Gaizkia zulo
Gaizkiari eta Deabruari buruzko ikerketetan murgilarazi ninduten gure etxeko hilketak eta suizidioak, eta abade irakaslearen erantzunean exorzismoak zuen protagonismoak. Gaizkiaren eskandaluak fededun posible asko kristautasunetik urrutiratu duela egiaztatu nuen, teologoek ez baitiote erantzun asegarririk asmatu. Kristautasunera hurbildu ere bai haatik hainbat fedebako, San Pauloren sakontasun psikologikoak erakarrita: “Lege hau sumatzen dut neuregan: ongia egin nahi dudalarik, gaizkia bakarrik dudala neure esku”. Beste ezein idazki sakratutan ez da Dostoievskiren, Nietzscheren eta Freuden aitzindaria dirudien halakorik adierazi.
Sinesmen horien azterketaren xedeetako bat pedagogikoa da. Artez ulertu behar ditu norberak kontzeptuak, ganoraz azalduko baditu. Eta ikasleek argitasuna behar dute. Oroitzen naiz behin batean batxilergoko bigarren mailan San Agustin irakatsi behar eta paradisua, Adam, Eba, sugea eta hori guztia azaltzen hasi eta, Erlijio ikasgaia gainditua izan arren aurreko kurtsoetan, 30 ikasleetatik bakar batek ere ez zekiela zertaz ari nintzen, harik eta, halako batean, batek “Sí, joe, lo de los Simpson” esan zuen arte. Orduan bai, ikaskide batzuk jabetu ziren, Simpsondarren atal batean Bibliako Hasiera liburua kontatzen baita. Parodia parodiatutakoa baino lehenago ezagutzen dugu gaur egun sarritan; ulermenari begira, ez da beti segida sanoa.
Historian, eta gaur egungo katiximan, deabruari lotu dio kristautasunak gaizkia. Ez da ahaztu behar XVII. mendearen amaiera arte, “Gure Aita” funtsezko otoitz ospetsua, "libra gaitzazu Gaiztotik" amaitzen zela, "líbranos del Maligno", "délivre-nous du Malin". Hala zen jatorrizko grekoan ere, pertsonifikazio sataniko horrekin.
Arazo teologikoa: si Deus est, unde Malum? Alegia, Jainkoa existitzen bada, nondik nora Gaizkia? Orojakilea, ahalguztiduna eta guztiz ona baldin bada Jainkoa, nolatan onartzen du Gaza eta zazpi urteko neskatxaren tortura? Gaiztoa ote da Jainkoa? Gnostiko batzuek esaten zuten gaizto-gaiztoa ere ez dela, baina apur bat ganorabakoa bai, eta unibertsoa sortu zuenean mozkortuta zegoela.
Manikeoen ustez, ostera, Jainko bi daude, Ona eta Gaiztoa, eta ahal berdina dute biek. Jainko Gaiztotik datorkigu munduko gaiztakeria, eta gure baitakoa.
Manikeoa izan zen gaztetan San Agustin, baina gero konbertsioari esker kristautu egin zen (hemen ere agintzen duenak kontrolatzen du hiztegia: manikeismotik kristautasunera “konbertitu” egiten zara, baina kristautasuna beste zerbait besarkatzeko uztea, edo ezer ez besarkatzeko, hori “arnegua” da, “apostasia”). Kristautasunean bakarra da Jainkoa, eta guztiz ona. Jainkoak sortu zuen Deabrua. Hasieran, Deabrua aingerua zen, baina askatasuna Jainkoaren aurka oldartzeko erabili eta erori egin zen. San Agustinen beraren hitzetan:
"Nork egin nau? Ez ote nire Jaungoikoak, on baino ontasun bera denak? Nondik da, beraz, nik gaitza nahi eta ona ez nahi izatea? Agian, zigor merezia neureganatzeko? Nork ezarri zidan txertaturik erro mikatz hau, Jaungoiko ezti-eztiak egina bainaiz erabat? Deabruak egin banau, nondik da deabrua? Aingerua bere nahikari gaiztoz aingeru on izatetik deabru bihurtu bazen, nondik zuen hark ere deabru bihur zedin nahikari gaizto hori, egilerik hoberenak egindako aingerua izanik oso-osorik?"
Amildu zenez geroztik, infernua da Deabruaren egoitza, baina munduan ere badabil. Existentzia erreala dauka, pertsona da, baina izpirituzkoa, ez du gorputzik. Horregatik sar daiteke edonoren gorputzean, eta bereganatu; eta, Katiximak darakutsanez, horregatik hartzen du Eliza Katolikoak gaur egun ere arras serio Deabrua, eta praktikatzen du exorzismoa. San Agustinen jarraitzaile peto dituzu honetan ere bai Frantzisko eta bai Leon XIV.a, azkeneko bi aita sainduak. Hauxe dio San Agustinek Bizitza zoriontsua liburuko 18. atalean:
“Esanahi bi ditu ‘izpiritu lohi' adierazpenak. Arima kanpotik inbaditzen duenari dagokio aurrenekoa, gizakiei zentzumenak nahasi eta amorru gisako bat eragiten dienari; hori egozteaz arduratzen direnei buruz, esaten da eskuak ezartzen dituztela, edota exorzizatzen dutela; alegia, gauza jainkotiarren izenean konjuratuta uxatzen dutela”.
Edozein gisaz, Deabrutua egotea muturreko kasua litzateke, ezohikoa; baina bada halaber gizakiak bere kabuz eraginiko gaitza, gaitz “normala”. Alta, gizakiak eraginiko gaitz “normal” hori nondik datorren azaltzeko, Deabruaren galbidea izan zena darabil San Agustinek halaber: erabakimena, liberum arbitrium. Jainkoak oparituriko askatasuna oker erabiltzetik letorke gaizki morala.
Eta gaitz fisikoak? Eritasuna, gainbehera, heriotza? Agustin: Jainkoak egin duen guztia da ona. Jainkoa ere guztiz ona da, eta osoa, betea. Gu, berriz, Jainkoaren sorkariak gara, ez gara Jainko. Eta sorkaria ez da osoa, ez da betea, baizik zulatua. Zulo horietatik hasten gara usteltzen. Baden guztia on denez, Jainkoak egina den heinean, orduan gaizkia ez da eza baizik. Zuloa da gaizkia; alegia, izatearen absentzia.
San Agustinen azalpenak ez zituen kristau guztiak konbentzitu, eta pentsatzen jarraitu zuten Jainkoaren ontasunaren eta munduko eta gure baitako gaizkiaren bateragarritasunari buruz. Etenik gabeko gogoeta-kate horretan, mugarri erabakigarria izan zen Leibnizen teodizea.