Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Izan ala ez izan

Izan ala ez izan

Markos Zapiain 2024/04/11 13:45

Branka aldizkariko “Hizkuntza eta erresuma” berean, gizarteko harremanetan mintzabide den eta ez den aldetik ere aztertuko du Txillardegik hizkuntzaren eta estatuaren arteko harremana.

Geografiaz gain, estatuak sortzen eta ebakitzen ditu giza harremanak, lotzen eta bereizten du jendea.[1] Irun da Gipuzkoako herririk erdaldunena; euskararen erabilera Hendaian %0,43koa zen 2011n. Alderatu Hendaiako tren-geltokiko kioskoan eta Irungoan salgai dauden aldizkarien hizkuntzak.

Estatuak ahalegindu dira iparraldeko eta hegoaldeko euskaldunen arteko harremanak eteten, galiziarren eta portugaldarren artekoak bezalaxe, edota flandestarren eta holandarren zein alsaziarren eta alemanen artekoak. Armadek ezarririko mugek bereizi dituzte elkarrengandik herrikideak. Zentzu horretan, eta beste askotan, giza harremanak politikaren eta estatuaren mendeko dira:

«Horregatik hizkuntza ere, sustraietik beretik, erresumari datxekon instituzioa da. Erresumaren sortzeari, hiltzeari eta zatikatzeari, hizkuntzaren sortzea, hiltzea eta zatikatzea darraizkio».[2]

Estatuaren hizkuntza ofiziala erabiltzen eta erabilarazten da politikan, gobernuan, legegintzan, burokrazian. Administrazioan ere mintzarazten da: polizia, posta, epaitegiak.[3] Euskal Herriko udal batzuk euskaraz jarduten saiatu bezain laster heldu zaigu epaile eta sindikatu batzuen jazarpena. 

Ekonomiari dagokionez, gailen ibiltzen da estatu-hizkuntza enpresan, industrian, merkataritzan, portuetan, garraioetan, bankuetan, jatetxeetan. Berriki, EAEko lehendakaria enpresaburu batzuen aurrean espainolez mintzatu da. Arazorik ez. Baina euskaraz hasi orduko eten diote eztarri-garbitze, eztultxo eta eztultzar espainolekin.

Armadan eta elizan ere, errukirik gabe baliatzen ditu estatuak hizkuntza ofizialaren aldeko iskiluak.[4] Armada: Bermeoko psikiatrikoan interno dagoen euskaldun elebakar izanaren kasua. Soldaduska egitera Guadalajarara bidali zuten eta hango mandoek eragin zizkioten arazo psikolinguistikoengatik dago barruan betiko. Elizari dagokionez,  Hondarribiko lekaime klaratarraren kasua dugu. Guraso baserritarrek ia ez zekiten gaztelaniaz. 19 urte zituela moja sartu, eta gogor ezarri zioten deseuskalduntzeko protokolo eraginkor bat. Non eta Arizkungo komentuan. Botoa nori eman ere hierarkiak erabakitzen zion, eta, harritzekoa, inoiz ez zen izaten estatuaren hizkuntza-politika pittin bat kordokatzen zuen alderdiren baten aldekoa, kristau petoa izan arren.

Hedabideen inguruko politika ere nabarmen izaten da estatu-hizkuntzaren aldekoa.[5] Hizkuntza ofizialean mintzo diren idazleen, intelektualen eta liburuen propaganda egiten dutenak dira dirulaguntzarik oparoenak jasotzen dituzten hedabideak; mendeko hizkuntza erabiliz gero, nagusitasun horri oztopo seriosik jarriko ez diotenak izango dira sarituak. Arrisku txiki bat sumatu orduko, Euskaldunon Egunkaria itxiko dizute. Txillardegik Marxen ideia famatua poxi bat egokitu, eta dio nagusitutako hizkuntza ez dela nagusien hizkuntza baizik.[6]

Halako egoera diglosikoetan, bizitza aurrera ateratzeko erabili behar den hizkuntza estatukoa da. Bizi-beharrez, egiazko mintzabidea estatuak bultzaturikoa da. Harreman horietatik guztietatik kanpo dagoen hizkuntza ezin izan daiteke mintzabide eta lanabes, ezin du bere funtsezko eginkizuna bete. Orduan, zertarako iraunarazten ahalegindu? Txillardegi: «Zer egin dezake herri batek egoera horretan, bere naziotasunaz ahalik eta lasterren lotsatu eta higuindu baizik?» De Manen metafora honen bitartez adieraziko du bere etsipena: hizkuntza arrotzean gobernatua den herria da etsai armatuaren kontra bere burua babesteko esku garbiez gain deus ez duen pertsonaren antzekoa.[7]

Hizkuntza bat ez da eguneroko mintzabide bilakatzen errukia piztuz, are gutxiago estatu arrotzaren morrontzan, baizik eta nagusitasuna lortuz politikan, administrazioan, ekonomian, hezkuntzan, osasungintzan eta giza harremanak gauzatzen diren toki orotan. Oilo-azala jartzen dute Txillardegiren konparazio hauek:

«Arras nagusitzen ez bada, alperrik da negar egitea: hizkuntza hori galdu egingo da. Are gehiago: beharrik galdu! Ebakitzeko balio ez duen labanak, edo itsasoa gurutzatzeko balio ez duen ontziak, ez batak ez besteak dute beren eginkizuna betetzen; eta, noski, gupidarik gabe zokoratu egiten dira, eta ahantzi. Gauza bera gertatu ohi zaio mintzabide ez den hizkuntzari».[8]

Euskal estatua laster lortzen ez badugu, gure herriarenak egin du. Berandu baino lehen suntsituko digute Euskal Herria. Gure eguneroko bizitzan euskara nagusitu dadin, bide bakarra dakusa Txillardegik: euskara bilakaraztea estatuko hizkuntza bakar; eta legea euskararen alde jartzea. «Nagusitu diran hizkuntza guziek hori egin dute. Eta hau egin ez dutenak, galdu egin dira». Horixe irakatsi dio Txillardegiri kondairaren azterketak.[9]

Ez baita aski euskal estatua. Gainera, euskal hizkuntzaren eta kulturaren zerbitzuko jarri behar da. Bestela, geuk hilko beharko genuke euskara, eta Espainian eta Frantzian urtu.[10]

Euskaldunen herria jabetu behar da estatuaz, eta Frantziaren eta Espainiaren mendekotasunetik askatu. Hala ere, euskal estatu librean erdara nagusituz gero, askatasuna egongo da, bai, baina arrotzentzat. Eta, Txillardegik dioenez, kanpotarren eskubideak errespetagarriak dira, ez dago dudarik. Baina bertakoenak ere bai!

Euskal estatu librea euskararen zerbitzura: horra Txillardegiren giltzarria.[11]



[1] Ibidem, 114. or.

[2] Ibidem, 115. or.

[3] Ibidem

[4] Ibidem

[5] Ibidem, 116. or.

[6] Ibidem

[7] Ibidem, 116-117 orr.

[8] Ibidem, 117. or.

[9] Ibidem

[10] Ibidem

[11] Ibidem, 118. or.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.