Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zer egiten dugu irakurtzen dugunean?

Zer egiten dugu irakurtzen dugunean?

Markos Zapiain 2024/04/13 12:40

Filosofia-azterketak liburuko 156tik 173rainoko paragrafoetan Wittgensteinek “irakurri” hitzaren erabilera aztertzen du, eta azterketa horren berri emanik ulertuko dugu gutxi gorabehera zer esan nahi duen izenburuko Filosofia-azterketak horrek. Hainbat esperimentu mental eta hipotesi imajinario sortzen ditu Wittgensteinek irakurtzearen inguruan, eta biziki konplexu, aberats eta estralurtar bihurtzen dizkigu irakurtzeko ekintza zein “irakurri” hitza. Edozelan ere, Wittgensteinek ez du xede nola irakurri beharko genukeen azaltzea, edo zein ote den irakurtzearen funtsa. Esperimentu eta hipotesi horiek irakurtzean egiten duguna ahal bezain zehazki deskribatzeko zaizkio baliagarri.

Ibon Uribarrik Klasikoak bildumarako egin zuen itzulpena hartu dut oinarri. Ia osorik dago bilduma hori sarean eskura. Primeran legoke Wittgensteinena ere ipintzea, paperezkoa aspaldi agortu baitzen.

(Bitxia bezain tristea da, halaber, Euskal Herriko Unibertsitateak arreta handiz argitaratu Koldo Mitxelenaren Idazlan Guztiekin gertatua: hamabost liburuki dira, baina bigarrena baizik ez dago pdf. formatuan salgai. Hain zuzen, Wittgenstein dela-eta Mitxelenak izan zuen disgustua darakutsan liburukia da bigarren hori. Drama: gainerako liburukiak paperean erosi behar, lau bider garestiago, eta etxe txikietan ezin sartu.)    

156. paragrafoari lotuko natzaio sarrera honetan. Wittgensteinek ez du Roman Jakobsonek bezala arreta jartzen soinuaren eta zentzuaren arteko harremanean, ez darabil “irakurtzea” esanahi honekin: “irakurritakoaren zentzua ulertzea”, baizik eta beste hauekin: “idatzitakoa edo inprimatutakoa ahots bihurtzeko ekimena”; “diktatuan idaztea”; “inprimatutakoa kopiatzea”; “musika notak jarraituz jotzea”; eta antzekoak. Beraz, Javier Velazak ohikoa duen graziaz iberiera ozenki irakurtzea, zentzua ulertu ez arren, irakurtzetzat joko luke Wittgensteinek, irakurtzeko era ugarietako bat. Velazak dagienari irakurtzea deritzogu geuk ere, ezta? "Deskodetze" oraindik ez da herrian zabaldu. 

Ondo ezagutzen dugu nola darabilgun eguneroko bizitzan "irakurri” hitza. Alabaina, Wittgensteinek erakutsiko digu nekeza litzaigukeela azaltzea, gaingiroki bada ere,  “irakurri” hitzak gure bizitzan duen funtzio zehatza, eta zein hizkuntza-jokotan erabiltzen dugun, eta nola.

Euskaldun batek eskolan, edo etxean, gurean ohikoa den hezkuntza ezagutu du, eta euskaraz irakurtzen ikasi du. Gero liburuak, eskutitzak, egunkariak, eta abar, irakurtzen ditu. Arazorik ez, ados. 

Hurbildik aztertuz gero, ordea, ikusiko dugu zein desberdinak diren “irakurri” kontzeptupean sartzen ditugun zereginak eta jarrerak.

 

EGUNKARIA IRAKURRI

Norbaitek egunkaria irakurtzen duenean, adibidez, haren begiak inprimatutako hitzei jarraiki irristatzen dira, hitzok ahoskatzen ditu; edo bere artean baino ez ditu esaten.

Bestalde, hitz jakin batzuen inprenta-forma osotasun gisa jasotzen du; beste batzuk irakurtzeko, aski du bere begiek lehenbiziko silabei antzematea; hitz batzuk silabaz silaba irakurtzen ditu; eta bat edo beste hizkiz hizki.

Ziurrenik, esango genuke esaldi bat irakurri duela, nahiz eta ez ozenki ez bere artean irakurri, ondoren gai balitz esaldia hitzez hitz edo gutxi gorabehera errepikatzeko.

Irakurtzen duen horretan arreta jar lezake; edo, bestela, irakur-makina soil gisa funtzionatu; alegia, ozen eta zuzen irakurri bai, baina irakurtzen duenari arretarik eskaini gabe; are, bere arreta guztiz bestelako kontuetan jarriz (halako moldez non, zer irakurri duen galdetuz gero, ez bailitzateke erantzuteko gai).

 

UME IRAKURTZEN HASBERRIA ETA IRAKURLE TREBATUA

Aldera dezagun aurrekoa eskolan irakurtzen hasten den umearekin: umeak hitzak irakurtzen ditu, nekez letreiatuz. Hitz batzuk testuinguruari esker asmatzen ditu; edo testua aldez aurretik buruz daki, neurri batean bederen. Irakasleak orduan dio hitzak ez dituela benetan irakurtzen, eta kasu batzuetan haiek irakurtzeko plantak egiten dituela.

Ume hasberriaren irakurtze-moldea kontuan hartuta, Wittgensteinek dio prest legokeela esateko irakurtzea dela jakinaren gainean egiten den gogo-ekimen berezi bat.

Ikasleaz esan ohi dugu: “Hark beste inork ez daki, noski, benetan irakurtzen duen edo hitzak buruz esaten dituen”. (Wittgensteinentzat, oso problematikoa da “hark beste inork ez daki” hori, baina beste testuinguru batean aztertuko du problema hori.)

Bestalde, inprimatutako hitzen baten ahoskatzeari dagokionez, ez da ezinezkoa gertaera berberak sortzea irakurtzeko “plantak egiten” dituen ikaslearen gogoan eta “benetan irakurtzen duen” irakurle trebatuaren gogoan.

 

TREBATUAREN ETA HASBERRIAREN GOGO-MEKANISMOEN DESBERDINTASUNA EZ DA HIPOTESIA BAIZIK

Dena den, “irakurri” hitza modu desberdinean erabiltzen dugu irakurle trebatuaz ari garelarik, edota ume hasberriaz. Litekeena da ezinezkoa ez izatea prozesu berberak gertatzea irakurle trebatuaren eta ikasle hasberriaren buruetan, baina Wittgensteinek esan nahiko luke irakurle trebatuaren eta hasberriaren gogoan gertatzen dena, hitza ahoskatzen dutenean, ezin dela berdina izan.  

Eta zuzenean kontziente zaien horretan alderik ez balego ere, orduan lan inkontzientean bai, diferentziak behar luke egon; baita burmuinean ere.

Wittgensteinek esan nahiko luke bi mekanismo desberdin ditugula hemen. Eta horietan gertatzen denak irakurtzea eta ez-irakurtzea bereizten dituela.

Edozein gisaz, mekanismo horiek ez dira hipotesiak baino, Wittgensteinek darabiltzan ereduak, hautematen duen hori argitzeko eta laburbiltzeko.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.