera, taldekide baten ametsean agertzen da, hizketan, bizirik. Ondorioa: “hildakoa beste mundu batean dago; gorputz materiala usteldu den arren, bere izpiritua bizirik dago han, haraindian”.

"Erlijio" hitzaren etimologia

Markos Zapiain 2025/05/28 09:56

Arazo franko dago erlijioa zer ote den definitzeko orduan; baina baita “erlijio” hitzaren etimologia adosteko orduan ere. Adituak ez daude ados. Bi dira nagusitu diren proposamenak.

Dirudienez, sinestunek joera dute “erlijio” "religare"tik eratortzeko. Tertulianok lotu zituen aurrenekoz "religio" eta "religare". Berriro lotu, bildu, esan nahi du. Fededunak komunitate batean biltzen baititu sinesmenak, horizontalki, eta gainera Jainkoari ere lotzen dizkio, bertikalki.

Hain zuzen, Tertulianorena da "credo quia absurdum" edota "credo quia ineptum" erranairu ospetsua: kristau dogmak, zenbat eta absurdo edo ergelagoak, orduan eta sutsuago aldeztu behar ditugu. Montaignek, Unamunok eta Chestertonek sinpatiaz ikusi zuten. Montaignek zioen katolikoa zela inguru hauetan jaio zelako. Persian jaio izan balitz, musulmana litzateke, berdin-berdin. Egia katolikoak eta egia musulmanak berdintsu balio dute (eta interprete askok irakurri dute lerro artean: deus gutxi dute balio).  Unamuno: kristau dogmek ez dute ez hanka ez bururik; hala ere, sinesten dut. Edo Chestertonek, Londresen eliza katoliko batean meza eta sermoi izugarri aspergarri eta txarra entzun ondoren: hain inutilak izanik apaizak, fede katolikoak bi mila urtez iraun baldin badu, orduan egiazkoa behar du izan. Eta anglikanismotik katolikotasunera igaro zen.  

Dena den, filologoek nahiago dute Zizeronek proposaturiko etimologia: “relegere”tik letorke “erlijio”, benerazio arretatsu bat adieraziko luke sinesten den horrengana, eta baita berrirakurtzea ere, testu sakratuak behin eta berriz irakurri behar baitira behar bezala barneratu arte.

Erlijioak eta Jainkoa

Markos Zapiain 2025/05/28 09:50

André Comte-Sponvilleri erosoagoa zaio erlijioei buruz hitz egitea Jainkoari buruz baino. Jainkoa, definizioz, gu baino gehiago da, gainditzen gaitu. Erlijioek ez. Gizatiarrak dira, gizatiarregiak. Gizatiarrak direnez, eskura dauzkagu, ezagut eta kritika ditzakegu, Jainkoa ez bezala.

Transzendentea da Jainkoa. Aldiz, erlijioak historiaren, gizartearen eta munduaren parte dira, immanenteak baitira.

Perfektua da gainera Jainkoa. Are, Karlos Linazasorok dioenez, "Jainkoari tope gustatzen zaio musika euskalduna". Kontrara, erlijioak ez dira perfektuak, eta horregatik dute nahiago aingeruen musika.

Jainkoaren existentzia zalantzazkoa da. Erlijioena ez da. Erlijioei buruz sortzen diren auziak gutxiago dira ontologikoak soziologikoak edo existentzialak baino: kontua ez da erlijioak ba ote diren jakitea (batzuetan, dio Comte-Sponvillek, existentzia intentsoegia dute), baizik eta zer diren, eta erlijiorik gabe benetan ondo bizi gaitezkeen. Azken arazo horixe da Comteri bereziki axola zaiona, eta uste du baietz, erlijioak bazterturik ere zentzuz beteriko bizitza sortu dezakegula, errukian eta elkartasunean oinarritutako bizimoduak ez duela erlijioaren beharrik, eta primeran bizi gaitezkeela erlijio barik.

Frantziskoren erakarmena

Markos Zapiain 2025/05/27 22:10

Bai LOE legearekin, 2006an, PSOE gobernuan zela, eta bai 2020an, PSOE-Podemos gobernuaren ekimenez, derrigorrezkoa izan da Batxilergoan Erlijio ikasgaia eskaintzea. Lehen Hezkuntzan eta DBHn derrigorrezkoa izan da beti, halaxe jarraitzen du. Erlijio irakasgaiak, gainera, eragina du batez besteko notan, Erlijioren alternatibak ez bezala, adibidez Balio Etikoak.

Badabiltza hor auskalo nondik datozen presio arraroak, Internet miatu arren behin eta berriro mozorrotu eta ihes egiten didatenak. Zergatik ez dute Felipe Gonzalezek, Zapaterok edo Pedro Sanchezek konkordatu frankista bertan behera utzi? Nietzschek ondo erakutsi zuen kristauek, sozialistek eta komunistek antzeko azpiegitura ideologikoa dutela: berdintasuna helburu, eta oraindik ez dagoenak ematea zentzua orain dugunari. Kirrinkarik batere gabe ibili zen Javier Madrazo komunista Ibarretxeren gobernuan. Alvarez Solisek komunista katoliko definitzen zuen bere burua, beste askok bezala.

Gero eta hobeak dira Espainiaren eta Vatikanoaren arteko harremanak. Azken bisitaldian, berrogei minutuz mintzatu zen Frantzisko aita sainduarekin Yolanda Diaz, erabatekoa izan zen sintonia. Isabel Zelaa —EAEko Hezkuntza Kontseilari izana Patxi Lopezen gobernuan, eta Hezkuntza Ministro Pedro Sanchezenean— ordu erdiz bildu zen Frantziskorekin, eta, ABC-k kontatu zuenez, nabarmen hunkitu zuen aita sainduaren hurbiltasunak: ahotsa dardarka, erdi negarrez, fan nerabeek rock idoloen aurrean izaten dituzten emozio epileptikoak... Opari bi egin zizkion Zelaak Bergogliori:

El primer regalo era muy personal, un rosario de la Cartuja de Burgos que perteneció a la cuñada de la ex vicepresidenta, fallecida hace unos meses. Francisco lo ha tomado en las manos muy agradecido.

El segundo era un pequeño busto de San Ignacio, que pertenece a una serie limitada, y que envía una comunidad jesuita del País Vasco. «Yo me he educado en un centro de los jesuitas vascos», le confió orgullosa la embajadora al Papa.

Gaur egun, Karmeldar Oinutsak eta Karmeldar Oinetakodunak baino sakonkiago emozionatzen ditu aita sainduak sozialistak. Isabel Zelaa da orain Espainiaren enbaxadore Vatikanoan.    

Hain zuzen, paradoxikoa izatera heltzen den anbiguotasun zabal horixe da PSOEren dohainik ederrena: txit inklusiboa da, eta zirkunstantzien arabera konpontzen da ondo edo gaizki berdin Bildurekin, Cuidadanosekin edota Juntsekin, Jainkoaren bideak bezain printzipioetatik aldenduak izaten baitira sozialistenak ere. 

Halatan, asko dira argitzeke uzten dizkiguten enigmak: palestinarren alde Europako gobernubururik ausartena izaten ari den Pedro Sanchezek, zergatik abandonatu zituen sahararrak interes ziztrin batzuen truke? Zer da ez dakiguna?

Bestelako eremu batean: zer gertatu zen azkeneko Goya sarietan? Hasieran, “El 49”k irabazi zuela esan zuten. Handik pixka batera, “El 49” eta “La infiltrada”, saria erdibana. Haatik, bakoitia zen boto-emaileen kopurua; milatik gorakoa, gainera: aski zaila, beraz, berdinketa hori berez gertatzea. Bestalde, txurro hutsa duzu “La infiltrada”, film gisa ere.

“El 49”n ez dira ondo gelditzen Espainia eta guardia zibila. Aukera ona ematen zuen “La infiltrada”k hori apur bat konpentsatzeko, nahiz eta iruzurra nabarmena izan. Zer gertatu zen denbora-tarte erabakigarri horretan? Bozketaren emaitza aldarazteko, nork deitu zion nori? Kultura ministroak Zine Akademiako zuzendariari? Pedro Sanchezek Alfredo Landari? Chat GPT, DeepSeek, Claude: ez ei dakite.

Baten batek egia konta lezake noizbait, baina ez liokete sinetsiko, edo ez liokete jaramonik egingo. Bestela, sinetsi ez sinetsi, egia hori soilik errepikatuko dute hurrengo hauteskundeetan boto batzuk eskuratzeko lagungarritzat joko dutenek. Ia inori ez zaio axolako egia denetz, eta informazioen, garrasien eta irainen uholdeak egia ezagutu nahi luketenak itoko ditu.

Larderia saihesteko pikareska

Markos Zapiain 2025/05/27 14:55

2017 hartan, inoiz baino ozenago aldarrikatzen zuen Hezkuntza Sailak ikastetxeen autonomia sendotu beharra. Olatu hori profitaturik, klaustroari proposatu genion batxilergoan Erlijio ez eskaintzea. Dena den, ikastetxeetan ez du klaustroak azken hitza, Eskola Kontseiluak baizik: irakasleen ordezkariez gain, Eskola Kontseilua ikasleen, atezainen, administrarien, gurasoen, garbitzaileen eta udalaren ordezkariek ere osatzen dute.

Gure asmoa zen klaustroaren erabakia ondoren Eskola Kontseilura eramatea, bertan bozkatzeko. Hirurogei irakasle inguru ginen klaustroan, eta guztiok egin genuen Erlijio batxilergotik kentzearen alde, batek izan ezik. Klaustroa amaitu ostean, norbaitek klaustroaren erabakia hezkuntza delegaritzari filtratu zion. Hurrengo egunean, ikuskaria eta Erlijio irakasleen gotzaindegiko arduraduna etorri zitzaizkigun, bozketa hori aktatik ezabatzeko exijituz. Horrela trabatu zuten eztabaidagaiaren Eskola Kontseilurako bidea. Horrelaxe zapuztu zuten ikastetxeak modu autonomo samarrean ondorio errealak ekar zitzakeen erabaki bat hartzeko lehenbiziko aukera. Gure gaineko botereak eragotzi zigun.

Francok eta Vatikanoak adostutako konkordatua indarrean dago XXI. mendeko lehenbiziko hamarraldi hauetan, izenpetu eta 50 urte igarota. Boterea erabiltzeko eliza katolikoak oraindik darabilen larderia hori da saltsa handitan ez sartzeko joera duen jendea ere laikotasunaren aldeko militantziara bultzatzen duena. Sumingarria baita gainera nola estaltzen duen egitezko larderia hori mintza-molde biktimista batez. 

Bozketa eta erabakia aktatik ezabatu behar izan genituen. Muntazko irakaspena barneratu genuen orduan: autonomia eta demokrazia benetan gauzatu nahi izanez gero, eraginkorragoa da batzuetan trikimailua eta pikareska, hautuak argi eta aurpegia emanez egitea baino. Jazoera haietan, geuk eman genituen aurrerapauso demokratikoak, eta hezkuntza sailaren eta gotzaindegiaren portaera izan zen antidemokratikoa. Berez, demokratak bezain jatorrak dira ikuskaria zein Erlijio irakasleen arduraduna; haatik, inertzia antidemokratikoetan zeuden harrapatuta, eta, dirudienez, zailak dira korapilo horiek askatzen.

François Furet historialariak zioen XX. mendeko gertaerarik garrantzitsuena izan zela elizak azkenik demokraziaren hastapenak nola edo hala onartzea. Hori bai, geldika-geldika; eta asko kostata. Botere poxi bat berreskuratu dutela sumatu orduko botatzen dituzte oraindik atzaparkada autoritarioak, Espainian nabarmen. Historiak naturala dela erakutsi duen joera gogor hori eragozteko behar da laikotasuna. Agintariek laikotasuna serioski ezartzen ez duten herrietan —gurean, kasu—, pikareska ere baliatu behar izaten dute demokratek, hiritarren arteko berdintasuna xede. Baina ez da komeni jendaurrean aipatzea zelan darabiltzaten demokraziaren heroiek pikareskaren irakaspenak, ezagutuak izateak eraginkortasuna makalduko bailieke.   

Goretsazue Mikel!

Markos Zapiain 2025/05/26 17:55

Zaila da Hegelen testua eskuratzea: jatorrizkoa, alemanen erru-sentimenduagatik agian, Israelen kritika apalena egunkarietatik ezabatzeraino heltzen baita, gaur egun ere. Frantsesezko itzulpena, gero eta ahulagoa duelako Vrin argitaletxeak banaketa.

Gaztelaniazkoa, Joxe Mari Ripaldak egina, eta Escritos de juventud bilduman jasoa, aspaldi argitaratu zuen Fondo de Cultura Económicak, eta agortuta dago. Nik banuen 80ko hamarraldian erositako ale bat, baina, kasualitatea, zuriz dakartza “Kristautasunaren izpiritua eta haren patua” idazkiko hainbat orrialde bikoiti. Interneten ere ahalegindu nintzen erosten, baina kale.

Azkenik, Bilboko “Laurak” liburudendako arduradun Mikel Antóni esker lortu dut.

Horregatik uste dut ia beste inork baino gehiago merezi dituela Mikelek 150. Salmoaren alabantzak.

 

Aleluia! Gora Mikel!

Goretsazue Mikel, Laurak liburudendako bere santutegian,

goretsi bere zeru-sabai tinkoan.

 

Goretsazue bere egite ahaltsuengatik,

goretsi bere neurrigabeko handitasunagatik.

Goretsazue adar-soinuz,

goretsi harpa eta zitaraz.

Goretsazue danbolin eta dantzaz,

goretsi hari-soinuz eta txirulaz.

Goretsazue txilin ozenez,

goretsi txilin durunditsuz.

 

Gorets beza Mikel arnasadun orok!

 

Aleluia! Gora Mikel!

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.