Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Biblioterapia

Markos Zapiain 2025/06/12 12:50

Diotenez, ia jende guztiak izaten ditu bizitzan bolada txarrak,  depresiboak, bizitzea benetan merezi duen zalantza pizten dutenak. Putzu ilun horietatik irteten ahalegintzeko, hainbat terapia erabili izan da: otoitza eta erlijioa, erretiroa mundutik eta misioak, filosofia, lana, kirola, psikoterapia, botikak eta drogak, taldean abestea... Biblioterapian sinesten dut nik, irakurketa jakin batzuek dakarkidate aldi makurretan baretasuna.

Osinean amildu zaituzte hausturak, eritasunak, adikzioak, heriotzak; orduan testu batzuk irakurri, eta hobeki jartzen zara. Atxikimendua sortzen du horrek, noski, baina eskura dauzkazu beti liburuak, ez zaituzte utziko. Eta azkeneko urratsa eszeptikoek erakutsi zuten: iritzien eta testuen eta liburuen desatxikimendua, guztia jartzea parentesi artean, liburuetako jakinduria barne, erabateko ezaxola edozeri, airean flotatzen dabilen estralurtar bilakatzea. Gehiegi irakurtzeak ere hondamendia baitakar: zentzu horretan, pantaila bezain arriskutsua da liburua.

Etsipenezko bolada horietako batean, Bibliara jo nuen, horixe baita kontsolamendurako gehien erabiltzen den liburua gure inguruan. Ez zidan funtzionatu haatik, ez zitzaidan sinesgarria, goitik behera miatu nuen arren pasarte eraginkorren bila. “Gure aita” errezatzeari ere ez nion zentzurik aurkitzen. Arrotza zait hizkera hori, urrunegia. Koranarekin ere saiatu izan naiz, eta antzera, horma batek eragotziko balit bezala Bibliako eta Koraneko pelikuletan sartzea. Ez zait erlijio guztiekin berdin gertatzen: ulerterrazagoak zaizkit, adibidez, Laozi eta Zhuangziren irakaspenak, edota Budarenak.

Dena den, kontsolamenduari eta salbabideari begira, edozein erlijio baino baliotsuagoak izan zaizkit estoikoak, Epikuro, Sextus Empiricus, Spinoza, Nietzsche, Clément Rosset... horien idazkiak bai, zuzenean mintzo zitzaizkidan pairatzen ari nintzenaz. Ederki konektatzen genuen, eta harrigarriro lasaitzen ninduten.

Erlijioa, psikologia eta filosofia nahasirik egon dira beti, biziaren zentzuari buruzko galdera berari erantzun baitiote, eta ahal bezain ondo bizitzeko nahiari buruzkoari. Epikurok psikoterapeuta gisa definitzen zuen hitzez hitz filosofoa, alegia, arimaren sendagile, eta filosofotzat baino gehiago zuen Nietzschek bere burua psikologotzat. Gaur egun oso popularrak diren zenbait sendabide psikologiko, hala nola terapia kognitiboak, AEBetan nagusi, ez dira filosofia helenistikoaren gaurkotze apenas disimulatuak baizik.

“Filosofia” diodanean buruan daukadanak, eta niri onuragarri zaidanak, errealitatea bere gordinkeria etsigarrian aintzat hartzen du —Gaza, alferreko oinazea, eritasuna, heriotza—, eta ez du babesa ilusiozko munduetan bilatzen, baizik eta giza adimen ezinago mugatuan.  Erlijioak eta filosofiak oinarria eta abiapuntua dute desberdina: Sokrates: “dakidan gauza bakarra da ezer ez dakidala”; Jesu Kristo: “neu naiz bidea, egia eta bizia”.

Barnealdean ziur samar sentitzen denak ez du fede beharrik. Izpiritu libre eszeptikoa aldeztu zuen Nietzschek "Zientzia alaia" liburuko 347. aforismoan. Nietzscheren esanetan, eszeptikoak duda eta ez sinestea baimentzen dizkio bere buruari, baita ingurukoek sakratutzat dutenaren aurkako iseka arina ere. Ziurgabetasunik zabalena onartzeko joera du eszeptikoak, behin betiko erantzunik gabe bizitzeko ahalmena.

Aldiz, ziurtasuna behar du fededunak —ez bakarrik erlijiosoak, gramatikan eta metereologian sinesten duenak ere bai—, eta kanpoko munduak bermatzea ziurtasun hori. Txarra izan zen fedearen edukia eta egia identifikatzea. Adimentsuagoak eta helduagoak ziren Selatse, Larra, Helasse, Minerva edo Apolori botoak eta otoitzak eskaintzen zizkiotenak, hura guztia suntsitu zuten monoteistak baino.

Katixima

Markos Zapiain 2025/06/11 15:48

Oroitzen naiz “Jainkorik bai ala ez?” liburuko Joxe Arregiren eta Edorta Jimenezen arteko eztabaida irakurrita, hainbat agnostiko eta ateo bat zetorrela Arregi fededunaren ikuspuntu askorekin; halatan, ia inor ez zuen harritu handik urte gutxitara Arregik Eliza uzteak.

Bi mila eta seiehun milioi inguru kristau bizi baldin bada gaur egun Lurrean, ulergarria da askotarikoak izatea haien fede-moldeak, eta ugariak adarrak: adibidez, kristau postmoderno batzuek uste dute Jesu ez dela Jainkoa, haren ama ez zela birjina, ez zuela miraririk egin, ez zela berpiztu, eta ebanjelioetan kontatutako gehiena askoz ere lehenagoko sumertar eta egiptoar legenden biltzea eta eremu judura egokitzea izan zela. Are, Jesu Kristo ez zela existitu.

Hala ere kristau zarela aldarrikatzea, ez ote da “ni platonikoa naiz baina ez dut ideien munduan sinesten” esatea bezain zentzugabea? “Chomskyzalea naizen arren, ez dut uste gramatika unibertsalik dagoenik”. “Konstituzionalista eta jakobinoa banaiz ere, aukeran nahiago zazpiak bat eginiko Euskal Herri independentea, aulki baten jabe NBEn”.

Mintzagaia zehazte aldera, ez dirudi bide txarra Leon XIV.ak eta katiximak egiatzat dutena aintzat hartzea. Biblia ez, anbiguoegia baita eta kontraesankorra, beste literatur lan handi guztiak bezalaxe. Itun Berrira mugatzearren, etsaia maitatzeko agintzen dizu gaur Jesu Kristok, eta bihar, berriz, soingainekoa saldu eta ezpata erosteko. Diskordantzia horiek behar bezala ulertzeko araua katiximak zehazten du; alegia, Izpiritu Sainduak.    

Kristautasunik hedatuena ez da Simone Weil, Gianni Vattimo edota Joxe Arregirena, baizik eta katiximarena, Amparorena eta bedeinkapena ukatu zidan abadearena, eta hauxe dio, besteak beste: gorputza eta arima bereiz daitezke, hil ostean arimak bizirik dirau, Gaizkia ez da filosofikoa eta abstraktua, baizik eta pertsona gaizto bat —Jainkoa pertsona ona den bezalaxe—, eta Deabruaren existentzia Jainkoarena bezain erreala da.

Hori bai, badira laikotasunaren aldekoak bai Amparoren eta Leon XIV.aren tankerako fededunen artean, eta bai kristau postmoderno pinpirinen artean.

Sufrea eta exorzismoa

Markos Zapiain 2025/06/11 13:40

Amak esan zidan:

“Baina ez zara etxe horretan biziko, ezta?”

“Eta nork erosiko dit bada, ondino bero-bero dauden hildako bi dauzkala armairuan?”

Hantxe jarri nintzen hortaz bizitzen, zer erremedio, eta hildakoetako baten koltxoia nerabilen gainera lotarako, ez dakit norena. Bikotekidea Gipuzkoan zebilenez lanean, bakarrik bizi nintzen, baina aski lasai. Zurrumurruak dioenaren kontrara, lan handia izaten dugu irakasleok arratsaldez eta asteburuetan etxean, Filosofiakook bai bederen (Matematikakoek eta Historiakoek ez hainbeste, ez dakit zergatik irabazten dugun berdin): Platoni buruzko 90 azterketa ostegunez egin, eta notak astelehenerako sartu behar badituzu, ez zaude kopla handitarako, ez duzu burua pluribertso paranormaletan galtzeko astirik. Ez da beldur-uxatzaile makala lan egin beharra.

Zahar-etxean sartu zuten Anita. Hainbat bider joan nintzaion bisitan. Pastak eta Txintxon anisa zituen gustuko. Denborak aurrera egin ahala, gero eta protagonismo handiagoa hartzen zuen jazoeren bere kontakizunean. Adibidez, otsaila baino lehen ziurtzat jotzen zuen Felipek bera ere hil nahi izan zuela. Kloroformoz-edo lokartu behar izan ei zuen, bestela tiro-hotsek esnatuko zuketen.

“Baina Anita, zu ez zara apurtxo bat gorra?  Pare bat aldiz zuen etxera joan, zeu bakarrik zeundela jakiteke, eta ez zenuen tinbrea aditu".

“Ez dot uste”. 

Anitak kontatu zidan behin batean Amparo eta bera ohean erdi etzanda erdi eserita zeudela, eta halako batean Amparoran ama, ordurako hila, hegan ikusi zutela logelako leihotik, "keizpie be bai!, "keizpie be bai!".  

Hilketaren eta suizidioaren ostean, ikasle, bizilagun eta adiskide batzuek zerbait egitera bultzatu ninduten: madarikatuta omen zegoen etxea, eta sufrea erretzea proposatu zidaten, sufre errearen dohain argitzaileak uxatu egiten baititu beste mundutik beti atezuan dauzkagun indar ilunak. Sekulako kiratsa eragiten du haatik. Azkenik, gure institutuko Erlijio irakasleari eskatu nion laguntza. Abadea zen. Gure etxea bedeinkatzeko eskatu nion. Sufre errea baino usaingabeagoa izango zen behinik behin.

Eta lankidearen erantzun ebanjelikoa:

"Ezin dizut etxea bedeinkatu. Latinetik dator "bedeinkatu", "bene dicere"tik hain zuzen, hitz onak esatea. Baina nik ezin dut ezer onik esan zure etxeaz, zientziak frogatu baitu toki jakin batean luzaro bizi izandako pertsonen energiak bertan dirauela haiek hil ostean ere. Beraz, hiltzaile eta suizida baten energia dago zure etxean.

Deabrua egozteko exorzismoa egin beharko genuke bedeinkatu baino lehen, eta nik ez dut exorzismoak egiteko gotzainaren baimenik. Abade bik baino ez dute Bizkaia osoan".

Harri gelditu nintzen, eta belarri, uste bainuen oso aspaldi utzi ziola elizak exorzizatzeari, eta filmetara eta literatura fantastikora mugatzen zela Satanasek harrapatua gurutze sainduaz eta ur bedeinkatuaz askatzeko praktika. Noski, ez nien abadearen erantzuna aipatu ikasle, bizilagun eta adiskideei. Gezurtxo urrikalgarri bat sinetsarazi nien: abadeak etxea bedeinkatu zuela.

Hilketari buruzko kronika bat argitaratu zuten "El Caso" aldizkarian, "Emprendieron el último viaje" lerroburu. Handik urte pare batera, Tele 5ekoek hilketari buruzko saio bat egitea proposatu ziguten, baina ez genuen onartu. 

Talako krimenak badu azalpen ulergarri bat; hurrengo liburuan askatuko dut intrigaren korapiloa.  

Amparo jopuntu: harainditik gurasoek, senarrak hemen

Markos Zapiain 2025/06/11 10:55

Egun batean, besoa igeltsuan zintzilik zuela ireki zidan Amparok atea. Esan zidan haserre zituela gurasoak, haserre bizian (hilda zeuden arren). Nire erruz ere bai neurri batean: Amparo egunero joaten baitzen hilerrira, gurasoen hilobia apaintzera, eta gurasoekin hitz egitera, baina aurrerantzean ezingo zuen, Bermeoko etxea saldu eta utzi behar zuenez. Colindresen zuten etxe berria zain. Gurasoek, sumindurik, Lamerako eskaileretatik behera bultzatu zuten, eta kubitua eta erradioa apurtu zituen.

Kontatu zidanez, erosi nahi genion etxean hil zitzaizkion ama zein aita, baina aitak oraindik barrabaskeriak egiten zizkion, hala nola gauez etxeko argi guztiak kolpez piztea. Amparok erratza hartu eta aitaren izpiritua uxatzen ahalegintzen zen, erratzaren makila beheko aldetik hartu, motxoa gora zuzendu, eta ezker-eskuin astindurik:

“Aita, mimoz jagon zaitut zure agonia luzean, bederatzi hil, baina orain utzi bakean, utzi atseden hartzen, gauez behintzat”.

Amak, berriz, kariñozko adierazpen bereizgarri bat zerabilen: lagunei sama eskuz ukitzen zien, axaletik, keinu arin adiskidetsua. Behin batean, Amparo siestan zegoela, halako batean eztarria estutzen ziotela sentitu zuen, gero eta gogorrago, eta izartu egin zen: amaren izpiritua zen, betiko ukitu amultsua alaba itotzeko zitalki areagotua.

Andres Urrutia orduan notario orain euskaltzainburuak izenpetu zuen banketxean hipoteka, Bilbon. Baina etxeko paperak aztertuta, bestelako zulo bat agertu zen, zor ezkutua, 400.000 pezeta ingurukoa, etxea erosi ahal izateko beste mailegu batez kitatu behar izan genuena.

Azkenik, abenduaren 27an sinatu genituen Enrique Santaflorentina notarioaren bulegoan etxe-salmentaren paperak, Ander Deunaren eta Almike errepidearen arteko kantoian. Amparo eta Felipe etorri ziren. Kafesne bat hartu genuen ondoren elkarrekin, Artike bidearen hasieran, hiltegi zaharra baino lehenagoko etxeko tabernan. Amparok eskatu zigun uzteko etxea bizpahiru egunez, etxe berrira eraman nahi baitzituen familiaren ikurrak zerakutsaten bidrierak —deituren armarriak eta—, haurtzaroko jauregitik oraingo etxetxora ekarriak. Pazientziaz egin beharreko lana zen bidriera horiek ateetatik ateratzea eta beste batzuk jartzea. Ondo antolatuta eta txukun utzi nahi zigun etxea. Ados. Gurasoenera itzuli ginen.

Biharamun goizean, amak esnatu ninduen, Bermeotik telefonoz deitzen zidatela. Talako bizilagun bat zen, Amparoren etxearen arrastoan jarri ninduena.

"Txo, ez zara entera ela? Hor dekozuz bidxek hildxe, zeure etxien, Amparo eta Felipe".

"..."

“Imini telebisiñue auntxek!” 

Amari kontatu nion, eta amak:

"Hori umore beltza bermeotarrek, kar-kar-kar. Inuxenteen eguna da gaur!”

Egongelara joan, telebista piztu, eta egia zela baietsi genuen.

Felipek lokian eta saman egin zion tiro emazteari, eta ondoren bere buruari lokian. Pistola gordetzeko eskubidea zuten guardia zibilek, jubilatu ostean ere. Amparoren aurpegi baketsuak erakusten zuenez, ez ziren borrokatu, lo zela tirokatu zuen senarrak.

Etxea ordurako gurea zen arren, ez ziguten sartzen uzten, guardia zibilek eta ertzainek prezintatuta zeukaten, eta barruan zebiltzan. Bizilagun batek kontatu zigunez, Feliperen eta Amparoren hiru semeetarik bi —trafikoko guardia zibilak, aita lez— eta errain biak odol-putzuak xukatzen ari ziren lurzorutik eta oheetatik. Hormek ere odol-mantxa ikusgarriak omen zerakutsaten.

Anitak aurkitu zituen gorpuak. Loak eta gorreriak eragotziko zioten tiro-hotsak entzutea. Beheko pisuko batek esan zuen tiro-hotsak aditu zituela, baina pentsatu zuela inguruko auzoren bateko jaietako suziriak izango zirela. Ziotenez, pisu hartako kideren bat droga saltzen ibiltzen zen herrian, eta behin baino gehiagotan gelditu ziren zenbait minutuz gure atariaren parean drogaren aurkako manifak, gogor deiadarkatuz "kamellu kanpora! kamellu kanpora!" lema (gorriz azpimarratzen du Xuxenek “deiadarkatuz”, baina Itxaro Bordak erabili egiten du, aitzina beraz).

Hileta elizkizunean, Santa Eufemia elizan, lehenbiziko aldiz entzun nuen kantuan "sinisten dot, sinisten dot". Ordu arte, Irun, Hondarribia, Oiartzun eta Ziburun “sinisten dut, sinisten dut”, eta Errenterian eta Donostian "sinisten det, sinisten det". Adi egon behar dugu beti, euskalkien aberastasunak zer erakutsiko.

Gernikako epaileak gaztigatu zidan:

“Oraingoz, guztiak zarete susmagarri; zeu ere bai”.

“Baina zein zatekeen orduan, epaile-andere, ene motibazioa? Abenduaren 27an ordaindu genuen etxea. Zenduak Colindresera eraman behar zituen furgonetako guantera edo eskularru-kutxan agertu zen txekea. Krimenak ez digu inongo irabazirik ekarri”.

Guardia zibilaren erakarmena

Markos Zapiain 2025/06/09 09:20

Orain dela 35 urte hasi nintzen sumatzen zein garrantzitsuak izango ziren nire bizitzan Gaizkia eta Satanas. 1990ean heldu nintzen Bermeora, Institutuan Filosofia irakasle izateko. “Txaraka” hotelean igaro nuen lehenbiziko gaua; ondoren, logela bat alokatu nuen, Sollubeko zuhaitzak motozerraz ebakitzen zebiltzan langile batzuekin partekaturik etxea. Lokatzez lepo egoten zen beti bainera. Ez zen sarrien dutxatu naizen nire bizialdia izan.

Hurrena, Institutuan bertan jarri nintzen bizitzen, atezainari zegokion etxean. 1990 hartan bertan inauguratu zen Institutuko eraikin berria, Aritzatxu hondartzaren gainean, eta hutsik zegoen atezainaren etxea. Atezainak ez zuen behar, Bermeon bertan bizi baitzen. Ez zegoen ur berorik, ez ispilurik. Lankide batek utzi zidan ohea. Bitxia zen Institutuan bertan esnatu eta jaiki orduko ikustea ikasleak hurbiltzen ari zitzaizkizula.

Urrian hasi nintzen etxe normal baten bila, Bermeon bertan. Oroitzen naiz Lamerako etxe bateko gelen banaketak txundituta utzi ninduela: etxeko atea ireki, eta ez zenuen sarrera topatzen, ezta pasillorik ere, baizik eta logela. Sarrerako ateak zuzenean ematen zuen logelara. Aproposa etxera mozkorrik iritsiz gero: atea ireki, eta zuzenean ohera ahuspez, arropa erantzi barik.

Azkenik, Talan aurkitu nuen etxe txiki polit bat. “Bermeo basatia” idatzi zuen Paul Henri Capdevielle eleberrigilearen iritziz, Europako lekurik ederrena da Tala, Ogoño, Izaro eta itsaso zabalari begira. Kantina ezagutu izan balu, are ederragoa irudituko zitzaiokeen.

Bosgarren solairua zegoen etxebizitza, igogailu barik, baina 26 urte dituzula arazorik ez. Amparo zen etxekoandrea, Felipe senarra, Anita neskamea. 58 urte zituen Amparok, Felipek 56, Anitak 75. Gutxitan egoten zen Felipe. Amparok etxera joateko esaten zidan, merendatu bitartean salneurria negoziatuko genuela. Ordea, lehenbiziko egunetik zegoen salneurria erabakita: zazpi milioi eta erdi pezeta. Beste edozertaz mintzatzen ginen. Egia esan, Amparo zen batez ere mintzo. Nahiko maiz joan nintzen.

Urrian ekin nien bisitei. Aholku bitxiak ematen zizkidan Amparok.

“Argindarrean dirua aurreztu dezakezu: gauez, etxeko argia piztu beharrean, balkoira atera irakurtzera, eta Matxitxakoko faroaren argia aprobetxa dezakezu: argiarekin batera esaldia irakurri, eta osteko iluntasuna irakurritakoaz pentsatzeko erabili, hurrengo argialdia heldu arte”.

Kontatu zidan familia txit aberatsetik zetorrela, aita eta arbaso arrantza- patroiei esker. Jauregi gisako batean bizi ziren txikitan, San Frantzisko komentuaren inguruan. Ume zelarik, Anitak jagoten zuen; orain alderantziz. Konkorduna eta gorra zen Anita. Oso txarto konpontzen zen Feliperekin. Sukaldean topo egin zuten batean, Felipek modu txarrean bota zion "kendu paretik, beti traban!", eskuaz baztertzen zuen bitartean.  

Amparoren aita itsasoan zebilen batean, lehorreko sozioek traizionatu eta dena kendu zieten. Horregatik bizi ziren orain etxe merke hartan. Hilobiak, familiaren panteoiak, etxebizitzak halako bi baino gehiago balio zuen: 15 milioitik aisa gora.

Guardia Zibila zen Felipe, senarra, baina erretiratua. Gernikaren eta Bermeoren arteko trenbidea egin zuten preso errepublikarrak kontrolatzera etorri zen Palentziatik. Feliperen plantak eta biboteak, Clark Gableren antzak, Amparo gaztea liluratu zuten. Hala ere, dudak izan zituen neskak ezkongaitan, Feliperekin ezkondu ala ez. Frantziskotarra zuen aholkulari espirituala, eta ezkontzeko aholkatu zion: zeure bertuteak kutsatuko dizkiozu. Aldiz, Amparok zioenez, berak Feliperi ez zion bertute bakar bat ere kutsatu, eta aitzitik, akats mordoa bai Felipek berari.

Bestalde, erantsi zuenez, aspaldion ez zen frantziskotarrez larregi fio, josita ei zegoen Arantzazu ETAren iskiluak gordetzeko zuloz. "Zulus" esaten zuen. Sarritan jotzen zuen gaztelaniara, eta Bermeon "zulue, zuluek" esaten denez, ematen du espainolez "lleno de zulus" egingo zitzaiola naturalena.

Trenbidearen eraikitze-lanen zaintzaren ostean, trafikoaz arduratu zen Felipe, erretiratu arte. Amparok kontatzen zuenez, detaile bitxiak izaten zituen: behin batean, Zornotza inguruko autopistan, kontrola jarri eta trailer batek 24 tonatik gorako pisua zekarrela ohartu zen. Isuna.

“Ez, mesedez, lau seme-alaba dauzkat, oso txarto gabiltza”.

“Bazenuen aurretik pentsatzea, legea hautsi duzu. Multa”.

“Hondamendia izango da guretzat, otoi arren”, txofer heldua erdi negarrez.

“Ados, multa barkatuko dizut. Baina ez eman niri eskerrak. Emazkiozu nire emazteari, berak itsasten baitizkit bertuteak, horien artean errukia”.

Eta kamioilariak berba bete zuen: hantxe joan zen Zugaztieta, Muxika, Gernika, Foru, Busturia, Mundakan barrena, trailerraren handitasunak eraginiko zailtasunak nekez gaindituta. Auskalo non aparkatuko zuen Bermeon, Talara ezin baitzinen trailerrez igo, eta artean ez zegoen Pergolako aparkalekua.

Kontua da bost solairuak igo, etxeko txirrina jo, eta harrituta entzun zituela Amparok kamioilariaren hitzak:

“Eskerrik asko zure senarrari errukia inspiratzeagatik. Zuri esker barkatu dit isuna. Ondo segi”.

Amparok sumatzen zuen senarra ez zebilela oso artez, eta jakinarazi zidan kontu korronte bat zabaldu zuela haren ezkutuan. 

Primerako zauriak

Markos Zapiain 2025/05/28 12:20


Noski, neure burua agnostikotzat edo ateotzat hartu arren, ni ez naiz inor erakusteko jendeak zer sinetsi behar duen eta zer ez, edo sinesteari utzi behar dion. Estrabaganteak irudi dakizkidake hainbat sinesmen, edota ulergaitzak, baina ezinegona eta beldurra uxatzen laguntzen badute, edota poza erakartzen, zorionak eta gora bihotzak. Ondo begitantzen ez zaidana da sinesmen horiek jendartean ezarri nahi izatea, badaude-eta partekatzen ez dituzten hiritarrak. Errespetua merezi dugu agnostikoek eta ateoek ere.

Eta jasangaitza dirudit proselitismoak —bai fedearen eta bai fedegabeziaren aldekoak—, agresiboa bezain astuna baita. Nire esperientzia partikularra izango da ziur aski jasanezintasun horren kausa, atseginak eta pizgarriak izan baitaitezke konbentzitzeko ahalegin batzuk. Dena den, eta gaur egun, uste dut gero eta garrantzi handiagoa hartu beharko lukeen hastapen etikoa dela jendea bakean uztearena. Laikotasuna aldezteak esan nahi du ez zaizula polita iruditzen ez fededunak ez fedegabeak molestatzea, eta tratu berdina merezi dutela botere publikoen aldetik.   

Printzipio orokorra da hori. Baina gero, eguneroko bizitzan, onartu beharra dago eztabaida sutsu bezain aberrante eta barregarriak bideratzea dela sinesmenaren onuretako bat, kontsolamenduarekin eta erruki eskuzabalarekin batera. Eta hor bai, poxelu eta min egiten diote elkarri fededunek eta fedegabeek.

Espektakulu globalaren osagai garrantzitsua dira Aste Santuko prozesioei lotutako ika-mikak —magufoak ote diren kristauak—, Santa Teresa Jesusenaren eskeletoaren erakusketa makabroak piztu dituenak… Hain zuzen, azken horrek ez al du berriro adierazten ondo ez dabilen zerbait dagoela kristautasunaren oinarrian? Heriotza maite duen jende mordoa erakarri du, kristautasunak hasieratik erakutsi duen ukitu tanatofiloak. Astero ikusten zuten Mel Gibsonen “La pasión de Cristo” gure izebaren konbentuan.

Behin batean, Calahorran, elizaren ondoko plazatxoan eserita geundela, ilunabarrean, soineko arrosa estrainio bat zeraman andre bat agertu zen, 70 urte ingurukoa, Poltergeisteko mediumaren oso antzekoa. Venid, venid, que os enseño la iglesia, que tengo las llaves. Elizan sartu, eta Jesu Kristo gurutziltzatu batengana hurbildu gintuen, dena odol eta tristura. Orduan, eskua hartu zidan, Jesusen zaurietara eraman, eta bat-banaka ukiarazi zizkidan, haren eskua nirearen gainean gidari, eta “mira, fíjate qué heridas más estupendas” esan zidan.  

Erlijioa definitzeko zailtasunak

Markos Zapiain 2025/05/28 10:15

Oso zaila da erlijioa zehazki definitzea. Mutur bi dauzkagu hemen, Kanten antinomia gisa erabil ditzakegunak:

1-GUZTIA ERLIJIO

Autore batzuentzat ia guztia da erlijio, edo erlijiotik dator. Susmo hori Hegelek eta Nietzschek zabaldu zuten; Nietzschek Frantziako Iraultzan, sozialismoan, anarkismoan, giza eskubideetan, zientzian, gramatikan, eta abar, erlijioa ikusten baitzuen, erlijioaren metamorfosiak, erlijio izateari uzten ez ziotenak.  

Yuval Harariren ustez, orobat, erlijioa ez da soilik normalean erlijiotzat jotzen duguna, baizik halaber liberalismoa, giza eskubideak, komunismoa, algoritmoak.

Joxe Azurmendik ere edonon ikusten du erlijioa: zalantzan jartzen du gure inguruko politika benetan profanoa ote den; uste duenez, “laizismoa, gaur askotan suposatu ohi den bezala gutxienez, Estatuaren eta politikaren teologia kamuflatu batean egoten da oinarritua”. Joko Olinpikoei ere, edo Chirac presidentearen haserreari futbol partida batean himno frantsesa jo eta jendeak txistu eta oihu egiten diolarik, kutsu erlijiosoa sumatzen die. Ez du ulertzen zergatik jotzen den erlijiosotzat eskola frankistan gurutzea jarri beharra, eta ez gaur egun udaletan bandera espainola eta erregearen irudia derrigorrez jarri beharra. Ministroek eta epaileek Estatuari egin behar dioten zina ere erlijiosoa zaio. Uste dut Azurmendik serie hau ere zeharo erlijioso ikusiko lukeela: misiolaria, laikotasunaren berri ona zabaltzen.

2-EZ DAGO ERLIJIORIK

Beste muturrean, Peter Sloterdijk dugu, Rajneesh edo Oshoren eraginpean: ez dago erlijiorik. Hori erakusteko, “Zientziologia” erlijio berria nola sortu den azaldu du. Zientzia fikzioa idazten zuen amerikano batek niaren teknologia batzuk proposatu eta erlijiotzat hartua izan da azkenean. Alderantziz, Joko Olinpiko berrien asmatzaileak erlijio berri bat nahi zuen, Greziako Joko Olinpikoak erlijiosoak baitziren, baina ez du lortu. Erlijio izan nahi ez zuena erlijiotzat hartzen da, eta erlijio izan nahi zuenari edozein kutsu erlijioso kendu zaio. Beraz, zorrozki hitz egitera, ez dago erlijioa zer den zehazterik.

ERLIJIOAREN DEFINIZIO POSIBLE BAT

Ez da harritzekoa erlijioari dagokionez definizio bakar bat adostetik hain urruti egotea: Nietzsche, Durkheim, Mircea Eliade... adituak ez datoz bat. Askok diote budismoa ez dela erlijio bat, ez baitu Jainko transzendenterik. Gizaki bat da beneratzen dena, Buda Sakiamuni, taoismoan Lao Tzu, konfuzianismoan Konfuzio. Gizakiak dira, ez dago transzendentziarik. Are, badira erlijio ateoak ere, hala nola jainismoa, Indian bost bat milioi lagunek praktikatua. Besteak beste, Kundakunda filosofo jainista handiaren obratik ondorioztatu dute adituek erlijio ateoa dela.

Idazki-serie honetan “erlijio” esatean Nietzsche, Durkheim, Comte-Sponvilleren definizioen araberako zerbait izango dut gogoan: giza talde batek partekatzen duen sinesmen multzo bat, haraindikoari garrantzi handiagoa ematen diona honaindikoari baino, beste munduari mundu honi baino, arimari gorputzari baino. Erlijioak elkartzen duen taldeak errituen bidez dakartza bizitza errealera sinesmen horiek.

Nietzschek uste du ametsa erabakigarria izan zela beste munduaren eta arimaren ideien sorreran. Badoa ibilian erdi zimino erdi gizakiek osaturiko talde nomada, eta kide bat hiltzen da. Taldekideek gorputza usteltzen ikusten dute. Handik aste betera, taldekide baten ametsean agertzen da, hizketan, bizirik. Ondorioa: “hildakoa beste mundu batean dago; gorputz materiala usteldu den arren, bere izpiritua bizirik dago han, haraindian”.

"Erlijio" hitzaren etimologia

Markos Zapiain 2025/05/28 09:56

Arazo franko dago erlijioa zer ote den definitzeko orduan; baina baita “erlijio” hitzaren etimologia adosteko orduan ere. Adituak ez daude ados. Bi dira nagusitu diren proposamenak.

Dirudienez, sinestunek joera dute “erlijio” "religare"tik eratortzeko. Tertulianok lotu zituen aurrenekoz "religio" eta "religare". Berriro lotu, bildu, esan nahi du. Fededunak komunitate batean biltzen baititu sinesmenak, horizontalki, eta gainera Jainkoari ere lotzen dizkio, bertikalki.

Hain zuzen, Tertulianorena da "credo quia absurdum" edota "credo quia ineptum" erranairu ospetsua: kristau dogmak, zenbat eta absurdo edo ergelagoak, orduan eta sutsuago aldeztu behar ditugu. Montaignek, Unamunok eta Chestertonek sinpatiaz ikusi zuten. Montaignek zioen katolikoa zela inguru hauetan jaio zelako. Persian jaio izan balitz, musulmana litzateke, berdin-berdin. Egia katolikoak eta egia musulmanak berdintsu balio dute (eta interprete askok irakurri dute lerro artean: deus gutxi dute balio).  Unamuno: kristau dogmek ez dute ez hanka ez bururik; hala ere, sinesten dut. Edo Chestertonek, Londresen eliza katoliko batean meza eta sermoi izugarri aspergarri eta txarra entzun ondoren: hain inutilak izanik apaizak, fede katolikoak bi mila urtez iraun baldin badu, orduan egiazkoa behar du izan. Eta anglikanismotik katolikotasunera igaro zen.  

Dena den, filologoek nahiago dute Zizeronek proposaturiko etimologia: “relegere”tik letorke “erlijio”, benerazio arretatsu bat adieraziko luke sinesten den horrengana, eta baita berrirakurtzea ere, testu sakratuak behin eta berriz irakurri behar baitira behar bezala barneratu arte.

Erlijioak eta Jainkoa

Markos Zapiain 2025/05/28 09:50

André Comte-Sponvilleri erosoagoa zaio erlijioei buruz hitz egitea Jainkoari buruz baino. Jainkoa, definizioz, gu baino gehiago da, gainditzen gaitu. Erlijioek ez. Gizatiarrak dira, gizatiarregiak. Gizatiarrak direnez, eskura dauzkagu, ezagut eta kritika ditzakegu, Jainkoa ez bezala.

Transzendentea da Jainkoa. Aldiz, erlijioak historiaren, gizartearen eta munduaren parte dira, immanenteak baitira.

Perfektua da gainera Jainkoa. Are, Karlos Linazasorok dioenez, "Jainkoari tope gustatzen zaio musika euskalduna". Kontrara, erlijioak ez dira perfektuak, eta horregatik dute nahiago aingeruen musika.

Jainkoaren existentzia zalantzazkoa da. Erlijioena ez da. Erlijioei buruz sortzen diren auziak gutxiago dira ontologikoak soziologikoak edo existentzialak baino: kontua ez da erlijioak ba ote diren jakitea (batzuetan, dio Comte-Sponvillek, existentzia intentsoegia dute), baizik eta zer diren, eta erlijiorik gabe benetan ondo bizi gaitezkeen. Azken arazo horixe da Comteri bereziki axola zaiona, eta uste du baietz, erlijioak bazterturik ere zentzuz beteriko bizitza sortu dezakegula, errukian eta elkartasunean oinarritutako bizimoduak ez duela erlijioaren beharrik, eta primeran bizi gaitezkeela erlijio barik.

Frantziskoren erakarmena eta Erlijioren berrezarpena

Markos Zapiain 2025/05/27 22:09

Urte gutxi batzuk geroago utzi zion derrigorrezko izateari Erlijio batxilergoan eskaintzeak. Eta halaxe jarraitu zuen zenbait urtez: urrats egokia gero, laikotasunari begira. Ordea, 2022an, PSOEren eta Podemosen gobernuak derrigorrez eskaini beharra ezarri zuen ostera ere.

Badabiltza hor auskalo nondik datozen presio arraroak, Internet miatu arren behin eta berriro mozorrotu eta ihes egiten didatenak. Zergatik ez dute Felipe Gonzalezek, Zapaterok edo Pedro Sanchezek konkordatu frankista bertan behera utzi? Nietzschek ondo erakutsi zuen kristauek, sozialistek eta komunistek antzeko azpiegitura ideologikoa dutela: berdintasuna helburu, eta oraindik ez dagoenak ematea zentzua orain dugunari. Kirrinkarik batere gabe ibili zen Javier Madrazo komunista Ibarretxeren gobernuan. Alvarez Solisek komunista katoliko definitzen zuen bere burua, beste askok bezala.

Erlijioren berrezarpenaren kausetako bat Yolanda Diazek Vatikanora egin zuen bisita izan zen, bidaiaren eta erabakiaren kronologiak erakusten duenez. Berrogei minutuz mintzatu zen Frantzisko aita sainduarekin. Isabel Zelaa —EAEko Hezkuntza Kontseilari izana Patxi Lopezen gobernuan, eta Hezkuntza Ministro Pedro Sanchezenean— ordu erdiz bildu zen Frantziskorekin, eta, ABC-k kontatu zuenez, nabarmen hunkitu zuen aita sainduaren hurbiltasunak: ahotsa dardarka, erdi negarrez, fan nerabeek rock idoloen aurrean izaten dituzten emozio epileptikoak... Opari bi egin zizkion Zelaak Bergogliori:

El primer regalo era muy personal, un rosario de la Cartuja de Burgos que perteneció a la cuñada de la ex vicepresidenta, fallecida hace unos meses. Francisco lo ha tomado en las manos muy agradecido.

El segundo era un pequeño busto de San Ignacio, que pertenece a una serie limitada, y que envía una comunidad jesuita del País Vasco. «Yo me he educado en un centro de los jesuitas vascos», le confió orgullosa la embajadora al Papa.

Gaur egun, Karmeldar Oinutsak eta Karmeldar Oinetakodunak baino sakonkiago emozionatzen ditu aita sainduak sozialistak. Isabel Zelaa da orain Espainiaren enbaxadore Vatikanoan.    

Hain zuzen, paradoxikoa izatera heltzen den anbiguotasun zabal horixe da PSOEren dohainik ederrena: txit inklusiboa da, eta zirkunstantzien arabera konpontzen da ondo edo gaizki berdin Bildurekin, Cuidadanosekin edota Juntsekin, Jainkoaren bideak bezain printzipioetatik aldenduak izaten baitira sozialistenak ere.

Halatan, asko dira argitzeke uzten dizkiguten enigmak: palestinarren alde Europako gobernubururik ausartena izaten ari den Pedro Sanchezek, zergatik abandonatu zituen sahararrak interes ziztrin batzuen truke? Zer da ez dakiguna?

Bestelako eremu batean: zer gertatu zen azkeneko Goya sarietan? Hasieran, “El 49”k irabazi zuela esan zuten. Handik pixka batera, “El 49” eta “La infiltrada”, saria erdibana. Haatik, bakoitia zen boto-emaileen kopurua; milatik gorakoa, gainera: aski zaila, beraz, berdinketa hori berez gertatzea. Bestalde, txurro hutsa duzu “La infiltrada”, film gisa ere.

“El 49”n ez dira ondo gelditzen Espainia eta guardia zibila. Aukera ona ematen zuen “La infiltrada”k hori apur bat konpentsatzeko, nahiz eta iruzurra nabarmena izan. Zer gertatu zen denbora-tarte erabakigarri horretan? Bozketaren emaitza aldarazteko, nork deitu zion nori? Kultura ministroak Zine Akademiako zuzendariari? Pedro Sanchezek Alfredo Landari? Chat GPT, DeepSeek, Claude: ez ei dakite.

Baten batek egia konta lezake noizbait, baina ez liokete sinetsiko, edo ez liokete jaramonik egingo. Bestela, sinetsi ez sinetsi, egia hori soilik errepikatuko dute hurrengo hauteskundeetan boto batzuk eskuratzeko lagungarritzat joko dutenek. Ia inori ez zaio axolako egia denetz, eta informazioen, garrasien eta irainen uholdeak egia ezagutu nahi luketenak itoko ditu.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.