Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Hebreera

Hebreera

Markos Zapiain 2024/03/14 16:15

Israelek hilotz zetzan hebreera berpiztea lortu zuen, eta indartsu eta sasoiko dabil orain. Etorkinez osatu zen Israel. Bigarren mundu-gerraren ostean hara jo zuten juduek yiddisha zerabilten, sefardia, arabiera, errusiera, ingelesa, turkiera, frantsesa… hebreerarik ez. Pizkundea baino lehen, liturgiarako baino ez zen erabiltzen, sinagogetan.

Eztabaidak izan zituzten juduek, merezi ote zuen hebreerari eustea. Txillardegik adierazi zuenez, 1860az geroztik, batez ere Errusian eta intelektualen artean, hebreera mintzabide gisa erabiltzen hasi ziren, Bibliatik bildutako esaldi laburrak baliaturik.

XIX. mendearen amaierarako, juduak Palestinara joaten hasi zirenean, garbi sentitzen zuten hebreeraz mintzatu beharko zutela. Hasieran gaizki moldatzen ziren. Ez zeukaten hebreera baturik, arkaikoa bezain urria zuten hiztegia. Ez zekiten “pospolo” nola esan.

Hala ere, proiektuari eutsi zioten: gogor lan egin zuten eta hizkuntza suspertzen hasi zen. 1888an sortu zen hebreerazko lehenbiziko eskola.

1901ean, Basileako Biltzar Nagusian, juduen ordezkariek ofizialki hartu zuten nazio-hizkuntza berpizteko erabakia. Amets hutsa zen askoren ustez, baina abertzaleek, Txillardegik kontatzen duenez, hauxe erantzun zuten: «Hizkuntza gabe gure herria abstrakzio bat da, eta ebakia dago gure nazio-tradizio mota guzietatik. Hizkuntza gabe gure herria ez da herri bat, eta ez da inoiz izango».[1] Adorez ahalegindu ziren hurrengo urteetan hebreera batu, osatu, trebatu eta mintzabide eraginkor bihurtzen.

1948an sortu zen Israelgo estatua. Ordurako, aski aurreratua zeukaten hebreera batua. Txillardegik azpimarratzen du erakundeak laguntzen hasi baino lehen zegoela abian hizkuntzaren pizkundea.

Aurrena, beraz, hebreera bizkortu zuten; soilik ondoren ekin zioten borroka politikoari. Txillardegi: «Hizkuntza-pizkundea ez zuen politika-askatasunak ekarri; alderantziz baizik».[2] Beti eta nonahi nabarmentzen du Txillardegik hurrenkera hori, baita bere baitan ere: euskaltzaletu egin zen aurrena, eta abertzaletu eta politizatu ostean.

Jakina, sortu zen une beretik jarri zituen Israelek estatuaren baliabide guztiak etorkinek hizkuntza ikas zezaten, eta serioski hartu zuen hebreera bilakaraztea hizkuntza ofizial ez ezik, baita mintzabide bizi eta eraginkor ere, noranahiko. Etorkinak oro jartzen zituen urte eta erdiz estatuak hebreera ikasten, dena ordainduta.

Gaelikoaren eta hebreeraren muturren artean gu non gauden galdetzen zuen Txillardegik gaelikoa hilotz zetzalarik, joan den mendeko azkeneko hamarraldietan, sumagaitza zenean oraingo berpizkundea, eta zer egin dezakegun euskararen egoera gaelikoarenetik urrutiratzeko eta hebreerarenera hurbilarazteko. Horixe argitzea dute bultzatzaile nagusi soziolinguistikari buruzko Txillardegiren izkribuek. Egiari zor, gainerako izkribuek ere bai. Baita borroka politikoak ere.



[1] Euskal Herritik erdal herrietara, 487. or.

[2] Ibidem, 487. or.

Amatiño
Amatiño dio:
2024/03/14 20:51
“Bigarren mundu-gerraren ostean hara jo zuten juduek yiddisha zerabilten, sefardia, arabiera, errusiera, ingelesa, turkiera, frantsesa… hebreerarik ez.” Dio Markosek sarrera gisa, eta nago sarreran bertan dagoela hebreeraren beraren arrakastaren arrazoirik nagusienetakoa. Ez zuten hizkuntza komunik, jende arras desberdina elkartuko zuen "lingua franca” bat behar zuten, eta hebreerak zituen funtzio hori betetzeko puzkarririk gehien.

Irlandarrek, ordea, badute duela mende asko “lingua franca” hori. Eta ez nolanahikoa, munduko indartsuena eta hedatuena baizik. Eta euskaldunok, berriz, praktikan berdintsu, teoriaz, bakarra izan beharrean, bi (gaztelania eta frantsesa) badira ere.

Gogoratu beharrik ere ez, aipatu hiru hizkuntza handi horien bizkarrean dauden corpusak, historiaz, literaturaz, unibertsitateaz, administrazio publikoaz, ekonomiaz zein teknologiaz.

Auskalo nondik eta nola etor ote daitekeen aterabidea, baina sekula ez, gero, abiapuntua ukatzetik.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.