Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Gaizkia azaltzeko mugak edonon

Gaizkia azaltzeko mugak edonon

Markos Zapiain 2025/06/16 19:30

Gaizkiari buruzko manikeoen, San Agustinen eta Leibnizen azalpenak ez ditugu serio hartzen agnostiko eta ateo supermodernook; xelebrea eta literarioa iruditzen zaigu Satanasen figura, Gaizkiaren eta Gaizto Pertsonal Izpiritualaren identifikazioa.

Nola esplikatzen dugu orduan Gaizkia?

Gaizkia azaltzeko, hedabideetan-eta, giza eta gizarte zientzien arrazoiak darabiltzagu batik bat; alegia, argibide ekonomiko, soziologiko, politiko, psikologiko eta psikiatrikoak. Edota kimikoak. Europan anfetaminak eta alkohola nahasturik erabili dira soldaduen agresibitatea areagotzeko.  Ferryk dioenez, errusiar militarrek “ferocina” izeneko pilulak hartzen zituztelako omen ziren hain basatiak Txetxenian.

Hala ere, onartu beharra dago giza eta gizarte zientzien azalpenak mugatuak direla: soldaduen krudelkeria leporatu alkoholari eta anfetaminei, ados, baina bulego epeletan umeak ankerki akabatuko dituztela planifikatzen duten buruzagiek ez dute pizgarririk behar. Netanyahuren herriari lurralde bat agindu zion Jainkoak, eta Israel Handiaz goitik behera jabetzeko lanean dihardu Bibiren gobernuak. Gaizkiaren bultzatzaile gisa, kimika baino eragingarriagoa izaten ari da erlijioa.

Luc Ferryren bereizketaren arabera, ez da gauza bera gaizki portatzea eta Gaizkia egitea, Gaizkia bera hartzea egin beharrekotzat, Gaizkia bera izatea zure proiektu eta helburu nagusia.

Terry Eagletonek gogoratu duenez, hamar urteko bi ume ingelesek torturatu eta hil egin zuten hiru urte bete gabeak zituen beste ume bat. Satanasek bereganatu zituen? Haurtzaro zaila, inguru eta harreman eskasak, depresio ekonomikoa? Ez dirudi nahikoa. 

Orduan? Gauza eta gertaera asko ulergarriak dira; hainbat gertaera oro har ulergaitzen alde zehatz ugari ere ulergarri izan dakizkiguke, arrazoiak suma ditzakegu. Dena den, erabat argitzen al du Netanyahuren jokabidea esateak Gazako masakrea agindu duela irrika mesianikoak, espetxea saihesteko aitzakiak, mendeku-goseak eta interes ekonomiko-geoestrategikoak bultzatuta? Horrek guztiak ulergarri bilakatzen ote du gosez akabatzen ari zaren jendea janari-banaketako gunera erakarri eta zapartatzea, eskolak eta ospitaleak bonbardatzea, milaka eta milaka ume suntsitzea?

Edota, Gazaraino jo gabe ere, durduzagarria da torturatzeko trepetak asmatzeko gizakiak darakutsan birtuosismoa, torturaren edozein museotan egiazta dezakezuna, adibidez Reignaceko Erdi Aroko torturaren museoan; edota nerabezaroaurreko ohiko jazarpenak: jazarlearen uzkia miazkatzera behartzea biktima, aurpegian pixa egitea, zakila ebakitzeko mehatxuz labana atera, biktimak izuagatik kaka gainean egin eta eskolako txoko ilun batean kakaz lepo abandonatua izatea...

Gaizkia esplikatzeko Satanasek jadanik ez digu balio, baina ez dakit aski zaizkigun hedabideetako azalpenik errepikatuenak, jakitate eta zientzia modernoek inspiratuak. Enigma horrorosoak izaten dira gertaera asko eta asko, eta gure ulermena eta edozein erlijio eta filosofia gainezkatzen eta gainditzen dute.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.