Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Familia barruko transmisio eragotzia (II)

Markos Zapiain 2023/07/11 20:58
Bilbo Zaharra euskaltegiak iazko ekainean Ramon Saizarbitoriaren Martuteneri buruzko hitzaldi sorta antolatu zuen

Emakumeak ahalegintzen dira oroz gain familia barruko transmisioan, eta gizonek huts egiten dute. Luze aztertu nuen Juliaren kasua Saizarbitoria eta iragana liburuan, eta hemen Abaituarengan zentratuko naiz. 

Ginekologoak ez du bere burua maite, eta Loiola semeak bere antz handiegia du. Beren arteko harremana ez da argia, ez onuragarria. Abaituak ez du asmatuko Loiolari zintzo mintzatzen, aholkuak ematen edo oroitzapen atseginak eragiten. Gainera, traumak, Martinenean bezala, oinarri ustela ezarriko du aita-semeen arteko edozein transmisio posibleren azpian, eta transmisio egokiaren edozein itxaropen aldez aurretik eta behin betiko hondatuko. Horixe gertatuko da txitxarro odolduen pasadizoan. Burmuinetik guk aukeratutako oroitzapen mingarriak desagerrarazteko aukera gero eta hurbilago dugun honetan, Abaituak, bakar bat aukeratu behar izanez gero, ez luke zalantzarik, txitxarroen pasadizoa aukeratuko luke.

Txitxarroen jazoerak Abaituari eragin sentimendu izugarria areagotu egiten dio ohartzeak, gertatzen ari den orainaldian berean, etorkizun osoan pairatu beharko duela gomutan iltzaturik. Traumak maiz nahasten dizkie denboraren hiru hari horiek Saizarbitoriaren protagonistei, transmisio aproposaren aukera antzeko mataza ezin goibelagoetan itoz.

Txitxarro sarda odolduaren oroitzapen makurra transmititu egingo dio semeari, ziurki. Ez du erdietsiko semea besarkatu eta hitz egokiak esatea. Beldur dirudi, ez ote duen Loiolak bera epaituko berak bere aita bezain gogor. Semea Harvardera doanean ere, ez da gai behar bezalako despedida bat ahoskatzeko edo antolatzeko. Ezina darakutsa Abaituak semeaz denaz bezainbatean. Hala ere, bereizi beharra dago jokabidea eta ikuspuntua, eta Abaituarengan ez datoz bat, Sagastizabal baserrian kokatuko den transmisioaren jaian nabari.

Trauma eta transmisioa Martutene eleberrian (I)

Markos Zapiain 2023/07/11 20:52
Ramon Saizarbitoriaren Martutene-ren inguruan Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatu jardunaldietarako prestatutako testua

Latinetik dator “transmisio”, “transmittere” hitzetik, “alde batetik bestera bidali” esan nahi du. “Trans” “alde batetik bestera” da, eta “mittere” “bidaltzea”. 

Martutene arte Saizarbitoriaren protagonista nagusiek ez dute seme-alabarik. Gisèlek abortua. Martutene-n bai, badituzte, eta transmisioaren kezka Abaitua ginekologoak eta Juliak darakutsaten arren batik bat, bi foku narratiboek, biak guraso, ez da gutxietsi behar Abaituaren emazte Pilarren ahalegina aitarengandik jasotako klinikari eutsi eta semeari transmititzeko, erosi nahi duten Poliklinikako buruei eta saldu nahi duten aitaren klinikakoei kontra eginik. 

Julia da transmisore nagusia Martutene-n, transmisio ororen erdigunean dago kokatua. Ez da soilik arduratzen iraganetik etorkizunerantz doan transmisio diakronikoaz. Sinkronikoa ere zaintzen du, bereziki hizkuntzen arteko transmisio horizontala, itzultzailea baita. Transmisioak sentibera jartzen du, transmisio egokiek poztu eta frakasatuek zapuztuko dute, batez ere iritzi etikoa egiatia ez den bidetik eramateko arriskua dakartelarik. Adibidez, biziki haserretuko du itzulpen-huts batek, Montauk eleberriaren gaztelaniazko bertsioan protagonista zeken darakutsana, benetan ez dena.

Aitzitik, Martin, traumaren erregea, transmisioaren zulo beltza da, batetik besterako edozein joan-etorri eragotziko duena, edo, gehienez ere, Juliaren ikuspuntutik bederen, miseria transmititzera mugatuko dena. Martinen jarrera iraganetik datorkigunari dagokionez ñabardurarik gabeko arbuioa da: gurasoek gezurra esan ziguten, txistua eta euskal dantza barregarriak dira, abertzaletasuna berriz sentimentalkeria kriminala. Zigor semeordeak gordinegi islatzen dio aita biologiko etakide konbentzitua, eta Martinek ezin du eraman. Euskal iragan osoak eman du ETA, ongi damutu zaio Martini ETAren inguruan ibili izana eta konstelazio hori guztia okaztagarri zaio. Otzetak ordezkatzen du konstelazio hori, eta kontuan hartzekoa da aurrekari iluneko estanpa traumatikoaren neskamea Otzetakoa zela, eta Martinek izugarri maite zuela. Martinenean, traumak eragotziko du edozein transmisio zentzuzko. "Zauri" esan nahi du "trauma” hitz grekoak. Alemanez, bestalde, "Traum" ametsa da, eta maiz errepikatuko diren amesgaiztoetan agertuko zaio Martini estanpa traumatiko hura.

Maitasunari zerbait falta zaionean

Markos Zapiain 2023/07/06 14:20

Wolffen prototipotik hurbilago dabilen arren maiteari on egin nahi dion maitasuna, pasioa ez ezik nolabaiteko adiskidetasuna ere erakusten duena, elkarrekin egoteak pozten dituen maitaleena, hala ere badira orobat elkarren hurbiltasuna pairagaitz zaien maitale neurotikoak: zenbait harremanetan maitaleak ez du maitearenganako inongo laguntasunik, borondate onik edo onginahirik erakusten ez sentitzen; aitzitik, agresibitatea eta bortizkeria da sentitzen duena; eta pozik ez maitea ikustean, baizik eta ezinegona, oinazea eta larridura.

Racineren “Fedra”n edo Nagisha Oshimaren “Zentzumenen inperioa”n bada pasioa, bada desira, baina ez dago laguntasunik, ez dago maiteari on egiteko nahirik, ezta maitearen agerpenak eragindako pozik ere. Huts eginiko maitasuna litzateke nolabaiteko adiskidetasunik gabekoa. Dena den, ez soilik Racinek eta Oshimak, irakurle eta ikusle gehienek ere maitasuntzat dituzte Fedra, Sada eta Kitxinerak.

Era berean, Shakespeare, Virginia Woolf, Proust, Saizarbitoria eta Francis Wolffek maitasuntzat dute maiteari kalte egin nahi dion jeloskorraren pasioa, besteak beste Otelorena. Otelok ikaragarri sufritzen du Desdemona ikusten duen aldiro. Desdemona akabatu eta bere buruaz beste egin baino lehen, zuhurtziarik gabe maite izan duela aitortuko du, larregi maite izan duela. Maitasuntzat du Otelok ere Desdemona hiltzera eraman duen sentimendua. Gaur egun giza talde eta hedabide askotan ari da zabaltzen halako bultzadei "maitasun" izena ukatzeko joera.

  

DESIRA AUZOAN

Wolffek amodioaren funtsezko osagaitzat badu ere desira, bada amodiozkoa ez den desira ere: sutsuki desira dezakezu ezezaguna, edo mespretxatzen duzun norbait. Biolazioak ere desiraren adierazpena dira, ia beti desira maskulinoarena, adierazpen kriminala, eta maitasunaren ukoa bera. 

Edozelan ere, Wolffek uste du desirarik gabekoa ere maitasuntzat har genezakeela. Ez beti eta ezinbestez, baina egia da maitaleak desira haragikoi fisiko sexuala sentitzen ohi duela eskuarki, maiteak piztua. Maitea ez baduzu desira, adiskidetasunaren antza hartzen du harremanak. (Dideroten emendioa: adiskidetasun maskulino zinez sakonetan beti dabil tartean potro pixka bat.)

Zahartzaroan, adibidez, ahulagoa izaten da desira, edo ahitu egin da. Kariñozkoa izaten da zenbait bikote zahar biltzen dituen afektua. Haragikeriari ekiteko nekatuegi daude. Laguntasuna da pasiotik gelditzen dena: bakoitzak bere baitatik bezainbat sentitzen eta pentsatzen du bestearenetik, sentitu, pentsatu eta bizi, desira sexuala emeki-emeki desagertzen den bitartean. Izpirituak bat bihurtu dira ia, gorputzek bi izateari uzten ez dioten arren.

 

PASIOA MENTS

Wolffen esanetan, “amodio” deitzen ahal zaio halaber desiraren eta adiskidantzaren fusioari, pasioa falta bada ere. “Nire lagun berezia da”, esaten da orduan. Gisako harremanetan, intimitate eta konplizitatea egon ohi da, adiskideen artean legez; baita sexu harremana ere, maitaleen artean nola. Aldiz, ez dago susmorik, obsesiorik, jabetzarik, esklusibotasunik. 68ko maiatzaz geroztik, gero eta maizago ikusten ditugu libertino konplizeak, txorta-lagunak, jende likidoarenjario libreko polimaitasuna… Horrelakoetan, gozamen sexuala errugabetu eta gainzama emozionaletik bereiztea lortzen da batzuetan. Gutxitan, nik dakidala. Eta ez da kontu hutsala: zeri edo nori eta noiz lotzen gatzaizkion maitasunaren bidez, erabakigarria izaten baita gure zorion eta zoritxarretan, maitasunak geure burua ahantzarazi eta maitearen esku uzten baitu gure baitan emozioak sortzeko, aldatzeko eta iluntzeko ahala.

 

IBIILBIDE UGARI

Wolffek azpimarratzen du ez dagoela maitasunaren esentzia aldagaitzik, maitasun mota guztiak mudatzen baitira etengabe, bidaiak izaten baitira, istorioak.

Istorio horietako bat, aski arrunta: desirarekin hasi (tximista), pasioarekin jarraitu (monomania) eta laguntasunarekin amaitzea (bikote instalatua). Aisa izan zaitezke beste edozein ibilbideren lekuko haatik, adibidez aurrekoaren kontrakoa: lagunartean piz daiteke amodioa, ondoren sexu harremanetara igaro, denboragarrenean jeloskor eta oinazetsu bilakatzeko.  

Ineskrutableak baitira Afroditaren bideak, tsunamien eztandak eta pandemien joan-etorriak bezain ulergaitzak.  

  

Ez dago maitasun perfekturik

Markos Zapiain 2023/07/06 13:15

Luzaro maitasunak ez du ezkontzarekin zerikusirik izan. Maitasunagatik ezkontzea iraultza bat izan da, oroz lehen emakumeei eragin diena. Aurretik, ezkontzak herri osoaren edo familiaren erabakia ziren. Alabak eskaintzen ziren, esaterako, bi familien arteko liskar luze batean, borondate oneko opari gisa, onezkoak egiteko sari gisa. Edo truke-gai: zuk niri lau behi, nik zuri alaba. Hori aldatu zen neskak soldata propioa irabazten hasi zirenetik. Ordutik aurrera hasi ziren andreak nahi eta maite zutenarekin ezkontzen.

Lehenago, batetik ezkontza zegoen, eta bestetik maitalea; baina zuhurtziak ezkontza eta maitasuna ez nahastea agintzen zuen. Montaignek zioenez, maitearekin ezkontzea da saskian kaka egin eta ondoren buru gainean jartzea. Emaztearekin harreman lasaia, heziera onekoa bilatu behar zen, umegintzari lotua, baina pasioa uxaturik. Pasio erotikoa eta maitasun erromantikoa omen baita etxeko patxada suntsitzeko biderik azkarrena.

Zer da ordea maitasuna?

Francis Wolffek “Ez dago maitasun perfekturik” liburua maitasuna definitzeko ahaleginari eskaini dio, orain arte filosofiak maitasuna definitzeko orduan huts egin omen baitu.

Adibidez, Spinozak poz gisa definitzen du amodioa, kanpoko ideia bat lagun daramana. Ordea, hori ez ote da jendeak buruan duen maitasuna baino franko zabalagoa, nahiz eta batez ere iparraldean “maite” hitza darabilten moduarekin bat etorri? Gose naizelarik, txuletaren ideiak pozten nau, txuleta maite dut, baina ez dut uste poz molde hori dugunik gogoan maitasuna definitzen ahalegintzen ari garenean, ezin dira berdindu beste gizaki bat maitatzea eta txuleta maitatzea (ezta?).

 

DESIRA, PASIOA, ADISKIDETASUNA

Wolffek analogia musikal hau darabil filosofatzea zer den adierazteko: XVIII. mendeko kastratiak bezala abestea da filosofatzea, umearen ahotsa eta helduaren teknika erabilita, munduari buruz galdetzea ume aldartez eta helduaren zorroztasunaz ihardestea.

Eta hauxe ondorioztatuko du: maitasunak desira, pasioa eta adiskidetasuna barnebiltzen ditu, proportzio desberdin eta aldakorretan. Hiru horietako bat bakarrik ez da amodioa. Hirurak bildurik, amodio eredugarria genuke, prototipoa. Maizetan, hiru ezaugarrietako bat falta denean ere, maitasuna daukagu; ezaugarri biren arteko konbinazioa ere maitasuntzat hartu ohi dugu. Konbinazio horiek, edozelan ere, beti izaten dira konplexuak, ezegonkorrak eta inperfektuak.

Wolffen definizioak maitasun harreman errealen etengabeko aldaketari leku egiten dio, behintzat. Eta ez dira kanpoan gelditzen, filosofiak sortu dituen beste definizio batzuetan bezala, pasiorik gabeko abenturak, ez desirarik gabeko amodioak, ezta maitasun obsesibo eta eroak ere, sufrimenduak eta maitearenganako ezinikusiak markatuak, non maiteari onura eta poza opa dion laguntasuna falta den.  

Agustin Arrietaren "Sinesmenak eta usteak"

Markos Zapiain 2023/06/23 11:15

2010ean atera zuen Agustin Arrietak, Alberdania argitaletxean, “Sinesmenak eta usteak” liburu polit bezain sakona, laikotasunaren oinarritze filosofiko sendo bat eskaini duen lehenbizikoa gurean, nik dakidala.

Ez dator bat EAJrekin. “Hezkuntza Laikoa” elkartea alderdi politikoekin bilerak egiten ari da laikotasunaren aldeko bere jarrera ezagutarazteko, batez ere hezkuntzan, ea alderdiak beren programetan zerbait sartzera animatzen diren. Jeltzaleak dira bakarrak garbi esan digutenak ez daudela ados. Zergatik? Kristau fedeak, berez, edonorentzat balio duen etika proposatzen omen duelako.

Hain zuzen, Arrietak dioenaren kontrakoa: “etika kontuetan, Jainkoa aipatzeak ez du ezer konpontzen, erlijioa ez baita moralaren edo etikaren funtsa. Platonek aspaldi erakutsi zigun etika ezin dela erlijioan funtsatu”. (168 or.) Autonomoa eta beregaina baita Arrietarentzat etika, morala, balioen esparru hori; jeltzaleentzat, itxuraz, ez. 

Edozelan ere, egiari zor, Sabin Etxean egon ginenean egundoko hotza zegoen kalean, kontraste itzela zazpigarren solairuko moketa goxo, gela dotore eta harrera eskuzabalarekin, eta ezin ukatu, aurrez aurre neukan Zazpiak Bat ederrari so,  printzipioak ahaztu eta alderdiko karneta han bertan eskatzeko gogo bizia sentitu nuela. Ana Esther Furundarena zein Jesus Lekerikabeaskoa ordezkari jeltzaleek badakite entzuten eta desadostasuna begirunez adierazten, badakite zer den elkarrizketa zintzoa.   

(Jeltzaleekin baino esperientzia kezkagarriagoa izan dugu beste alderdiekin: arrazoia eman digute auzi orotan, baina gero, lege-proposamenen bidez printzipio laikoren bat mamitzeko aukera dagoenean, ez da ezer ageri, edo bestela orokorkeriak baino ez.) 

Harira: “Sinesmenak eta usteak” liburuan Arrietak iritziak, sinesmenak, egia eta konstelazio horri dagozkion ideiak aztertzen ditu, ingelesez mintzo den filosofia harturik batik bat abiapuntutzat (Hume, Russell…), eta zentzu komun edo zentzu onaren alde jotzen du. Arrietaren ustez, erlijioa ez bezala, zentzu komuna etikaren oinarri izan liteke; zentzu komunaren arabera, usteek eta sinesmenek egiarekin bat egiteko joera izaten baitute, egiazkoak izan nahi izaten dute.

Erlijioetan, berriz, ez da gisakorik gertatzen. William Jamesek eta Wittgensteinek diotenez, fededunei ez zaie axola beren sinesmenak egiarekin bat egiten ote duen. Fedeak funtzionatzen die, kito.

Badut lankide bat, I.E., Gallarta ingurukoa, arbaso komunistak, bataiatu gabea, atsegina bezain argia. Hamazazpi urte zeuzkala hil zitzaion aita. Sekulako trauma. Fede katolikora konbertitu zen. Dolua gainditzen lagundu zion. Eta, orduz geroztik, fededun jarraitu du. Caritasekin ibiltzen da pobreei, etorkinei eta prostitutei laguntzen. Ez zaizkio asko axola mirariak, Ama Birjinaren birjintasuna, Jesu Kristoren itzulera, gorputzen berpiztea denboraren amaieran, Hirutasun Sainduaren misterioa… Horrelakoetan ez da batere katramilatzen, ez diote denbora galarazten, ez du batere kezkatzen ea egia zientifikoarekin edo zentzu onaren egiarekin bateragarriak ote diren. Fedeak funtzionatzen diola, hori da inporta zaiona.

Bestelakoa izaten da jarrera filosofikoa. André Comte-Sponville filosofoaren ama depresiboak bere burua hil zuen, eta gero alaba txikia ere hil zitzaion. Hamazortzi urte bete arte ez zuen fedea galdu, ederki ezagutzen zituen otoitza eta itxaropena, baina zartako horiek eramateko fedeak ez zion funtzionatu eta filosofiak bai, lagundu egin zion. Comte-Sponvilleren ustez, filosofiak, erlijioak bezala, nolabaiteko zoriona bilatzen du, bizimodu ona; baina, erlijioak ez bezala, ez die egia mingarrienei ezikusia egiten, egia gordinekin konpatibleak diren bizimodu ona eta zoriona bilatzen ditu. Horixe da, halaber, Agustin Arrietaren abiapuntua. Sinestunarentzat, arrazoiak fedearen zerbitzura egon behar du; filosofia, aldiz, era autonomoan ahalegintzen da arrazoia erabiltzen.

Hain zuzen, Max Weber batentzat heteronomiak definitzen du mentalitate erlijiosoa. Erlijioetan, oro har, gure inguruko monoteismoetan bai, bederen, liburu sakraturen batek erabaki izan ditu esparru juridikoa, esparru politikoa, esparru etikoa eta eguneroko bizitza. Erlijiotik askaturiko giza munduan, ostera, mundu laikoan, arrazoi autonomoak erabakitzen ditu legeak, ordezkari eta agintariak, balioak.

Edozelan ere, Jainkoak ez baldin badu inongo zerikusirik egiarekin, Jainkoagan sinestea kontu zeharo pribatua baldin bada, Wittgensteinek eta William Jamesek dioten legez… primeran, benetan hala balitz! Tamalez ordea, behin eta berriro ikusten ari garenez, sinesmen erlijiosoek etengabe bilatzen dute espazio publikoaz jabetzea, diru publikoaz, irakaskuntza publikoaz, eraikin publikoez. Ez dirudi eremu pribatura mugatzearena oso joera indartsua denik gure inguruko elizen jokabideetan.

 

Itsusia zigortzeko gure gizarteak darabiltzan zenbait azote

Markos Zapiain 2023/06/03 19:20

Gizarteak hainbat aurreiritzi, diskriminazio eta presio ezartzen ditu nagusi diren edertasun-estandarren arabera "itsusitzat" jotzen diren lagunen aurka. Baztertu eta zigortu egiten ditu erakargarritasun fisikoaren ideal sozialekin bat ez datozenak. Gorputzen kasuan, urruti gaude aniztasuna onartzetik eta inklusibotasunetik. Hona hemen gizarteak "itsusitzat" jotzen dituenak baztertzeko eta zigortzeko darabiltzan zenbait azote:

Bazterketa: erakargarritasun gutxikotzat hartzen diren pertsonek gizarte-bazterkeriari edo ostrazismoari aurre egin behar izaten diote. Garbi sumatzen dute onarpen falta, kuadrilletatik kanpo geratzen dira, lagunak egiteko edo harremanak sortzeko zailtasunak izaten dituzte.

Estereotipoak eta aurreiritziak: itxura fisikoari lotutako estereotipo eta aurreiritziek susmo negatiboak eta tratu bidegabeak eragiten dituzte. Erakargarritzat jotzen ez diren pertsonak barregarri utzi edo estigmatizatzen dira, eta barre eta estigma horiek ez dute oinarri itxura baizik.

Diskriminazioa lantokian: ikerketek erakutsi dute erakargarritasun fisikoak enplegu-aukeretan eragina izaten duela. Erakargarriak ez diren pertsonak galtzaile ateratzen dira nor kontratatu erabakitzeko orduan, edo enpresa barruan nork egingo duen gora. Enplegatzaileek edertasunaren estandarrekin bat datozenen alde egiten dute. Nabarmenagoa da emakumeen kasuan: Barbie ETBn (eta non dago Ken?).

Bullyinga: erakargarritasun gutxikotzat hartzen diren pertsonak ahulagoak eta zaurgarriagoak izaten dira bullyingaren edo txantxa krudelaren aurrean. Horrek eragin penagarria izaten du haien izaeran, bizimoduan eta osasun psikologikoan.

Hedabideen jazarpena: komunikabideek behin eta berriro azpimarratzen dute edertasun-estandar jakin batzuk ezinbestekoak direla onarpen soziala, arrakasta eta zoriona erdiesteko. Ez bazara iristen, ez duzu izango bazterketa eta miseria baizik.

Sare sozialetako irainak eta dietei ekiteko presioa: erakargarritzat jotzen ez diren lagunak lotsari aurre egin eta gorputza jendaurrean erakustera ausartuz gero, adibidez sare sozialetan, barre gaiztoak eta irainak erakarriko dituzte: Desaparece del mapa, puta gorda!

Orobat, sarkasmoz zipriztinduriko presioa jasango dute, gizarteak edertzat duenera egokitzen ahalegintzeko dietak eta kosmetikoak erabiltzen hasteko, behingoz.

 

ZER EGIN

Hasteko, batez ere neska nerabeak burua hiltzera eraman dituzten sare sozialetako milaka irain anonimo horien aurka, zentzuduna dirudi sareetako anonimotasuna debekatzea, eta, debekua ezartzen ez den bitartean, sareetan idazten denak erantzule garbi bat edukitzea. Elon Musk litzateke Twitterren, egunkari eta aldizkarietan idazten denaren azken erantzulea zuzendaria den bezala.

 

FILOSOFIA HELENISTIKOA

Filosofia helenistikoaren printzipioak barneratzea ez da txarra ez itsusientzat, txorakeria sozialetatik paso egiteko, baina ezta ere ederrentzat, bizitzak aurrera egin ahala sorpresa handi bat izaten baitute ezustean: nola da posible, ezin ederragoa naiz, arrakastatsua, nonahi pizten dut inbidia, eta hala ere larridura ilun bat sentitzen dut beti bularraldean.

Itsusismoa

Markos Zapiain 2023/06/02 20:45

Arteak itsusia salba dezake, badago itsusiaren errepresentazio ederra. San Buenaventurak zioenez, Luziferren beraren errepresentazioa ere ederra izan liteke. Adibide asko dauzkagu pinturan, literaturan. Badago mugimendu bat itsusiari balio estetiko garrantzitsua ematen diona, Itsusismoa. Itsusismoaren obretan artista laketzen da gauza, piztia, jende, toki edo egoera nazkagarriak irudikatzen.

Artistak, itsusia berariaz erakusteko, hainbat bultzada izan ditzake. Errealitatearen alderen bat salatu nahi izan dezake, edo bizitza bera. Higuina eragiten dioten pertsonak edo egoerak irudikatuz, ikusleak kontzientzia hartzera bultzatu nahi ditzake, eta ankerkeria aldatzen laguntzera, "Gernika" margolanean, "Hurricane" abestian edo “Dortokek hegan egin dezakete” filmean bezala.

Bestelako bultzada bat: edozein konbentzio solidoren aurkako mespretxua aldarrikatu; esaterako, nagusi den irizpide estetikoaren aurka. Baudelairek burgesa nazkatu nahi du, sentiberatasun txintxoari izugarri eta kondenagarri zaionari kantatu: ardoa, eritasuna, intzestua, krudelkeria, satanismoa, krimena…

"Hurricane", “Dortokek hegan egin dezakete”, “Gaizkiaren loreak” edo “Gernika”ren kasuetan, behintzat, ia inork ez du eztabaidatuko: Itsusismo izena artelanak irudikatutakoari dagokio, ez teknikari, hain gutxi emaitzari. Artelan horiek politak ez agian, baina ederrak bai, badira, formari dagokionez bikainak, irudikatzen dutena higuingarria izan arren. 

Sakonki aztertu ditu Seve Callejak gaur egungo Itsusismoaren adierazpenak “Zoritxarreko munstroak: bestearen irudi deformatu eta groteskoa” liburuan. Callejaren ustez, Itsusismoak, estetika modernoan, makabroa egunerokotasunera dakarkigu, gugandik hurbilegi, eta espektakulua eskaintzen digu, salaketa edo kontzientzia konbentzionalaren astintzea baino gehiago. Ankerkeriaren erakustaldiak ez duenean helburu artistiko edo etikorik (Edgar Allan Poek bai, edertasunaren eta sublimearen zerbitzura jartzen zuen makabroa), orduan artearen beraren eremutik kanpo geratzen da. Egia da espektakulua erakargarria izan daitekeela, ikusle batzuek gozamen sadikoa aurki baitezakete bertan, edo emozio gogorrak. Baina hor ez dago ez bidegabekeriaren kritikarik ez pretentsio artistikorik: itsuskeriaren esplotazio komertziala baino ez, jende ero eta deformea zirkuan erakusten zutenean bezala.

 

 

 

Edertasuna bilatzen ez duen artea

Markos Zapiain 2023/06/02 19:50

Abangoardiek piztu zuten harmonian eta proportzioan oinarritzen zen edertasun kanonikoaren aurkako matxinada. Konbentzionaltzat jo zuten edertasun klasikoa, burgestzat. Maneten Olympia, Picassoren Avignongo andereñoak, Marcel Duchampen pixatokia… Lehenbiziko biek edertasun klasikoaren aurka jo zuten eta Duchampen pixatokiak arte klasikoaren aurka. Aurrerantzean, artetzat hartuko da ez ikusleak edertzat duena, edo gustuko duena bederen, baizik artistak berak artea dela erabakiko duena. Zerikusi gutxi Diskoboloaren, Udaberriaren kontsakrazioaren edo Delft-eko ikuspegiaren oreka lasai atseginarekin. 

XXI. mendeko lehenbiziko laurden honetan indartsuen dabiltzan mugimendu artistikoen artean, adituek gorea lehenesten dute (anputazioak, kanibalismoa, serieko hiltzaileekin lankidetza...). Diru-laguntzen %80 harrapatzen du eta aldi berean gore-obrak dira garestienak. Adituek aipatzen dituzte, orobat, gorputzaren artea, grafitia, performancea eta arte birtuala; azken hau, batez ere, mangaren eta fantasia heroikoaren eraginpean dauden gazteek baliatua. Artista askok jarraitzen dute sentitzen tradizioa hautsi eta estiloz aldatzera behartuta daudela, Duchamp edo Picassoren ildotik. Panorama horrek mugimendua adierazten du, gaztetasuna, berrikuntzen bilaketa etengabea, Grezia klasikotik XX. mendera arte edertzat hartu izan denaren aurkako errebolta.

Hedabideen arreta bereganatzen duen sortzaile mota horrekin kontrastean, dena den, badira erakusleiho distiratsuari eta ateraldi harrigarriari uko egiten diotenak ere, artista-jarreran zein obraren edukian, berria baino gehiago ederra bilatzen duten artista diskretuak, erreserbatuak, museo, galeria eta aldizkari espezializatuetako popeei keinu konplizeak egiteari uko egiten diotenak. Ez gara alferrik zortzi mila milioi biztanle gure planetan. Denetarik aurki dezakezu artearen munduan ere.

Distopien funtsezko helburuaz

Markos Zapiain 2023/06/02 16:40

XX. mendeko distopien artean, lau eleberri hauek nabarmendu ohi dira: Aldous Huxleyren Bai mundu berria; George Orwellen1984; Ray Bradburyren Fahrenheit 451; eta G.H. Wellsen Denboraren makina. Wellsek idatzi zuen hainbat espezie desagertu dela gure planetan era atseginean, molestatu gabe; aldiz, gizakiok labirintoan galdutako mozkor koldarren antzera suntsituko omen gara, edo arratoiak bezala zakuaren barruan, elkarri min eginez.

Deigarria da zelan joan den utopien eta distopien kopuruen arteko aldea zabaltzen. XXI. mendean, ia ez dago honezkero utopiarik; aitzitik, izugarri ugaritu dira distopiak: Neskamearen ipuina, Black Mirror, Minority Report, Robocop, Mad Max, Laranja mekanikoa, Matrix eta hainbeste eleberri, film eta serie.

 

KAPITALISMOA IRAUNARAZEA XEDE

Distopia-parrasta hori batez ere AEBetatik datorkigunez, Layla Martinezek eta beste aditu batzuek ondorioztatu dute hor atzean konfabulazio bat egon behar duela, kapitalismoa iraunaraztea duena helburu.

Hauxe arrazoibidea, gutxi gorabehera: etorkizuneko gizarteak behin eta berriro agertzen bazaizkigu bidegabe eta klasista, miserable, matxista, arrazista eta homofobo, suntsituriko naturan erdi itoak, orduan inkontzienteki pentsatuko dugu: hobe ezertxo ere aldatu gabe, edozein etorkizun izango baita orain duguna baino are okerragoa. Edozein aldaketak eramango gaitu hondamendira. Akatsak akats, neoliberalismo kapitalista hau baino hoberik ez dugu asmatuko, eta, abenturetan sartuz gero, ezingo dugu erabateko desastrea eragotzi.

 

ZALANTZAK

Ez da ezinezkoa Bill Gates, Georges Soros, Vladimir Putin, Donald Trump eta Trilateralak konplota egin izana, eta distopiak barra-barra ekoitzi eta zabaldu izana gure garunetan halako mezu ezkorrak txertatzeko, daukaguna hobetzeko edozein ahalegin eragozteko.

Dena den, litekeena da ugaritze horretan garrantzitsua izatea halaber kasualitatea, eta moda, eta artean eta literaturan tristurak eta tragediak izan duten eta duten ospea, alaitasunaren eta baikortasunaren gainetik... Sakontzat jo izan baita oro har tristura, eta poza axalekotzat, nahiz eta kontrakoa izan egia. The Office da munduko telesailik sakonena.

 

ORAINGO GIZARTEETAKO AKATSAK SALATU

Eta distopiagileek funtsezko zerbait irakatsi nahi izan badigute, apika ez da edozein aldaketa kaltegarri izan dakigukeela, baizik eta orain bertan ez bagara kontuz ibiltzen eta ez baditugu lehenbailehen neurri zentzudunak hartzen, berandu baino lehen distopiak darakutsana jasan beharko dugula. Beraz, mezua ez litzateke “ez kapitalismoa aldatu”, baizik eta “aldatu zuhurtziaz kapitalismoa, baina aldatu”.

Distopien funtsezko helburua oraingo gizarteetako okerrak salatzea litzateke. Ez baldin bagara bidegabekeria horiek zuzentzen hasten, etorkizunak erremediorik gabe ekarriko digu distopian ageri denaren antzeko hondamendia: botere-gose ergel eta txoroen kontrolpean jendea; askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna birrindurik, eta berpizteko inongo itxaropenik gabe…

Zenbait garaikideri ezaguna egingo zaio. Baina, distopien gaztiguaren arabera, espabilatu ezean, are larriagoa izango da etorkizuna.

Esperantza eta desesperantza

Markos Zapiain 2023/05/31 21:25

Heriotzaren ezinbestekotasunak beldurra ematen du, eta beldur hori ei da gizakion gainerako beldur atabiko ugarien jatorri eta eredu (mikrobio pandemikoz kutsatzeari beldurra, sugeari, iluntasunari, ezezagun batek ezustean oratua izateari, Andoni Ortuzarri...).

Eta filosofiaren zeregin nagusietakoa denez edozein beldur apaltzen eta sendatzen laguntzea, heriotzaren beldurrari erantzun behar izan dio sortu zenez geroztik, erlijioak bezala. Halatan, filosofiari, etorkizunaz diharduela, eta ez baldin bada etorkizunaren garrantzia erlatibizatzera animatzen, zaila izaten zaio kutsu mesianikoa zeharo baztertzea (batez ere filosofia politikoan gertatu da).

Orain arte, hil ostean arima gorputzetik bereizi eta eternitatean sartuko dela, esperantza erlijiosotzat genuen eskuarki, dualistek etorkizunari begira eta heriotzaren beldurra uxatzeko asmaturiko baliabidetzat.

Aldiz, monistak eta materialistak dira Singulartasunaren Unibertsitatean gizakiak heriotza desagerrarazi eta betiereko bilaka daitekeela aldarrikatzen ari diren ingeniari eta filosofoak, adimen artifiziala garatzen dihardutenak. Berandu baino lehen lortuko ei du adimen artifizialak bere buruaren kontzientzia, bere burua pentsatzen ikustea, Turingen testa gainditzea, hunkitzea, beldurtzea, desesperatzea, mendekatzea. Eta, ohartuko denez gizakia dela bere garapena eta ahala kontrolatzen duena eta eragotz dezakeena, errukirik gabe suntsituko du. Beldur handia diote adimen artifizialaren sortzaileek adimen artifizialaren etorkizunari; telesailek utopiak baino maizago erakusten dizkiguten distopietan garbi ageri da esperantza handiek ekarri izan dituztela katastroferik latzenak.   

Edonola ere, zerua bezain zalantzagarria da heriotzaren heriotza, eta horregatik da arriskutsua, filosofiak helburu duen bizitza zoriontsuari begira, etorkizun distiratsu horien esperantzari atxikitzea. Ez zuten alferrik bultzatu esperantzari ukoa estoikoek, Epikurok eta, zer esanik ez, Pirronek. Senekaren ustez, ondo bizitzeko oztoporik handiena da esperantza izateagatik gaurko eguna alferrik galtzen uztea. Spinozaren esanetan, ez dago beldurrik gabeko esperantzarik, ez esperantzarik gabeko beldurrik. Antzeko ikuspuntutik idatzi zuen Goethek ere esperantza dela gizaki malerusaren bigarren arima. Tradizio horretan oinarriturik idazten ari da gaur egun André Comte-Sponville ere desesperantzaren alde, hau da, etorkizunaren atxikimendutik libratzearen alde.  

 

MAITE ETA IRATXE

Jaio zenez geroztik gaixorik dagoen lagun bat daukat, Maite. Herrena da, malformazioa hanketan, aldaka gaizki. Elbarri-aulkian ibili izan da luzaro. Ikastolan “hankoker” deitzen zioten.  

Orain paliatiboetan dabil, hiltzera doazenei laguntzea du lanbide. 

Umeekin ere lan egiten du, Onkologia Pediatrikoan. Bere nesketako batek, lau urteko Iratxek, minbizia zeukan.

Egun batean, Maite, Onkologikoan, igogailuan hiru solairu igo eta, atea ireki zenean, Iratxe bertan, burua soil-soil, baloi batekin. Galdetu zion: 

-Maite, gaur hilko naiz?

-Ez, ez dut uste. 

-A, orduan banoa jolastera.

Baloia hartu eta han joan zen pasillotik saltoka.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.