Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Hezkuntza Laikoa elkartearen eskaera

Markos Zapiain 2022/02/10 14:55
Euskal Hezkuntza Lege-proiektuaren aurrean

Aurreikusita dago 2022an onartzea Euskal Hezkuntza Sistema arautuko duen lege berria. Proiektuak dioenez, lege horren helburua honako hau da: “Euskal Hezkuntza Sistema arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoan kalitate, ekitate eta eraginkortasun printzipioetan oinarritutako hezkuntza sistema bateratua eraikitzen lagunduko duen markoa ezarriz, gizarte-kohesioa eta herritar aktiboak sustatuko dituena, eta ikastetxe publiko zein itunpekoen identitate eta izaera propioa errespetatuko dituena.”

Hezkuntza Laikoa elkartetik adierazi nahi dugu ekitatea eta gizarte-kohesioa lortzeko ezinbestekoa dela, besteak beste, laikotasunaren printzipioak kontuan hartuko dituen Hezkuntza Lege bat onartzea. Gizarte demokratiko batean Estatuak eta, kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak, neutrala izan beharko luke kontzientzia- eta erlijio-aukeren aurrean. Erlijio-sinesmenen irakaskuntza, proselitismoa eta doktrinamendua familia-esparruan, elizetan edo kultu-lekuetan egin beharko litzateke, eta horren finantzazioa eliza edo erlijio-elkarte bakoitzari legokioke.

Erlijio katoliko konfesionalak hezkuntza-sisteman duen presentzia Espainiako Estatuaren eta Vatikanoaren arteko akordioen ondorioa da. Akordio horiek 1979ko urtarrilaren 3an izenpetu ziren Vatikano Hirian, Konstituzioa 1978ko abenduaren 29ko BOEn argitaratu eta bost egunera. Jakina, prekonstituzionaltzat jo ez zitezen itxaron zuten data horretara arte. Akordioen helburua Egoitza Santuaren eta Estatu frankistaren arteko 1953ko Konkordatua eguneratzea zen. Erlijio katolikoko ikastetxeek, irakasgaiek eta irakasleek gure hezkuntza-sisteman dituzten pribilegioak, beraz, diktaduraren nazionalkatolizismoan dute jatorria.

Egoera bidegabe horrekin amaitzeko, akordio horiek bertan behera utzi beharko lirateke, eta hori ez dago Eusko Jaurlaritzaren esku (ezta Nafarroako Foru Gobernuaren esku ere), Espainiako Estatuan txertatutako autonomia-erkidego bateko gobernua baita.

Horrek ez du esan nahi gure hezkuntza-administrazioak ezer egin ezin duenik. Ordea, zerbait egitera deliberatzeko borondate politikoa behar da, eta printzipio batzuk aitortu. Gure kasuan, ezinbestekoa dela fedea eta ezagutza bereiztea, edota doktrinamendua eta ikaskuntza. Oro har, ez dela bidezkoa erlijio-erakunde jakin batzuen pribilegioei eustea. Pribilegio horiek honelaxe gauzatzen dira gaur egun:

  • Ikastetxe erlijiosoak diru publikoarekin finantzatzen dira.  

  • Ikastetxe publikoetan erlijio konfesionalaren irakaskuntza diru publikoarekin ordaintzen da.

  • Erlijio-irakasleak, apezpikuak edo dagokion agintaritza erlijiosoak aukeratzen dituen arren, klaustroko kide bihurtzen dira, eta funtzionarioen lan-baldintza berberak eskuratzen dituzte, edo hobeak.

  • Erlijio bakoitzaren agintaritzak zehazten du curriculuma, hau da, irakatsi beharreko edukia.

  • Erlijio ikasgaia aukeratzen duten familia eta ikasleek Erlijio aukeratzen ez duten ikasleen ordutegiak eta ikasketak baldintzatzen dituzte.

Lege berriarekin aukera daukagu hezkuntzak behar lukeen izaera laikoa asmo-adierazpenetik harago eramateko eta, horrela, ahal dugun neurrian, hiritarren arteko ekitatea eta kohesio soziala bermatzeko.

Horregatik guztiagatik, Euskal Hezkuntza Lege-proiektuaren aurrean, honako neurri zehatz hauek proposatzen ditugu:


ERLIJIO IRAKASLEEI DAGOKIENEZ:

  • Beste erlijio batzuen irakasleek bezalaxe, ikastetxe publikoetan Erlijio katolikoko irakasleek Erlijio katolikoa baino ezingo dute irakatsi. 

  • Erlijio irakasleen ordutegiak Erlijioko orduei egokituko zaizkie. Gaur egun puztuta eta gaindimentsionatuta daude. Erlijio katolikoaren irakasleei, funtzionarioak ez diren gainerakoei  bezalaxe, eman behar duten ordu-kopuruaren arabera egingo zaie kontratua (jardunaldi osokoa, erdikoa edo herenekoa). 

  • Erlijio katolikoaren irakasleak, Erlijio katolikoa emateko sartu baitira sisteman, ezingo dira beste ikasgaien zerrendetara pasatu Erlijio katolikoa emateagatik pilatu dituzten puntuekin.

  • Erlijio irakasleek ezingo dute zuzendaritza taldeetan parte hartu. Era berean, ezingo dute arduradun gisa jardun ez liburutegietan ez ikasketa-proiektuetan.


ERLIJIO IKASGAIARI DAGOKIONEZ:

  • Erlijio ikasgaia aukeratzen ez duten ikasleek ez dute ordu horretan ikastetxean egon beharko. Hori dela eta, ikastetxeak erabakiko du Erlijio saioak noiz eman, Erlijioa aukeratzen ez duten ikasleak ez kaltetzeko moduan.

  • Erlijio ikasgaian, besteetan bezala, curriculumean zehaztutako programazioa bete behar da, eta horrela egiten dela bermatzeko Hezkuntza Sailak behar beste ikuskari jarriko ditu.


TITULARTASUN PRIBATUKO IKASTETXE ERLIJIOSOEI DAGOKIENEZ:

  • Sinesmen erlijiosoak dituen ikastetxe pribatu batek diru publikoa jaso dezan, administrazioak ziurtatu eta bermatu beharko du legeak betetzen dituela. Zehazki, bizimodu eta sexualitate ez-normatiboak errespetatu beharko ditu, eta aniztasun ideologiko eta erlijiosoa.

Lander Garroren erantzunak Prousten galdetegiari

Markos Zapiain 2022/01/30 13:10

1-Zure dohain handiena.

Nire dohain handiena nire akats handienetik dator: nola nire barruan isilik geratzeak beldurra eragiten didan, hitz egin behar konpultsiboa dut, eta, ezinbestean, hitza da nire dohainik handiena.

2-Emakumearengan maiteen duzun ezaugarria.

Emakumeek nigan eragiten dutena primitiboegia da ezaugarri batera ekartzeko, baina esatekotan, esango nuke erraz antzematen dituztela bizitzak dituen hierarkiak, gauza garrantzitsuenetan arreta jartzeko trebeak dira.

3-Gizonarengan maiteen duzun ezaugarria.

Kontrakoa, gauza garrantzitsuei ihes egin eta abstraitzeko joera aski ero eta suizida, baina aldi berean oso espontaneoa eta infantila dena.

4-Zure nortasunaren ezaugarri nagusia.

Desordena. Desordena sortu eta desordena ordenatzeko beharra. Arreta beharra ere bai.

5-Zure lagunengan estimagarrien zaizuna.

Analisirako gaitasuna.

6-Zure akatsik nabarmenena.

Kaosa.

7-Zure zereginik gustukoena.

Bazkalostean sexua egitea.

8-Nola amesten duzu zoriona?

Bazkalostean sexua eginez.

9-Zein litzateke zure zoritxarrik handiena?

Bazkalostean sexua ezin egitea.

10-Zein nahiko zenuke izan, zeu ez bazina?

Patagonian bizi den itsas biologoa izan nahiko nuke, baleen artean bizi eta haien bizitza ikertu.

11-Zein herritan nahiko zenuke bizi?

Islandian edo Norvegian.

12-Zure kolore gogokoena.

Kobalto kolorea.

13-Zure lore maiteena.

Ez ditut loreak bereizten. Eguzkilorea agian, baina ez zait besteak bano ederragoa iruditzen derrigor.

14-Txori gustukoena.

Hontza.

15-Zure idazle gogokoenak prosan.

Salinger, Steve Tesich, Bennedetti, Richard Ford, Raymond Carver, Patricia Highsmith, John Fante, Cormac McCarthy, Sara Mesa, Eider Rodriguez.

16-Zure poeta gogokoenak.

Joseba Sarrionandia, Itziar Ugarte, Hedoi Etxarte, Jon Benito, Rosalía de Castro.

17-Izen gogokoenak.

Michelangelo Antonioni ezin da hobetu.

18-Zure protagonista maskulino gogokoenak, fikzioan.

Holden Caulfield edo Tom Ripley. Burura datorkit baita ere Primavera con una esquina rotako protagonista, orain euskaraz Udaberri kantoi-hautsia. Gurean ez dira egon protagonista potente asko, baina Abaitua, Saizarbitoriarena, oso gogoko dut.

19-Zure protagonista femenino gogokoenak, fikzioan.

Celie Harris, El color púrpurako protagonista, edo Sara Mesaren Un Amor-eko protagonista.

20-Protagonista gogokoena, Historian.

Lumière anaiak eta Miles Davis. Surrealistak gustatzen zaizkit, Man Ray eta Buñuel, eta ondorengo erromantikoak, Henry Miller edo Anaïs Nin. Hedonismoak erakartzen nau, baina Oteiza eta Txillardegi ere interesgarriak egiten zaizkit.

21-Protagonista gorrotatuena, Historian.

Ez dakit nor hautatuko nukeen, kolonialismoarekin izan duen harremanagatik Espainiako edozein jeneral edo agintari, baina partikularki inor ez, ez bada Galindo, Amedo, Corcuera edo halakoren bat, baina ez dakit historiako parte diren edota infrahistoriakoak. Barak Obama ere oso gorrotagarria dela uste dut, hain zuzen ere gorrotagarri gisa ez agertzen bazekielako.

22-Zinemagile gogokoena.

Steven Spielbergek bezala ez nau inork hunkitu, Lars Von Trierrek bezala ez nau inork harritu, Thomas Vinterbergek bezala ez nau inork larritu. Baina Oscar Alegria hautatuko dut.

23-Argazkilari gogokoena.

Chema Madoz eta Brassai. Alfredo Aldai. Bego Anton ere asko gustatzen zait.

24-Idazle gogokoena.

Steve Tesich, Raimond Carver, Mario Bennedetti, Eider Rodriguez, Julio Cortazar, Jamaika Kincaid.

25-Zure heroiak, bizitza errealean.

Ez daukat heroirik, denak dira hezur-haragizkoak, eta denak maite ditut hala ere.

26-Zure janari eta edari gogokoenak.

Itsasotik datorren ia dena eta kafea.

27-Zein talentu nahiko zenuke izan?

Gitarra, pianoa edo saxoa jotzekoa.

28-Zein akats edo bekatu iruditzen zaizu barkagarriena?

Idiota bat edo eskuinekoa (biak batera joan ohi direnak) izatea ez den edozein.

29-Miresgarriena zaizun ekintza militarra.

Cubako iraultza.

30-Nola nahi zenuke hil?

Oharkabean.

31-Zure ikurritz, lema edo eslogan gogokoena.

Itsasoa da bide bakarra.

Lander Garroren erantzunak Bernard Pivoten galdetegiari

Markos Zapiain 2022/01/28 07:30

 

1-Zure hitz gogokoena?

Neologismoak asko gustatzen zaizkit. Fotografia edo argazkilaritza, adibidez. Sonoritateagatik lardaskatu, larderia, zikoitz, zeken. Sestra ere gustatzen zait, baina ixaz idatzia.

2-Hitzen batek eragiten dizu nazka?

Herritar hitzak.

3-Zure droga kuttuna?

Estasia, zalantzarik gabe.

4-Zein soinu maite duzu?

Baleen berbaroa.

5-Bereziki gorroto duzun soinu edo zarata?

Eraikuntzarena.

6-Zure birao gogokoena, edo maizenik darabilzuna?

Makaguen-ekin hasten diren guztiak.

7-Noren irudia ipiniko zenuke 50 euroko billeteetan?

Txillardegirena.

8-Zein lan ez zenuke inondik inora egingo?

Polizia.

9-Zein landare, zuhaitz edo animalian nahiko zenuke berraragiztatu?

Balean, noski.

10-Jainkorik balego, zu hil ostean, zer nahiko zenuke zuri esatea?

Jainkorik ez da, ordea.

Ronnie Spector-en azken eskaera

Markos Zapiain 2022/01/14 11:25

New Yorkeko Spanish Harlemen jaio eta bertan sortu zuen nerabezaroan The Ronettes, ahizparekin eta lehengusinarekin batera. Hango neska latinoek inspiratu zuten Ronettestarren estetika (erlauntz-adatsa esaten zaiona izango du ziur aski ezaugarririk ikusgarriena), eta Ronettestarrek Amy Winehouserena. (Isilik dago Anti-gona, eta beste batzuek hartu behar dugu horrelakoak komentatzeko ardura.)

Amaren aldetik afrikar-amerikarra eta txerokia zen, eta txinatarra zuen birraitona bat. Hirurogeiko hamarraldian lortu zuen ospearen neurria ematen du The Rolling Stones The Ronettesen telonero aritu izanak. 

Be My Baby gozamen iturri izan dugu hainbat belaunaldik, hitz elkartuaren adiera fisikoena barne: Ronnie Spectorrek berak kontatzen duenez, oholtzan agertu eta abesten hasi orduko, "mutilek beren burua lurzorura bota, ahuspez lurraren kontra igurtzi eta orgasmora iristen ziren". 1964an eta 1966an John Lennonek seduzitu nahi izan zuen, baina Spectorrek kalabazak eman zizkion, senarra izango zuen Phil Spectorrekin baitzebilen ordurako, ezkutuan.

Philek tratu txarra eman zion. Kontrolatzaile biolentoa zen, jeloskor patologikoa. Bai The Beatlesek eta bai The Rolling Stonesek Ronnieri lankidetza proposatu eta Philek debekatu egin zuen. Ronniek alde egingo zion beldurrez, Beverley Hills-eko luxuzko etxean itxi zuen, kamerak eta grabagailuak nonahi ipini, etxea txarrantxaz eta alanbre arantzadunaz inguratu, zakur izugarriak xaxatu, ihesa eragozteko zapatak oro desagerrarazi...

Philek urrezko hilkutxa bat erosi eta sotoan gorde zuen. Mehatxu egin zion Ronnieri: baldin eta alde egiten saiatuko bazina, jo eta bertan akabatu, erre eta urrezko hilkutxan gordeko zintuzket betirako.

Azkenik, amaren laguntzari esker lortu zuen Ronniek Philen jauregitik hanka egitea; oinutsik, hala ere.

"Be My Baby" du izena, halaber, horiek guztiak kontatzen dituen liburu autobiografikoak. 

Ronniek alde egin eta hogeita hamar urteren buruan, 2003an, Phil Spectorrek Lana Clarkson aktorea hilko zuen. Iaz hil zen bera, espetxean, covida harrapatuta.

Hitz beste: ez al da askoz ere hobea The Ronettesen Be My Baby Ariane Granderena baino, hain hanpurutsua? Dena den, gehiegizkoa dirudi kontraste horretatik mendebaldeko musika popularrean ere gainbehera goazela bezalako ondorio orokorrak ateratzeak, baina auskalo.

Ronniek hiletara joango direnei eskatu die normalean loreetan xahutuko luketen dirua erabil dezaten bortxakeria matxistatik bizirik ateratakoentzako lokalak ordaintzen laguntzeko eta eskola publikoan amerikar natiboei lekua egiteko. 

Txikitan auzokide izan zuen Joey Ramonerekin batera abestu zuen Bye Bye Baby; hitz egokiak alajaina despedida honetarako ere. Baby, I Love You hitzek ere ederki adierazten dute gaur goizean Euskal Herrian nagusi den sentimendua.

Joxe Azurmendiri buruzko liburu posible bat (eta 2)

Markos Zapiain 2021/12/16 14:36

 

Susmagarriak bazaizkio ere Joxe Azurmendiri adostasun zabalegiak, ezin ukatu zabala dela zegamarra inoizko euskal pentsalaririk garrantzitsuenetakoa dela aldarrikatzen duen kontsentsua, ez bada garrantzitsuena. Eta ez da normala halako adostasuna biltzen duen pentsalariaren obra hain ezezaguna izatea. Aspalditik daude deskatalogatuta haren liburu franko, eta artikulu eta liburu-atal ugari barreiatua, baztertua, eskuraezin, galduta eta ahaztuta. Paperari dagokionez, halaxe jarraitzen du arazoak. Zorionez, Jakin.eus webgunean, berriki, Azurmendiren obra osoa bildu, digitalizatu eta edonoren esku jarri dute. Dudarik gabe, horrek Azurmendiren gogoetari buruzko ikerlanak bizkortu eta biderkatuko ditu. 

Guztiarekin ere, Azurmendiren pentsamenduaren zati txiki bat baino ez da irakurleengana igaro: Euskal Herriaren eta Espainia eta Frantziaren arteko harremanei dagokiona, eta horren adierazpen askotarikoak: euskararen bizi nahi eta ezina, ETA, biolentzia kondenatzeko obligazioa, eta abar. Puskaz ere zabalagoa da, ordea, Azurmendiren pentsamendua. Betiko gai filosofikoei egin die aurre: izatea, denbora, erlijioa, ezagutza eta hezkuntza, aurrerapen teknikoaren aukerak eta arriskuak, hominizazioa eta humanizazioa, erlatibismo linguistikoa, edertasun artistikoa, historia, balio etikoak, elkarbizitza, legea, enpresa... Gai horiei buruzko gogoetak hainbat liburu, liburu-atal zein artikulutan ditu Azurmendik sakabanaturik. Lan ederra litzateke pasarte horiek bildu, antolatu eta azaltzea, eta kapituluka sistematizatu eta eskaintzea, Joxe Azurmendi eta giza aberea izeneko liburu batean:

 1-Sarrera

2-Filosofia

3-Ontologia eta Metafisika

4-Epistemologia

5-Zientzia eta Teknika

6-Antropologia

7-Hizkuntza

8-Estetika

9-Historia

10-Etika

11-Politika

12-Zuzenbidea

13-Kooperazioa

14-Ondorioak

Horrelako liburu bati esker, alde batetik, Joxe Azurmendirena bezalako pentsamendu erabakigarri batean barneratzeko giltza batzuk jarriko lirateke euskal irakurleen eskuetan. Neurri handi batean ezezaguna den Azurmendirena bezalako obra baterako sarbideak eskainiko litzaizkioke euskal irakurleari.

Bestetik, eta bide batez, Filosofiaren gai nagusietako batzuk ere aztertuko lirateke Azurmendiren eskutik, haren gogoetan barneratu ahala. Filosofiako gai garrantzitsuenetako batzuk jorratuko lirateke, Azurmendi lagun, eta zegamarrak berak gai horiei buruz zein jarrera hartzen duen aztertuko. Liburuak Filosofia, Azurmendiren eskutik izenburua ere eduki lezake.  

Joxe Azurmendiri buruzko liburu posible bat (1)

Markos Zapiain 2021/12/16 14:30

Joxe Azurmendik argitaraturikoak beti erantzuten dio jendartean puri-purian dabilen eztabaidaren bati, eta haren interbentzioek zuzenean hartzen dute parte polemikan: euskara batuak mordoiloa ala garbia behar ote duen, Euskal Herriaren harremanak Frantziarekin eta Espainiarekin, ETA, biolentziaren kondena, EHU/UPVk Mirande baztertu eta Ernst Jünger bezalako nazi aitortuak saritzeak zer adierazten duen, gure politikoen jokabide penagarria oro har eta zehazki kanpaina elektoraletan, kooperatibismoaren eta marxismo ortodoxoaren arteko talka, euskaltzaletasuna baztertu behar ote den independentismora jende gehiago erakartzearren…

Batzuetan orokorragoak izaten dira galderak eta aztergaiak: balioen krisia, teknikaren nagusitasuna, Jainkoaren heriotza, giza askatasuna (ea gizakia benetan den libre, edota filogenesiak edo soziologiak edo Jainkoak determinatzen ote duen), edota gizakia naturak eta kulturak osatzen duten, zein den naturaren eta kulturaren arteko harremana, natura eta kultura garbi bereiz ote daitezkeen, bizitzaren zentzua…

Azurmendiren obran orain arte euskarari eta abertzaletasunari dagozkion atalak ikertu eta nabarmendu izan dira bate ere, Hegats eta Jakin aldizkariek zegamarrari eskaini dizkioten ale bereziek erakusten duten bezala. Ez legoke txarto eguneroko eztabaidetatik kanpo gelditzen ohi diren beste zenbait gairi ere heltzea: besteak beste, filosofia bera zer den Azurmendirentzat, ontologia eta metafisika, epistemologia, zientzia eta teknika, antropologia, hizkuntza, estetika, historia, etika, politika, zuzenbidea eta kooperatibismoa. 

Onartu gaizki egon zela eta eskatu barkamena!

Markos Zapiain 2021/12/09 20:45
Movida Madrileñaren zale izan bazinen, arrazakeriaren eta biolazioaren justifikazioari eta fribolizazioari ezikusia egin zenion. Damutu behingoz!

Eskema beti da antzekoa: nik agintzen dizudana bete behar duzu zuk; eta nik, berriz, nahi dudana egingo dut, agintzen dizudanaren kontrakoa barne. Berriki arte, izurritu hutsa zinen etakide edo HBren jarraitzaile izan bazinen; oraingoan, EAEko hedabide nagusiek sentiarazi nahi dute Euskal Rock Erradikala gustatu bazitzaizun erredimitzen ahalegindu beharko zenukeela.

Salbabideko lehenbiziko urratsa izan liteke garai hartako Espainiako musika popularraren panorama orokorra hobeto ulertzeko elementuak eskaintzea. Bada madarikatua izanik gozatzen duen jendea, baina gehienok bakean utz gaitzaten nahi izaten dugu oroz lehen.

Beraz, gizarte osoaren onura bilatuko dugu, oraingo honetan pedagogiaren bitartez.

Garai hartako Espainiako izpiritua hobeto ulertzeko:

-"Pinguino bat nire igogailuan" taldearen "Igogailuan harrapatuta".

-"Polanski eta irrika" (edo "Polanski eta bihotzerrea") taldearen "Neska beltza" edo "Ez du lakarik erabiltzen".

-Batzuen ustez, "Paradisua"ren "Zuretzat" pederastiaren apologia da, baina ez dago bat ere argi. Niri egundoko kanta iruditzen zait. Ea zuri.

Luis Antonio de Villenaren poemek eta autobiografiek bezala, El Zurdo-ren abesti horrek ere ederki kontsolatu eta adoretu zituen 1980an homosexualak zirela aurkitzen ari ziren Euskal Herriaren hegoaldeko hainbat nerabe. Artean hamar urte falta ziren Iñaki Mendigurenen Haltzak badu bihotzik eleberrirako, eta hamabost Goenkaleko bikote homosexualak agertzeko. 

Ondo pentsatuta, ez nago prest Zaramaren miresle izateaz dolutzeko; ez ditut Lezoko eta Irungo kontzertu gogoangarri haien oroitzapenak baztertuko, are gutxiago, bakarrik Zarama ikusteko bakarrik egin nuen lau ordu pasako erromesaldiarenak: Irunen topoa Donostiaraino, Donostian busa Bilboraino, eta gero oinez Olabeaga eta Zorrotzatik Santurtzin eman zuten kontzertura iritsi arte. Sestao igarota, belardi batean, asto bat ikusi nuen zuhaitz bati lotua. Auskalo zergatik gogoratzen dudan hain argi, begiratu zidan moduagatik ziur aski, arranoaren begirada baitzuen, ez astoarena. 

Musu ondo emateko aholkuak

Markos Zapiain 2021/12/07 10:45

Eva Illouzen esanetan pasioa izozten ari den gure garai honetan, Byung-Chul Hanek dioenez Eros agonian den honetan, ondo etorriko zaigu musu ondo emateko aholku-sorta bat, geranio-musuetan espezializatu den Bob Dylanen eskutik, ederki dakiena, halaber, nola eman despedida-musua piztia garrasilariari.

Testu honek musua laudatu nahi luke, noski, zeharka bada ere. Printzeak kantatu zuenez, izan ere, nire bikotekide izateko eta nire mundua gobernatzeko ez duzu zertan aberats izan, edo guai, edo errukitsu, edo melomano; zure denbora librea eta zure musua da zinez nahi dudana.

Pasioaren izozteaz eta Erosen agoniaz gain, kontua da berriki arte, erdi ahaztua dugun arren, lagun edo ezagun jakin batzuk kalean edo lantokian topatu eta musu ematea izan dugula ohitura. Baina musukoak musuari traba egiten dio, eta praktikarekin batera trebetasuna ere galtzen ari gara. Ederki ikasi dugu zer duen Rafa Ruedak buruan, abesten duelarik "bi muxu eta ezer ez". Eskasia hori are gehiago okertu zuten itxialdiaren zenbait ondoriok. Manu Etxezortu eta biok irratian Filosofiaren Historia Gaurkotua egiten geniharduela, itxialdi betean, Gotzon Blanco deituko dugun baten mezua jaso genuen. Berak badaki zergatik deitu diogun Gotzon Blanco. Mezua apur bat moldatu dut:

"Nire emazteak dio gero eta okerrago ematen diodala musu. Musukoa eta konfinamendua baino lehen aski txarra nintzen, baina orain gero eta baldarrago nabil, nabarmen egin omen dut gainbehera. Zuen laguntza behar dut. Orain arte primeran konpondu izan gara Maribi eta biok, baina beldur naiz, arazo honek ez ote duen gure harremana hondatuko, are puskatuko. Zuen erantzunaren zain, adeitasunez, Gotzon".

Mezu honek eraman gintuen irratsaioan atal berezi bat irekitzera, eguneroko bizitzari lotutako arazoak filosofiaz bideratzeko aholkuekin. Hasieran dudak izan genituen, maila emango ote genuen, behar bezala erantzuteko gai izango ote ginen, baina azkenik larregi pentsatu barik aurrera bolie, horrela egiten dira-eta gauza inportanteak. 

Aholku hauxe eman genion Gotzon Blancori, Bob Dylanek musuari buruz egin zuen ordu eta erdiko irratsaioan inspiratuta, Betty Everetten "The Shoop Shoop song" alaiaz hasten dena. Besteren batek profita lezakeenez, hona hemen:

 “Aupa Gotzon, zuzen zaude, bikotean biziki garrantzitsua da behar bezala musu ematen jakitea. Aurrena zure buruarengan konfiantza izan eta lasai egon behar duzu, musua joan dadin, Leteren poeman bezala, 'hain geldi, hain leun'.

Musuari ekin aurretik, ganoraz busti mihiaz ezpainak, inork ez du espartzua musukatzea laket. Ondo hurbildu andrearengana, ondo itsatsi. Makurtu burua apur bat, alde batera.

Ezpainak elkartu baino lehen, dilema hauxe pizten da maiz: begiak itxi, ala irekita atxiki?

Honezkero jakingo duzu Maribik zer nahiago duen. Dena dela, zaletasunak aldatu egiten dira, ez soilik adinarekin, baizik eskualdez eskualde. Deba Goienean, esate baterako, begiak zabalik uztea gustatzen zaie musu eman bitartean. Beharbada Maribik nahiago luke zuk begiak ixtea, edo alderantziz, baina ez dizu eskatu, ez delako ohartu. Hainbatetan ekarri du bikotearen puskatzea, musu betean begiak supituki ireki eta musukidea tinki so daukazula ohartzeak eragindako sustoak.

Dena den, harremana azkenik apurtu eta beste norbaiti lehenbiziko aldiz musu eman behar bazenio, gure aholkua da musukideak zer nahiago duen egiaztatu arte seguru jokatzea eta begiak ixtea.

Begiak itxi, hortaz, eta ireki ezpainak, baina ez kidearen buru osoa irensteko moldez, apurtxo bat baino ez. Eutsi arnasari, sudurretik hartu arnasa. Zure ezpainek poliki estutu ditzatela lagunarenak. Ezpainak eztiki mugitu, mugimendu zirkularretan.

Izan zaitez atsegina, Gotzon, baina aldi berean irmoa.

Azkenik, ez da gutxietsi behar eskarmentuak aditu egin duen Bob Dylanen aholku hau: ez ahaztu mentazko goxokiak, ez dugu arnasa goxoaren erakargarritasuna gutxietsi behar.

Horrenbestez, Gotzon, zorte on eta musu on. Kontatuko diguzu.”

Eta orain, irakurle, aholku horiek gogoan fresko, hurrengo minutuak praktikatzeko dauzkazu, ahal izanez gero. Alboan ez baduzu musu emateko moduko lagun bat, orduan eskua erabili, barruko aldea zein kanpokoa, edo bestela musukatu musukoa bera. Ganoraz eta luzaro ikasi eta praktikatuz gero, agian egunen batean hel gintezke musu-kontuetan Pirritx, Porrotx eta Marimotots bezain jakintsuak izatera. 

 

 

Musuari buruz, milurteko berri honetan

Markos Zapiain 2021/12/05 12:40
Musuari buruzko gogoetak hainbat bide berri hartu ditu milurteko berrian. Zer esanik ez, pandemiak jo ostean. Ezinbestez izan behar desberdinak ikuspuntuak, musukorik gabeko antzinaroan eta gaur egun. Musukoak musua boladan jarri duela ematen du.

Berriki argitaratu edo berrargitaratu diren hiru liburu baino ez aipatzearren: Alexandre Lacroix-en 2011ko “Musuaren teoriari ekarpena” (Kierkegaardek agindu bai baina idatzi ez zuen liburu baten izenburua), Belinda Cannone-ren "Musua, apika" (2011koa, halaber) eta Céline Hess-Halpern-en “Musuaren laudorioa” (2020koa).

Hess-Halpern eta Lacroix ez datoz bat. Hessen ustez, musua unibertsala da. 16 ureko alabak galdetu zion ea gizaki prehistorikoek musua erabiltzen zuten eta alabaren galderari erantzuna da liburua. Dirudienez, amak umea janaria ahotik ahora emanez elikatzeko ohitura da musuaren aitzindaria. Txorien antzera egiten omen genuen. Ahoz elikatze hori naturala litzateke, eta gero mendez mende eta kulturaz kultura bilakatu eta aldatu egin da. Beraz, musuak badu kulturatik, baina naturala du jatorria.

Lacroixen ustez, berriz, musuaren jatorria ez da hain naturala. Larrua jotzea bai, naturala da, espezieak exijitzen du, iraun ahal izateko. Aldiz, musua ez da beharrezkoa, eta horrek interesgarriago egiten du, apetatsu, gizatiar, misteriotsu.

Froga: mundu osoan egiten da maitasuna, baina ba omen dira munduan musu ematen ez duten lurralde zabalak, besteak beste Sahara azpiko Afrika.

Dirudienez, guk ezagutzen eta erabiltzen dugun ezpainetako musu-moldeak Erroman du jatorria, erromatar inperioan kodifikatu zuten aurrenekoz. Hiru musu-mota bereizi zituzten: batetik, “basium” delakoa, hortik gaztelaniazko “beso” eta frantsesezko “baiser”. (“Basium”en jatorrian sanskritozko “bhaad” aditza ei dago, “ahoa ireki” esan nahi duena). Familia barruan erabiltzen zen basium hori: amak alabari ezpainetan ematen zion musu, aitak semeari, nebak arrebari; bestetik “osculum” delakoa genuen, korporazio edo alderdi politiko berekoek elkarri ematen ziotena, Europako ekialdean gordea, kristau ortodoxoen artean, Brezhnev eta Honecker-en arteko musukatze ospetsuak erakusten duenez. Maria Chivite eta Bakartxo Ruiz irudikatu dituzte berriki horrela, osculum bete-betean;  eta azkenik “suavium”, maitaleen musua, aztergai nagusi duguna.  

Lacroixen esanetan, Erroman musua soziopolitikoa zen batik bat, eta berdinen arteko kidetasuna adierazten zuen nolabait, partaidetza: familia berekoak garenez musu ematen diogu elkarri ezpainetan, talde politiko berekoak garenez musu ematen diogu elkarri ezpainetan, bikotea osatzen dugunez musu ematen diogu elkarri ezpainetan.

Beraz, Lacroixen ustez, musua zeharo kulturala da, eta Mendebaldetik kanpo edo ez dute erabiltzen, edo desberdina da ematen dioten zentzua. Unibertsalizatu baldin bada, berriki izan da, Hollywoodeko zinemaren eraginez.  

Cannone andereak, azkenik, desiraren eta musuaren arteko harremana aztertu du.  Prostitutek ia ez dutela musu ematen dio, zailagoa dela desirarik gabe musu ematea larrua jotzea baino. Sexu-zerbitzu bat sal daiteke, baina desira ez, eta musua erabat lotzen dio desirari, nahiari, maitasunari.

Bestalde, itxialdian, eta baita orain ere, jende askok aipatzen du kalean beste barik musu eman zitekeen garaiaren nostalgia. Eta, dirudienez, hedatu eta biderkatu egin da emailak “musu”, “musu bat” edo “musu handi bat” hitzekin amaitzeko ohitura. Zenbaitek errazkeriatzat dauka musu birtual hori: aurrez aurre ausartzen ez, edo gutxitan, edo ezin, eta idatziz munduko musu-emailerik oparoenak bilakatzen gara. Ordea, Cannonek ez du musu birtuala mespretxatzen, zilegi iruditzen zaio, eta gehienetan benetakoa; hau da, musu birtualek sentimendu edota desirazko bultzada gogor bat adieraz dezakete.

Irailean "Besarkadaren laudorio txiki bat" argitaratu du Belinda Cannonek, tangoa aztergai nagusi.

Francesco Patrizi, musuaz

Markos Zapiain 2021/12/04 09:25

Musukoaren garai hauetan ez da harritzekoa musuari buruzko jakin-mina piztu izana. Orain arte, filosofoek ia ez diote jaramonik egin musuari. Kierkegaardek iradokitzen du filosofoek musu ematen balekite ez liratekeela filosofo izango, horregatik ez dute musuari buruzko liburu garrantzitsurik idatzi. Ez da gauza bera gertatzen literaturan, pinturan, eta, batez ere, zineman. Gogoratu bestela Paradisu Zinemaren amaiera. Euskal-Encodings webgunean dago, euskarazko azpitituluekin.

Salbuespena, “Delfino edo musuaz” izeneko tratatu labur bat da, Francesco Patrizik 1577aren inguruan idatzia. Patrizi Cres uhartean jaio zen, garai hartan Veneziako Errepublikaren parte, gaur egun Kroaziarena.

Elkarrizketa batek osatzen du liburua, Patriziren beraren eta Delfino gaztearen artekoa, eta Patrizik azpimarratzen du musuari buruz dioen guztiak esperientzia duela oinarri. Musu erotikoak pizten duen sentipen atsegina aztertzen du. Eta, egia bada ere Erdi Aro oro har espiritualistaren ostean, Errenazimenduan ukimenak garrantzi handia hartu zuela, hala ere handia da Patrizi humanistaren ideien originaltasuna eta ausardia. Garai hartan garrantzi handia zuen Marsilio Ficinorentzat, kasu, musua oso arriskutsua da, kemena eta izpiritua alferrik galarazten dizkigu, zahartzen gaitu, heriotza hurbiltzen digu.

Patrizik erantzuten dio musuaren erruz kemena galtzen badugu ere, ez diola axola, aldi berean musu-kidearen kemena geureganatzen dugulako. Gainera, musuaren goxotasunean ezkutatzen da gorputzaren eta arimaren arteko harremanaren misterioa. Musua da materiaren eta izpirituaren arteko muga. Dena den, zaila da musuaren funtsa harrapatzea: bertan nahasteaz gain gorputza eta arima, musuan dago halaber bizitzaren eta heriotzaren arteko mugetako bat. Delfino gazteak galdetzen du zergatik ote den musua hain atsegina, hain leuna, hain goxoa, eta aldi berean hain pizgarri eta elektrikoa. Erantzuna: arimen arteko kontaktuaren mamitzea delako. Mihiak batzean maitaleek arnasa elkarri ematen eta hartzen diote, ez gutxitan azken arnasa balitz bezala.

Sokratesek zioen filosofatzea hiltzeko prestatzea dela, filosofatuz gorputza eta arima bereizten ikasten baitugu. Zentzu horretan, Patrizirentzat eta Delfinorentzat ere, musu ematea filosofia praktikatzea da.

Bestalde, Sokrates eta Platonen ustez, filosofia elkarrizketan mamitzen da, eta musua elkarrizketa gisako bat litzateke, hitzari uko egiten dion arren mingainari eusten diona.

Agian Patriziri eta Kierkegaardi ez zitzaien arrazoirik falta, pentsalariei leporatu zietelarik musuaren gaitasun filosofikoari ezikusia egin izana. 

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.