Amparo jopuntu: harainditik gurasoek, senarrak hemen
Egun batean, besoa igeltsuan zintzilik zuela ireki zidan Amparok atea. Esan zidan haserre zituela gurasoak, haserre bizian (hilda zeuden arren). Nire erruz ere bai neurri batean: Amparo egunero joaten baitzen hilerrira, gurasoen hilobia apaintzera, eta gurasoekin hitz egitera, baina aurrerantzean ezingo zuen, Bermeoko etxea saldu eta utzi behar zuenez. Colindresen zuten etxe berria zain. Gurasoek, sumindurik, Lamerako eskaileretatik behera bultzatu zuten, eta kubitua eta erradioa apurtu zituen.
Kontatu zidanez, erosi nahi genion etxean hil zitzaizkion ama zein aita, baina aitak oraindik barrabaskeriak egiten zizkion, hala nola gauez etxeko argi guztiak kolpez piztu. Amparok erratza hartu eta aitaren izpiritua uxatzen ahalegintzen zen, erratzaren makila beheko aldetik hartu, motxoa gora zuzendu, eta ezker-eskuin astindurik:
“Aita, mimoz jagon zaitut zure agonia luzean, bederatzi hil, baina orain utzi bakean, utzi atseden hartzen, gauez behintzat”.
Amak, berriz, kariñozko adierazpen bereizgarri bat zerabilen: lagunei sama eskuz ukitzen zien, axaletik, keinu arin adiskidetsua. Behin batean, Amparo siestan zegoela, halako batean eztarria estutzen ziotela sentitu zuen, gero eta gogorrago, eta izartu egin zen: amaren izpiritua zen, betiko ukitu amultsua alaba itotzeko zitalki areagotua.
Andres Urrutia orduan notario orain euskaltzainburuak izenpetu zuen banketxean hipoteka, Bilbon. Baina etxeko paperak aztertuta, bestelako zulo bat agertu zen, zor ezkutua, 400.000 pezeta ingurukoa, etxea erosi ahal izateko beste mailegu batez kitatu behar izan genuena.
Azkenik, abenduaren 27an sinatu genituen Enrique Santaflorentina notarioaren bulegoan etxe-salmentaren paperak, Ander Deunaren eta Almike errepidearen arteko kantoian. Amparo eta Felipe etorri ziren. Kafesne bat hartu genuen ondoren elkarrekin, Artike bidearen hasieran, hiltegi zaharra baino lehenagoko etxeko tabernan. Amparok eskatu zigun uzteko etxea bizpahiru egunez, etxe berrira eraman nahi baitzituen familiaren ikurrak zerakutsaten bidrierak —deituren armarriak eta—, haurtzaroko jauregitik oraingo etxetxora ekarriak. Pazientziaz egin beharreko lana zen bidriera horiek ateetatik ateratzea, eta beste batzuk jartzea. Ondo antolatuta eta txukun utzi nahi zigun etxea. Ados. Gurasoenera itzuli ginen.
Biharamun goizean, amak esnatu ninduen, Bermeotik telefonoz deitzen zidatela. Talako bizilagun bat zen, Amparoren etxearen arrastoan jarri ninduena.
"Txo, ez zara entera ela? Hor dekozuz bidxek hildxe, zeure etxien, Amparo eta Felipe".
"..."
“Imini telebisiñue auntxek!”
Amari kontatu nion, eta amak:
"Hori umore beltza bermeotarrek, kar-kar-kar. Inuxenteen eguna da gaur!”
Egongelara joan, telebista piztu, eta egia zela egiaztatu genuen.
Felipek lokian eta saman egin zion tiro emazteari, eta ondoren bere buruari lokian. Pistola gordetzeko eskubidea zuten guardia zibilek, erretiratu ostean ere. Amparoren aurpegi baketsuak erakusten zuenez, ez ziren borrokatu, lo zela tirokatu zuen senarrak.
Etxea ordurako gurea zen arren, ez ziguten sartzen uzten, guardia zibilek eta ertzainek prezintatuta zeukaten, eta barruan zebiltzan. Bizilagun batek kontatu zigunez, Feliperen eta Amparoren hiru semeetarik bi —trafikoko guardia zibilak, aita lez—, eta errain biak odol-putzuak xukatzen ari ziren lurzorutik eta oheetatik. Hormek ere odol-mantxa ikusgarriak zerakutsaten.
Anitak aurkitu zituen gorpuak. Loak eta gorreriak eragotziko zioten tiro-hotsak entzutea. Beheko pisuko batek esan zuen tiro-hotsak aditu zituela, baina pentsatu zuen inguruko auzoren bateko jaietako suziriak izango zirela. Ziotenez, pisu hartako kideren bat droga saltzen ibiltzen zen herrian, eta behin baino gehiagotan gelditu ziren zenbait minutuz gure atariaren parean drogaren aurkako manifak, gogor deiadarkatuz "kamellu kanpora! kamellu kanpora!" lema (gorriz azpimarratzen du Xuxenek “deiadarkatuz”, baina Itxaro Bordak erabili egiten du, aitzina beraz).
Hileta elizkizunean, Santa Eufemia elizan, lehenbiziko aldiz entzun nuen kantuan "sinisten dot, sinisten dot". Ordu arte, Irun, Hondarribia, Oiartzun eta Ziburun “sinisten dut, sinisten dut”, eta Errenterian eta Donostian "sinisten det, sinisten det". Adi egon behar dugu beti, euskalkien aberastasunak zer erakutsiko.
Gernikako epaileak gaztigatu zidan:
“Oraingoz, guztiak zarete susmagarri; zeu ere bai”.
“Baina zein zatekeen orduan, epaile-andere, ene motibazioa? Abenduaren 27an ordaindu genuen etxea. Zenduak Colindresera eraman behar zituen furgonetako guantera edo eskularru-kutxan agertu zen txekea. Krimenak ez digu inongo irabazirik ekarri”.