Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Irakurtzeko makinak. Irakurri zenuen lehen hitza

Irakurtzeko makinak. Irakurri zenuen lehen hitza

Markos Zapiain 2024/04/15 12:34

Ez-irakurtzetik irakurtzera igarotzeko bidean, edo jauzian, jokabide-aldaketa nabarmentzen du Wittgensteinek, etikan bizimodu-aldaketa bezalaxe. Bigarren Wittgensteinengan, filosofia klasikoarekin eta metafisikarekin haustura ezin du bereizi filosofiaren baliabide sintaktiko, semantiko eta erretorikoak bortxatu, desitxuratu eta iraultzetik. Erregimen Zaharreko gramatika deitu izan dena ere apurtu beharra dago, bestela hausnartzeari bidea zabalduko badiogu.

Gutxi esatea da Wittgensteinek tratatu sistematikoari uko egiten diola. Inoiz ez du argi adierazten: hauxe da nire pentsamendua. Berezilariek eztabaidan jarraitzen dute, Filosofia-azterketak dakarrenetik zer den Wittgensteinen ikuspuntua adierazten duena. Bai baitaude irudimenezko aukerak, ikuspuntu jakin zenbaiten parodiak.... Ez da kontraesanak konpontzen ahalegintzen; disimulatzen ere ez. Marratxoz, etenpuntuz, kakoz, harridura-ikurrez josten du orrialdea. Erantzunik gabe uzten dituen hainbat eta hainbat galdera egiten ditu. Galdera-erantzunen segida batzuetan, ergela dirudite bai galdegileak bai ihardesleak, ergelak baina atseginak. Irakurtzeari dagozkion galde-erantzunetan, berdin.

157.  paragrafoan beste esperimentu mental bat proposatzen digu Wittgensteinek: irakurtzeko makina gisa darabiltzagu gizakiak, edota beste izaki batzuk. Helburu horretarako trebatzen ditugu. Trebatzaileak dio batzuk dagoeneko irakurtzeko gai direla, beste batzuk oraindik ez.

Har ezazu oraindik ikasten hasi ez den ikaslearen kasua: erakuts iezaiozu hitz idatzia; orduan noizean behin hots batzuk sortuko ditu, eta halako batean gertatzen da, ausaz eta txiripaz, hots horiek egokiak direla, gutxi gorabehera.

Hirugarren batek ikaslea entzuten du horrelako kasu batean, eta zera dio: “irakurri egin du”. Baina irakasleak dio: “Ez, ez du irakurri; kasualitatez izan da”.

Ordea, demagun ikasle horrek, beste hitz batzuk aurkezten zaizkionean, berriro zuzen erantzuten duela. Denbora baten ondoren, irakasleak dio: “Orain irakur dezake!”.

Orduan, zer gertatu zen lehen hitz harekin? Zer esan beharko luke irakasleak: “Neu nahastu naiz, irakurri baitzuen”, edo “Gero hasi da benetan irakurtzen”? Noiz hasi da irakurtzen? Zein da irakurri duen lehen hitza?

Wittgensteinek dioenez, galdera hori zentzugabea da hor. Ez baldin badugu argitzen: “Edonork ‘irakurtzen’ duen lehen hitza zuzen irakurri dituen 50 hitzeko lehen ilarako lehen hitza da” (edo antzeko zerbait).

“Irakurri”, aitzitik, zeinutik ahoskatutako hotsera doan igarobidearen bizipen moduan erabiltzen badugu, orduan badu zentzurik hark benetan irakurri duen lehen hitz batez mintzatzeak. Esan dezake, adibidez: “Hitz horrekin izan nuen lehenbizikoz ‘orain irakurtzen dut’ sentipena”.

Edo, irakurtzeko makina bizigabeen kasuan —pianolaren antzera zeinuak hots bihurtzen dituen makinaren kasuan, adibidez— esan zitekeen: “Makinan hau eta hura gertatu ez den arte (adibidez, zati hau eta bestea soken bidez lotu diren arte), ez du irakurri makinak; irakurri duen lehen zeinua… izan da”.

Dena den, irakurtzeko makina biziaren kasuan, “irakurtzeak” esan nahi zuen idatzitako zeinuen aurrean honela eta hala erantzutea. Esanahi hori, beraz, arima-mekanismotik eta beste mekanismoetatik beregaina eta independentea zen guztiz.

Irakasleak ezin du gauza handirik esan trebatu den ikasleari buruz: esate baterako, ezin du esan “agian hitz hori irakurria zuen jadanik”. Izan ere, ez dago zalantzarik: irakurri egin du.

Jokabide-aldaketa izan baitzen ikasleak irakurtzen hasi zenean izan zuen aldaketa; eta, Wittgensteinen ustez, “egoera berriko lehen hitzaz” mintzatzeak ez du hor zentzurik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.