Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Jainkoaren abokatua

Jainkoaren abokatua

Markos Zapiain 2025/06/14 11:56

Deleuzek dioenez, hainbat mozorro hartu izan dituzte filosofoek, hainbat lanbiderekin nahastu dute filosofia: Kantek epaile ikusten zuen bere burua: Judizioaren kritikaFakultateen gatazka…; Hume ikerlari eta detektibeekin identifikatzen zen: giza adimena ikertzeari ekin zion, baita moralaren printzipioak ere, begia beti erne, prest beti edozer miatzeko eta arakatzeko.

Abokatu ikusten zuen Leibnizek bere burua, Jainkoaren abokatu zehazki, eta identifikazio horrek bultzatuta idatzi zuen Teodizea, Jainkoaren justifikazioa, Teós eta Diké biltzen dituena, Jainkoa eta justizia: Jainkoa zuzena dela darakutsa liburuak, Jainkoaren zuzentasuna justifikatzen du. Bizirik zela argitaratu zuen liburu bakarra izan zen, 1710ean, eta hortxe egiten dio aurre Gaizkiaren auziari. Liburu filosofiko-teologikorik irakurrienetakoa izan zen Leibnizen Teodizea XVIII. mendean Europan.

Zergatik dauzkagu jaiotzez itsuak, eroak eta ergelak, gaiztoak eta psikopatak? Zergatik ez gaitu Jainkoak guztiok ezin hobeak sortu, jenioak edonon? Leibnizen beraren adibidea erabiltzearren, zergatik ez mila Virgilio, eta ez hainbeste tentel? Nondik nora dugu gizakien hierarkia hori, memelotik hasi eta superbizkorreraino? Zergatik begien eta ikusmenaren hierarkia, itsutik katamotzarenera? Nolatan daukagu, gaur egun hain gartsuki aldezten dugun dibertsitate biologiko hori?

Leibnizen erantzuna, Luc Ferryren hariari jarraikiz: izakiak oro perfektu baina identikoak lituzkeen mundua ez litzatekeelako izakien dibertsitate eta hierarkiak erakusten dituen mundua bezain aberats eta ona. Horrenbestez, ezinbestekoa da Gaizkitzat duguna munduan izan dadin, osotasuna perfektua izateko. Eroak, itsuak, atzeratuak eta elbarriak beharrezkoak dira. Izaki desberdin horiek aberatsagoa egiten dute mundua. Horra izaki desberdinen kopuru handiena, printzipio-kopuru txikienarekin: mundua hobea da dibertsitate horri esker. Homero, Platon, Dante eta Shakespeare bezalakoen maisu-lanez osaturik legokeen liburutegia ez litzateke horiez gain Fernando Aranbururen nobelak, Ikeako katalogoak eta gainerako best-sellerrak ere leuzkakeena bezain perfektua.

Horixe da Leibnizek Teodizeari egiten dion ekarpenetako bat. Boris Vianen nobela bat dakar harira Luc Ferryk, “Itsusi guztiak hilko ditugu”.  Mundua gaizki dabilela du abiapuntu. Giza klonazioa zabaltzen ari da, eta jakintsu ero batek, aldi berean politikari eroa ere badena, ezin hobeki pasatzen du izaki zeharo perfektuak sortzen, baina guztiak berdin-berdinak. Biziki eder eta inteligenteak, begi-urdinak, ile-horiak, atleta grekoen gorputzak, etab. Izaki identikoak sortzen ditu jakintsu eroak. Perfektuak direnez, zertarako desberdintasunik txikiena ere? Ez luke zentzurik.

Halako batean, emakume batek klonazioari ihes egiten dio, eta berehala pizten du gizonen desira lizuna, edertasunaren estereotipotik urruti dabilen arren. Diferentziatik baitator sedukzioa. Itsusi zekusaten arestian emakumea, baina gainerakoak ez bezalakoa izateak seduzitu ditu gizonak, diferentziak ipini baitu edertasun perfektu baina uniforme eta infinituraino biderkatuaren gainetik. Leibnizen teodizean bezala ikuspuntu zientifiko batetik ere, batik bat biologikotik, mundu askotarikoa hobea da oro perfektu baina perfektuki identiko eta trukagarria leukakeen mundua baino. Beharrezkoa da Unibertsoan ordezkaezina eta singulartasuna, bizitzak mereziko badu.

Halatan, ezagutzen dugun munduan ez dago berez ez akatsik ez Gaizkirik. Leibnizek eta Ferryk behin baino gehiagotan darabiltzate beste adibide hau ere: hartu margolan eder bat, Turnerren ekaitzetako bat, edo Mona Lisa bera. Sudurra zapira hurbildu eta detaileari bertatik bertara begiratuz gero, horrek ez du ezeren antzik, ez dago ez forma ez diseinu ez inongo gai ikusgarririk; ez dira orban koloreztatuak baino, ezta hori ere, apenas bereiz ditzakezu koloreak.

Aldiz, atzera egin eta distantzia egokia hartuz gero, margolan osoari begiratu eta guztia bilakatzen da ez soilik koherente, baizik eder-ederra: tatxatzat hartzen genuena, margolariaren hanka-sartzetzat, osotasunaren perfekzioaren funtsezko osagai bilakatzen da. Ikuspuntu zabal hori, distantzia egokia aurkitzen duena, Jainkoaren ikuspuntua da.

Leibnizentzat, filosofoak ikuspuntu horretara igotzen ahalegindu beharko luke, gizaki arruntaren ikuspuntu mugatutik bereizita, ikuspuntu mugatuak ez baitu ikusten xehetasuna baizik, eta, horrenbestez, ez du Gaizkiaren existentzian sinestea beste erremediorik. Jainkoaren ikuspuntutik, ohartzen zara itxuraz kaotiko eta inkoherentea ere lagungarri zaiola osotasunaren ederrari. Hurbildik itsusia dirudien detaile hori gabe, ez legoke osotasunaren edertasunik. Halaxe dio Leibnizen maisulanetako batek, “Gauzen jatorri erradikalari buruz”, hamahirugarren paragrafoan:

“Har dezagun pintura txit eder bat. Estal dezagun osorik, zati txiki bat izan ezik: zer ikusiko dugu hor, azterketa sakonena gorabehera? Hurbilagotik aztertuz gero, zer ikusiko, ez bada zentzurik eta arterik gabeko koloreen nahaste-borrastea baizik? Ordea, behin estaldura kendurik, margolan osoari perspektiba egokitik begiratuz gero, ulertuko dugu zapian zoriz botatakoa zirudiena, goi-mailako arte-obra dela, autorearentzat zein ikuslearentzat”.

Estoikoek ere, antzeko arrazoiengatik asmatu zituzten antzeko metaforak, hala nola Epiktetok:  lehoiaren kimak eta kalparrak, eta basurdearen lerdeak, ezin itsusiagoak dirudite hurbildik, baina, jakintsuaren ikuspuntutik aztertuz gero, ohartuko zara piztiaren eta naturaren osotasun harmoniko ederraren ezinbesteko osagai direla. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.