Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Sufrea eta exorzismoa

Sufrea eta exorzismoa

Markos Zapiain 2025/06/11 13:38

Amak esan zidan:

“Baina ez zara etxe horretan biziko, ezta?”

“Eta nork erosiko dit bada, ondino bero-bero dauden hildako bi dauzkala armairuan?”

Hantxe jarri nintzen hortaz bizitzen, zer erremedio, eta hildakoetako baten koltxoia nerabilen gainera lotarako, ez dakit norena. Bikotekidea Gipuzkoan zebilenez lanean, bakarrik bizi nintzen, baina aski lasai. Zurrumurruak dioenaren kontrara, lan handia izaten dugu irakasleok arratsaldez eta asteburuetan etxean, Filosofiakook bai bederen (Matematikakoek eta Historiakoek ez hainbeste, ez dakit zergatik irabazten dugun berdin): Platoni buruzko 90 azterketa ostegunez egin, eta notak astelehenerako sartu behar badituzu, ez zaude kopla handitarako, ez duzu burua pluribertso paranormaletan galtzeko astirik. Ez da beldur-uxatzaile makala lan egin beharra.

Zahar-etxean sartu zuten Anita. Hainbat bider joan nintzaion bisitan. Pastak eta Txintxon anisa zituen gustuko. Denborak aurrera egin ahala, gero eta protagonismo handiagoa hartzen zuen jazoeren bere kontakizunean. Adibidez, otsaila baino lehen ziurtzat jotzen zuen Felipek bera ere hil nahi izan zuela. Kloroformoz-edo lokartu behar izan ei zuen, bestela tiro-hotsek esnatuko zuketen.

“Baina Anita, zu ez zara apurtxo bat gorra?  Pare bat aldiz zuen etxera joan, zeu bakarrik zeundela jakiteke, eta ez zenuen tinbrea aditu".

“Ez dot uste”. 

Anitak kontatu zidan behin batean Amparo eta bera ohean erdi etzanda erdi eserita zeudela, eta halako batean Amparoran ama, ordurako hila, hegan ikusi zutela logelako leihotik, "gerizpie be bai!, "gerizpie be bai!".  

Hilketaren eta suizidioaren ostean, ikasle, bizilagun eta adiskide batzuek zerbait egitera bultzatu ninduten: madarikatuta omen zegoen etxea, eta sufrea erretzea proposatu zidaten, sufre errearen dohain argitzaileak uxatu egiten baititu beste mundutik beti atezuan dauzkagun indar ilunak. Sekulako kiratsa eragiten du ordea sufreak. Azkenik, gure institutuko Erlijio irakasleari eskatu nion laguntza. Abadea zen. Gure etxea bedeinkatzeko eskatu nion. Sufrea baino usaingabeagoa izango zen behinik behin.

Eta lankidearen erantzun ebanjelikoa:

"Ezin dizut etxea bedeinkatu. Latinetik dator "bedeinkatu", "bene dicere"tik hain zuzen, hitz onak esatea. Baina nik ezin dut ezer onik esan zure etxeaz, zientziak frogatu baitu toki jakin batean luzaro bizi izandako pertsonen energiak bertan dirauela haiek hil ostean ere. Beraz, hiltzaile eta suizida baten energia dago zure etxean.

Deabrua egozteko exorzismoa egin beharko genuke bedeinkatu baino lehen, eta nik ez dut exorzismoak egiteko gotzainaren baimenik. Abade bik baino ez dute Bizkaia osoan".

Noski, ez nien abadearen erantzuna aipatu ikasle, bizilagun eta adiskideei. Gezurtxo urrikalgarri bat sinetsarazi nien: abadeak etxea bedeinkatu zuela.

Hilketari buruzko kronika bat argitaratu zuten "El Caso" aldizkarian, "Emprendieron el último viaje" lerroburu. Handik urte pare batera, Tele 5ekoek hilketari buruzko saio bat egitea proposatu ziguten, baina ez genuen onartu. 

Talako krimenak badu azalpen ulergarri bat; hurrengo liburuan askatuko dut intrigaren korapiloa.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.