Katixima
Oroitzen naiz “Jainkorik bai ala ez?” liburuko Joxe Arregiren eta Edorta Jimenezen arteko eztabaida irakurrita, hainbat agnostiko eta ateo bat zetorrela Arregi fededunaren ikuspuntu askorekin; halatan, ia inor ez zuen harritu handik urte gutxitara Arregik Eliza uzteak.
Bi mila eta seiehun milioi inguru kristau bizi baldin bada gaur egun Lurrean, ulergarria da askotarikoak izatea haien fede-moldeak, eta ugariak adarrak: adibidez, kristau postmoderno batzuek uste dute Jesu ez dela Jainkoa, haren ama ez zela birjina, ez zuela miraririk egin, ez zela berpiztu, eta ebanjelioetan kontatutako gehiena askoz ere lehenagoko sumertar eta egiptoar legenden biltzea eta eremu judura egokitzea izan zela. Are, Jesu Kristo ez zela existitu.
Hala ere kristau zarela aldarrikatzea, ez ote da “ni platonikoa naiz baina ez dut ideien munduan sinesten” esatea bezain zentzugabea? “Chomskyzalea naizen arren, ez dut uste gramatika unibertsalik dagoenik”. “Konstituzionalista eta jakobinoa banaiz ere, aukeran nahiago zazpiak bat eginiko Euskal Herri independentea, aulki baten jabe NBEn”.
Mintzagaia zehazte aldera, ez dirudi bide txarra Leon XIV.ak eta katiximak egiatzat dutena aintzat hartzea. Biblia ez, anbiguoegia baita eta kontraesankorra, beste literatur lan handi guztiak bezalaxe. Itun Berrira mugatzearren, etsaia maitatzeko agintzen dizu gaur Jesu Kristok, eta bihar, berriz, soingainekoa saldu eta ezpata erosteko. Diskordantzia horiek behar bezala ulertzeko araua katiximak zehazten du; alegia, Izpiritu Sainduak.
Kristautasunik hedatuena ez da Simone Weil, Gianni Vattimo edota Joxe Arregirena, baizik eta katiximarena, Amparorena eta bedeinkapena ukatu zidan abadearena, eta hauxe dio, besteak beste: gorputza eta arima bereiz daitezke, hil ostean arimak bizirik dirau, Gaizkia ez da filosofikoa eta abstraktua, baizik eta pertsona gaizto bat —Jainkoa pertsona ona den bezalaxe—, eta Deabruaren existentzia Jainkoarena bezain erreala da.
Hori bai, badira laikotasunaren aldekoak bai Amparoren eta Leon XIV.aren tankerako fededunen artean, eta bai kristau postmoderno pinpirinen artean.