Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Guardia zibilaren erakarmena

Guardia zibilaren erakarmena

Markos Zapiain 2025/06/09 09:20

Orain dela 35 urte hasi nintzen sumatzen zein garrantzitsuak izango ziren nire bizitzan Gaizkia eta Satanas. 1990ean heldu nintzen Bermeora, Institutuan Filosofia irakasle izateko. “Txaraka” hotelean igaro nuen lehenbiziko gaua; ondoren, logela bat alokatu nuen, Sollubeko zuhaitzak motozerraz ebakitzen zebiltzan langile batzuekin partekaturik etxea. Lokatzez lepo egoten zen beti bainera. Ez zen sarrien dutxatu naizen nire bizialdia izan.

Hurrena, Institutuan bertan jarri nintzen bizitzen, atezainari zegokion etxean. 1990 hartan bertan inauguratu zen Institutuko eraikin berria, Aritzatxu hondartzaren gainean, eta hutsik zegoen atezainaren etxea. Atezainak ez zuen behar, Bermeon bertan bizi baitzen. Ez zegoen ur berorik, ez ispilurik. Lankide batek utzi zidan ohea. Bitxia zen Institutuan bertan esnatu eta jaiki orduko ikustea ikasleak hurbiltzen ari zitzaizkizula.

Urrian hasi nintzen etxe normal baten bila, Bermeon bertan. Oroitzen naiz Lamerako etxe bateko gelen banaketak txundituta utzi ninduela: etxeko atea ireki, eta ez zenuen sarrera topatzen, ezta pasillorik ere, baizik eta logela. Sarrerako ateak zuzenean ematen zuen logelara. Aproposa etxera mozkorrik iritsiz gero: atea ireki, eta zuzenean ohera ahuspez, arropa erantzi barik.

Azkenik, Talan aurkitu nuen etxe txiki polit bat. “Bermeo basatia” idatzi zuen Paul Henri Capdevielle eleberrigilearen iritziz, Europako lekurik ederrena da Tala, Ogoño, Izaro eta itsaso zabalari begira. Kantina ezagutu izan balu, are ederragoa irudituko zitzaiokeen.

Bosgarren solairua zegoen etxebizitza, igogailu barik, baina 26 urte dituzula arazorik ez. Amparo zen etxekoandrea, Felipe senarra, Anita neskamea. 58 urte zituen Amparok, Felipek 56, Anitak 75. Gutxitan egoten zen Felipe. Amparok etxera joateko esaten zidan, merendatu bitartean salneurria negoziatuko genuela. Ordea, lehenbiziko egunetik zegoen salneurria erabakita: zazpi milioi eta erdi pezeta. Beste edozertaz mintzatzen ginen. Egia esan, Amparo zen batez ere mintzo. Nahiko maiz joan nintzen.

Urrian ekin nien bisitei. Aholku bitxiak ematen zizkidan Amparok.

“Argindarrean dirua aurreztu dezakezu: gauez, etxeko argia piztu beharrean, balkoira atera irakurtzera, eta Matxitxakoko faroaren argia aprobetxa dezakezu: argiarekin batera esaldia irakurri, eta osteko iluntasuna irakurritakoaz pentsatzeko erabili, hurrengo argialdia heldu arte”.

Kontatu zidan familia txit aberatsetik zetorrela, aita eta arbaso arrantza- patroiei esker. Jauregi gisako batean bizi ziren txikitan, San Frantzisko komentuaren inguruan. Ume zelarik, Anitak jagoten zuen; orain alderantziz. Konkorduna eta gorra zen Anita.   

Aita itsasoan zebilen batean, lehorreko sozioek traizionatu eta dena kendu zieten. Horregatik bizi ziren orain etxe merke hartan. Hilobiak, familiaren panteoiak, etxebizitzak halako bi baino gehiago balio zuen: 15 milioitik aisa gora.

Guardia Zibila zen Felipe, senarra, baina erretiratua. Gernikaren eta Bermeoren arteko trenbidea egin zuten preso errepublikarrak kontrolatzera etorri zen Palentziatik. Feliperen plantak eta biboteak, Clark Gableren antzak, Amparo gaztea liluratu zuten. Hala ere, dudak izan zituen neskak ezkongaitan, Feliperekin ezkondu ala ez. Frantziskotarra zuen aholkulari espirituala, eta ezkontzeko aholkatu zion: zeure bertuteak kutsatuko dizkiozu. Aldiz, Amparok zioenez, berak Feliperi ez zion bertute bakar bat ere kutsatu, eta aitzitik, akats mordoa bai Felipek berari.

Bestalde, erantsi zuenez, aspaldion ez zen frantziskotarrez larregi fio, josita ei zegoen Arantzazu ETAren iskiluak gordetzeko zuloz. "Zulus" esaten zuen. Sarritan jotzen zuen gaztelaniara, eta Bermeon "zulue, zuluek" esaten denez, ematen du espainolez "lleno de zulus" egingo zitzaiola naturalena.

Trenbidearen eraikitze-lanen zaintzaren ostean, trafikoaz arduratu zen Felipe, erretiratu arte. Amparok kontatzen zuenez, detaile bitxiak izaten zituen: behin batean, Zornotza inguruko autopistan, kontrola jarri eta trailer batek 24 tonatik gorako pisua zekarrela ohartu zen. Isuna.

“Ez, mesedez, lau seme-alaba dauzkat, oso txarto gabiltza”.

“Bazenuen aurretik pentsatzea, legea hautsi duzu. Multa”.

“Hondamendia izango da guretzat, otoi arren”, txofer heldua erdi negarrez.

“Ados, multa barkatuko dizut. Baina ez eman niri eskerrak. Emazkiozu nire emazteari, berak itsasten baitizkit bertuteak, horien artean errukia”.

Eta kamioilariak berba bete zuen: hantxe joan zen Zugastieta, Muxika, Gernika, Foru, Busturia, Mundakan barrena, trailerraren handitasunak eraginiko zailtasunak nekez gaindituta. Auskalo non aparkatuko zuen Bermeon, Talara ezin baitzinen trailerrez igo, eta artean ez zegoen Pergolako aparkalekua.

Kontua da bost solairuak igo, etxeko txirrina jo, eta harrituta entzun zituela Amparok kamioilariaren hitzak:

“Eskerrik asko zure senarrari errukia inspiratzeagatik. Zuri esker barkatu dit isuna. Ondo segi”.

Amparok sumatzen zuen senarra ez zebilela oso artez, eta jakinarazi zidan kontu korronte bat zabaldu zuela haren ezkutuan. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.