Apotropaiko eta heterofagiko
Irulegiko Eskua erakutsi zigutenean, “apotropaiko” hitzaren erabilerak harritu ninduen, hospitalitateari lotzen baitzitzaion. "Uxatu eta urrutiratu" zentzuan entzun izan dut nik beti ordea. Eboluzionismoari loturiko azalpenetan ageri zen "apotropaiko" hori, “heterofagiko” hitzaren antonimo gisa. Bata bestearen ostean zerabiltzan Zorroagako irakasle Tomás Pollánek. Etimologiak zein Wikipediak Polláni ematen diote arrazoia.
Valdespinoko jakintsuaren eskoletan, ispiluko isla kezkagarritik bereizi nahi duenaren jarrera zen apotropaikoa. Gizakiaren eta txinpantzearen arteko berdintasun ebidenteak biziki larritzen baititu giza salbuespenaren aldarrikatzaileak (Jainkoaren antzirudiko bakarra duzu gizakia). Zenbat eta nabarmenagoa antzekotasuna, bestalde, orduan eta histerikoagoa eta itsuagoa eite hori ezeztatzeko amorrua. Horixe da anaia ziminoaren aurrean Filosofiaren Historia ia osoak erakutsi duen jarrera apotropaikoa. Darwinek eten zuen. Paradoxaz edo, zimino-itxura handiena duten filosofoak izaten dira bereziki dogmatikoak gure primatetasuna ukatzeko orduan.
“Heterofagiko” hitzak, Pollánen erabileran, “bestelakoa jan” esan nahi zuen, baina ez zentzu kanibalean, baizik eta kulturalean. Hizkuntza, ohitura, legedia desberdinei ezikusi egin eta “irensten” dituenarena duzu jarrera heterofagikoa. Ezikusi egin edo beste barik suntsitu. Gu bezalakoa behar du besteak, berehala bilakaraziko dugu bestela. Diferentzia da jakia. Kolonialismoan eta inperialismoan maiz erabili izan da jarrera heterofagikoa. Claude Lévi-Straussen ikasle izan zen Tomás Pollán, eta beti jarraitu du haren dizipulu izaten. Horrek salbatuko zuen agian Vox aldeztetik, Zorroagako bere hainbat lankide eta adiskide sasoi hartan progrek bezala.