Biblioterapia
Diotenez, ia jende guztiak izaten ditu bizitzan bolada txarrak, depresiboak, bizitzea benetan merezi duen zalantza pizten dutenak. Putzu ilun horietatik irteten ahalegintzeko, hainbat terapia erabili izan da: otoitza eta erlijioa, erretiroa mundutik eta misioak, filosofia, lana, kirola, psikoterapia, botikak eta drogak, taldean abestea... Biblioterapian sinesten dut nik, irakurketa jakin batzuek dakarkidate aldi makurretan baretasuna.
Osinean amildu zaituzte hausturak, eritasunak, adikzioak, heriotzak; orduan testu batzuk irakurri, eta hobeki jartzen zara. Atxikimendua sortzen du horrek, noski, baina eskura dauzkazu beti liburuak, ez zaituzte utziko. Eta azkeneko urratsa eszeptikoek erakutsi zuten: iritzien eta testuen eta liburuen desatxikimendua, guztia jartzea parentesi artean, liburuetako jakinduria barne, erabateko ezaxola edozeri, airean flotatzen dabilen estralurtar bilakatzea. Gehiegi irakurtzeak ere hondamendia baitakar: zentzu horretan, pantaila bezain arriskutsua da liburua.
Etsipenezko bolada horietako batean, Bibliara jo nuen, horixe baita kontsolamendurako gehien erabiltzen den liburua gure inguruan. Ez zidan funtzionatu haatik, ez zitzaidan sinesgarria, goitik behera miatu nuen arren pasarte eraginkorren bila. “Gure aita” errezatzeari ere ez nion zentzurik aurkitzen. Arrotza zait hizkera hori, urrunegia. Koranarekin ere saiatu izan naiz, eta antzera, horma batek eragotziko balit bezala Bibliako eta Koraneko pelikuletan sartzea. Ez zait erlijio guztiekin berdin gertatzen: ulerterrazagoak zaizkit, adibidez, Laozi eta Zhuangziren irakaspenak, edota Budarenak.
Dena den, kontsolamenduari eta salbabideari begira, edozein erlijio baino baliotsuagoak izan zaizkit estoikoak, Epikuro, Sextus Empiricus, Spinoza, Nietzsche, Clément Rosset... horien idazkiak bai, zuzenean mintzo zitzaizkidan pairatzen ari nintzenaz. Ederki konektatzen genuen, eta harrigarriro lasaitzen ninduten.
Erlijioa, psikologia eta filosofia nahasirik egon dira beti, biziaren zentzuari buruzko galdera berari erantzun baitiote, eta ahal bezain ondo bizitzeko nahiari buruzkoari. Epikurok psikoterapeuta gisa definitzen zuen hitzez hitz filosofoa, alegia, arimaren sendagile, eta filosofotzat baino gehiago zuen Nietzschek bere burua psikologotzat. Gaur egun oso popularrak diren zenbait sendabide psikologiko, hala nola terapia kognitiboak, AEBetan nagusi, ez dira filosofia helenistikoaren gaurkotze apenas disimulatuak baizik.
“Filosofia” diodanean buruan daukadanak, eta niri onuragarri zaidanak, errealitatea bere gordinkeria etsigarrian aintzat hartzen du —Gaza, alferreko oinazea, eritasuna, heriotza—, eta ez du babesa ilusiozko munduetan bilatzen, baizik eta giza adimen ezinago mugatuan. Erlijioak eta filosofiak oinarria eta abiapuntua dute desberdina: Sokrates: “dakidan gauza bakarra da ezer ez dakidala”; Jesu Kristo: “neu naiz bidea, egia eta bizia”.
Barnealdean ziur samar sentitzen denak ez du fede beharrik. Izpiritu libre eszeptikoa aldeztu zuen Nietzschek "Zientzia alaia" liburuko 347. aforismoan. Nietzscheren esanetan, eszeptikoak duda eta ez sinestea baimentzen dizkio bere buruari, baita ingurukoek sakratutzat dutenaren aurkako iseka arina ere. Ziurgabetasunik zabalena onartzeko joera du eszeptikoak, behin betiko erantzunik gabe bizitzeko ahalmena.
Aldiz, ziurtasuna behar du fededunak —ez bakarrik erlijiosoak, gramatikan eta metereologian sinesten duenak ere bai—, eta kanpoko munduak bermatzea ziurtasun hori. Txarra izan zen fedearen edukia eta egia identifikatzea. Adimentsuagoak eta helduagoak ziren Selatse, Larra, Helasse, Minerva edo Apolori botoak eta otoitzak eskaintzen zizkiotenak, hura guztia suntsitu zuten monoteistak baino.