Jainkoaren testua editatu
Asko irabazten dute Bibliak eta Koranak, kolore berezi batek apaintzen ditu, Jainkoak edo Alak idatziak direla suposatuz gero, eta ez jende kontingente hilkorrak.
Behin batean, txikia nintzenean, gauez ohean, ezin buruari bueltak emateari utzi: jendea hiltzen da: birramona hil zaigu, osaba Pepe hil da. Ezagutu genituenok gogoan ditugu orain. Geldika-geldika, gero eta bakanago agertuko zaizkigu oroitzapenetan. Gu ere hilko gara, ordea. Berrehun urte barru, arrastorik ere ez da geldituko gutaz, ez inoren oroimenean ez beste inon. Larritu nintzen, eta jaiki. Esne beroa prestatu zidan amamak. Ez nion nire urduritasunaren kausa adierazi, baina amamaren presentzia hutsak eta arretak kontsolatu ninduten, eta lasaiago itzuli nintzen ohera. Garai hartan mezetara joaten ginen, baina ez nuen nonbait fedearen edukia kontsolamendurako baliabide gisa sentitzen.
Nahasiak egiten zitzaizkidan parabolak eta sermoiak, edo bestela ulergaitzak. Talentuen parabolan (Mateo 25, 14-30), adibidez, zergatik ez dizkio nagusiak morroi beldurtiari ez talentu bat, baizik eta hamar ematen? Hamar eman eta hiru edo bakarra jasoko balitu atzera nagusiak, hobeto ulertuko litzateke parabola horrek omen duen zentzua: kristauentzat, grekoentzat ez bezala, lana sakratua da. Lanari esker fruitua emanarazi behar diogu herentziaz jaso dugunari. Balio duena ez da herentzian jasotakoak —naturak emanikoak—, baizik eta horrekin egiten dugunak.
Parabolan, nagusiak morroi bati bost talentu eman zizkion, eta morroiak hamar itzuli zizkion; beste bati bi, eta lau itzuli zizkion; azkenekoari talentu bakarra eman zion, eta horrek gorde eta bere horretan itzuli zion, biderkatzeke.
Ez ote da normala ziurbako samarra izatea naturak zekenen tratatu duen morroia, talentu bakarra emanda, eta —zer gerta ere— talentua lurpean gorde dezan? Horrela eman ziona itzuli ahalko dio nagusiari gutxienez, bestela galdu egingo bailuke agian. Nagusiaren errieta morroi koitaduari, bestalde, ez da parte onekoa; ezta morroiaren aurkako agresibitatea ere, Jesu Kristoren kontakizunean.
Gaur egun, hainbat adituren interpretazioak irakurrita ere, jarraitzen dut pentsatzen ezen Jainkoak edo Mateo ebanjelariak lapsus bat izan zutela, atrebentziarekin esanda. Hori dela-eta, zuzena deritzot Jainkoari bere testuan aldaketa batzuk egiteko proposatzera ausartzeari.